Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Udako postalak (eta XIX)

Udako postalak (eta XIX)

xme 2005/09/17 16:46

Honekin amaitzen dut Berria-rako udan egindako lana.

Asteartea, irailak 13

Kantabriar suminduak:

Lehorrekoa naiz eta ez dut ezagutzen estropaden araudia, baina jendeak erraz asko hitz egiten du futbolaz ere; ezin onartuko dugu alardezaleen bertako izan beharra iritzia emateko. Hortaz, nire ezjakinean aitor dezadan ulertzen dudala kantabriarren haserrea. Pedreñaren maniobra zigortzekoa baldin bazen, ordu biak arte itxaron behar al zen erabakia hartzeko? Kantabriarren tokian Orio egon balitz, eta horiak izan zortzietan azkarrenak, epai bera ematera ausartuko al ziren? Donostiako Bandera RHa bezala berez dagokigula uste al du norbaitek? Euskalduna naiz eta ez nago harro.

Asteazkena, irailak 14

Oier Gorosabel:

Irakurle gehienek ez zaituzte izenez ezagutzen, baina gogoratuko dira esanez gero zu zarela orain dela hiru urte, 2002ko irailaren 14an, Batasunaren ilegalizazioaren kontra Bilbon antolatu zen manifestaldi handi hartan, bidea mehatxuka ixten zuten ertzainen aurrean biluzik eta beso zabalik paratu zinen gizasemea. Baltzaren beltzak parean, goitik behera mozorrotuta eta armaz josita, eta aurrez aurre zure gorputz lerdena, flower power berri baten aldarrikapen mutu eta ozena. Tamalez, sumisioarekin lotzen da hemen bakezaletasuna, eta zu, Mister Euskadi izendatu beharrean, zomorroien borra-kolpe eta espetxeko bolada batekin saritu zintuzten.

Osteguna, irailak 15

Obabako maistra:

Gaur ikusiko zaitugu, azkenik, pantaila handian. Istorio bat ezerezetik sortzea miraria bada, ez da txikiagoa hitzezko sorkari bat irudi bihurtzea. Zinemaren magia dela-eta, lehengo Espainiako Joana Eroa sutsu haren itxurapean ezagutu beharko zaitugu. Eta erdaraz egingo omen duzu Manuelekin, goizetan estufa pizten zizun Mugatseko morroi ttikiarekin. Ez dakit hori zinearen magia den, edo gure ezina. Nolanahi dela, hori eta gehiago ere barkatzeko prest gauzkazu. Esango dizugu.

Ikusleen besaulkitik, muxu bat.

Ostirala, irailak 16

Yoyes gure doloretakoa:

Joan zen astean izan zen zure heriotzaren (zure hilketaren) urteurrena, eta pasa egin zitzaidan. Izan ere, inon ez nuen ikusi oroigarririk, iragarkirik, gogoan zintuela zioen afixarik. Eta hala ere, hortxe zauzkagu, gogoaren barrenean iltzaturiko arantza. Zaharraren zaharrez itxi al litezke zauriak? Ala azkura sortzen segitzen dute, orbainaren azpian? Zure izena gaizki eginen, hanka-sartzeen, harrokerien oroigarri izango dugu luzaroan. 19 urte pasa eta gero alferrik beharbada inor barkazio eske hastea, baina iritsi dadila eguna, etorkizunari lasai eta iraganari zintzo begiratzeko. Zuretzat ez bada ere, zure semearentzat eta gu guztiontzat.

Larunbata, irailak 17

Georges W. Bush:

Epelak bota dizkizute berriz ere. Zer-eta Nazio Batuetan Condoleezza Rice-ri ohar bat pasatu diozulako: “Uste dut bainura joan behar nukeela. Zuk uste duzu posible dela?”. Barre egiten dizute bazterretan, komunerako baimen eske ibiltzeagatik. Niri, berriz, iruditzen zait heziera ona eta umiltasuna erakutsi dituzula: han bildutakoekiko errespetuz zure beharrei eusteko prest egoteagatik, eta, zure ezjakintasuna aitortuz, gehiago dakitenei galdetzeagatik. Munduaren arazoa ez da beraz zure erokeria, sinetsarazi nahi diguten moduan, zure ingurukoen harrapaketa-gosea baizik. Edo sistema bera akaso?

Igandea, irailak 18

Ispiluko laguna:

Postalaren stakhanovista bihurtu zara uda partean, jendeak sms-ak baino bidaltzen ez dituen garai honetan batari eta besteari idatziz, irakurlerik ba ote duzun ere jakin gabe. Posta Zerbitzuak domina bat emango dizulakoan ala? Oilo-lurretik asko urrundu gabe ibili zara hala ere, paraje exotiko gutxi ikusi dugu zureetan.

Baduzu garaia, beraz, zuk ere oporrak hartzeko, jendeari bakea emateko eta zure garun gastatuak apur bat egurasteko, ez da pertsonarentzako martxa-eta aspaldi honetan darabilzuna. Horrenbestez adio, eta ez bueltatu puska batean.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.