KuGa (III) : Kultura Garaikideko Nazioarteko Zentroa
Aste honetan KuGa zentroaren inagurazioa izan da. Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Gunea, Tabacalera, Tabako fabrika delakoa Odon Elorzak, Joxe Joan Gonzalez Txabarrik eta Miren Azkaretek inauguratu dute.
Sustatun H. Etxebarriak izenari buruzko eztabaida interesgarriari ekin egin dio.
Lehenik eta behin, aurretik joan dadila pozten naizela antzerako erakunde kulturala sortzea. Zorionak eta denon artean disfruta dezagun.
Liburuzaina naizen aldetik beste ikuspuntu batetik dator kritika. Ea zer demontre egiten duen, zer demontre jotzen du Euskadiko Liburutegia zentru horretan. Ezer er. Egunkari guzti-guztietan zerrendako azken zeregina eranskin gisa gehitu dute.
Garan Berria23 Berria22 Deia eta diario vasco
Berri guzti hauek agerian utzi dute zer gutxi jotzen duen "KuGa" erakundean Euskadi Liburutegia, bereziki azken artikulua.
Liburutegien legea: lehengo lepotik burua
Hona hemen Gara egunkarian (2007-03-20) agertutako artikulua
Ezin dugu ahaztu bibliotekonomiako lanetan, oraindik, Espainiako ereduak soilik erabiltzen direla
Gobernua osatzen duten hiru alderdi politikoek Eusko Legebiltzarrean aurkeztu berri duten Euskadiko Liburutegien legeak ez du ezer aldatuko. Zoritxarrez, lege honek Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 legearen akats berak errepikatzen ditu. Ondarearen legeak Euskadiko Liburutegien Sistema Nazionala indarrean jarri zuen, eta agiritegi, liburutegi eta museoetako azpiegitura garatzeko asmoz sortu zen, baina emaitzak ezin eskasagoak izan dira.
Orain, duela 16 urte bezala, lege honek liburutegien arloa ezin izango du arautu, alde batetik, horretarako eskumenik ez duelako, liburutegi sistema honek udal liburutegiak baino ez dituelako barnean hartzen; eta bestaldetik, ez duelako autoritaterik politika bibliotekario komuna herri osoan sortzeko, sistema hau elkarlanean eta borondatezko koordinazioan oinarritzen baita. Horrela bada, liburutegi garrantzitsuenak sistematik kanpo gelditzen dira; eta sistematik at gelditzen diren liburutegi horiek jarraituko dute arauak ezartzen, eta Euskal Herriko Sistema bibliotekarioaren buruak izaten.
Ezin dugu ahaztu bibliotekonomiako lanetan, oraindik Espainiako ereduak soilik erabiltzen direla. Denok dakigu urte luzeetako ohituraren poderioz, gaztelania izan dela lan hizkuntza nagusia, eta nagusiki Espainiako arauak erabiltzen jarraitzen direla. Egoera honen aurrean, euskaldunak eta abertzaleak garen aldetik, ezinegona nabaritzen zaigu, eta aldatzeko unea iritsi delakoan gaude.
Ikus ditzagun honen gainean Gobernuak aurkeztutako lege-proiektuaren gabezia nabarmenenak zeintzuk diren: batetik, Liburutegi Sistemak ez du edukiko eskumenik liburutegi-zerbitzuen plangintza aurrera eramateko, argi eta garbi adierazten baitu plangintzaren koordinazioa baino ez dagokiola; eta bestetik, Sistemaren buru izango den Euskadiko liburutegiak ez du autorita- terik edukiko bibliografia-ondarea biltzeko, kontserbatzeko eta zabaltzeko, gainontzeko erakundeen arteko koordinazio-lana burutzera mugatuko delarik.
Euskarari dagokionez, aurreko artikuluan aipatu nuen bezala, euskara erabat baztertua dago lan teknikoetan, gaztelania hutsez egiten dira eta liburutegi- katalogo gehienak ere gaztelaniaz daude. Honen gainean Gobernuak araututakoak lehengo lepotik burua izaten jarraitzen du, liburutegien munduan euskararen egoera ezagututa, lege guztietan jartzen duen «Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizial bien erabilera bermatzea» leloa errepikatzera mugatzen da. Orain arteko jarrera aldatuko bada ezinbesteko baldintza da legean espresuki eus- kararen tratamendua arautzea; hortaz, legeak, gutxienez, lan teknikoak, katalogoak eta baliabide teknikoak euskaraz sortzeko agindua jaso beharko luke.
Azkenik, lege-proiektu honek Nafarroa eta Iparraldea ez ditu kontuan hartzen. Jarrera hau usadioaren kontra doa. Nafarroako liburutegiek baita Euskadiko liburutegiek ere, inoiz ez dituzte muga administratibo hauek ezagutu. Izan ere, mendeetan zehar baita azken urteetan ere, unibertsitateetan eta zientzia munduan Euskal Herria kultur eremu gisa hartu dute, besteak beste, Nevadako Renoko Unibertsitatean, British Libraryn edo Entziklopedia Britannican; eta zer esanik ez Hego Amerikako unibertsitateetan. Era batean edo bestean, Euskal Herriko administrazioen arteko harreman ofizialak lege baten bitartez sustatu beharko lirateke.
Gerardo Luzuriaga
Nafarroako Liburuzainak
Nafarroako Liburuzainen Elkarteak (ASNABIk), weborri eta blog interesgarri dauzka. biBLOGteca-ren azken mezuek arestian egindako udal liburutegietako oposaketa kritikatzen dute. Erantzun ugari dauzka. Agertutako guzti-guztiak oposaketaren edukien kontra dira. Atzoko Diario de Noticiasen ere artikulu bat argitaratu zuten. Patxadaz irakurtzea merezi du.
25-30 urte pasa eta gero... Liburutegiak...
Euskal Herrian oraindik kulturaren arloan euskara baztertua dago. Gaztelania da hizkuntza hegemonikoa, eta ia-ia, oro har, gehienok erabiltzen dugun hizkuntza bakarra. Gaztelania Euskal Herriko hizkuntza nagusia dela ohartarazteko, gizarteko lauzpabost sektore esanguratsuri (egunkari, irrati, liburu denda, liburutegi...) begiratzea besterik ez dago.
Hizkuntzari dagokionez, euskaldunok erbesteko herri batean bizi gara. Horretaz oraindik baten bat konbentzituta ez badago, Euskal Herriko edozein kioskotara hurbildu eta eskaintzen dituzten egunkari guztien artean euskarazkoak zein gutxi diren ikustea baino ez dauka. Halaber, esandakoaren adierazgarri beste hamaika adibide ere jar daitezke: irratiaren diala alde batera eta bestera eraman, eta gaztelaniazko emisorak baino ez ditugu aurkituko; liburu dendetara sartu eta kasurik onenean euskarazko literaturaren inguruko liburuak bazter txiki batean aurkituko ditugu; edo liburutegietako katalogo guztietan Ignazio Loiolakoaz kontsulta egin dezakegu ea zenbat katalogotan agertzen den.
Errealitate gordina hauxe da: Euskal Herriko biztanleak gaztelaniazko munduan %95 bizitzera behartuta gaudela. Baten batek ulertuko al luke herri batera joatea eta kiosko, irrati-igorgailu, liburu denda edota liburutegietan soilik %5 jatorrizko hizkuntzan aurkitzea?
Badakit Euskal Herriko egoera linguistikoa zein izan den, zein egoeratan bizi garen, eta badakit azken urte hauetan euskararen aldeko aurrerapauso ugari egin direla. Bai, baina halere euskararen presentziari dagokionez, bai ekintzetan eta bai erritmoan, ez da espero genuen bilakaerarik gertatu, iturri kulturalen eskaintzen kasuan batik bat.
Ondo dago Euskal Herriko aniztasunaren aldeko adierazpenak egitea, baina oso gutxitan erabiltzen dira aniztasuna, mestizajea eta antzeko terminoak euskararen erabilera pizteko; aitzitik, gaztelaniak daukan hegemoniak irauteko eta bermatzeko erabiltzen direlakoan nago.
Etor gaitezen liburutegien arlora eta ikus dezagun hogeita hamar urte luze hauetan gertatutakoa. 1980an eskuratu zituen Euskal Autonomia Erkidegoak liburutegiak kudeatzeko eskumenak. Harrezkero, hogeita zazpi urte pasa dira, eta liburutegien transferentzia horiek geure esku egon arren, Euskal Herriko liburutegietako lan teknikoak nagusiki erdara hutsez egiten jarraitzen dute, gezurra badirudi ere. Katalogoa da edozein liburutegitako lan-tresna nagusia, berak ematen baitu zerbitzu guztietara heltzeko bidea; baina zenbat katalogo egiten dira euskaraz? Salbuespenak salbuespen, kostata aurkituko du euskararen aztarnarik gure herriko liburutegietara jotzen duenak.
Liburutegietan pairatzen ditugun gabeziak azaltzeko arrazoi ugari badaude ere, nire iritziz garrantzitsuena dena baino ez dut aipatuko: legearen hutsunea. Izan ere, hala Eusko Jaurlaritzak nola Nafarroako Gobernuak oraindik ez dute nazioarteko erakundeek gomendatzen duten erakunde ofiziala sortu, bertako sistema bibliotekarioaren ardura izan eta euskararen erabilera normalizatzeko balioko lukeen erakundea, alegia. Liburutegi Nazional horrek nazioarteko araudiak egokitu eta hainbat zehaztapen egin beharko lituzke katalogatze prozesua euskalduntzeko. Aitzitik, Espainian eta Frantzian egindako arauak hitzez hitz jarraitzen ditugu, edo, beste era batean esanda, herri horiek ezarritako ereduen mende gaude. Aurten, urte dezente igaro ondoren, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Liburutegien legea aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean; halaber, talde parlamentarioek arrazoibideak aurkeztu dituzte, baina susmoa daukat onartzeko zorian dagoen legeak orain arte izan dituen gabeziak dauzkala.
Digitalizazioa
Karlos Lizasoro liburuzainak Diario Vasco egunkarian liburuaren geroa beltza dela adierazi zuen. Googlek liburutegi erraldoia sarean jarri nahi du Baina ez daki liburuaren inportantzia ez dagoela formatoan, edukian baizik liburu guztiaren eskura ipiniko ditu baina, egun munduan, 800 milioi analfabeto dago, eta horiek ez daukate ezerekin konexiorik, ezpad miseria, gosea eta heriotzarekin
Joxe Aranzabalek bere blogean, Faroan, honako hau gehitu zuen: kritika bera egin ziezaioketen orain bostehun urte inguru Gutenbergi bere lana teknikoa zen huts-hutsean hala ere, moldiztegiak sekulako iraultza ekarri zuen seguru baten batek idatziko zuela orduan ere liburuaren geroa beltza zela nik ere maite ditut liburuak baina ez nau kezkatzen teknologiak zenbateraino aldatuko duen liburua, zeren une jakin batean irakurtzeko aukeratzen badugu beste euskarri bat, izango da liburua baino hobea delako.
Garik Interneten nabilenetik, inoiz baino gehiago irakurri eta idazten duela, irakurtzeko moduak aldatu dela, testuak aldatu direla, baina asko irakurtzen duela komentatzen du. Iñikok dio: Google enpresa pribatu gisa ez da berarentzat egitura hoberena liburutegi unibertsala egiteko.
Karrikasek liburuaren etorkizuna beltza dela liburua etorkizuneko museoen parte izango dela ekimena oso ona da eta funtsezkoa Tokyon daogen liburu bat kontsultatu ahal izatea benetako onura izan daiteke arazoa hori googelek kudeatzea da berak ematen dituen emaitzak dira egi bakarra eta hortik kanpo gelditzen dena ez da existitzen edo gure liburutegi digitala egiten dugu edo euskarazko liburuak ez dira existituko interneten.
Ricardok dio: Ez dut uste euskal liburutegi digitala geuk egin behar dugunik Euskal Herrian dagoen beste edozein liburutegi handik Google-ekin hitzarmen bat egin beharko lukete... besterik da Euskal Herriko liburutegiei interesatzen zaien ala ez, eta, nire ustez, bai izan liteke oso interesgarria. Gaur egun ditugun liburutegi digital saioak oso gaizki antolatuta daude .
Diesenek dio: liburu digital bat irakurtzea koñazo bat da. Pare bat orriko pdf-a irakurtzea bale, baina... Etorkizunean paper digitala asmatzen dutenean berriro hitz egingo dugu, baina momentuz literatur-zaletasunari, liburuei buruzko eztabaidagune espezializatuak, kritikak, foroak, dendak... Hori da punturik onena dudarik gabe, ez lana bera, lanaren inguruan bizi den guztia baizik literatur-lana bera. Askotan entzun dut internet idazlearentzat sekulako aukera dela, argitaletxeei bizkarra eman eta norberak nahi duen moduan argitaratzeko aukera ematen diolako. Nik ez dut horretan sinisten. Batetik, literatur-lana idazleak berak ez duelako bakarrik egiten.
Berrotzak dio: Ez da hainbesterako literaturari dagokionez liburu digitalak irakurtezinak dira, baita belaunaldi gazteentzat ere digitalizazioa aurrera doa digitalizazioaren ezaugarriei buruz gogoeta egin beharko genuke modernidadearen izenean agiri publikoak enpresa pribatuen eskuetan uzten ari baikara erakunde ofizialak eta pribatuak digitalizazioaren planifikazioa egin beharko bailitzateke...
KuGa (II)
Duela hilabete batzuk, Kultura Garaikideko Nazioarteko Gunea sortzear zegoela, Kultura Garaikideko Nazioarteko Guneko siglen izena (KuGa) izendatzea proposatu nuen.
Garaiak aldatu dira, egun euskarak duela denbora gutxi baino presentzia, prestigio eta balio handiago dauka, baina Euskal Herrian zeinek erabiltzen du: (HAEE, EHAA, ALHAO) Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofiziala, inork gutxik.
Euskaraz hitz egin arren (IVAP, BOPV, BOTHA) siglak erabiltzen ditugu. Ezbairik gabe dena da ohitura, bada berdin ahozka daiteke EHAA edo BOPV, baina...
Espero dut (KuGa) arrakasta edukitzea, edo hobeto adierazita euskarazko siglak, direla direnak, euskaraz hitzegitean sigla horiek erabiltzea eta ez gaztelaniazkoak.
Euskadiko Liburutegien legea
Laster talde parlamentarioak Eusko Legebiltzarrean Euskadiko Liburutegien legea ateratzeko lan-saioak hasiko direnez, Euskal Gobernuak aurkeztutako lege-proiektua, eta talde parlamentarioek aurkeztutako arrazoibideak labur aztertuko ditut lerro hauetan.
EUSKAL GOBERNUAK aurkeztutako legearen gabeziak behin baino gehiagotan aipatu badugu ere, proiektu honen ahuleziak laburbilduko ditut.
Euskarari dagokionez elebitasuna ez da bermatzen.
Euskal ondare bibliografikoa gordetzea, babestea eta zabaltzea ez da ziurtatzen.
Biblioteka sistemak borondatezko lankidetzan oinarritzen da. Proiektu honek ez du kontenplatzen erakunde indartsu bat, zeinek irizpide bibliotekario eta arau berriak sor ditzan eta Euskal Herrian zabal dezan.
Ez ditu arautzen sistemaren burua izango den erakundearen eginkizunak, Euskadiko Liburutegiaren Nagusiarena, alegia. Euskadiko Liburutegi Nagusiari zegozkion eginbeharrak sakabanatuta geldituko dira zenbait erakunderen artean.
Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Foru Aldundiak, Unibertsitateetako eta Eskoletako liburutegiak Euskadiko Irakurketa Publikoko Saretik at gelditzen dira. Langileek, batez ere udal liburutegietakoek, orain jasaten dituzten egoera berean jarraituko dute. Euskal Herriak jarraituko du Dokumentazioaren lizentziatura barik. Liburutegietako teknikoek, ALDEE eta Joana Albret Bibliotekonomia Mintegiaren ordezkariek aurkeztutako emendakinak kontuan hartu ez dituzte.
TALDE POPULARRAK aurkeztutakoak ez ditu ezer aportatzen.
EUSKAL SOZIALISTAK aurkeztutako emendakinen artean Eskola eta Unibersitateko liburutegiak sarean aurreikustea positibotzat jotzen dut. Gaiontzeko proposatutako artikuluetan Euskal Gobernuak jarritako bideari men egiteaz gain, aspektu jakin batzuetan Gobernuak baino askoz garbiago sistema zentral bat sortzearen kontra agertzen dira. Izan ere, alde batetik, eskumenak Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundien artean banatzen dira: lankidetza ekonomiko, tekniko eta bestelakoetarako ekimenak lurraldeko toki-erakundei emateko aukerak Foru Aldundien esku uzten ditu, Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundien arteko lehiaketa sortuz; beste aldetik, Sistema nagusia sortu beharrean, agente guztien arteko lankidetza bultzatzen du: Eusko Jaurlaritzak hitzarmenak sinatu ahal izango ditu hiru foru-aldundiekin eta hiru hiriburuetako udalekin, hortaz Euskadiko Liburutegien zereginak Euskal Herriko liburutegi nagusien artean sakabanatuta geldituko dira.
Liburutegietako pertsonalen egoera eta titulazio-maila aipatutako legeak arautzen ez duenez, zentzu handirik ez dut ikusten ikuskatzeari buruz proposatutako artikulua. Nola neurtuko da, zeinek neurtuko du proposatutako neurtzeko baldintzak: langileen kopurua, azpiegitura teknikoak honen inguruko arauak legeak aipatzen ez dituenean? Artikulu honetan erdiko bidea hartu dutelakoan nago.
ARALARREK ETA EZKER ABERTZALEAK ñabardurak ñabardura (izenak) egindako emendakinak helburu nagusian bat datoz:Eusko Jaurlaritzari dagokio Euskadiko Liburutegi sistema planifikazioa egitea eta proiektua aurrera eramatea, Eusko Jaurlaritzak eskumena duen sailaren bidez, Euskal Herriko lurralde guztietarako liburutegi sare bat sortzea bultzatuko du.
Euskadiko Liburutegiak (Euskal Liburutegi Nazionalak), Sistemaren buru denak, Euskadin eta gainerako euskal lurraldeetan argitaratu edo ekoiztutako obra guztiak, eta Euskal Herriko bibliografia-ondarea kontserbatu eta zabalduko du; halaber euskal bibliografia, eta katalogo kolektiboa egingo ditu, eta dokumentazioaren normalizazio arauak egokituko ditu
Hona hemen EZKER ABERTZALEAK aurkeztutako beste arrazoibide interesgarrienetariko batzuk: Euskal Herriko Liburutegi Nazionala sei hilabeteko epean sortzea, Foru-aldundien liburutegi publikoak sare barruan sartzea, liburutegi pertsonal teknikoari unibertsitateko titulazioa eskatzea, liburutegietan lan teknikoak, katalogoak, eta ahozko eta idatzitako harremanak elebidunak izan dezaten bermatzea
Gerardo Luzuriaga
Joana Albret Bibliotekonomia Mintegikidea
Liburutegien legearen zuzenketa osoak eta arrazoibideak
Eusko Legebiltzarreko Aldizkari Ofizialeko 77 zenbakian (2006-11-24) Euskadiko Liburugien talde parlamentarioen zuzenketak argitaratu dira. Seguraski zuetariko baten bat baino gehiago irakurtzeko denboraz eskas ibiliko denez, laburpena egitea erabaki dut.
Esanguratsua izan da Ezker Abertzalearen testuak eta Aralarren testu batzuk gutxik- izan ezik gainontzeko guztiak gaztelaniaz aurkeztea.
Egin dudan laburpen honetan arrazoibiderik aipagarrienak baino ez dut komentatu.
Eusko Legebiltzarraren aldizkarian agertzen diren bezala, komentariorik eta kritikarik gabe ipini dut. Deigarriak egin zaizkidan emendakinak baino ez ditut kopiatu. Batzuk bat datozelako nire iritziarekin eta beste batzuk kontrako bidea hartzen dutelako.
Osoko zuzenketak
A) Talde Popularren osoko zuzenketa:
Hasiera-hasieratik atzematen da legearen neurririk gabeko proposamena Beharrezkoa al da lege bat gai hori arautzeko? Ez al litzateke nahikoa izango maila txikiagoko arau bat? Are gehiago Lurralde Historikoen legeak ezartzen badu foru-erakundeen liburutegiak, eta suposatzen da udalenak ere bai, eta horiek arautzeko eskumena beraien eskumenekoak direla
B) Ezker Abertzalearen osoko zuzenketa
Legeak ez du Euskal Herria bere osotasunean kontuan hartzen
Orain dela 16 urte... 7/1990 legeak, Euskal Kultura Ondarearenak, honako hau adierazi zuen: Euskal Herriko Autonomi Elkartearen politika kulturala diseinatzeko... liburutegi eta museoetako azpiegiturak garatzeko politika antolatzeko sortu da.
Halaber Euskadiko Nazio Mailako Gordetegi Erapidetza eta Euskadiko Nazio Mailako Liburutegi Erapidetza sortu ziren Garai hartan ere, paperean Euskadiko Liburutegien Sistema antolatutzat eman omen zuten.
Baina 16 urte pasa ostean, emaitzak ezin eskasagoak izan dira, eta aurkezten den lege berri honetan ere akats berak errepikatzen dira, zeren, printzipioz, nazio mailako liburutegi-erapidetza edo sistema batek nazio horretarako era guztietako liburutegiez osatua behar luke, ez soilik udal-liburutegiez ez da nahikoa elkarlana eta borondatezko koordinazioa; beharrezkoak dira bai azpiegitura legala, bai nazio mailako plangintza eta erakundea.
orain erredaktatuta dagoen bezala, ezinezkoa izango da sistema bibliotekario komuna indarrean jartzea, orain dauden liburutegirik garrantzitsuenak de facto sistematik kanpo gelditzen direlako
Zatiko zuzenketak
art. 3 Eskola eta unibertsitate liburutegiak progresiboki sarearatzen joatea ere aurreikusten da. (Euskal sozialistak)
art. 4 EJ liburutegiko zerbitzuen arteko lankidetzarako ikerketarako eta prestakuntzarako tresnak ezartzeko behar diren bitartekoak sortu eta sendotzea sustatuko du, bai Nafarroako Foru Erkidegoarekin baita Ipar Euskal Herria (Mistoa-Aralar)
Nafarroarekiko eta Iparraldearekiko lotura ekonomikoa, geografikoa, sozial eta kulturalak kontuan edukita, eta batik bat hizkuntza bera edukita, ezinbestekoa da kulturako proiektuak elkarrekin egitea. (Ezker abertzalea)
art. 5 Eusko Jaurlaritzan kulturan alorreko eskumenak dituen sailari dagokio Euskadiko liburutegi sistemak eskaintzen dituen liburutegi zerbitzuen planifikazioa aurrera eramatea (Ezker abertzalea)
art. 7 Euskadiko Liburutegi Sistemaren zati ez diren liburutegi pribatu edo publikoei informazioa eskatuko die (Mistoa-Aralar)
art. 8 Euskarari arreta berezia emango zaio (Mistoa-Aralar)
art. 10 bitarteko eta baliabideen kudeaketa bideratuko du, lankidetza-printzipioa kontuan izanda ondare hori lurralde artekoa eta eleanizkuna (euskara, frantsesa, gaztelania) den aldetik. (Mistoa-Aralar) b) Ikastetxeetako liburutegiak sare barruan (Ezker abertzalea) d) Foru-aldundien liburutegi publikoak sare barruan (Ezker abertzalea)
art. 11.3.3 Ez dute berariaz aukerarik emango interneten dauden materialetara sartzeko, baldin eta material horiek sarrera egiten den herrialdean legez kanpokoak badira. (Euskal sozialistak)
art. 15. 2 f Liburutegiak sustatzea (Euskal sozialistak)
art. 15. 4. Eusko Jaurlaritzak hitzarmenak sinatu ahal izango ditu hiru foru-aldundiekin eta hiru hiriburuetako udalekin (legearen) 2. eta 3 paragrafoak kudeatu eta finantzatzeko. (Euskal sozialistak)
art. 15. 5 Irakurketa Publikoko Maparekin bat etorriz, foru-aldundiek erabaki ditzakete lurraldeko toki-erakundeei dagokienez sustatu beharrekotzat dauzkaten lankidetza ekonomiko, tekniko eta bestelakoetarako ekimenak ere, liburutegi-zerbitzuen eskaintza bermatu edo hobetzeko. (Euskal sozialistak)
art. 16 Ikuskatzean ondorioztatzen bada liburutegi hark ez duela araudia betetzen, hots, ez duela betetzen langileei, azpiegituren baldintza teknikoei, liburutegien kudeaketaren oinarri orokorrei eta funtzionamenduari, funtsen katalogazio eta sailkatzeari, Euskadiko Irakurketa Sare Publikoko liburutegien koordinazioari edo Irakurketa Publikoko Katalogo Kolektiboaren mantentze-lanei buruzko araudia,liburutegiaren titularrak kultura arloko sailak emandako neurri zuzentzaileak ezarri beharko ditu. Horrela egiten ez badu, liburutegiaren titularrak galdu egingo du irakurketa publikorako laguntza-zerbitzuak erabili ahal izateko eskubidea. (Euskal sozialistak)
art 19.2.1
Liburutegien pertsonal teknikoa liburutegiaren zuzendaria, liburuzainak eta liburuzain laguntzaileak izango dira. Liburutegiaren zuzendaria izango da erakundearen arduradun handiena, eta liburutegiaren pertsonalaren zuzendari teknikoa izango da. Liburutegiaren lan teknikoen funtzioak liburuzainei eta liburuzain laguntzaileei dagozkie. Liburutegiaren pertsonal teknikoak unibertsitateko titulazioa eduki behar du. (Ezker abertzalea)
art. 20 Euskal Irakurketa Sare Publikoko liburutegietako funtsen Katalogazio bateratu eta partekatua egiteko irizpideak bermatzeko eta liburutegiok bata besteen funtsak ezagutzen dituztela ziurtatzeko, Euskal Liburutegi Nazionalak katalogo kolektiboa egingo du (Ezker abertzalea)
art. 22. 1 Euskadiko Liburutegia, Autonomia Erkidegoko liburutegi-erakunde nagusia izanik, Euskadiko Liburutegi Sistemaren organo nagusia da eta bera arduratuko da Euskal Autonomia Erkidegoan zein Euskal Herriko beste lurraldeetan argitaratu edo ekoiztutako obrak, euskal kulturarekin eta euskararen hizkuntza-eremuarekin erlazionatutakoak eta, bereziki, euskal idazleek sortutakoak eta euskaraz egindakoak bildu, kontserbatu eta zabaltzeaz, euskarri dena dela. (Mistoa-Aralar)
Euskal Liburutegi Nazionala sistemaren buru izango da, Euskadin argitaratu edo ekoiztutako lanak eta Euskal Herriarekin erlazionatutakoak -bereziki, euskal idazleek sortutakoak eta euskaraz egindakoak- bildu, kontserbatu eta zabaltzeaz, euskarri dena dela, eta horretarako, Euskal Liburutegi Nazionalak berak bildu, kontserbatu eta zabalduko du euskal bibliografia-ondarea (Ezker abertzalea)
- Euskadiko Liburutegiak Euskal Herriko bibliografia-ondarea kontserbatu eta zabalduko du, horretan diharduten beste erakundeekin batera. Bibliografia horren barruan sartzen dira Euskadin egonik kultura edo historia-balio nabarmenak dituzten bibliografia-lanak, kultura ondarearen inguruko legedian ezarritakoaren arabera. (Mistoa-Aralar) Euskal Liburutegi Nazionalak euskal bibliografia-ondarea kontserbatu eta zabalduko du. Bibliografia horren barruan sartzen dira Euskadin egonik kultura edo historia-balio nabarmenak dituzten bibliografia-lanak, kultura ondarearen inguruko legedian ezarritakoaren arabera. Hortaz, Euskal Herriko Liburutegi Nazionala liburutegi sistemaren zentro funtzionala eta teknikoa izango da (Ezker abertzalea)
art. 22.3 Euskadiko Liburutegia lehenengo bibliografia-zentroa, euskal kulturaren nazioarteko kontsulta eta ikerketarako (Mistoa-Aralar)
art. 24 a Euskadin eta gainerako euskal lurraldeetan argitaratu edo ekoiztutako obra guztiak bildu, kontserbatu eta zabaltzea. (Mistoa-Aralar)
Euskal Herrian argitaratuta bildu (Ezker abertzalea)
art. 24 c. Euskal kulturarekin erlazionatutako obrak beste erakunderekin lankidetzan aritzea modu eraginkorrean koordinatzeko (Mistoa-Aralar)
- f Aldian behin Euskal bibliografia egin, kudeatu eta beste erakunde batzuekin batera (Mistoa-Aralar) Euskal bibliografia egin.(Ezker abertzalea)
- h Katalogo kolektiboa egitea (Mistoa-Aralar) Katalogo kolektiboa egin (Ezker abertzalea)
- i Euskadiko bibliografia-ondarea babesteko zerbitzu espezializatua Euskal Liburutegi Nazionala barruan sortzea, zaharberritzeko, erreproduzitzeko eta kopiak eta soberan dauden lanak kudeatzeko (Ezker abertzalea)
- l Bibliografia eta dokumentazioaren normalizazio arauei dagokienez bibliografia zentro funtzioak beteko ditu (Ezker abertzalea)
- m Ikerketa sustatzea .(Mistoa-Aralar)
- 2 art (Gehitzeko) katalogatzeko arauak egingo ditu, kontuan hartuta hala euskarazko nola gaztelaniazko eta frantsesezko katalogazioa. Euskadiko liburutegiak autoritateen katalogoa ikuskatu, baliozkotu, eta zerrenda bakarrean bateratuko da. .. (Mistoa-Aralar) katalogatzeko arauak egingo ditu, kontuan hartuta hala euskarazko nola gaztelaniazko katalogazioa. Bereziki, ziurtatuko du lan teknikoa, katalogoak, baliabide teknikoa eta ahozko eta idatzizko harremanak bi hizkuntzatan izatea. (Ezker abertzalea)
Titulo IV bis Unibertsitate eta eskola liburutegiak (Euskal sozialistak)
art. 25 bis 2 Euskadiko Liburutegiaren bidez koordinatuko dira unibertsitate liburutegiak eta liburutegi sistemako gainerakoak. Koordinazio horretaz gainera, bestelako koordinazio-bideak ere ezarri ahal izango dira beste liburutegi batzuekin zerbitzu komunak emateko. (Euskal sozialistak)
art. 25 ter 1 Unibertsitatez kanpoko ikastetxeetan eskola-liburutegi bat jarriko da, hezkuntza-prozesuaren osagai gisa, Irakurketa Sare Publikoarekin elkarlanean arituz. (Euskal sozialistak) 2. Hezkuntzaren alorreko eskumenak dituen sailak finkatuko ditu unibertsitatez kanpoko herri-ikastetxeetako liburutegien antolakuntzari, jardunari eta finantziazioari buruzko berariazko arauak (Euskal sozialistak)
art. 25 quater 1 Kulturaren eta hezkuntzaren alorreko eskumenak dituzten sailek diseinatu eta aurrera eramango dute eskola-liburutegiak Euskadiko Irakurketa Sare Publikoan progresiboki sartzeko prozesua, liburutegi bakoitzean hurbilen duen lurralde-esparrutik hasiz. (Euskal sozialistak) 2. Kulturaren alorreko eskumenak dituen sailak hitzarmena sinatuko du euskal unibertsitateekin, unibertsitateok Euskadiko Irakurketa Sare Publikoan sar daitezen. (Euskal sozialistak)
art. 27 1 ...Euskal Bibliografia Gordailua euskal bibliografia-ekoizpen osoaren aleak jaso eta kontserbatzeko sortutakoa da... (Ezker abertzalea) 5 ...Liburutegi-elkarteen partaidetza bermatua izango da. (Ezker abertzalea)
art. 37 5. ... sektore eta erakunde guztien partaidetza proportzional eta orekatua bermatuta.(Mistoa-Aralar)
Xedapen Gehigarria 2. Euskal Herriko Liburutegi Nazionala sei hilabeteko epean sortu beharko da. (Ezker abertzalea) 3. Eusko Jaurlaritzak eskumena duen sailaren bidez, Euskal Herriko lurralde guztietarako liburutegi sare bat sortzea bultzatuko du. (Mistoa-Aralar)
Azken xedapenak: Bibliografia-ekoizpen hauek joko dira euskal bibliografia-ondorentzat: Euskadin bai Euskal Autonomia Erkidegoan eta bai Euskal Herriko beste lurraldeetan- argitaratu edo ekoiztutako lanak eta euskal kulturarekin eta euskararen hizkuntza esparruarekin erlazionatutakoa...
Euskal liburutegi bat amerikar mendebaldean
Gara egunkariaren mugalari gehigarrian (2006-11-11) Estibalitz Ezkerra kazetariaren Reno Unibertsitateko Euskal Ikasguneko Liburutegiari buruzko artikulu interesgarria blog honetan kontsulta daiteke.
Liburutegien legea
Hona hemen liburutegien legearen azken berriak. Duela aste batzuk Arabako Aldundiak liburutegien legeari jarritako helegitea galdu zuenez,liburutegien legeraren proiektuak izapidea Euskal Legebiltzarrean jarraitzen du.
Joan zen astean Euskal Legebiltzar Talde Popularrak Euskadiko Liburutegiaren lege-proiektuari zuzenketak aurkezteko epea 7 egun luzatzea eskatu zuen.Eta ohi den bezala Legebiltzerreko mahaiak emendakinak onartzeko epea luzatzea onartu du.Beraz, azaroaren 11n Eusko Legebiltzarrean arrazoibideak aurkezteko epea bukatuka da.
Liburuzain gehienok dakigun bezala,liburutegiaren legearen proiektua aspaldiko afera da. Izan ere, alde batzuetatik lantzea tokatu baitzaigu. Zerrenda honetan eta beste komunikabide batzuetan ere behin baino gehiagotan hauen gaineko ideiak eta iritziak helarazi ditugu.
Liburutegietako teknikoek eta ALDEE (garrantzigabeko puntu batzuk salbu) eta Joana Albret Bibliotekonomia Mintegiaren ordezkariek aurkeztutako emendakinak baztertuta izan dira.
Tamalez liburutegiaren legea arrazoibide teknikoen bitartez hobetzeko garaia bukatu da. Politikoen garaiean gaudenez, ezaugarri teknikoak politikoen mende gelditu ohi diren unean, hain zuzen ere.
Beraz, Kinielak egiteko garaia ailegatu da. PSEkin, edo EHAKrekin, edo PPrekin aurrera aterako duten legea izango da. Baina garbi gelditu da liburutegietako langileen arrazoibideak ez dituztela ezertarako kontuan hartu, bada aurkeztutakoarrazoibide gehien-gehienak baztertuta izan baitira.