Donostiako Jazzaldia hasi da
Joan den astean pentsatu nuen Donostiako Jazzaldiari buruz idatzi behar nuela eta ez dut lerrorik idatzi oraindik. Atzo hasi zen eta ez nintzen joan. Teledonostin ikusi nuen zerbait, Toto, Bona, Kanza hirukotea taula gainera igo aurretik.
Azken hiruzpalau urte hauetan apenas egon naizen hirian data hauetan. Normalean, uztailaren 20aren bueltan hartzen nituen oporrak eta ez nuen Jazzaldia bertan bizitzen. Gaur afaritxoa dugu eta, agian, horren ondotik ikusiko dugu Zurriola ingurua nola dagoen. Ez diot gehiegi erreparatu egitarauari, baina badut asmoa Bertsoa & Jazza izeneko ikuskizunera joateko, baita John Hiatt ikusteko ere.
Miguel Martín zuzendariak bloga zabaldu du jaialdiaren webgunean eta urtean zehar jarraitzeko asmo tinkoa duela idatzi ere. Espero dezagun horrela izatea, kontu interesgarriak bota baititzake Martínek.
Bestalde, Love of 74 lagunak aipatu bezala, Yosigo argazkilariak jarraipen berezia egingo dio festibalari Jazzaldiaren flickr.com kontuan. Ziur naiz erretratu diferenteak egingo dituela.
Ez du Jazzaldiaren zera izango, baina Daniel Mordzinski fotografoak Okendo Kultur Etxean paratu dituen argazkiak ere merezi dute bisita bat. Irailaren 6ra arte egongo da Literaturaren aurpegiak izeneko argazki sorta ikusgai. Argentinan 1960. urtearen bueltan jaiotako artista honek 30 urte daramatza literatura hispanoamerikarraren giza atlasa egin nahian. Izen handien erretratuak daude bertan. Euskaldunen artean, Bernardo Atxaga, Fernando Aramburu, Francisco Javier Irazoki eta Gijongo hondartzan paretaren kontra erretrataturiko Jon Kortazar kritikaria.