Euskadiko Liburutegien legea
Laster talde parlamentarioak Eusko Legebiltzarrean Euskadiko Liburutegien legea ateratzeko lan-saioak hasiko direnez, Euskal Gobernuak aurkeztutako lege-proiektua, eta talde parlamentarioek aurkeztutako arrazoibideak labur aztertuko ditut lerro hauetan.
EUSKAL GOBERNUAK aurkeztutako legearen gabeziak behin baino gehiagotan aipatu badugu ere, proiektu honen ahuleziak laburbilduko ditut.
Euskarari dagokionez elebitasuna ez da bermatzen.
Euskal ondare bibliografikoa gordetzea, babestea eta zabaltzea ez da ziurtatzen.
Biblioteka sistemak borondatezko lankidetzan oinarritzen da. Proiektu honek ez du kontenplatzen erakunde indartsu bat, zeinek irizpide bibliotekario eta arau berriak sor ditzan eta Euskal Herrian zabal dezan.
Ez ditu arautzen sistemaren burua izango den erakundearen eginkizunak, Euskadiko Liburutegiaren Nagusiarena, alegia. Euskadiko Liburutegi Nagusiari zegozkion eginbeharrak sakabanatuta geldituko dira zenbait erakunderen artean.
Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Foru Aldundiak, Unibertsitateetako eta Eskoletako liburutegiak Euskadiko Irakurketa Publikoko Saretik at gelditzen dira. Langileek, batez ere udal liburutegietakoek, orain jasaten dituzten egoera berean jarraituko dute. Euskal Herriak jarraituko du Dokumentazioaren lizentziatura barik. Liburutegietako teknikoek, ALDEE eta Joana Albret Bibliotekonomia Mintegiaren ordezkariek aurkeztutako emendakinak kontuan hartu ez dituzte.
TALDE POPULARRAK aurkeztutakoak ez ditu ezer aportatzen.
EUSKAL SOZIALISTAK aurkeztutako emendakinen artean Eskola eta Unibersitateko liburutegiak sarean aurreikustea positibotzat jotzen dut. Gaiontzeko proposatutako artikuluetan Euskal Gobernuak jarritako bideari men egiteaz gain, aspektu jakin batzuetan Gobernuak baino askoz garbiago sistema zentral bat sortzearen kontra agertzen dira. Izan ere, alde batetik, eskumenak Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundien artean banatzen dira: lankidetza ekonomiko, tekniko eta bestelakoetarako ekimenak lurraldeko toki-erakundei emateko aukerak Foru Aldundien esku uzten ditu, Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundien arteko lehiaketa sortuz; beste aldetik, Sistema nagusia sortu beharrean, agente guztien arteko lankidetza bultzatzen du: Eusko Jaurlaritzak hitzarmenak sinatu ahal izango ditu hiru foru-aldundiekin eta hiru hiriburuetako udalekin, hortaz Euskadiko Liburutegien zereginak Euskal Herriko liburutegi nagusien artean sakabanatuta geldituko dira.
Liburutegietako pertsonalen egoera eta titulazio-maila aipatutako legeak arautzen ez duenez, zentzu handirik ez dut ikusten ikuskatzeari buruz proposatutako artikulua. Nola neurtuko da, zeinek neurtuko du proposatutako neurtzeko baldintzak: langileen kopurua, azpiegitura teknikoak honen inguruko arauak legeak aipatzen ez dituenean? Artikulu honetan erdiko bidea hartu dutelakoan nago.
ARALARREK ETA EZKER ABERTZALEAK ñabardurak ñabardura (izenak) egindako emendakinak helburu nagusian bat datoz:Eusko Jaurlaritzari dagokio Euskadiko Liburutegi sistema planifikazioa egitea eta proiektua aurrera eramatea, Eusko Jaurlaritzak eskumena duen sailaren bidez, Euskal Herriko lurralde guztietarako liburutegi sare bat sortzea bultzatuko du.
Euskadiko Liburutegiak (Euskal Liburutegi Nazionalak), Sistemaren buru denak, Euskadin eta gainerako euskal lurraldeetan argitaratu edo ekoiztutako obra guztiak, eta Euskal Herriko bibliografia-ondarea kontserbatu eta zabalduko du; halaber euskal bibliografia, eta katalogo kolektiboa egingo ditu, eta dokumentazioaren normalizazio arauak egokituko ditu
Hona hemen EZKER ABERTZALEAK aurkeztutako beste arrazoibide interesgarrienetariko batzuk: Euskal Herriko Liburutegi Nazionala sei hilabeteko epean sortzea, Foru-aldundien liburutegi publikoak sare barruan sartzea, liburutegi pertsonal teknikoari unibertsitateko titulazioa eskatzea, liburutegietan lan teknikoak, katalogoak, eta ahozko eta idatzitako harremanak elebidunak izan dezaten bermatzea
Gerardo Luzuriaga
Joana Albret Bibliotekonomia Mintegikidea