Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Jesu Kristoren imitazionea

Jesu Kristoren imitazionea

Markos Zapiain 2025/09/15 13:15

Desagertua zen erlijioa bigarren hezkuntza 70eko hamarraldiko bigarren zatian institutu publikoetan egin genuenon eguneroko bizitza izugarri politizatutik; hala zirudien, bederen. Hori bai, Erlijio ikasgaia genuen. Basurko izeneko mutrikuar batek eman zigun Hondarribiko Institutuan. Apaiz ibilia zen aurretik Ekuadorren, eta aldi berean futbolista. Hainbat gol erabakigarri sartu zituela-eta, “El Padre de los Botines Benditos” ezizena jarri zioten, edo sinpleago "El Botín Bendito". Grazia handiz kontatzen zizkigun hango pasadizoak. Franco hilikoan itzuli zen Euskal Herrira, eta gure irakasle izan zenerako utzia zuen apaizgoa: ez zegoen ados Elizako agintarien jarrera eta jokabideekin. Aldiz, futbolari ez zion inoiz utzi.

Gaztelaniaz eman behar zizkigun eskolak, euskaraz askoz ere hobeto moldatzen zen arren. Urte haietan, ezin bestela. Hala ere, ahal zuen aldiro pasatzen zen euskarara. Bere adiskide Jexux Etxezarretaren poema bat  errepikatzen zigun: “Oi Yahve!/ Oi Yahve!/ Ze bakarrik,/ zu gabe”. Ez dakit ondo oroitzen naizen. Hain zuzen, lankide izan nuen Etxezarreta “Izazpi” 1988-89 ikasturtean, Mutrikun.

Basurkok Atxagaren Ziutateaz argitaratu berria irakurrarazi zigun, baina ez nuen erlijioarekin izan zezakeen lotura ulertu. Egia esan, ez nuen deus ere ulertu, goitik behera baikenituen garunak espainolduta, gurasoen ahaleginak gorabehera. Espainolez irakurri genituen BUPeko hirugarren mailan erlijioari kritika sakonak egindako Marxen Manifiesto comunista, Freuden La interpretación de los sueños mardula, eta Sartreren El existencialismo es un humanismo. Hirugarren maila hartan bertan irakurri genituen halaber Descartesen Discurso del método, Max Schelerren El puesto del hombre en el cosmos, Leslie Stevensonen Siete teorías de la naturaleza humana… seguru besteren bat ahaztu zaidala. Bestelakoak ziren orduan irakurtzeko ohiturak, ez zegoen Power Pointik.

Itzul-inguruka eta ihesean nabil, atal hau baita jendaurrean aitortzea lotsagarrien zaidana.

Bizitzako xede gailentzat jo izan da gurea bezalako jendarte kristauetan Jesu Kristoren imitazionea, garrantzitsutzat bai gutxienez.

Bestalde, Euskal Herrian, kristautasuna nagusi izan den gainerako herrialdeetan legez, larregi edan izan da beti. Nolakoak ginatekeen alkohola inoiz dastatu ez bagenu? Ez hain astapotroak, hori ziur. Goizegi hasi zen gure belaunaldia ere txoperak hartzen eta drogatzen. Trikimailu harrigarriak generabiltzan gurasoak ez ohartzeko asteburuko zein asteguneko etenik gabeko gure mozkorraz, oso trikimailu eraginkorrak. Dena den, batzuetan oroitu ere ez ginen egiten erabiltzeaz. Garaiz ez, behintzat.

Gabonetako oporrak baino lehen, institutuan bertan ekiten genion San Tomas eguna ospatzeari. Abeslariak zetozen, Imanol Lartzabal datorkit gogora oholtzan kantari, eta ikasle-irakasleak behean zealdoka eta goitika, batere jaramonik egiteke. 1978an sekulako melokotoia harrapatu nuen nik ere. Aitonak herentzian utzitako mobylettean ibiltzen nintzen, baina San Tomas egun hartan ez nengoen motoa hartzeko, eta Telmo Rodriguez adiskideak —gaur egun ardogile ospetsu— motoaren atzeko aulkitxoan lotu eta gure garajeraino eraman ninduen. Mozkorra apur bat pasa arte garajean gelditzea erabaki-edo nuen, baina berehala gelditu nintzen seko lo.

Arratsaldean arrebak garajera etorri ziren Belengo Jaiotza osatzeko figuratxoen bila. Bost eta hamar urte zituzten. Garajea ireki eta han aurkitu ninduten, lurrean botata zerraldo. Umorez hartzen dira adin horretan ezustekoak, eta batek esan zuen "hara, Jesusito!” Eta barre egin zuten.  

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.