Hemen zaude: Hasiera Blogak Markos Zapiain liburuak eta idazleak

Markos Zapiain

liburuak eta idazleak

Ziber-zonbiak Ekialdera doaz

Gure munduak honezkero erakutsia du tesiaren eta antitesiaren ostean sintesia barik protesia etortzen dela: 2002an hedabideek jakinarazi ziguten Kevin Warwick lehenbiziko ziberrantropo bilakatu zutela. Oxfordeko ospitale batean, Warwicken neuronen sistema sare informatiko bati konektatu zioten. Lehenbiziko gizakia izan da, bost zentzumenetatik igarotzen ez diren datuen bidez zuzenean elikatua. Hainbat adituk uste du etorkizunean ez dugula burmuinaren ordezko ordenagailua izango, baizik burmuinaren eta ordenagailuaren arteko konbinazioa.

Gainean dugun etorkizun horren beste aldaki bat: 2002ko maiatzean txip bat aplikatu zitzaion sagu baten garunari. Urrutiko kontrol baten bidez saguaren ibilbidea erabaki daiteke, jostailuzko kamioiena bezala. Gizakiarekin antzeko zerbait egitea oso erraza litzateke. Saguaren zein gizakiaren “borondatea”, halatan, sagutik edo gugandik kanpo dagoen makina batek egingo du bere.

Hasierako urratsak ditugu noski. Ez dakigu saguak zer usteko duen. Beharbada pentsatuko du bere norabide eta lastertasun aldaketak askatasunez aukeratzen dituela. Edo baliteke zerbait txarto dabilkiola sentitzea. Denborak aurrera egin ahala, ziurrenik, saguak legetxe gizakiok ere, kanpoko makinak egindako aukerak barruko behar edo gurari edo sentimendu intimo gisa biziko ditugu.

Nolanahi ere, agintari eta arduradunek oraingoz sagu horiek zeregin bitan erabiltzeko asmoa dute: batetik, lurrikaretan edo hondamendietan harri pusketek bizirik harrapaturiko gizakiak bilatu eta laguntzeko.

Bestetik, terroristengana giza bizirik arriskuan jarri behar izan barik hurbildu ahal izateko.

Asel Luzarragaren bigarren eleberria Karonte da, zientzia fikzioko thriller eusko japoniar bat. Horrela hasten da: Amets Olazar protagonista zenbait hilabetez ospitalean koman egon ondoren badator bueltan etxera, ekin dio berriro bizitzeari. Arraro sentitzen du bere burua ordea. Bere buruaren gaineko zalantzak, larridura metafisiko batek, sarritan atsekabetuko du Amets nobelan: “Nor naiz ni? Gai ote naiz nire burua gobernatzeko? Nire bizitza erabakitzen duten aukerak, era librean egiten ote ditut?”

Amets Olazarren izaerak Joseba Sarrionandiaren zenbait libururen izenburuak gomutarazten ditu: "Ez gara gure baitakoak", "Ni ez naiz hemengoa", "Han izanik hona naiz". Luzarragarenean dena den arazo nagusia ez da erbesteratuak sorlekuarekin eta bizileku berriarekin lituzkeen harreman zailak. Zerebralagoa baita: zerbitzu sekretuek Ametsen komaldi luzea bere garunetan txip batzuk itsasteko erabili dute.

Proiektu erraldoi batzuek zientziak aurrera egin dezan eskatzen dute, eta zenbaitetan ordenagailuko simulazioek ez dute balio. Benetako gizakiak behar dira. Zerbitzu sekretu espainolek Amets jarri zuten nazioarteko proiektu garrantzitsu horietako baten arduradunen eskuetan.

Proiektuaren helburua gizaki guztien burmuinetan prozesagailu ñimiñoak jartzea da, jaiotzetik. Ikasi beharrekoa sortzetik beretik izango dute umeek gogoan. Proiektuaren arduradunek umea jaio orduko aukeratu ahal izango dute zertan izango den aditu. Diru mordoa aurreztuko da hezkuntzan. Eta, batez ere, arduradunek giza pentsamendua gura legez moldatu ahal izango dute.

(Bada listo mota bat beti barre egiten diona konspirazioaren edozein aipameni, umekeriazko paranoiatzat joz. Baina ezin da ahaztu Historian konspirazioek ondorio oso errealak ekarri dituztela sarritan: Fredric Jameson-ek azpimarratu duenez, esaterako, berrogeita hamarreko hamarraldian Los Angeles-eko garraio publikoa ez zuen "merkatuaren berezko logikak eta joerak" suntsitu, baizik konfabulazio batek, errepidegintzako enpresarioak, auto fabrikatzaileak eta zenbait erakunde publiko tarteko.)

Harira: Amets Olazar ospitalean hil egin zen. Komaldi luze hura faltsua izan zen. Zerbitzu sekretu espainolek hilabete horiek Ametsen burmuineko zati kaltetuak kentzeko erabili zituzten, bere pentsamendu guztiak ordenagailu batera jaitsi, datu berriak ezarri, memoria birkargatu eta nanobot batzuk garunetan txertatzeko. Gero, nanobot horiek kanpoko prozesagailu batekin konektatu eta honen esanetara jarri zituzten. Eleberrian barrena prozesagailuaren bidez erabiliko dute Amets (hots, nanobotak). Prozesagailuak kontrolatuko du bizi berria.

Kezkagarri bezain liluragarriak dira Asel Luzarragak giza etorkizunari begira erakusten dizkigun aukerak. Jim Carrey eta Kate Winslet protagonista dituen "The Spotless sunshine" ("Olvidate de mí") filman, bulego arrunt batean lagun jakin bati loturiko oroitzapen guztiak ezabatzeko aukera ematen dizute. Oroitzapenek leku zehatzak betetzen dituzte garunetan. Informatika programa baten bidez, bezeroa ordenagailura konektatu eta ezabatu egiten zaizkio.

Giza autonomiaren lilura humanista ilustratua gero eta gehiago ari da hondoratzen. Luzarragak iradoki duenez, aurki jaitsi eta igo ahalko ditugu ez soilik oroitzapenak, baizik orobat adimen gaitasunak eta giza gogo osoa. Kableen bidez konektatuta edo konexio barik, garen guztia ordenagailura jaitsi eta pen drive batean sartu ahalko dugu. Horra hor zu zeu zaren guztiaren kopia, pen drive batean. Gure arima kopiatu, ebaki eta itsatsi ahalko dugu.

Aukera hori zabaldu osteko lehen urteetako errakuntza eta akatsak aldi berean zoragarri eta aberrante izango dira. Ziur aski epe luzera balbulen txertatzeak, protesi sinesgaitzak, genomaren ukitzeak, xiringazko ereintzak, robotak eta antzekoak artez irtengo dira. Baina badatoz hamarraldi batzuk total nobeleskoak: neurokirurgialariek eta enparauek probak eta esperimentuak egingo dituzte eta maiz sartuko dute hanka. Munstro talde berri bat agertuko da, kaltetu baztertu berriak. Horietako asko biolentzia itzel batek mugituko ditu. Arduradunak moldatuko dira hala ere ia denak garaiz akabatzeko; baina ez den-denak.

Luzarragaren literatur trebetasun handiarentzako elikagai egokia inondik ere.

Edozelan ere, Asel Luzarraga lako ziberzonbi bat baino ezin zitekeen konekta Amets Olazar hil biziaren mamu mundu ilunarekin "Karonte"ren bikaintasunak nabaritzen duen bezain era perfektuan.

Bukatzeko, “Ziber-zonbiak Ekialdera doaz” izenburuaren zergatia: “Karonte”ko protagonistak bezala, Asel Luzarraga garunetan mikrotxip batzuk txertatu eta Bizkaitik Asiara joango da. “Karonte”koak Japoniara, Luzarraga berriz Laosera. Bertan bizitzera gainera. Jatetxe bat ipiniko du. Miso zopa udon eta txahalkiarekin eskainiko dute besteak beste.

mzap 2007/09/21

Human Nature

Haizeaz bestaldetik-en gizatasunari buruzko Txillardegiren behako ezkorra nabari da. Nolabait esateko, gizakiak berez kaiolatzen du ziminoa eta amiltzen astoa. Hil beharra dauka bere baitako piztia gizatasunari eutsiko badio, gizartean biziko bada. Zentzu honetan, Txillardegik bat egiten du Freudekin: gizartean bizi ahal izateko ezinbestean behar ditugu gure baitako hainbat irrika funtsezko zapaldu. Ondorioz, gizakia zoritxarreko duzu gizartean, beti eta nonahi. Txillardegik ez du uste, marxista eta hippy askok bezala, lan alienatzailea beharrean lan sortzailea bagenu eta giza harremanak maitasunean eta konfiantzan oinarrituko balira, gizarte atsegin harmoniatsua genukeenik. Ez bada. Edozein gizartek frustratu du sakonki gizakia eta frustratuko, honen grinak amatatzen baititu. Eta grina horiek osatzen dute gure baitako zimino lizuna.

1-“Human Nature” Michel Gondryren filman (2002) Nathan umea zooan ziminoaren kaiolara hurbildu eta txinpantzea imitatzeari ekin orduko, gurasoek moztu eta amaren aginduz aitak gogor leziatu zuen: zibilizazioari esker ez gara zimino, ez dugu gure kaka jaurtitzen, ez gara jendaurrean amorruz masturbatzen, emeen uzki gorri hanpatuak usaintzen…

Nathanen aitari, zibilizazio ezaren ezaugarriak aipatzean, lilura grinatsu zapaldu bat nabari zitzaion. Emaztea berehala ohartu eta isilarazi zuen.

Gurasoek Nathani kultura eta zibilizazioa oroz lehen ziminotik urrutiratzea eta natura espetxeratze dela erakutsi zioten. Nathanen heziera zorrotza jateko ohituretan zentratu zen batez ere.

Helduaroan Nathanek ziminoa gorroto izango du.

Ondorioz, alde batetik Nathan psikologo behaviorista izango da eta saguei txukun jaten erakutsiko die, sardexkak eta erabiltzen, amak berari bezala. Elektrizitate deskargaz zigortuko ditu saguak. Bestetik, oso zakil txikia izango du.

Hogeita hamabost urte beteak baina artean birxin, bere psikoanalistaren bidez Lilarekin elkartuko da.

2-Zooan gurasoek Nathan leziatzen zuten bitartean, zalaparta beren atzean, Puff-en aita eroetxera baitzeramaten. Nathanen amaren kontrafigura da Puffen aita, erotzeraino lotsatzen baitu gizakiak.

Aitak ziminotzat zuen bere burua. Gizatasunak amorratzen zuen. Guztia utzi eta zooan bizitzen ahalegindu zen, ziminoen kaiolan.

Bertatik eroetxera eraman eta bergizarteratzen hasi zen, harik eta egunkari batean Kennedy hil zutela irakurri zuen arte. Bere seme Puffek AEBetako kongresukide lotsatuei oroitaraziko dienez, “jaun-andreak, ziminoek ez dute beren presidentea hiltzen!”

Berretura txarra Puffen aitarena. Semea bahitu eta aurrerantzean oihanean heziko zuen, maitasunez, begirunez eta goxo, txinpantze pigmeo gisa.

Aita hil ondoren, Puffen bakardade lasaia.

Gero Nathanek eta Lilak harrapatuko zuten.

3-Hamabi urte bete zituenean, Lilari izugarri hasi zitzaion ilea edonon hazten. Umeentzako ikuskizun batean ziminoarena egiten lan egin ostean bere burua hil behar zuelarik sagu bi ikusi, sagu iletsu bi berari eta bere ile matazari espanturik batere gabe so, eta oihanean bizitzea erabaki zuen. Bertan naturaren aldeko eta gizadiaren aurkako liburu arrakastatsuak idatzi zituen, besteak beste “Fuck humanity”. Baina hogeita hamar urte betetzean beroegi dabil, gizon baten beharrean, eta Nathanekin elkartuko da.

4- Nathanek eta Lilak Puff basatia oihanean aurkitzean, Lila zibilizazioak zikindu gabeko harribitxi bat ikusiko du. Nathanek berriz ospea lortzeko bide ziurra: amorfoa zuzendu, basatia gizarteratu, zientziaren bidez behekoa goititu. Lilak uste du helburu hori ez dela ona, Puff zoriontsu dela oihanean.

Gertatu behar zuen: gau batean, Nathan bat-batean komunean sartu eta Lila bere gorputz osoa afeitatzen aurkituko du.

“Ziminoek bezala afeitatu behar duzu?”

“Ziminoak ez dira afeitatzen, putakume alaena!”

Lilak, krisitik irtetearren, haur bat izatea proposatuko dio Nathani. Orduz geroztik, honek maiz amets egingo du Lilak haur jaio berria eskaintzen diola. Nathanek poliki-poliki zapiak altxatu eta… tximino bat dela ikusiko du. Nazka handiz, noski.

5-Nathanek orduan laborategiko laguntzaile duen Gabrielleren maitasuna bilatuko du. Gabrielle frantziar azentuz mintzo da, delikatuarena egiten du, nahiz frantsesez batere ez dakien amerikar oportunista zakar bat den. Larrua jotzean Nathani “domestika nazazu, domestika ezazu amodioaren zeure tximinoa!” garrasi egingo dio.

6-Gabrielleren eta elektrizitate deskargen laguntzaz, Nathanek arrakasta handiz hezi du itxuraz Puff. Zientzialarien komiteen aurrean Puffen gorabidea aurkezten dute: bere mokordoekin jolastu eta konpultsioz masturbatzetik Moby Dick eta opera delikatua gozatzera, Marcel Duchamp eta Joseph Beuys... Sari garrantzitsuak emango dizkiete, Honoris Causa eta abar. Egunez.

Gauez ordea Puff pornoadikto eta putazale bilakatuko da.

7-Egun batean Lila laborategian oldarka sartu eta Nathan eta Gabrielle kaiolatuko ditu. Gainera, Puff eta saguak eraman eta oihanean askatuko ditu. Puffi Nathanek irakatsirikoa ezabatuko dio eta berriro zimino bilakarazi. Naturara itzuliko dira biak eta elkar maiteminduko.

Baina bat-batean Nathan oihanean azalduko da, Lila berreskuratzeko asmoz, pistola batekin. Lilari:

“Erakutsi zimino bat izaten. Praktikatzen ibili naiz. Begira.”

Negargarri gertatzen da ordea.

Eta Puffek, jelosiak nahasirik, tiro batez hilko du.

“Ez naiz zimino bat” izango dira Nathanen azkenaurreko hitzak.

8-Lilak bere gain hartuko du hilketa. Bizi osorako espetxeratuko dute. Ordainez, Puffi eskatuko dio, basapiztiarik libreena izatera oihanera betirako itzuli baino lehen, AEBetako Kongresuaren eta telebisten aurrean bere bizitza konta dezan, Kafkaren zimino ohiak Txostena idatzi zion bezala Akademiari.

Espetxezulotik Lilak Kongresuaren aurreko Puffen diskurtso ekologista kongresukideek bezain hunkiturik entzungo du. Ondoren Puff biluztu eta, Lilari agindu bezala, ama naturaren altzora itzuliko da, askatasunera.

9-“Human Nature”ren ikuspuntua eta Txillardegirena bat datoz: alde batetik, Nathan bezalako animaliaren etsai garbiak ez dabiltza erabateko ergelkeriatik urruti eta bizi hilak dira. Bestetik, bere baitako animaliatasuna garbi aldarrikatzen duenak espetxean amaituko du, Lilak bezala, edo are okerrago.

Puffen eta Gabrielleren gisakoek egingo dute gure gizarte moldean aurrera, trikimailuen bidez barruko zimino lizuna zibilizazioak eskatu heinean disimulatzen asmatuko dutenek.

10-Zeren Puffek bizpahiru minutu baino ez baitu aguantatuko ama naturaren altzoan.

Behin kazetariak eta kameralariak basoaren sarbidetik alde egin ondoren, Puff auto batean zain duen Gabriellerengana itzuliko da. Frantziar jatetxe batera joango dira. Bide ertzean, Lilak askaturiko bi saguak autostop egiten daude, New Yorkerantz.

Edozein gisaz, Puffek, Gabriellerekin autoan doala, Lilaren eta bere maitasunaren lekuko izan zen zuhaitza ikusten duelarik, nolabaiteko nostalgia eta ezinegona ere sentituko du.

Txillardegiren eleberrietan halaber, natura eta kultura ez dira esparru aratzak. Gizakiari ihes egiten dio beti nola naturak hala kulturak. Orobat haize zirtolariak: hostoa, orria edo papera harrapatzea behin eta berriz eragozten dizu. Gizatasuna naturaren nostalgia da gizartean zaudenean, eta alderantziz; kultura-gabeziatik natura-gabeziarako etengabeko bidaia urduria, eta buelta.

mzap 2007/07/18

Girard eta giza desira

Dirudienez beste barik onartzen da badela aurrena bikotea eta gero bestea, hirugarrena, bikoteari kanpotik iristen zaiona.

Horrela gertatzen ote dira gauzak benetan?

René Girard filosofo kristau bikainak dioenez, bestea, hirugarrena, bikotearen osagai da berez, bikotea osatzen den unetik beretik.

Kontuan hartu behar baita nola dabilen giza desira. Ez dugu desiratzen, gezur erromantikoak uste bezala, gure kabuz eta bakarka. Aitzitik, gure nahia beti mimetikoa da, nobeletako egiak adierazi legez. Soilik desiratuko dugu beste batek desira duela sentitzen duguna, edo lezakeela. Ez dago erabat autonomoa litzatekeen desiratzailerik. Horixe erakusten dute On Kixotek, Madame Bovaryk, “Gorria eta Beltza”k, “Senar eternala”k, “Denbora galduaren bila”k eta Shakespeareren obra osoak.

Gure bikotekidea izango dena ez zaigu aurrena desiragarri eta ondoren desiratu; aldiz, aurrena aldez edo moldez desiratua dela egiaztatu eta ondoren bilakatuko zaigu desiragarri.

Bestalde, Girardek azpimarratu du inork ez duela berez desiragai izateko dohain misteriotsurik; orobat, edonor bihur liteke desiragai, mimesiaren bidez.

Girardenzat, maitasunak ez ditu maitalea eta maitea zuzenean lotzen. Desiraren egitura triangeluarra da beti: desiratzailea dugu, maitalea; gero hirugarrena, bestea, bitartekaria; eta azkenik maitea, desiratua.

Hirugarren hori, bitartekaria, maitaleak bolada jakin batean prestigio berezi batez hornitu duen idoloa litzateke, eta bere aldakiak: gurasoak, adiskide ospetsuren bat, irakasle bat, artistaren bat, pertsonaia eder bat, egiazkoa zein alegiazkoa. Beti da behin-behinekoa, igaro egiten da, besteren bati lekua utziz.

Hona Girarden esanetan nondik datorkion bitartekariari prestigioa: desiratzaileak irudikatzen du bitartekariaren desira autonomoa dela, desiratzailearena ez bezala. Desiratzaileak ikusten du bere desirak kontingenteak eta aldakorrak direla, eta bitartekariarenak alderantziz sendoak direla imajinatzen du, hirugarren horrek badakiela zer nahi duen (jakina, ez da egia).

Alde batetik, desira mimetikoari buruzko Girarden teoriak argitzen du zergatik maite dituen horrenbeste jendek nartzisoak: hauek beren burua biziki desira baitute, desiratu ageri dira beti eta beraz desiragarri. Eragiten duten desiraren lehenbiziko bitartekariak izaten dira. Beren baitan itxiak izate horrek, besteenganako ezaxola horrek, beregaintasun bikain batez apaintzen ditu kanpotik aztertzen dituenaren begietara.

Bestetik, teoria horrek jelosia desiraren garapen normal eta osasuntsuan txertatzen du. Jelosia ez da sortzen jatorrian harmoniatsua omen zen maitasun harreman batean kanpoko hirugarren maltzur batek supituki muturra sartzen duelako.

Izatez, esan bezala, desiren mimetismoak gehienetan jadanik maitatuak direnak maitatzera bultzatzen gaitu; ondorioz, abstrakzio txar baten ondorioz bereizten ditugu alde batetik maitasuna eta bestetik lehiakide mimetikoak, maitasun horren beraren idoloak eta bitartekariak. Abstrakzio txarra, ilusioa eta hipokresia. Horrenbestez, jelosiazko maitasuna ez litzateke maitasun anormal, donge edo perbertso bat.

Alferrik da, Freuden antzera, jelosia azaltzeko orduan jeloskorraren eta bere lehiakidearen arteko erakartze homosexual baten hipotesia erabiltzea. Girarden iritziz, erakarpen homosexual hori ez baita ezein datu natural funtsezko, baizik mekanismo mimetikoaren etapetako bat, lehiakide miretsiarenganako liluraren etapa.

Horrela, Girardenean homosexualtasunak esentzia bat izateari utziko dio, ez da diferentzia baten esentzia izango; aitzitik, jokabide logiko bilakatuko da, lehia mimetiko baten erotizatze.

Girarden ustez, desira homosexuala ez da berezia. Eta berezitasun femeninorik ere ez dago, desiratzeko moduari dagokionez behintzat.

mzap 2007/07/10

Max, mon amour

Nagisa Oshimaren filman (1986), Peter, goi mailako diplomatiko ingeles bat, Parisen bizi da, emazte Margaretekin (Charlotte Rampling) eta semearekin.

Azken aldian ordutegi arraroa darabil Margaretek. Senarrak gezurretan harrapatu du.

Amoranteen logelan sartu eta txinpantze batekin kausituko du ohean emaztea.

Peterrek Max etxera ekartzea onartuko du, etxabere gisa, zibilizatuaren itxurak eginez. Baina Maxek ezin du bere amodioa gorde. Ezta Margaretek ere. Bisitak eta gizartea aztoratuko dituzte.

(Max elebiduna den arren -soilik pasiboa-, eta Margareten etxeko hizkuntza ingelesa, frantsesez egingo dio txinpantzeari, Victoria Abril neskameari bezala, beti ere begirunez eta goxo. Baina hegoaldekoari hegoalderaz behar zaio mintzatu. Eta anitz ingelesentzat da txinpantzea neskame espainola bezain hegoaldeko.)

Peterrek, gero eta jelostuago, emaztea galderez josiko du: nola maitemindu zineten?

(Zooan izan zen, bat-bateko bihotz zaztada, luzaro gelditu ginen elkarri begira. Orduz geroztik egunero itzultzen nintzen, Max berriz bakartu egin zen, ez zuen nahi nirekin baizik, Max malderra... Merke erosi nuen.)

Larrua jotzen duzue? Eta?

(Erantzuteko gogo handirik ez Margaretek.)

Prostituta bati ordainduko dio diplomatikoak txinpantzearekin larrua jo dezan, bere emazteak nola egingo ote duen eta zer sentituko jakiteko asmoz, baina prostituta ez izaki Maxen estilokoa. Emakume bakarreko txinpantzea duzu Max, leiala eta fidela.

Biziki maite du Margaret.

Pentsa liteke beharbada senarraren burukontrol ingeles gibela konpentsatzeko aukeratu duela Margaretek txinpantzea. Ordea, Margaretek berak zehaztuko duenez, “Maxek ere ni aukeratu ninduen.”

Maxen maitasunak gozoro asebeteko du Margaret, King Kongen ezina azkenik ekinez mamituz itxuraz.

Halako batean Margaretek ama zaintzera joan beharko du eta Max hunkigarriki goibel geldituko da maitea gabe: ez jan, apenas mugitu, harik eta Margaretek telefonoz beren abesti kuttuna kantatuko dion arte, txinpantzea osatuz.

Ezin bereizirik bizi. Senarrak Margareti Maxek etxetik derrigorrez alde egin beharko duela agintzen diolarik, emazteak “orduan ni ere joango naiz” ihardetsiko dio.

Zenbait egunez Peter urduri lehiatuko da Maxen aurka, Margaret bereganatzekotan amodioa inoiz baino ederkiago egiten ahaleginduz eta abar.

Baina gero, emaztea eta maitalea azkenik txortan ikusi ondoren (Margareten baimenaz, belauniko, ateko sarrailetik begira) Peter desorekatu eta zimino bilakatze biolento batek harrapatuko du, ingelesaren patxada topikoa zeharo gainezkatuko duena.

Edonola ere, pasadizo xelebre batzuen ostean badirudienean azkenik Margaretek Max bere sendian, senarra barne, ongi integratu duela, filma Margareten imajinazio batez amaituko da: Max hil egingo du.

Zentzu honetan, eta ziminoarekiko harremanari dagokionez, Margaretek Arantxa Iturberen antz handiagoa du Elsa Scheelenena baino. Margareten zein Iturberen mugimendua honelakoa baita: lehenbizi hurbilketa liluratua, giza arazoentzako zimino konponbidearen ametsa. Baina ondoren bereiztea, ukoa, hilketa.

mzap 2007/07/09

Harkaitz K. Dick

Philip K. Cano nuen ipinia, baina egokiago Harkaitz K. Dick, oihartzun eskatologikoak saihestuta.

Joan den hilabetean ikusi genuen euskal idazle batzuek ziminoari lotzeko gizakiaren era berezi bat nabaritu dutela: Txillardegik ziminoarekin nahastea, zimino bilakatzea; Iturbek ziminoagandik bereiztea; Garcia Vianak ziminoa erabiltzea.

Harkaitz Canoren Neguko Zirkua ipuin liburuko “Elephant Terrible” ziminoarenganako amodioak mugituko du, pasioak. “King Kong”en zimino arrari egin zitzaion ezinezko emakumea maitatzea; ordainez, Canorenean ezinak giza amodioa itoko du, zirku bateko bezatzaile Linoren amodio zaila. Euskaldunok bezala, ziminofiloak ere erreprimiturik baitaude. Ondorioz, gehien sufritzen dutenak ziminofilo euskaldunak izango dira noski.

Canoren ipuinean Gorky, zirkuko langile bat, tiroz hilik agertu da. Linoren errebolberra erabili dute. Gainera, Gorky azken aldian Linoren emaztearekin zebilen.

Linok aurrena aitortuko du tiroa istripuz atera zela, pistola garbitzen ari zenean; baina gero Bruno txinpantze arrari leporatuko dio hilketa. Errebolberreko hatz markek arrazoia eman diote, txinpantzearenak dira...

Baina ez Brunorenak!

Elsarenak baizik.

Bere gezurren bidez, Linok Elsa babestu bide du. Linok ez baitu Bruno maite, makinaz idazten duen munduko zimino bakarra izan arren, baizik Elsa, zirkuko izarra, labana-jaurtitzaile pertxenta.

Linori galdeketak egiten dizkion komisarioak ez du lortu Lino zigortzea, nahiz uste duen Linok Elsari errebolberra erabiltzen irakatsi eta Gorkyri tiro eginarazi ziola, terminologia klasikoaz esateko kontzienteak inkontzientea baliatu zuela.

Aske utzi zutela irakurri zuen egunkari berean, komisarioak beste albiste bat ere irakurri zuen: eskizofreniko bi ezkondu ziren. Bataren lagun imajinarioa Paulova dantzaria zen eta bestearena banpiro bat. Azkenik eskizoek Paulova eta banpiroa ezkonaraztea lortu zuten, eta beraiek ezkontzeko libre geratu.

Zizek leninista modernoaren ustez, eskizofreniarik gabeko bikote hetero askoren oinarrian protomamu hau genuke: emakumeak konplikaziorik gabeko zimino ar indartsu agortezin bat du amets, “Max, mon amour”, ez ahul neurotiko ezindua baizik piztia potente bat; eta gizonak berriz esaneko cyborg bat, panpina perfektuki programatua, robot otzana, ez diona ezustean eta era kapritxosoan errietarik egingo, “Androideek ardi elektrikoekin egiten ote dute amets?” eta “Blade Runner”ekoen antzekoa.

Zimino arra emakumezko androide batekin txortan: horra larrua jotzen ari den edozein bikote arruntaren itzal espektral eta euskarri fantasmatikoa. Ziminoa eta cyborga: desleialtasunaren inongo beharrik ez lukeen bikote posmoderno biribila.

Dena den, emakumeak zimino arra badu amets, eta gizonak berriz ziberremakumea, galde liteke halaber zer arraio ote duen amets ziberremakumeak, edo, Philiph K. Dick-en liburu ospetsuaren izenburua errepikatzeko, “Androideek ardi elektrikoekin egiten ote dute amets?”

Eleberri horretan Luba Luft androide emakumezkoa ageri da. Laser tiro batez hil dezaten baino lehen museo batean dago, Edward Munchen “Nerabezaroa” margolanari begira. Neska bat erakusten du ohe ertzean eserita, biluzik, eskuak magalean gurutzaturik, harrituta eta izututa.

Orduan Luba Luftek esango du humanoen baitan badela zerbait misteriotsua eta hunkigarria, horri begiratzen diola beti, humano izan nahi lukeela, gorroto dituela androideak. Emakumezko humanoen nahiak eta gogoetak imajinatzen dituela behin eta berriro, haiek imitatzeko, haiek bezalakoxea izan nahi baitu.

Cyborg eme garrantzitsu batek behintzat emakumezko humanoa du amets. Andre humanoa funtsezkoa da haren oinarri fantasmatikoan.

Ordea, cyborg emea nekez helduko da jakitera andre humanoa amets duela eta erakargarri zaiola besteak beste andre humanoak bere aldetik zimino arra amets duelako, etengabeko amets horrek egituratzen baitu bere nortasuna eta misteriotsu eta hunkigarri bilakatzen, Zizeken burutapena egia bada bederen.

Zentzu honetan, eta amaitzeko, onartu behar Txillardegik berriro ere asmatu duela honako hau idatzita: “Gizartea zoo mota bat da. Edozein bikote pittin bat aztertu eta berehala nabarituko duzu piztia kaiolatua eta tximuaren mamua”.

mzap 2007/07/06

Arantxa Iturberen menpekotasuna kili-kolo

Arantxa Iturbek “Txarli” txinpantze tabakozalearen gaineko artikulu bat idatzi zuen "Berria"n, 2005eko apirilaren 24an. Hemen duzu

Bertan aitortu zigun osasun erakundeek eragin beldurra eta poltsikoko zuloa gorabehera, ezin izan duela tabakoa utzi. Edozer probatuko zuen ziur aski Iturbek: partxeak, hipnosia, pilulak...

Halako batean, telebistan, Rosset-ek “le miroir animal” deritzona: Txarli txinpantzea zigarreta esku-ezpainetan estilo handiz erabiliz.

Iturbe luzaro gelditu zaio begira, harriturik. Badirudi azkenik nikotina partxeek eta autosugestioak lortu ez zutena eskura duela, Iturbek bere buruari erretzeko orduan Txarlirekin sumatu dion antzaren kezkagarriak drogamendetasunetik askatuko duela.

Iturbek ilunki uste baitu zigarretak pertsonago egiten gaituela, ziminoagandik bereizi, animalia gainditu, gizatasunera igo.

Baina horra Txarlik telebista ispilu bihurtu. Eta Iturberen lehenbiziko erreakzioa: baldin erretzeak ziminoarekin berdintzen banau, utzi egingo dut.

Adikzioa ikaragarria da ordea. Iturberen defentsa mekanismo guztiak alerta gorrian jarriko ditu, abante arrazoimena eta irudimena. Atxikia atxiki beharrak, alegiarra ikerlari, detektibe eta filosofo bilakaraziko du.

Iturberen galdara dardaratiaren arrazoibideen ondorioetako bat izango da Txarlik ezin duela erre ez bada gizakiaren bitartez. Erabateko aberetasunarekin parekatuko balu erretzeak, Iturbek utziko omen luke. Baina gizakiak nolabait esku hartu behar duenez, Iturbek erretzen jarraituko du.

Txillardegirengan eta bere hainbat pertsonaiarengan animaliatasunaren nostalgia nabari den bitartean, giza konplikaziotik atseden hartuta aberearen patxada sinplera itzultzeko jorana, Arantxa Iturbek urduri aldenduko du txinpantzearekin identifikatzeko aukera, amesgaiztotzat joko du.

Halatan, “Txarli”ren ostean Orain “Congo” eman digu.

“Congo” txinpantze pintorearen hiru margolan enkantean jarri dituzte. Aldi berean Iturbek berak eta hainbat adituk giza jendearen tximutze orokor bat diagnostikatu dute.

Eta berriro ere Iturberi gizatasuna galtzeko aukera gogorregi egingo zaio nonbait, eta artikulua burutuko du eskatuz, jendea eta ziminoa nahastuko liratekeen etorkizunean, bezatzaileak berari banana luzatzean, eskuan haginka egiteko aski buru argitasun.

mzap 2007/03/18

Hannah Arendt eta kontsumo gizartea

Hannah Arendt izan da kontsumo gizartearen kritika hitzez hitzezkoa egin duen lehenbizikoa. Ez du, ohi bezala, behar aizunak eta faltsuak artifizialki sortzen dituen heinean kritikatu, baizik “kontsumo” gizarte den heinean.

Arendtek lana, fabrikazioa eta ekintza bereizten ditu.

“Lanak” bizitzako prozesuak barnebiltzen ditu. Lanak ez du hasierarik ez amaierarik, kontsumo-gaiak ekoizten baititu, eta kontsumo-gaiak hain zuzen kontsumituak izatera daude destinatuak, alegia suntsituak, eta kontsumituak ez badira denborak akabatzen ditu. Halatan, lanean amaierarik ez ezik helbururik ere ez dago, bizitzaren helburu bakarra kontsumoa baita. Bizitzarenak errepikatzen diren prozesuak dira, eta ziklikoak: etengabe ekoitzi behar dira behin eta berriro kontsumo-gaiak. Bizitzeko kontsumitzen dugu baina hein handi batean baita kontsumitzeko bizi ere. Zentzu honetan betiereko itzulera dugu, ekoitzi eta kontsumitu, prozesu aseezin bat, gizakia errepikatze azkengabe horretan irenstearekin mehatxatzen duena.

Kontsumo-gaia, bestalde, ez zaigu bere horretan ageri, ezin dugu benetan ikusi, ez baitzaigu bulka baten korrelatu baino, berehala geureganatu beharrekoa.

Oso bestelakoa da “fabrikazioa”: batetik, badu hasiera, baita helbururen bat ere. Fabrikazioak eredu bat aurreikusten du, proiektatzen du, eta behin obra eginikoan bukatu egiten da. Horrela, lanean ez bezala giza denbora sortuko da fabrikazioan, etorkizuneko proiektuari lotua.

Bestetik, bizitzako prozesuetatik bereizte bat ere badago, askatze bat, fabrikazioak obra bera ikustea ahalbidetzen baitigu: izan ere, kontsumo-gaia ez bezala, fabrikaturiko obra ez da pultsio eta behar baten korrelatu huts; aitzitik, jarrera naturala kako artean zintzilik gelditu eta zabaltze bat gertatzen zaigu obraren aurrean, irekitze bat. Bertan obra bera ageri zaigu. Heideggerren berbetan, erleak ez du lorea lore den heinean ikusten; kitzikapen bati, kolore bati erantzuten dio. Gizakiak aitzitik zenbaitetan bai. Eta obrari bere horretan begiratu ahal izateak zure burua beharraren prozesu naturaletik askatu duzula adierazten du, obraren aurrean pentsatu egin bailiteke, ez soilik erreakzionatu.

Arendtentzat hori mirari antzeko bat da. Konrad Lorenz bizitzaren mirariaz mintzo zen: adaptazioa zen Lorenzentzat miraria. Arendten miraria berriz prozesu naturalaren etetea da, edo bestela esanda giza ekimena, hasiera. Hasiera horrek zabaltzen digu aurrean duguna.

Hala ere, fabrikazioa itzul daiteke erabiltze hutserako gauzen ekoizpen izatera; horrela, fabrikazioaren esparruan berriro ager liteke gizakiek erantzun eta erreakzionatu baino egin ez dezaketen kontsumo-gai bilakaturiko gauza mordoa. Kasuotan gauzak berriro opaku bilakatzen dira, ez zaizkigu beren horretan ageri, baizik bitartekoen eta helburuen kateamendu naturalean harrapatuak.

Azkenik, “ekintzak” pluraltasuna babesten du. Ekintzak ahalbidetuko liguke jasorikotik eta ekonomiatik bereiztea eta askatzea. Baina gure garaiak aukera hori gero eta nabarmenago ukatzen digu. Balirudike ekintza desagertu dela, lanaren eta kontsumoaren txandakatze monotonoaren mesedetan. Egia da aukerak sortu ditugula lan gutxiago eginez gehiago kontsumitu ahal izateko, baina bizitzaren zikloan harrapatuak jarraitzen dugu haatik. Zentzu horretan deritzo Arendtek gureari “kontsumo gizarte”. Arendtek kontsumoan naturaren mendekua ikusten du, kontsumo gizartean bizitza, biologia, gainerako giza esparruez nagusitu bailitzan.

Totalitarismoaren ezaugarri baldin bada politika eza, edo ororen politizazioa, Arendtentzat gure gizarteetan kontsumoa bizitza aktiboaz jabetu da. Gizakien arteko harreman politikoa beharrean agertoki publiko batean, kontsumoa kitzikatzeko publizitatea dugu, eta politika bera publizitatearen menpe.

Paradoxaz, zenbat eta teknikak bereganatuagoa gizartea, hainbat eta nabarmenago itzultzen da gizakia “animal laborans” huts izatera, dinamismo bizi eta bortitz batera, bizi prozesuaren etengabeko zikloan preso, beti lanaren eta kontsumoaren beharraren menpe. Halatan, gaur egun ekintza guztiak kontsumoaren arabera mamitzeko joera genuke, “kontsumo” hitzaren zentzu biologikoan.

mzap 2006/10/16

Hannah Arendt. Arte politikoa

Ez Izateak, baizik aniztasunak harritu du Arendt. Bere gogoetagai guztietan pluraltasuna sustatu du. Oinarriak eta jatorriak berak ere askotarikotzat ditu. Orobat, Arendtek, filosofoen panteoian zalantzarik gabe kokatua izan den emakume bakarrak, ez du bere burua filosofotzat, filosofiak “Gizakiaz” diharduelako, baina ez da Gizakia munduan bizi dena, gizakiak baino, beren aniztasun infinituan, lagun eta herri desberdin ugari. Aholku bat eman die herri txikiei: eustea kosta ahala kosta, diferentzia zaintzen tematzea, “inperio unibertsal bateko hiritarra, super esperanto batean pentsatu eta mintzatuko litzatekeena, munstro bat bailitzateke.”

Breziki XX. mendea pluraltasuna bitasunera mugatzeko amorruak ilundu eta erorarazi du: gu eta besteak, onak gaiztoen aurka. Azkenik gudua, eta bakarra geratu. Pluraltasunari ihes egiteko beste bide bat fusionaturiko taldean, denok anai-arreba, aurkitu uste izan dute Sartrek eta. Arendten ustez ordea bat eginiko taldeak isolamendura darama. Aho batezko komunitatearekin bat letorkeen gizabanakoa bakarrik legoke, ez bailuke ikuspuntu desberdinen esperientziarik.

Baina indibidualismoak bere aldetik uniformizaziora garamatza, gizonak bere bakardadean ez duelako deus abiarazteko gaitasunik. Bakarrik ezin nezake berririk ekarri. Berria sortzeko besteak behar ditut, auzo-ekintzan jardun. Ostera, elkarrengandik bereizi eta bakarturiko gizakiak denborak berdindu eta uniforme eta antzu bilakatzen ditu. Berria ekarri: Heidegger-entzat gizakia “hilkorra” bazen, Arendt-entzat berriz “jaioa” da, jaiotza bakoitzak erabateko berritasuna baitakar mundura, ezohiko pertsona bat, eta denok dugu zer esana.

Hannah Arendtek maiz sentitu zuen pentsatu ahal izateko bakartu beharraren eta pentsaturikoa adierazteko jendartera itzuli nahiaren arteko tentsioa. Tentsio horren argitara interpretatu zuen Platonen kontakizuna leizezuloko kateatuez eta filosofoaren igoeraz argirantz. Hala ere, gehiago dira eta sutsuagoak harreman publikora eta ekintza politikora animatzen duten Arendten idazkiak, jalgi hadi plazara diotenak. “Iraultzetako altxor galdu” zeritzona berpiztu nahi izan baitzuen, hots, zorion publikoa eta libertate publikoa. Nazien aurkako erresistentzian aritutakoek sentitu zorion eta askatasuna: hiritar aktiboen artean gauzaturiko ekimen politikoaren poza, ezarririkoa aldatu eta berria sortzeko elkarrekintzaren kemen alaia.

Politika botereari lotua dago. Baina boterea Arendtentzat ez da filosofia politikoaren ohiko boterea, gobernamendua, estatua eta abar. Boterea gizakien “artean” sortzen da elkartzen direnean, eta bereizten direnean desagertzen. Bestalde, botere hori, alegia, gizatasuna, prozesu automatikoren bat etendakoan ageri da, gertaeren segida berezkoren bat ebakitakoan. Ezinbestekoa zirudien bilakaera natural zein historikoa hautsi eta ezusteko berriaren ernetzeari “mirari” deituko dio Arendtek. Dena den, haustura hori ez du ez askatasun indibidual ez kolektibo gisa pentsatuko, baizik zenbait gizakiren arteko elkarrekintza gisa, pluraltasuna barnebiltzen duena: politika gisa.

Diharduten bitartean dira gizakiak libre, ez lehenago ez ondoren; libertatea, esan bezala, ekintza baita. Musikan ere birtuositatea instrumentua jotzeak berak mamitzen du, ez haratagoko helbururen batek. Grekoek politika gainerako jardueretatik bereiztearren musika jotzearekin alderatu zuten, halaber dantzarekin eta nabigatzearekin, hau da, funtsa ez xede bereziren batean baizik egitean bertan duten jarduerekin. Bestalde, dantzariak, aktoreak eta musikariak ikus-entzuleak behar dituzte, gune publiko antolatu bat, bere birtuositatea erakustekotan; ekintzaile politikoak berdin. Azkenik, bai birtuosoa eta bai politikaria kideen beharrean dira, beren joaldi propioa gauzatuko badute. Arendtek guretzat amestuko du grekoen polisak bere hiritarrei politika antzezteko eta askatasuna erakusteko bermatzen zien agertokiaren antzeko bat.

Hannah Arendtek harreman aktibo politiko libre horretaz gain normaltasunik arruntena bera ere behin eta berriz ikusi baitzuen bere bizialdian birrintzen eta beti mehatxupean, iraultzaile ez ezik kontserbatzaile ere bazen nolabait. “Eskuindar anarkista” ere deitu zioten. Egituraturiko talde bakar bat ere ezin izan zuen jasan behintzat, saiatu zen arren. Naziek judu zen heinean eraso ziotelarik judu gisa iharduki zuen, sionistei lagundu, harik eta atxilotu eta Gurs-era bota zuten arte. Baina gero, beren estatua eraikitzeko israeldarrek eginiko gehiegikeriak behar bezala salatu eta “Nazia ote zen Hannah Arendt?” izenburua lortu zuen frantziar aldizkari ezagun batean.

Bere bikotekideak pasio suharrez maite izan zituen, baina juduak ez. Ezta alemanak edo amerikarrak ere, edo gizarte klaseren bat. Arendtentzat maitasuna ez da kategoria politiko bat. Kontrakotzat dauzka maitasuna eta adiskidetasuna. Maitasunak, fusiozkoa baita, gizakien arteko tartea estutu egiten du eta azkenik suntsitu, ekintza eta politika desagerrarazi. Aldiz, adiskidetasuna bertute politikorik garrantzitsuena da, gizakien “artean” gertatzen baita, bitarte komunean, distantzia egokian.

Poesia biziki maite bazuen ere, Arendtek narratzailearen garrantzi politikoa azpimarratuko du. Bizitza ederra, osoa izango bada, kontatu beharra dago. Narrazioak osatuko du beraz politika. Horretarako ordea historialariak eta teorikoak ez dira egokiak, batetik gertaera xume baina esanguratsuak egitura handien pean estaltzeko joera dutelako, bestetik zurrunegiak direlako egiarekin harremanetan jartzeko orduan. “Zer gertatu zen zehazki?” galderarekin obsesionatzen dira. Narratzaileak zoliagoa ematen du giza kontuen berri. Zeregin politiko erabakigarri hori besteak beste Kafkak, Faulknerrek, eta Karen Blixenek gauzatu zuten ederki.

mzap 2006/10/08

Gizonki, abereki

Aurten hirurogei urte Montserrat Roig jaio zela. Orain dela hamabost hil zen, azaroan. "Els catalans als camps nazis" liburuan Neus Gener-en oroitzapen bat dakar. Neus Gener Ravensbrück-eko kontzentrazio esparrura bota zutenean bertan Gebhardt doktorea zebilen, Berlingo Unibertsitatekoa. Doktoreak emakume frantziar bati txinpantze-hazia intseminatu zion eta emakumeak bere buruaz beste egin zuen.

Roig-ek Erich Mühsam poeta anarkista judu berlindarra ere aipatzen du, naziek Berlinen 1933an Reichstag-a erre zuten gauean atxilotu eta 1934an Oranienburg-eko kontzentrazio esparruan bavariar SS komando batek akabatua.

Zorroagan Juan Aranzadik kontatzen zigun Erich Mühsam hori naziek harrapatu eta hamalau hilabetez torturatu ostean ia itsu zegoelarik, zornea eta odola zeriola belarri batetik, hainbeste hatz hautsita, egun batean kartzelero naziei bururatu zitzaiela, barre apur bat egitearren, Mühsam-en ziegan txinpantze bat sartzea, beste atxilotu baten etxean atzeman berria. Uste baitzuten ziminoak poetari erasoko ziola.

Baina alderantziz gertatu: txinpantzea Mühsamen lepotik eskegi eta errukizko imintzio eta hots hunkigarrien artean zauriak miazkatu zizkion.

mzap 2006/09/08

Txortakideari gezurra. Elsa Scheelen

Elsaren eta Luc-en ezkon bizitzan, bikote gehienetan legez, jukutria eta iruzurra gailen: ez dugu bakarrik Luc-en infideltasuna (Annie, Marthe, Micheline, Olga, Suzanne...), eta Elsari benetakoa gordetzea edo benetakoa gehiegikeriaz hanpatzea, emaztea mintzearren; Elsa-k ere, aldarrikatu arren “egia jakitea hobe da beti, nahiz askotan egia garratza izan” (46), sentimendu garrantzitsuak ezkutatuko dizkio Luc-i, baita gerora ere Jean Vanden Broeck-i, gezurra esango die Antoine Vanhamme-ri eta Pierre Meunier apaizari, ipuinak asmatuko gurasoak engainatzeko... Elsak bere edertasuna bera ere gezurtitzat joko du, antzua baita.

“Ezin zezakeen egia esan”, dio narratzaileak (40). Luc-i buruz ari da, baina Elsa-z ere ari zitekeen. Luc-en iritzia: “emakumeak beti egia izkutatzen...” (73) Eta Luc-ek Elsari diotsolarik “horren guztiaren berri zuri ematea erabakirik neukan... Baina zuk ezer ez jakitea hobe ote zen ez nekien”, narratzaileak ziplo: “Gezur hutsa zen hau.” (47) Elsak egia hau bederen garrasika aurpegiratuko dio Luc-i: “Gezurra! Gezurra zuk diostazun guztia!” (48)

Altxor zoragarria dateke Luc feministendako. Bereiztera doazenean, Elsari esango dio: “Ni gertu nago, halere, itxuraz orain arte bezala jarraitzeko... Aditzen duzu... Zure gurasoek eta lagunek bestela problema handiak ekarriko dizkizute. Emakumeok, bestalde, usuago begiratzen diezue itxurari eta esamesei, egiari baino. Bertuterik gabeko entzute ona nahiago duzue, entzute onik gabeko bertute mardula baino...” (49)

Azkenik, Elsak idatziz onartuko du: “ohartu gabe, nik Luc tronpatu nahi nuela ikusi nuen; eta berak ni ere bai.” (127)

Hain zuzen, gezurra esateko ahalmena ere gizakia eta animalia bereizteko mugarritzat jo izan da. Animaliaren sen itsua egiatia litzateke erremediorik gabe; giza burmuin indartsuak, berriz, hitzezko gezurra ez ezik gurarien disimulua ere ahalbidetuko luke.

Trikimailua eta gezurra baizik ez dabilen mundu honetan, era berean, anitz etologori nabari zaio bere ikergai kuttunak zein interesgarri diren saltzeko grina, direnak puztuz eta ez direnak kontatuz. Horregatik, engainatzeko ziminoaren gaitasunen berri pasadizoen bitartez emateko orduan Volker Sommer lako ikerlari bereziki eszeptiko eta arduratsu batengana jotzea komeni da ("Elogio de la mentira", Galaxia Gutemberg).

1-“Paul” izeneko Hegoafrikako zimino ar gazte batek, papioia, eme heldu bat bulbo goxo batzuk lurretik ateratzen ikusi zuen. Paulek ingurura begiratu baina ez zuen beste papioirik ikusi, hurbil behar zuten arren. Orduan garrasika hasi zen gogor, papioiek mehatxaturik daudenean egiten duten bezala. Berehala agertu zen Paulen ama eta beste eme heldua ihes egitera behartu zuen, mehatxatzailea zela sinetsita. Horrek Pauli bulboa lasai jateko aukera eman zion. Primatologoek egiaztatu ahal izan zuten Paul tronpariak taktika hori lurretik atera ez zitzakeen jakiak lortzeko txitean-pitean erabiltzen zuela. Amari mehatxaturik zegoela sinetsarazten zion arren, benetan ez zuen batere beldurrik.

2-Txinpantzeek lantzean behin beren ibilaldiak eten egiten dituzte atseden hartzeko. Taldekideren bat aurrera jarraitzeko altxatzen bada, besteek segitu egiten diote, taldekide garrantzitsua ez izan arren, demagun gazte.

Bestalde, Jane Goodall ziminozale ospetsuak bananak oparitzen zizkien txinpantzeei, hauen konfidantza bereganatzearren. Baina txinpantze talderen bat Goodallen kanpamenduan sartu orduko ar handi eta indartsuenak janari guztiaz jabetzen ziren.

Egun batean txinpantze talde handi bat ibilaldia eten eta Goodall-en kanpamenduan sartu zen atseden hartzera eta banana bila. “Figan” gazteak, bederatzi urte, oso banana gutxi lortu zuen. Bat-batean altxatu eta joan egin zen. Besteek jarraitu zioten. Hamar minutu barru Figan kanpamenduan zen berriro, eta etologoek banana mordo eder bat eman zioten. Hasieran kasualitatetzat hartu zuten, baina Figanek trikimailua errepikatu zuen: Figanek taldekideak alde egitera bultzatzen zituen, minutu batzuen buruan bera bakarrik itzuli ahal izateko.

Lehenengo aldian, ordurako bakar-bakarrik, zurituriko banana bat eskuan prest zuela, jateko poza adierazten duen oihua egin zuen; taldekide batzuek entzun, kanpamendura itzuli eta bananak kendu zizkioten. Bada Figanek biharamunean pozari eutsi zion, zenbait intziri eskas gorabehera, eta hortaz berak bakarrik banana guztiak jan ahal izan zituen. Orduz geroztik Figanek ez du inoiz egin jateko pozaren oihua.

3-Gatozen orain arren eta emeen jelosia eta amarru komedietara, Elsaren eta Luc-en erresumara.

Etiopian, papioi sakratuek harenak osatzen dituzte. Nagusiak jeloskor zaintzen ditu emeak. Beste arrekiko edozein harreman eragozten ahalegintzen da. Lortzen ez duenean gogor zigortzen ditu. Behin batean buruzagi jeloskorra eme bat zaintzen ari zen. Arroka baten atzean zegoen emea, eta nagusiak burua eta bularra baino ez zizkion ikusten. Ezin ohartu beraz emea behean etzanda zeukan beste ar bati zorri kentzen ari zitzaiola: kontaktu estua, bekatu larria. Azpijokoa. Eme honek ondo kalkulatua zuen nagusi jeloskorrak bere zein atal ikus zezakeen eta zein ez. Engainua behar bezala gauzatzeko engainatuaren begietan jartzeko gaitasuna erakutsi zuen.

4-“Nikkie” txinpantze ar nagusiari ez zaio batere gustatu “Luit” gaztea eme batengana hurbiltzea. Nikkie-k harri bat hartu du mehatxuz. Luit-ek Nikkie hurbiltzen ari zaiela ikusi du, baina nagusiari bizkarra ematen jarraitzen du. Ez du nahi zakila tente duela ikustea, eta zakilaren arrosa biziki nabaritzen da ilaje ilunean. Luit-ek txandaka begiratzen die bere zakil zutari eta hurbiltzen ari zaion buruzagiari, eta soilik behin zakila lasaiturikoan abiatu da Nikkie-rengana, astiro, harria itxurazko harriduraz usaindu eta azkenik nagusia emearekin bakarrik uzteko.

5-Papioi emeek hanpadura deigarri bat erakusten dute aluan eta uzkian obulazio egunetan. Oro har, alu eta uzkiko hanpadura hori goren gradura heltzen denean, sasoirik ugalkorrenean, larrua jotzen dute. Estalketan emeek garrasi egiten dute. Ar helduak erne egoten dira garrasi horiek nondik etorriko, lehiakideen txortaldiak eragozteko. Garrasi gogor samar hori alu-uzkiko kilikadurak sortua da. Eme ugalkorrek kaka egitean ere garrasi bera egiten dute, estalketaren efektu kilikagarri berdina baitu kaka egiteak.

Hala ere, ar gazte batek estaltzen duenean emea, honek ez du ia garrasirik egiten. Ziur aski, alu-uzkia ez diolako behar bezala kilikatzen, ez dakielako ondo txortan, edo zakila ez duelako aski handi. Ar helduek ez dute oso serio hartzen ar gazte batek emea estaltzea eta toleratu egiten dute.

Egun batean, Shirley Strum etologoak “Danielle” emea oso “hanpatua” aurkitu zuen, hortaz larrua jotzeko irrikaz. Saiatu arren, ordea, ezin ar helduen arreta bereganatu. Azkenik, hainbat ar gaztek estali zuen. Zuhaixka batzuen atzean ezkutaturik jo zuen gazteekin. Gainerako arrek ezin zuten ikusi. Supituki, egundoko txortaldi garrasiak egin zituen. Shirley Strumek uste du ar helduen “jelosia” pizten ahalegintzen ari zela, hauek jaramon pixka bat egin ziezaioten.

Haurride eta lehengusu tronpari azkarrak dituzte Leturiaren gezurrek Mireni, Perurenak maitaleei, Elsarenak eta Luc-enak elkarri, Exkixurenak Gurutzeri... Izan ere, iruzurra ez balitz amodioaren gasolina, gizakien artean bezala ziminoenean ere, literaturaren bi heren desagertuko lirateke, eta bizitzaren piperra.

mzap 2006/09/06

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.

Azken erantzunak
begira nauzu asel, 2010/08/08
auzofikzioa markos zapiain, 2010/07/26
Fikzioa ASier Etxaniz, 2010/07/19
Ados eli, 2010/07/14
agian bigarren zatian markos zapiain, 2010/07/14
Etiketa lainoa
bermeo etakideen ametsak globalizazioaz irun kalakakoak liburuak eta idazleak