Udako postalak (XVIII)
Osteguna, irailak 8
Indigena maite hori:
Badirudi zure egunak direla hauek. Non-nahi ospatzen baitira Euskal Jaiak edo Fiesta Vasca izenekoak, batean estropada bestean ardi-gazta, aizkol jokoak ez badira euskal arrazako behien txapelketak, eta denok dotore asko, modako arropak aramairuan utzi eta arrantzale zein baserritarrez jantzita. Ez dakit kasualitatea den baina, aste honetantxe egokitu dira, halaber, trikitiaren inguruko jardunaldiak eta bertsolaritzaren gaineko erakusketa, Donostian biak ere. Ez naiz hasiko etnoexotismo hauetaz gaizki-esaka, baina nahiago nuke urtearen gainerakoan zeure etxean arrotz sentiaraziko ez bazintuzte.
Ostirala, irailak 9
Arantzazu:
Jaieguna zor dizugu gaur zure seme-alaba giputzok, sinestun nahiz fedegabeok. Hor goiko zure harkaitz haietara begira, pentsakor geratu naiz, garai batean hemengo nesken artean ugariena zen Arantxa izena galtzearekin bateratsu nola etorri den behera zure ardura duten frantziskotarren kopurua, 60 urteko Pello Zabala pralle gaztea izateraino. Otoitzaren tenplu izandako etxea zaintzeko, Oteitzaren apostoluak geratuko ote dira bakarrik? Ala, tibetarren antzera, euskaltasunaren Lhasa berri bihurtu behar ote zaitugu? Gandiagaren berraragiztatzea behar genuke, Dalai Lamatarako.
Larunbata, irailak 10
Lizardi:
Udazken sasoiaz idatzi zenuen harako ahapaldi gogoangarri hura: Oi zein dan ituna / behera behar hau / nik ez nahi eguna / bihurtzerik gau, eta geroztik zurekin gogoratzen gara irail oro, egunak laburtzen doazelarik, arratsak freskatzen, zerua beruntzen, hostoak ihartzen September of my years Frank Sinatra-rena hauta genezake doinutzat, malenkoni giroa biribiltzeko. Bidetxidorretako orbela ez baizik hirietako espaloi bustiak zapaltzen ditugu orain, neguko moda iragartzen duten eskaparateen artean, baina zurea bezalakoa dugu galera-sentimendu esan ezinezko hau
Igandea, irailak 11
Els nostres amics:
Urteurren sonatuak egokitu zaizkizue parean, New Yorkeko hori, edo Chileko hura, baina zuekin gogoratzen naiz Diada egun honetan. Gogo berezia zenuten zerbait berria lortzeko, Putaespanya dontsua betiko gainetik kentzeko ez bazen harekiko menpekotasuna gutxitzeko behintzat. Sinets ezazue zuen irrika horren tamainakoa zela gure ilusioa, zerbaiten beharrean baikara gu ere. Halaz guztiz, ez dirudi erraza daukazuenik: zuen gozotasunarekin nahiz gure zakarkeriarekin, amaorde erretxinak muturra okertzen segitzen baitu. Zuek hor edo guk hemen eskuratutakoak balio dezala bestearentzat.