Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Aita-semeak

Aita-semeak

xme 2005/09/16 15:52

"Xiang ri kui" (Sunflower edo Ekilorea) film txinatarra ikusi berri dugu, Zhang Yang-ek egina. Zuzendari honi beste lan bat ezagutzen genion aurretik, "Shower" (Dutxa) izenekoa, orain bost bat urte Donostian bertan saritua; han bezala, familia-kontuak bihurtu ditu mintzagai, baina, han ez bezala, esango nuke saririk gabe geratuko dela hau.

Aita-seme batzuen arteko harremana kontatzen digu filmak, eta zeharka baita Txinaren historia ere, azken berrogei urteetan. 1967an jaio zen Xingyang, baina aitak ez du ia ezagutuko hamar urte pasa arte, kultur iraultzaren garaian lan-eremu batean egon baita zigortuta. Maoren heriotzaren bezperan gertatuko da obraren lehen partea (1976ko udan); handik hamar bat urteko neguan izango da bigarrena, protagonistak amodioa deskubritzen duenean eta Deng Xiao Ping-ekin kapitalismoaren hasi-masiak sumatzen direnean; eta beste hamar beranduago kokatzen da triptikoaren azken zatia, 2000 urtera bidean Xingyang-ek aita izan edo ez erabaki behar duenean, Beijing modernizatu baten erdian.

Zertzelada soziologiko eta politikoen gainetik pertsonen arteko erlazioek hartzen dute pisu nagusia. Zehazki, aita aginkoiaren eta seme egoskorraren arteko konpondu ezina da hari nagusi, amaren bitartekaritza goxagarriarekin batean. Gai guztiz unibertsala. Horrez gain, badira bigarren mailako hari politak: artearen kezka (margolariak dira aita eta semea), aitak Liu auzo eta ofiziokidearekin duen etsaitasun/laguntasuna, Alderdiaren burokratismoaren ingurukoak, katuekin egiten den jokoa... Giza izateari eta zinemari berari buruzko jakituriaz dago egina pelikula, eta gustu ona dario hamaika xehetasunetan, baina motelegia eta luzeegia gertatzen dela esango nuke.

etiketak: zinema
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.