Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Umeak eta paisaia linguistikoa

Leire Narbaiza 2016/03/16 16:15
Info7-ko "Egin kontu" saiorako egindako kolaborazioa 2016ko martxoaren 16an

Gure 7 urteko ilobak irakurtzen ikasten dihardu. Oso polita da ikustea nola asterik aste letra batetik bestera pasatzen den, gero silabetara eta hizki larrietatik xeheetara. Mundu berria deskubritu du begien aurrean. Asko disfrutatzen dut entzuten berak zelan aletzen dituen hitzak eta berrosatzen; izan ere, irakurri hitzaren jatorria hori da: aletu, garandu, urkuldu,... artalea artaburutik askatu.

Prozesua ederra da, esan dudan moduan. Baina parean tokatu bazaizue jakingo duzue aletze lan horretan kartel eta letrero guztiak direla egokiak irakurtzeko. Edonon gera liteke umea ha-ra-te----gi-a irakurtzen. Segundo pare bat pasatu eta begiradak bris-bris egingo dio, konturatu delako zer leitu duen: A! Harategia!

Era berean, nagusiok ere mundua euren ahotik hasten gara ikusten berriro. Gure mundua letren mundua dela, alegia. Halaber, kontzientzia hartu dugu zein erdalduna den gure paisaia linguistikoa! Lehen ere bagenekien, baina txikien irakurtze-saiakera horrek berrituta moduan dakarkigu, umearen jardunak gure begiei errealitatea nabarmendu balio bezala.

Egia da. Lehen baino gehiago –posible balitz!– erreparatu diot horri: dendetako letreroak ez daude denak euskaraz, ezta komertzio horietan dauden panel eta kartelak ere. Eta kaleetako paskin eta afixez zer esan? Eta denda handien katalogoez? Eta produktuen ontzietan?

Bestalde, kartelak eta eskuorriak kontu ofizialetakoak badira, egon litezke elebidun (akatsak akats eta itzulpenak itzulpen). Baina espektakulu edo dibertsio kontuak badira, areto pribatuetakoak (taberna batekoak, esate baterako) %99an gaztelania hutsean egongo dira.  Zer esanik ez kiosko eta prentsa idatziko hizkuntza! Nagusi da gaztelania!

Gure umeak kalean letrak eta hitzak deszifratzen ari diren bitartean, mezu argia bidaltzen zaie: gaztelania da nagusi! Egin ahalak egingo ditugu esanda euskara geurea dela, garrantzitsua zaigula,...; baina gure txikiok hori xurgatzen dute: dena dago gaztelaniaz, euskara anekdota da hizkien itsaso erraldoian. Hori barneratu egiten dute, etengabe dagoelako presente nonahi.

Errealitateak diotse euskarak gutxirako balio duela, gaztelania dela jaun eta jabe. Inplizituki bidaltzen zaien mezua horixe da: hemen gaztelaniaz ondo jakitea ezinbestekoa da. Euskara anekdota hutsa delako.

Ez gara kontziente gure inguru linguistiko honek duen eraginaz, baina dena blaitzen duen geruza fina da, edonon sartzen dena, harea-aleak bezala hondartzara goazenean. Eta harea legez, zaila da kentzea eragiten duena.

Gure ilobari eta bera bezalakoei beste mezu bat bidali beharko genieke, euskarak eskolako kontuetarako baino gehiago balio duela, mundu oso bat eskaintzen digula eta irakurtzeko ez ezik bizitzeko ere balio duela. Eta kartel sinple batzuekin ere egin genezake hau: errotulazioa euskaraz ere egin, handiagoa edo nabarmenagoa ahal bada. Egin diezaiogun espazioa!

Hementxe Info7ren orrian

Unicefen iragarkia, limosna biltzeko

Leire Narbaiza 2016/03/11 11:55
Gipuzkoako Hitzan 2016ko martxoaren 11n argitaratuta

Sofan nago jesarrita, telebista ikusten. Publizitate etena etorri da eta Unicefen iragarkia. Ume errefuxiatuez dihardu, eta erakunde horretako bazkide egiteko eskatzen digu. Lagun diezaiegun, NBEko elkarte horrek dagoeneko bertan dagoelako janariz, tapakiz eta botikaz hornitzen. Dena ume txikien irudiekin egina, musika tristez eta Imanol Ariasen ahots errukarriarekin osotuta.


Publizitate tarte guztietan ageri da, zapping egin eta beste katekoetan ere bai. Atzera ere sakatu dut botoia, ondoez handiegia sorrarazten baitizkidate bertako umeek. Publizitate-agentziakoek lortu dute lehenengo urratsa: errukitzea.


Atsedenaldian nago, ez-pentsatzeko unean, horregatik jarri naiz pantaila aurrean. Baina spot horrek barrena irauli ez ezik, burua ere martxan jarri dit eta entzefalogramak laua behar zuenean, aktibatu egin da.


Unicefek umeei laguntzen die. Ez dut zalantzan jarriko. Horretarako, guregana jotzen du, gure hondar alea jar dezagun, euren lana hobeto egin dezaten. Ederki, ez da plan txarra. Era berean, kontraesana dago deialdi horretan; izan ere, Unicef NBEko organismoa da. NBE nazioarteko erakunde handiena da, 193 estatuk osatzen dutena. Horien artean errefuxiatuen arazoaren erantzuleak daude, baita oztopoak jartzen dituzten estatuak ere. Hipokrisi biribila.


Hipokrisiaz gain, zinismoa ere badago. Herritar arruntoi eskatzen digute dirua, gu bezalako herritar arruntei lagundu ahal izateko. Baina gero benetan arazoa konpon dezaketenei ez diete ezer eskatzen. Konponbidea baino asistentzialismoa hutsa – nahiz eta, orain, hori ere behar duten errefuxiatuek–. Estatuei ez diete ezer exijitzen, ezta oinarrizko zerbitzuak, edo korridore seguruak ere. Dena jende arruntaren esku.


Jende arrunta da eredugarria. Greziarrak, esate baterako. Bizi duten egoera zailaren erdian egonda ere, materiala eta janaria batzen ibili dira. Gure estatu ahalguztidunak baino gehiago, Europako Batasunak baino areago, ezaguna baita Europako Kontseiluko lehendakariak, Donald Tusk-ek eskatu diela iheslariei "datozen tokitik datozela", Europara ez etortzeko, "beren burua eta dirua arriskuan" ez jartzeko, eta "mafiei ez sinesteko".  Tusk-ek zer pentsatzen ote du irudiak ikusita, umeak eta zaharrak hartuta turismoa egitera datozela? Edo arrisku kirolak gustuko dituztelako abiatzen direla? Lotsa gutxiko jendilajea da Tusk hori!



Erakunde erraldoi ankilosatu eta paralitikoek ezer gutxirako balio dute. Diru asko xahutu egituretan, baina bizkortasun eta eraginkortasun gutxi, zurrunduta dagoelako burokrazia eta interesengatik.


Bitartean, Idomeni existitzen zela jakin dugu, gas negar-eragileengatik. Haurrak ikusi ditugu deskontsolaturik malkotan. Eta konturatu gara umeek antzera egiten dutela negar Mazedoniako mugan ala Gipuzkoakoan, euskaldunak izan ala afganiarrak. Haur iheslarien aurpegietan, atzera ere geureenak ikusi ditugu, eta geureak balira legez, tristatu gara.


Idomeni ezagutu, baina Tinduf ere hortxe dagoela gogoratu gara. Sahararrak 40 urtean direla errefuxiatu eta Algeriako basamortuan daudela kanpalekuetan, ahaztuta eta abandonatuta. NBEk orain 25 urte emandako berba ere bete barik duela

Idomeni, Tinduf, Gurugu, Calais, Darfur, Sabra eta Xatila,... hamaika halako Unicefek eta NBEk konpondu ez dituztenak. Gure limosnarekin kontzientzia garbitze hutsa!

 

Hemen Gipuzkoako Hitzan

 

 

Euskal familia eta beste piztia batzuk

Leire Narbaiza 2016/02/26 09:40
Gipuzkoako Hitzan 2016ko otsailaren 26an argitaratuta

Etologoa ez banaiz ere, Gerald Durrell naturalista britaniarraren My family and other animals liburuaren izenburua parafraseatzea otu zait; izan ere, azken aldian Euskal Herrian animalia nahikotxo dabiltza gure iruditeria kolektiboan, larregi gauza onerako.


Lehendabizi, zaharrena aitatu gura nuke: arrano beltza. Hegazti harrapakari hau Nafarroako erresumaren antzinako sinboloa izan zen, kateak gorri gainean jarri aurretik, antza denez. Sinbolo indartsua eta harroa bada ere, askok ez dute onartzen ideologia bati lotuegi ikusten dutelako. Lastima!


Badira urte batzuk modan jarri zela beste animalia bat; aberea, piztia baino: ardi latxa. Beharbada asto katalana eta Espainiako zezenaren eredura. Auto guztiak bete zitzaizkigun ardi marrazki infantil horrekin. Gurean –nola ez!– besterik ezin zen gertatu, eta kritika batzuk ere jaso zituen: abere otzana zela, taldekoia, izpiritu gutxikoa, poderio hutsa zuena. Jakina, alternatiba ere izan zuen: basurdea. Hau bai piztia oldarkorra, izpiritu libreduna, txerri basatia…


Gure hizkuntzaren imajinarioan ere makina bat animalia agertzen da. Esamoldeetan barra-barra: Orhiko txoria, Zozoak beleari, Ahuntzaren gauerdiko eztula, Zalditik astora, Kukuak oker jo,… Ehunka! Baina, agian nire gogokoena: Kalean uso, etxean otso. Usoa, xalotasun eta bakearen sinboloa, otso krudel eta odolzaleari kontrajarrita. Inoiz susmatu barik usoak arratoi hegalariak baino ez direla, eta otsoak biodibertsitatearen ikur!


Gurean ere badira beste hegazti batzuk. Ez dakit zein espezietakoak diren, ordea.  Eitbko txoritxoa eta twitterrekoa. Lehenengoak itxuraldaketa batzuk jasan ditu, eta orain makal dabil koitadua. Txori urdinak, Twitterekoak, publizitatea egin nahi zuen Kaixomaitia.eus-i atzera bota dio iragarkia euskaraz izateagatik, eta espainolez egiteko eskatu. Ederra pajaroa!


Pajaroak aipatu eta depredatzaileak datozkit burura. Espainia aldeko kaioak, hain zuzen ere. PPkoak, alegia. Hauek, kaio baino putre dira. Baina egia esatera, entzuna genuen kaioek gorpuei begiak jaten zizkietela. Beraz, partidu politiko horrek aukeratutako ikurra, paregabea; demostratu baitute sarraskijaleak direla, ustelkeriaren lohian pozarren lorrintzen dabiltzan urdeak legez, txipli-txapla disfrutatzen. Benetako hozkirria sortzen digute euren karrankek!


Agertu zaigun azken txoria euskal panoraman txantxangorria da. Euskararekin ei dago lotuta, baina oraindik ez dakit zer esan nahi duen, zertarako den. Izan ere, ez dute esaten euskara babesteko, aldarrikatzeko edo euskalduntzat identifika gaitzaten erabili behar den! Ez dute argi laga. Hegazti maitagarria da papogorria, irudi ona duena. Era berean, txikia, makala eta singlea dirudi. Tximeleta izan zitekeen edota katagorria, baina hirurek ala hirurek sendotasun izpirik ere ez dute erakusten. Gero ardiez esango dituzte esatekoak!


Gure esaeretara jo dut ea bazegoen txantxangorridunik. Eta Intza proiektuan bi aurkitu ditut: “txantxangorriak baino buru gehiago ez ukan” zentzugabea izan esan nahi du; eta “txantxangorriarena egin”, ez mugitu omen da. Itzelak kontzeptu biak gure hizkuntza berpizteko!


Ibil gaitezen kontu handiz, bestela gaztelania-kukuaren arrautza txitatuko du atzera ere euskara-txantxangorri mengelak…

Hemen Gipuzkoako Hitzan

Erdaldunendako dekalogoa

Leire Narbaiza 2016/02/23 02:05
Info7ko Gureaz blai saiorako egindako kolaborazioa 2016ko otsailaren 18an

Interneten saltseatzen nenbilela nire eskuetara UEMAk argitara emandako dekalogoa iritsi zitzaidan. Bertan hamar gomendio ematen ditu euskararen bizi iraupenerako:

1-Euskaraz egin leku guztietan
2-Erakutsi euskara seme-alabei
3-Eskaini euskaraz egiteko aukera etorri berriei eta ikasten ari direnei
4-Errespetatu eta baloratu hizkuntza guztiak. Aldarrikatu eskubide bera euskararentzat
5-Aitortu eta estimatu euskalki guztiak
6-Euskara egokian hitz egin, eredu zarelako
7-Babestu euskarazko hedabideak. Kontsumitu euskaraz etiketatutako produktuak
8-Gozatu euskarazko kultura produktuekin
9-Aritu euskaraz sare sozialetan
10-Aldarrikatu hizkuntza eskubideak eta euskarazko zerbitzua nahi duzula nabarmenduDekalogoa

Egokiak iruditu zitzaizkidan.

Hara non, asteon, beste halako bat iritsi zaidan, baina oraingoan galegoaren bizi iraupenerako. Antzeko puntuak dakartza. Atentzioa eman dit euskarazkoan ez bezala, idazteaz diharduela: “Hartu erabakia apunte, korreo elektroniko, gutun eta abarrak galegoz egiteko”. “Baita izen-abizenak galegoz jartzeko ere”. Hauetaz gain, pare bat puntu interesgarri ere baditu, euskarazkoak jaso ez dituena: “Zure hizkuntza ohikoa gaztelania bada, zure burua ez baduzu gai ikusten galegoz jarduteko, interesatu galegoaz”. “Galegora pasatzean, blokeo psikologikoa sentituz gero, gaztelaniaz aritzen zinen giro batean, hasi galegoa praktikatzen egoera berrietan egoera arruntetan sartzeko geroago”. Gurean ere aholkatzeko modukoa. Beraz, ia-ia 10 puntu baino hobe genituzke 15!

Galegoarena bideo baten jasota dator eta bertan jartzen du Tilbert D. Stegmann-en dekalogoan oinarrituta dagoela. Googlen sartu naiz jakiteko nor zer Tilbert D. Stegmann eta nolakoa zen bere dekalogoa. Sorpresak harri eta zur laga nau. Irakasle aleman hau Katalunian bizi eta aholku batzuk eman zituen katalana jakin ez eta Katalunian bizi zirenei; hau da, bere dekalogoa ez-katalandunentzat egina zegoen

Zelako aldea, ezta? Guk geureei -barkatu hala esatea-, euskaldunoi, gomendioak ematen. Katalanek, ordea, beste ikuspuntu batetik, eurak nagusi, gomendioak ematen ez-katalanei.

Gurean ere komeniko litzateke halako dekalogo bat izatea erdaldunekiko, ezta? Euskaldunonganako errespetua bermatzeko. Uste dut askotan geure burua larregi zamatzen dugula, ardura osoa gugan balego bezala hizkuntza kontuetan. Baina gure inguruko erdaldunei ere hasi beharko gatzaizkio euskarekiko konpromiso handiagoa eskatzen, ezta?

Hemen Info7ko artikulua

A8 (eta bestiak) duan!

Leire Narbaiza 2016/02/19 11:55
...eta kitto! aldizkarixan 2016ko otsaillaren 19xan argittaratutakua

Izenburua irakorritta batek baiño gehixago pentsauko zeban 15 urte atzera egin dabela. Baiña ez, A8Doan plataformiak biharrian segitzen ez badau be, arazuak hor jarraitzen dau, bizirik.

Egixa da, A8 eta AP1en Gipuzkuako zatixa erabili ezkeriok, bertako diputaziñuak badakala halako tarifa lau bat, 25,64€ hillian baiño ez pagatzeko. Kontua da, Bizkaiko zatixan edo Arabakuan ibiltzen bagara, halakorik ez jakula aplikatzen.

Geografixa aldetik, mugan egonda, naturala da eibartarrok Bizkairutz egittia. Makinatxo batek hartzen dogu egunero bide hori biharrera juateko. Iñungo deskuentorik barik, Ermuan hartuta 3,48€ eta Azittainen 4,86€ biaje bakotxeko. Egizue biderketia! Eskandalua da peajietan gastatzen doguna. Eta diskriminaziño garbixa gure beste probintziakidiekin konparauta.

Durango aldian hasi dira mobitzen. Firmak hartzen dihardue. Baiña Bizkaiko diputaziñuak esan dau zeozertxo. Biña etara daben berba bakarra “bizkaittarrak” izan da. Atzera be, konponketa partziala, txaplatia. Eta berriro be, eibartarrok kanpuan!

Ez da zentzunbakua bide bakarrak enpresa bik gestionatzia? Zeiñen buruan sartzen da komunidade autonomo bereko autopista bera gobernu biren pian izatia eta gaiñera, arau desberdin bi eukitzia? Burutik eginda gagoz, ala?

Ezagun da diputaziñueri ez jakuela interesatzen alkarrekin eta danon onerako bihar egittia, bakotxak bere feudua dakalako. Ez dakit zeiñek irabazten daben honekin. Argi dago, ostera. Galtzaille bakarrak: gu geu.
Hamen …eta kitto-n

Ahizpatasuna sortu, neba-arrebatasuna lortzeko

Leire Narbaiza 2016/02/12 17:05
2016ko otsailaren 12an Gipuzkoako Hitzan argitaratua

Ikastaro, jardunaldi, mintegi eta abarretara helburu batekin joaten gara, ponentzia bat entzutera edota gai baten gainean zer berri dagoen jakitera, ideiak “egurasteko”, horixe izaten delako berbaldien euren motiboa. Azken hamabost egunotan halako bitan izan naiz, oso kolore eta zio ezberdinak zituztenak, gainera. Bata Topaguneak antolatutako Topaldia izan zen, eta bestea Ipar Hegoa fundazioak Angela Davis protagonista izan zuen mintegia. 

[Laga iezadazue tartekitxo hau, esan behar dut-eta: Davisena itzela izan zen, ez beragatik soilik, jardunaldia euskara hutsean –estatubatuarrak izan ezik– eta hizlari guztiak –12-15 inguru– emakumeak izan zirelako. Lorea Agirrek esan zuen moduan oasia. Ez dadila izan ispilatze hutsa]

Bika ala biak izan ziren interesgarri, eta zenbait puntu berdintsu –Lorea Agirrek egin zuen berba bietan–. Kontu batzuk gehiago gustatu zitzaizkidan beste batzuk baino, normala den bezala, baina bietatik konklusio erkide batzuk atera nituen; kontu berritzaileenak, nire ustez. Landu eta aplikatu beharrekoak edozein elkarte, talde eta militantzia motatan, haize berriak arnasteko.

Topaldian Joxemi Zumalabe fundaziokoek hitz egin zuten aktibismoa edo militantzia nola ulertzen den eta zein erronka dituen. Bertan bizipozaren kontzeptua aitatu zuten: “nahi dudanean, nahi dudalako eta nahi dudan bezala logikaren xerka dagoen eredua. Asetasunari, poz iturriari eta beste bizi esparruekiko orekari erreparatzen diona” eta “Interes kolektiboen izenean interes pertsonalak ez desagertzeko aldarria”. Disfrutatzeaz, alegia. Barre egin, gozatu, berba baten. Ekintzaile izatea ez dadila izan samatik zintzilik daramagun harritzarra. 24 orduetan 7 egunean. 

Joan den zapatuan, Angela Davisek ere antzeko zerbait komentatu zuen feminista gazteez ziharduenean, garrantzi handia ematen ziotela euren burua zaintzeari, ondo egoteari, elkar jagoteari. Baita barre egiteari ere. Davis hainbeste gustatu zitzaidan non streaming bidez segitu nuen igandeko hitzaldia. Azken horretan ere bazioen beharrezkoa zela atsegintasuna lortzea, nekatuta gaudenean atseden hartzea, esertzea gero altxatzeko. Esandako guztiak ezinbestekoak direla begitantzen zait niri, nahiz eta oso sartuta dagoen gure imajinarioan sakrifizioak egitea beharrezkoa dela. 

Hau guztia entzuteak asko poztu ninduen; izan ere, begi bistako errealitate bat islatzen du. Behintzat, hala bizi izan dut ibili izan naizen euskara eta kulturaren inguruko taldeetan. Sarriegi lan handia eta pisutsua egin, gero ezer ez ikusteko; gainera, haserreak eta gorputzaldi txarrak. Nekea, baina ezin laga, ezin jesarri. Horrela, ordea, ezin da aurrera egin. Elkar zaintzea, norberaren burua zaintzea izan beharko litzateke bidea. Aliantzak eta konplizitateak eraikitzea. Gozatzea eta barre egitea.

Sororitatea edo ahizpatasuna etorri zitzaidan ahora mintegiaren ostean lagun arteko solasaldian. Emakumeen arteko aliantza honek ahalbidetzen ditu konfiantza, elkarri autoritatea aitortzea, babesa eta laguntasuna. Batzeak eta loturak ere sortzen ditu.
Ahizpatasuna osatzen hasiko bagina, neba-arrebatasuna ere asmatuko genuke gure aktibismoari berrekin eta atsegingarria izan dadin, guk ere gehiago disfrutatzeko eta kideek goza dezaten ekintzaile lanarekin. Jende zoriontsua mundu libre batean!

Adin ertaineko gizona eskean dago

Leire Narbaiza 2016/01/29 11:00
2016ko urtarrilaren 29an Gipuzkoako Hitzan argitaratuta

Adin ertaineko gizona eskean dago Kutxabankeko bulego baten atean. Lurrean jesarrita dagoelako eta kartel bat duelako aurrean, bestela inork ez luke esango eskalea dela, bere itxura arrunta baita. Dagoen lekutik beste ikuspuntu bat du, literalki lurrean dago eta. Aurretik gizon gazteagoa pasa zaio, ume-kotxe bati bultza eginez. Kotxe zuria, dotorea, lehenengo begi kolpean marka garestikoa dela igar liteke, arranditsua delako.

Eskekoak begiradarekin jarraitu dio kotxearen ibilbideari, adi. Zoru gogorretik zer ikusten duen eta zertan dabilen pentsatzen jakin gura nuke, gurutzatu natzaienean pentsakor segitzen baitzuen eskekoak. Iraganeko konturen bat ekarriko zion akordura, akaso, gizon gaztearen paseoak? Atzean lagatako familia? Umeren bat? Amestu baina izan ezin zuen bizitza?

Aurrera egin dut eta ondoko kalean beste bi eskale gehiago ikusi ditut, gehi afrikar bat guardasolak saltzen. Errekaduetan nenbilen eta supermerkatuan sartu naiz. Atean betiko eskekoa. Barruan Mendebaldeko Sahararen errefuxiatu kanpamenduetako janari bilketa. Premia larriak 400 metroan, Eibar moduko edozein herritan, ostiral eguerdi partean.

Arratsaldean, Elgoibarren musika eskolarantz gindoazela Gurutze Gorriko lokaletan Greziara iristen ari diren iheslarien aldeko arropa batzea. Gainezka, baina dirua falta batutako guztia hara bidaltzeko. Leku berean eta astegun berean ilara izaten da, pertsona ugari erosketa-karrotxoa aldamenean dutela. Izan ere, bere egoitzan banatzen ditu jakiak Gurutze Gorriak. Eta gu bengalari (benga, benga, benga esanez umeei) musika eskolara bidean.

Etxerakoan, Twitterren irakurri dugu Espainiakoa dela OCDEko estatuen artean desparekotasuna gehien hazi den herrialdea. 13,4 milioi pertsona daude esklusio arriskuan, populazioaren %29,2. Batez besteko soldata %22,2 jaitsi da. Biztanle aberatsen %1ek pobreen %80k beste ondasun du. Hogei pertsonak 115.100 milioi euro ditu, eta aberatsenek 18 bider gehiago kobratzen dute pobreenek baino. Hau guztia Intermon Oxfam-en txosten baten agertu da.

Sare sozial berean jakin dugu ezagun bati eskaini dioten lan-eskaintza: astean 60 ordu, astelehenetik larunbatera, 3 hilabeterako gehienez, eta 900 euro gordin hilean. Aurreko paragrafoko datu meta baino hobeto ulertzen da txio hori. Adibide garbia prekarietate eta pobreziarena.

“Desparekotasunak aberastasuna eta hazkundea sortzen ditu” jaurti zuen tertuliano orojakile horretako batek, betiereko telebistako mahai inguru baten. Gezurrik ez zuen esan, Intermon Oxfam-ek argi laga duenez: aberatsenak aberatsago bihurtu eta euren ekonomia hazi egiten da. Jakina, biztanleriaren zati txiki bati begira bizi denarendako positiboa da, ziur delako berari ez zaiola tokatuko, bizkarra ondo hornituta duelako. Krudela behar du izan pertsonak, klasista eta sentsibilitate bakoa.

Hitz pozoitsu horiek jaurti zituena adin ertaineko gizon zuria da, Kutxabankeko atean eskean zegoena bezala. Nire esku balego, magia egitea banu, adin ertaineko gizon zuri bi horien egoerak trukatuko nituzke hilabetez (hotz eta euria egingo balu, hobeto). Ostean, kazetari ahozabal harroputzari bizi izandako guztiaz galdetu. Ziur naiz lurrean eserita dagoenaren ikusmoldea izango lukeela, begirada ume-kotxe dotoretan galduko litzaiokeela, pentsakor.

Hemen artikulua

Kanpolarrosak

Leire Narbaiza 2016/01/20 16:23
Urtarrilaren 20an Info7 irratiko Gureaz blai saiorako egindako kolaborazioa

Batzuetan oso erraz jartzen digute halako pilulak idaztea eta irratian jaurtitzea. Egunkarian irakurritako elkarrizketa batek bete litzake honen moduko mikro saio mordoa. Eskerrak emango nizkioke, hain larria, tristea eta gogorra ez balitz.

Inspiratzailea Deiako elkarrizketa bat izan da, esan dudan moduan. Calixto Bieitori egindakoa, Bilboko Arriaga antzokiko zuzendari artistiko berriari.

Ez dut Bieito jauna ezagutzeko plazerik. Bere berri ere ez dut izan orain arte. Ez dut zalantzan jartzen profesional ona, prestatua eta prestua denik, baina bere adierazpen batzuek krink egin didate.

Kontua da Miranda de Ebron jaioa bada ere, Basilean bizi dela, eta bertatik zuzenduko duela Arriaga. Hori irakurri nuenean begiak biribiltzen hasi zitzaizkidan, baina, tira.

Bere helburuak zeintzuk diren jakiteak harridura handitu zidan: “Europeista eta humanista naiz. Alde horretatik, uste dut lotura handia sortu dezakedala Arriaga eta Ipar Europako kulturaren artean, eta lerro pedagogikoren bat ere sor nezake hemen”.

Tira, aurrera jarraitu nuen irakurtzen. Eta hurrengoak zurtuta, aho bete hortz, zur eta lur, begiak talo eginda,… laga ninduen, ea euskal kultura ezagutzen zuen galdetu ziotenean. Zera erantzun zuen: “Ez dut sakonki euskal kultura ezagutzen. Emazkidazu egun batzuk… Nik lan egiten dut norvegieraz, danieraz, errusieraz, italieraz, alemaneraz,… eta hiri askotako egoera kulturala ezagutzen dut; beraz, hori ez da arazoa izango.”

Hara! Munduko hiritar bat kontratatu dute! Pare bat egunetan gure kultura basa ezagutuko du! Mundua ezagutzen duena, Europa, asko irakatsiko digu ezjakinoi! Gureaz ezagutzen duen bakarra Loiuko aireportuko haizea da-eta (behintzat ez du aipatu ze ondo jaten den hemen, eskerrak!). Hori bat, dramaturgoa da eta galdetu diotenean ea bere lanik egingo den Arriagan, baietz esan du: “esklusiban! Espainiar estatuan nire lana ikusi nahi duenak Bilbora etorri beharko du!” Beitu! Europarekin lotuko gaituena, Espainiarekin lotzen!

Baina errua ez da Calixto Bieitorena, errua kontratatu dutenena da. Kosmopaletismo mundutar ezjakinaren eredu baitira, kanpolarrosak, bertakoa gutxietsi eta kanpotarra goratu, gutaz ezer ez badaki ere.

Jakina, euskaraz jakitea kimera da halakoetan. Baina zer nahi duzu zuzendari artistiko ona ala euskaraz eta euskal kulturaz dakiena? E?

Hemen

Urkulluk eta biok ez darabilgu hiztegi bera

Leire Narbaiza 2016/01/16 15:23
Gipuzkoako Hitzan argitaratua 2016ko urtarrilaren 15ean

Hiztegizalea naiz oso. Ikaragarri maite dut hiztegiak kontsultatzea. Baina sarri sorpresak hartzen ditut hitz ezagunak begiratzean, askotan uste baino adiera gehiago dauzkatelako. Zenbaitetan, gaztelaniako ordaina topatutakoan, ez nago hiztegiak emandakoarekin konforme, zehatz-mehatz ez duelako bat egiten buruan dudan kontzeptuarekin. Hizkuntza berean mintzo garen arren, sarriegi hitzei beste esanahi bat ematen diegu. Bakoitzak du definizio bat termino batzuendako, eta hau, normalean, munduaren ikuskerarekin lotuta egoten da.

Seguruenik, mundu ikuskera desberdina dugulako, asaldatu ninduten igandean Urkulluk egindako adierazpenek. Euskaldun batzuon lehendakariak (bai, letra xehez) Kataluniaren procès delakoa aitzakia hartuta zera esan zuen Gipuzkoan irismen handia duen komunikabide baten: “ikaratu egiten nau errespontsabilitate gabeko mugimendu sozialek Katalunia baldintzatzea”. Glups! Ni bai ikaratu ninduela gizartearen kontzepzio horrek! Izan ere, Kataluniako mugimendu sozialez iritzi hori badu, edonongo gizarte-mugimenduez gauza bera pentsatuko du.

Euskal Herriko zati baten lehendakari horri (bai, minuskulaz), gogoarazi nahiko nioke mugimendu sozialik barik ez genukeela ikastolarik izango, ezta euskarazko hezkuntzarik ere. Mugimendu sozialek bultzatu eta bermatu dituztelako hainbat aurrerapauso egin dira herri honetan –eta beste batzuetan ere bai, jakina–. Beste adibide batzuk ere bururatu zaizkit, baina badakit Urkullurendako ez direna eredugarri izango. Hor egon liteke koska: niretako eredu dena, berarendako, seguruenera, ez da hala izango, presidente horrek bere ideologia du-eta.

Mugimendu sozial sendoak izatea demokraziaren oinarria dela begitantzen zait niri. Gizarte osasuntsu eta kezkatuaren erradiografia ona baitira. Egoera kaskarrak aldatu eta eraldatu nahi dituzten pertsona antolatuak gizartearen bizitasunaren seinaletzat dugu zenbaitek. Demokraziaren oinarria dira, herriko jendearen sentimena direlako.

Hala ere, uler nezake asko ikaratuta egotea, mugimenduen abiapuntua kritikotasuna izan beharko litzatekeelako, zirikatu eta akuilu lanak egin ahal izateko. Eta jakina da askorendako kritika eta akuilua ez direla gustukoak. Horregatik, deserosoak direlako, ez zaizkie gustatzen, zapatetan enbarazu egiten duen harri-txintxarriak direlako

Antza denez, Urkulluk eta biok mundu-ikuskera arras desberdina dugu. Arestian esan dudan moduan, hitzen definizioak lotuta daude kosmobisioarekin. Ez darabilgu lexikoi bera, hizkuntza berbera erabili arren. Argi dago Urkulluren hiztegian demokraziak beste definizio bat duela: eman botoa lau urtean behin eta laga dena nire eskuetan.

Sarrionandiaren “Hitzez ondoeza” glosarioan “demokrazia” hitza agertzen da. Bertan dio jatorri grekoa duela berba horrek eta demokrazia grekoaren urrezko sasoian Atenasen ez kanpotarren, ez esklaboek, ez emakumeek ez zutela parte hartzeko eskubiderik. Ereduzko demokrazia hartan ere biztanleetan lautatik batek baino ezin zuen parte hartu.

Tira, hori bada jatorrizko definizioa, eta nahasmendurik izan ez dadin, beharbada guk erabiltzen dugunari, demokrazia deitu beharrean beste izen bat jarri beharko genioke. Herrikrazia? Sozialkrazia? Buf! Bota zuen proposamenak, kontzeptuak bataioa behar du-eta!

Urteko bilan bilaua

Leire Narbaiza 2015/12/24 12:10
2015eko abenduaren 23an Gipuzkoa Hitzaren urtekarian argitaratua

Ikasle eta irakasle jendearendako, urte amaiera ekain-uztailean izaten da, orduan amaitzen zaizkigulako ikastaroak eta jardunak, eta atzera ere, irailean hasi. Sasoi horretan egiten dugu ikasturtearen birpasa eta balorazioa. Horretara, abendukoa urte bukaera baino, eten bat da gure jardunean, ez akabua. Baina ezin gara beti txakur berde abozinatuak izan, eta hausnarketarako ere aprobetxatuko dugu urte hondar hau, sekula ez duelako kalterik egiten. Hausnar horren ondorioz-edo, urte berrirako asmoen zerrenda ere agertzen da, baina horiek fartsa hutsa direnez hobe aipatzen ez baditugu.

Egia esatera, ez naiz oso ona halako gogoetak egiten, batzuen ustez nostalgiarako joera badut ere. Inpresioekin geratzen naiz, eta gehien inpresionatu nauena aurten, malkoetaraino, arabiar errefuxiatuen ihesa izan da. Beharbada, lehenengo momentutik geure familia ikusi dudalako bertan, hamaikatxotan esan dudan legez. Geureek “zortea” izan zuten, ihesaldi antolatu, legal eta babestua izan zutelako. Gure amama Virginiak bi seme txikienekin Frantziarako itsasontzia hartzeko aukera izan zuelako, beste bost seme-alaba Ingalaterra, Frantzia eta Belgikara ebakuatzen zituzten bitartean, eta beste alaba hemen geratu behar derrigorrean. 2015eko ume siriar horien begi ilunetan ikusi ditut gure familiaren begi ilunak, nire begi ilun berberak. Orduan, Europa izan zuten (genuen) aterpe, komiteak sortu ziren nonahi. Orain, ordea, herritarron bihotza samurtu zen arren, agintariek hesiak jarri dituzte, polizia bidali, horrekin geldituko dituztelakoan.

Hil honetan bertan entzun ahal izan diogu Eibarko Borja Olabegojeaskoetxeari Lesbos ingurutik berbetan. Bera soroslea da, eta bertara joanda dago boluntario iheslariak erreskatatzera. Egunero irteten dira Mediterraneoko uretara jostailuzko ontzi singleetan eta salbamendu-txaleko faltsuak jantzita dakartzatenak ateratzera. Izugarrikeria osoa!

Borjak eskatu zuen bakarra dirua izan zen, oso bitarteko gutxi dituztelako. Esate baterako, kontatu zuen uharte guztian anbulantzia bat zutela bertako biztanleak eta errefuxiatuak artatzeko, eta Euskadi Irratiko elkarrizketa izan aurreko egunean egun bakar batean 1.700 pertsona atera zituztela ere komentatu zuen. 1.700, egun bakar batean, Lesbos inguruan soilik! Elgoibarko Iñaki Iraola eta Koro Gabiola ere joatekoak dira sorosle Greziara Gabonetako oporretan. Eurek ere diru-biltzea dute martxan, nahi badiezue lagundu.

Neguko solstizioan gaude, eta egoera gero eta latzagoa izango da pertsona horiendako. Baina zer egin dirua emateaz gain? Nola presionatu gobernuak? Giza-uholde hura izan zenean telebista eta egunkarietako lehen orriak betetzen zituzten, eta sarriegi gertatzen diren moduan, desagertu egin dira, arazoa konpondu balitz bezala, arazoa areagotu baino ez denean egin.

Toki guztietatik ez dira desagertu, aitzitik. Eguberrietako iragarkietan ageri dira, pena eman diezaguten eta urteko sasoi zoriontsu eta zuri honetan patrika hustu dezagun. Horretaz gain, ezer gutxi. Lausotu eta ostendu dituzte beste berri batzuen atzean, estatuan pobreziaren atarian dauden umeena bezala. Krisia amets txar bat besterik izan ez balitz gisan, aspaldiko kontu konpondua. Lasai, jakina baita Eguberrietako argiek eta arrandiak munduko edozein tristura eta miseria margul ditzaketela. Dena konponduko da magiaz eta erosten, jasotzen dugun mezua.

Eta konpontzen ez bada, jar dezagun Gabon osteko asmoetan. Horrela egongo gara seguru denak izango duela irtenbidea, gu ukitzen ez gaituen irtenbidea. Merkealdian atzera ere zoriontsu.

Hementxe, webean

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua