Loretopetik (XX) Euskal kulturari buruzko inkesta bat
Irutxuloko Hitzan 2008ko urtarrilaren 12an argitaratutakoa.
Oporretan egon naiz eta bueltan lagun zibernetikoek eman didate Eusko Jaurlaritzak kaleratu berri duen “Euskal Kultura. 2007ko abendua” lanaren (pdf lotura) berri. Lehendakaritza barruan dagoen Azterlan eta Lege Araubide Zuzendaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egin (edo ordaindu) du.
Helburuetan zera dio: “ikerketa honen helburua EAEko herritarrok euskal kulturaren zenbait adierazpeni buruz ditugun jarrerak eta iritziak ezagutzea da, hain zuzen ere, bertsolaritza, sukaldaritza eta gastronomia, musika, gabon ohiturak, euskararen aldeko jaiak eta herri eta hirietako jaien ingurukoak”. 2006an eta 2007an zehar eginiko hainbat ikerketatan aztertutako gaien bilduma dela dio txostenak.
Bertsozaletasuna ez dagoela oso zabaldua dio: soilik % 17a oso edo nahikoa zalea baita, baina % 66a noizbait egona da bertso saio batean. Gastronomiari dagokionez, gehiengo zabalak uste du gastronomiak garrantzi handia duela euskal kulturaren barruan. Euskal sukaldaririk ezagunenak Argiñano eta Arzak dira.
Harrigarria egin zait musikari buruzkoa. Biztanlegoaren erdiari asko gustatzen omen zaio musika eta % 28ari nahikoa, baina herritarren erdia ez da azken urtebetean kontzertu batera joan. %30a behin bakarrik joan da.
Euskararen aldeko jaiei buruz, entzunena Korrika da, Kilometroak, Korrika Txikia, Ibilaldia, Nafarroa Oinez, Araba Euskaraz eta Herri Urrats-en gainetik.
Dena den, emaitza txundigarrienak gabon jaietako ohiturei buruzkoak izan dira, irakurtzeko modukoak ondorioak. Lau multzotan banatu dute jendea:
Lehena, Olentzerotan opariak egiten dituztenak: besteak beste zera dio estudioak, euskal herritar sentitzen dira, EHAK edo Aralarren jarraitzaileak, intxaur saltsa jaten dute, Urtezahar edo Urte Berritan mendira igotzen dira.
Bigarrena, Olentzerotan oparirik egiten ez dutenak: etorkinak dira, ez dakite euskaraz, PP edo PSE-EEren jarraitzaileak dira, gabonetan mezatara joaten dira.
Hirugarrena, Olentzerotan, Erregetan edo bestetan opariak egiten dituztenak: errege kabalgatara edo Olentzeroren kalejirara joaten dira, errege erroskoa jaten dute.
Laugarrena, inolako oparirik egiten ez duen jendea: aza edo azalorea jaten dituzte. Bi azpitalde: bata, EHAKren jarraitzaileak; bigarrena, etorkinak eta euskaraz ez dakien jendea.
Emaitza hauek irakurri ondoren, berriro oporretara joateko gogoa sartzen zaizu, baina ezinezkoa da hori. Beraz, Eusko Jaurlaritzari eskatu beharko zaio diru publikoa beste zenbait kontutan gastatzea. Arren.