Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Ricardo Echepare Zugasti zendu da

Ricardo Echepare Zugasti zendu da

Mikel Iturria 2021/10/31 08:55
79 urterekin hil da aste honetan bertan Ricardo Echepare irakaslea.

Duela hilabete gutxi ikusi nuen azken aldiz. Etxetik ari nintzen oraindik lanean. 11:00ak aldera kafe bat hartzera hurbildu nintzen Donostiako Artikutza tabernara.

Bi lagun, hirugarrena handik gutxira gehitu zen mahaira, mano-mano arrautza frijituak eta urdaiazpikoa jaten terrazan, ardo botila baten laguntzaz. Etxerako bidean konturatu nintzen haietako bat Ricardo Echepare zela.

Apenas izan dut berarekin harremanik, baina bai gogoan dudala selektibitate azterketa egitera ekarri ninduela 1986ko ekainean Donostiara.

Semearekin, Ricardo Etxepare, egin bainuen batxilergoa Irungo Pio Baroja institutuan. 1982ko irailean hasi eta 1986ko ekainean bukatu.

Egun hartan Renault (11 modeloa?) markako autoaren atzeko aldeko ateetako bat zabaldu, eserleku batean eseri eta isil-isilik etorri nintzen Amarara aita-semeekin. Oker ez banago, garai hartan Donostiako Ingeniaritza Eskola Politeknikoko zuzendari zen, Gobernu Zibilaren beste aldean zeukan orduan egoitza Eskolak, eta guk azterketa aldameneko institutuan.

Bertako zuzendari zela, semeak kontatu zidan anekdota polita dut gogoan iltzatuta. Aitak "Echepare, cabrón" idazten harrapatu zuela pertsona bat eskolako bulegoko atean. Eta ez, ez zen ikasle bat egilea: irakasle bat baizik. Kar, kar, kar.

Ezaguna izan da Echepare unibertsitate munduan egindako ibilbideagatik: Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroetako zuzendari hogeitik gora urtez, besteak beste.

Baina sartu-irtenak egin zituen politikan 1980ko hamarkadan.

Nik gaurkoan gogoratu nahi dut Irungo alkate izan zela hilabetez, 1983ko maiatzaren 23an izendatua izan ondoren. Ekainaren 30ean (bai, San Martzial egunean) Iruñeko (bai, Nafarroakoaren menpe zegoen orduan Gipuzkoa judizialki) Lurralde Auzitegiak atzera bota zuen izendapena, Alderdi Sozialistaren izenean Fernando Mugica Herzogek egindako helegitea onartuz. Epaileen arrazoia: alkatea aukeratzeko botoa sekretupean egin behar zutela zinegotziek, ez eskuak altxatuta.

10 zinegotzi zituzten sozialistek, 8 EAJk, 2na Euskadiko Ezkerrak, HBk, CPk eta bakarra Uranzu hautagaitza independenteak. Jeltzaleez gain, maiatzean HBko eta gaur egungo PPren aitzindari izandako zinegotziek (Coalición Popular marka zuen garai hartan Alianza Popular alderdiak) eman zuten Echepareren aldeko botoa.

Uztailaren 11n errepikatu zen botazioa eta orduan Alberto Buen Lacambra izan zen aukeratua (loturan El Paísek argitaratutako kronika).

Oihartzuna izan zuten uztaileko egun hartako gertaerek, hautestontzia balkoitik behera bota baitzuen pertsona batek. Oker ez banago, nire auzoko bat izan zen.

Atzoko prentsa digitala zerbitzua erabiliz, kontsultatu ditut 1983ko uztailaren 12ko Gipuzkoako periodikoak: DV eta La Voz de Euskadi (Pepe Rei zuzendari). Egin ez dago eskuragarri sarean. El País egunkariaren webgunean ikusi dut egun hartako azala. Latzak kontakizunak.

Gipuzkoako politikaren baitan izen potoloa zuten batzuk egon ziren udako egun hartan Irungo pleno aretoan: Roman Sudupe, Enrique Casas, Gregorio Ordóñez, Kepa Aulestia, Odón Elorza...

Geroztik Irunen sozialistek izan dute alkatearen aginte makila: Alberto Buen Lacambra eta José Antonio Santano.

Beti galdetu izan diot nire buruari zer gertatuko zen Echeparek 1983ko hartan alkatetza eskuratu eta mantendu izan balu. Baina hori politika fikzioa egitea litzateke.

Bere onerako urte asko egin zituen unibertsitate munduan, alderdietako politikatik aldenduta.

Gugan bego, Ricardo Echepare Zugasti (argazkia bertatik hartu dut)

P.S.: Zer esango zukeen Zientziaren Museoaren lekualdaketaz? Lagun batek atzo zioen bezala, mende baten bueltan hainbat gipuzkoarrek lortutako aurrezkiak ari da bankua (Kutxabank) urte gutxi batzuetan xahutzen.

Ha muerto Ricardo Echepare Zugasti, este apunte en castellano.

Azaroaren 1eko eguneratzea. Markosek komentarioan aipatzen duen Baionako Ikerketa gunearen lotura.

Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2021/10/31 11:08
1983ko maiatzaren 23ko gauean adostu zuten hitzarmena garai hartako Bidasoaldeko HBko arduradun “Triki” Martinez Olaskoagak eta Ricardo Etxeparek HBk jeltzaleei emango zietela botoa. Trikik goizeko 1:30ak aldera aparkatu zuen autoa Etxepare bizi zen Nafarroako Ibilibideko atariaren aurrean. Ordu beteko txangoan zehaztu zituzten xehetasunak. Hilabete luze hori salbu, sozialisten esku egon da alkatetza Irunen hauteskundeak egiten hasi ginenez geroztik.

Etxepareren emazte Mari Karmen Igiñizek musika irakatsi zigun Iñaki eta Patxi Apalategi, Mikel Alberdi, nire anaia Iñaki eta bostoi, solfeo eta piano. Egongela hartako apal batean Agatha Christieren liburu guztiak zeuden, txukun-txukun ordenaturik, zale amorratua baitzen Ricardo.

Seme bi zeuzkaten, Rikardo, garai hartan Rikardito, eta Lauren. Lauren, oso txikitan, bizpahiru urte, mahai baten gainean esertzen zuten, edo pianoaren gainean. Batzuetan moja bat sartzen zen gelan, Mendeluko Villa Juanitako Pilar, eta Lauren kantuz hasten zen, gregorianoa, aleluia, eta Pilar bedeinkatu egiten zuen eskuz. Oso barregarria izaten zen.

Rikardo Etxepare Igiñiz eta bere lankideak sekulako lana egiten ari dira Iker izeneko Baionako ikerketa gunean (ezin dut esteka erantsi).

https://www.iker.cnrs.fr/-centre-de-recherche-.html
Mikel Iturria
Mikel Iturria dio:
2021/11/01 19:13
Mari Karmenekin tratu gutxiago izan dut, Markos. Etxe horretan kulturak izan du beti pisua.

Mila esker komentarioagatik.

Ea Baionako ikerketa gunearen lotura txertatzerik dudan apuntean bertan.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: