Ileak
Ile-apaindegira joatea plazera da niretzat. Askotan esaten dut, eta post bat idatzi ere. Ilearena gustatu ez ezik disfrutatu ere egiten dudalako nahi dut aipatu.
Denborak aldatu ahala, orrazkerak eta ilea eramateko modua ere asko aldatu da. Gure amen sasoian, nerabezarora arte luzea eta txirikordetan eroaten zuten. Aurre-gaztarora ailegatuta, labur mozten zuten, eta ile mataza gorde, sikatuta. Iniziazio erritua balitz bezala. Gure ume deboran ia ama guztiek ile laburra zuten, jakina, emakumeak zirelako, ez neskatilak.
Gure belaunaldian, ordea, jaunartzera arte luzatze lagatzen genuen, argazkietarako edo! Nahiz eta oso-oso luze ez izan, txarto ikusita baitzegoen neskatilak oso luzea izatea.
Nerabezaroan kapetan mozten genuen, gantxoetatik (pintxeta) askatzeko. Nagusi sentitzen ginen eta askatasun sentimendua geneukan. Ordura arte, ilea tirante-tirante, koloniarekin orraztuta izaten genuen. Kopetak (mototsak) ere hala! Buruko mina izaten nuen, eta askatzean buruko azala minduta! Gainera kopeta goma normalekin egiten zizkidaten, eta askatzean zelako mina!
Punk sasoia ere tokatu zitzaigun eta denetarik izan eta ikusi dugu ilean: mullet-a, kaskamotz, orrazkera irregularrak, gandorrak, arradatu inposibleak (nik izan dut labur-laburra) … Mutilak ere bai! Eta ile luzeak, tximak nonahi!
Permanenteaz zer esan! Hori ere sufritu dugu! Afrotik gutxi baina ile frijitutik asko! Adats zoro eta harro horiek!
Harritu nauena, gaur egineko neskatilen orrazkera. Duela gutxira arte, neskatilak ile luze-luzeak, adats lisoak, kapa bakarrean eraman dute. Eskolako jaiotzan amabirjinaren papera egiteko borrokan ari direla ematen du! Gure gaztarotik ikusita, moda hau ulertezina da, kontserbadoreegia. Telebistan saio batzuetan ikusi izan dut ilea moztea proposatzen horrelakoei, eta asko negarrez! Ilea hazi egiten da barren!
Zorionez, mozketa asimetrikoak itzuli direla ematen du! Ez polit-politak direlako, baina bai desberdinak, aniztasuna eta bide berriak zabaltzen dituztelako norberarendako, probak egiteko zoragarriak!
Neskatila hauen ondoan mutil nerabeak, Justin Bieber style daramatenak! Luzetxo (ez melena) eta haize bolada batek dena alde batera laga izan balie bezala. Edo behi batek miazkatu balie bezala.
Baina ilean ere, modan bezala, sasoi bakoitzak bere joera!