Ijitoak
Aste honetan jaio da nire anaiaren lehen semea, Oier Iturria izenekoa. Ospital batera pozik joateko otutzen zaidan arrazoi bakarrenetakoa da jaioberri baten gurasoei bisita egitea. Koinataren gela berean, aldameneko ohean, haurra izan duen 13 urteko ama sartu zuten atzo. 13 urtekoa!!! Amonak ez omen zituen 30 urte. Beraiekin batera ijito familia guztia. Hamarren bat lagun gelan. Oier gaixoa aztoratu egin zen.
Azken apuntean aipatu nuen ijitoei buruzko kontutxo bat. Ladinamo aldizkariaren azken zenbakiaren ale bat ailegatu zait etxera aste honetan. Madrilgo aldizkari interesgarrian zegoen erreportaia grafikoak ijitoen arteko ezkontza bat jaso du.
Eta gogoratu naiz nola behin, Victoria Eugenia antzokian ikusi nuen José Mercé abesten. Donostiako talde batek, orain gogoan ez dudanak, ireki zuen kantaldia. Dotore-dotore jantzitako ijitoz gainezka zegoen oraindik XXI. mende honetan ateak ireki ez dituen teatroak. A zer nolako festa gure payo begientzat! A zer builak! Gutxitan ikusi dut horrelako zeozer erreginaren izena duen antzokian. Barreak, zarata, alde batetik bestera "Manuel" edo "Pepe" oihuka. Eta payo gutxi batzu nora begiratu ez genekiela. Harrituta.
Irungo ijitoak ere gogoan ditut orain. Gure baserri inguruan akanpalekua jartzen zuten ijitoak. Ez ginen ondo moldatzen haiekin. Okerrago oraindik ijito yonkiekin.
Haietako batzuen aita zen Berrio ijito nagusiaren irudia ere gogoratu dut. Irungo taberna batean. Ni kafea hartzen. Edo zerbeza. Bera txikito bat edateko prest. Álvarez Raboren komiki baten azalari begira, bertan agertzen zen buztanari begira, "Menudo rabo que tiene el tipo ese" esaka.
Ijitoak eta payoak. Payoak eta blogariak. Blogariak eta ijitoak. Dena dago urrun.
Gaur egun urrun egon arren, beste garai batean geure artean tartea hain handia ez zala irakurri neban inoiz "berria"n, igaz-edo.
Euskara eta caló-ren arteko hizkuntza bat egiten ei eben buhame batzuk aspaldian, Ipar Euskal Herrian beti be, txarto gogoratzen ez banaz. Hizkuntza haren izenaz ez naz oroitzen, "erretximela" edo holako zeozer. Biziki interesgarria zan.
Sentitzen dot informazino zehatzagorik ezin emotea, baina agian honen barri bazeneukan dagoeneko, Iturri. Ongi segi!