Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Urumeak eta Mississippik bat egin zutenekoa

Urumeak eta Mississippik bat egin zutenekoa

Mikel Iturria 2008/07/26 23:11
Inprobisazioa lege: bertsoa eta jazza bidelagun.

Ostegun gauean trago batzuk eta mokadutxoa hartu ondoren, Jazzaldian murgildu ginen. Bobby McFerrin abeslariak eta Donostiako Orfeoiak Zurriolako hondartzan eskaini zuten kontzertura hurbildu ginen lehenengoz. San Joan bezperako berbena mediterraneo baten antzeko itxura zeukan hondartzak. Toki txarrean jarri eta musika, publikoaren zurrumurru eta hotsen artean, ez zenez behar den bezala entzuten, aio McFerrin eta Orfeoia.

Groseko taberna bateko barran zerbeza garestia eta kaskarra hartu ondoren, Pupkulies & Rebecca hirukotearen musika dantzagarria entzun genuen Kursaaleko terraza batean. Gero, Mikel Azpiroz pianista lanetan zuen Australiako The Waifs taldea ikustera mugitu ginen. Kontzertuaren lehen zatia ikusi genuen soilik eta, ordu haietan eta toki hartan, folk-rock estatubatuar kutsukoa geldoegia zela iritzita, etxerako bidea hartu genuen.

Ostiralean, berriz, Bertsoa & Jazza ikuskizunak bete zuen gure egitaraua. Bertsolaritza ez zait bereziki gustatzen, baina bai puntako bertsolariei arriskua tonto bati baino gehiago gustatzea (Maiak antzeko zerbait esan zuen). Victoria Eugenia Teatroa bete egin zuen bost bertsozaleren (lau bertsolari + gai jartzailea) eta bost musikariren artean eginiko proiektuak. Emanaldiak iraun zituen bi ordutan apenas begiratu nion erlojuari eta hori seinale ona izaten da. Jendea ere gustura atera zen, baita eszenatoki gainean aritutakoak ere (hori esan zidan baten batek, bederen).

Oso gertu egon ginen eta bertatik bertara ikustekoak dira, adibidez, Ametsek kantatzeko unea iritsi baino zerbait lehenago, bertsoa prestatzen duen bitartean, egiten dituen keinuak. Barrutik ez dakit, baina kanpotik erlaxatuta zegoen Maialen eta gozatu egin nuen haren bertsoekin. Maia eta Egaña ere ondo. Laurak ibiliak dira bertsoa nahasten beste zenbait diziplinekin eta hori nabaritu zen. Unai Elizasu aritu zen gai-jartzaile lanetan.

Musikariak ere bere tokian egon ziren. Hasier Oleaga bateriajolea, Jon Piris kontrabaxujolea eta Bixente Martinez zuzendaria zeudela banekien. Sorpresa hartu nuen sartu aurretik Asier Ituarte tronboijole ondarrutarrarekin topo egindakoan eta Julen Izarra, berriz, ez nuen ezagutzen. Nire belarriak, aldiz, kanta klasiko-klasikoenak ere ez zituen atzeman. Benitoren Zenbat gara, Marleyren No woman no cry edota Kiko Venenok idatzi baina Camarónek famatu zuen Volando voy kanta, adibidez.

Azken honetan, bertsolariek mikrofono aurrean egin zituzten koruak (Volando voy / volando vengo / por el camino / yo me entretengo), baina Marleyren kantuarekin, berriz, No woman no cry ahopeka kantatu zuten. Hori eta eszenarioan mugitzeko euskaldunek dugun zailtasun atabikoa hobetuz gero, Euskal Herrian barrena ikusteko primerako ikuskizuna da.

Oharra: izenburua Maialenek amaieran abestutakoa da. "Urumeak eta Mississippik hementxe egin zuten bat".

De cómo se juntaron el Urumea y el Mississippi

The Waifs

Argazkia Yosigok egin zion The Waifs taldeari

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Besarkada bat Iturri! Gari, 2023/12/26 05:44
Eskerrik asko lotura jartzeagatik, Xabier. iturri, 2023/05/21 10:57
Zumaiako hitzaldiko argazkia eta albistea hemen. ... Xabier, 2023/05/21 10:29
Aspaldiko, Amatiño. Erabat ados. Iturri, 2022/11/11 19:12
Stat counter