Hemen zaude: Hasiera Blogak Markos Zapiain etakideen ametsak

Markos Zapiain

etakideen ametsak

Hamaika Pauso. Bigarren ametsa.

Ze gutxi laguntzen didazun, irakurle.

Berariaz utzi nuen amets labur bat hemen jarri gabe, blog honen irakurleren bati aurkikuntzaren eta jakinaraztearen poza ahalbidetzeko, baina kale.

“Ez zuen Ortiz de Zarateren letra ezagutzen, baina bistan zen telefonoz ari zenean hartutako oharra zela. Beste edozerk baino min handiagoa eman zion bere espazio pribatuaren bortxatze hark, eta Albertok alde egindakoan zenbaki hartara deitzea erabaki zuen.

Behin eta berriz deitu zuen, lo hartu arte ia, baina ez zitzaion inor atera. Ezta hurrengo egunetan ere, etengabe saiatu zen arren. Edozein ordutan deitzen zuen. Eduardo Ortiz de Zarateren bila, inkontzienteki. Eta amets egiten zuen, hurrengo goizean etxean agertzen zitzaiola eta berak, inongo beldurrik gabe, zera esaten ziola, ea zer uste zuen, nor zen bere gauzarik intimoenetan zirriborroak egiten ibiltzeko.” (320 or.)

mzap 2006/04/08

Mokordo protestantea ("Berriro igo nauzu" eleberriaz)

Protagonistak, Joxe Garmendia “Marmitte”k, ez du amets egingo. Kaka egingo du.

Egia da psikoanalisiak ametsari askoz ere garrantzi handiagoa eman diola kakari baino; badu hala ere kakaren gaineko aurkikuntza harrigarririk.

Kasurako, André Greenek ziurtatu berri du doluaren amaiera, doludunak aipatzeko eta azpimarratzeko moldekoa leritzokeen mokordo batek seinalatu ohi duela, ametsetan egina. Hots, bezero doludunak psikoanalistari “bart ametsetan mokordo harrigarri bat egin dut” aitortzeak, sendatzea adierazten omen du. Bestalde, Freudek berak dio neurotiko mota baten idorreria sintomatikoa sendatzen dela psikoanalistak diruzalekeriaren eta kakaren arteko harremanen berri ematen dionean.

Kontua da psikoanalistentzat geure nortasunaren muina ezagutzeko orduan ideologia ez dela deus. Freud ez zen ia batere aritu politikaz. Abertzale, giza eskubideen aldeko, liberal: bost Freudi. Ez hadi izan lorotxo. Hauxe bai erabakigarri: zer egiten huen txikitan hire kakarekin? Uzki arotik igaro baikara guztiok: sasoi horretan libidoa, gorputzeko bizi indarra, ipurtzuloan da kokatzen. Haurrak gorotza berealdiko zentzu sinbolikoz hornitzen du: kaka troskoa bere umetzat du, bere sorkaritzat. Askotarikoa duzu mokordoaren erabilera: nartziso plazera erdiesteko (jostailu), besterengandik maitasuna lortzeko (opari), besterekiko independentzia azpimarratzeko (jabetza pribatu), besteri erasotzeko (iskilu, misil).

Halatan, gizarte jokabidearen funtsezko norabide zenbaitek, uzki aroan du sorburua; are deigarriago, egundo ez du uzkiarekiko lotura galduko. Haurraren berezko sexualitate molde hori amaitzen delarik, kultura objektuek jasotzen dute jatorrian kakari emaniko zentzu sinbolikoa; baina ez dira bigarren mailako ordezkoak baizik, sublimazioak. Jabetza, adibidez, ez da beste barik kakatik dirura aldatzen, eta kito. Ez, diruak kaka bera izaten jarraitzen du, uzki erotismoak inkontzientean baitirau. Uzki erotismoari ez zaio muzin egiten, zapaldu egiten da.

Espetxetik etxera iritsi orduko une latzak biziko ditu Marmittek simaur artean plisti-plasta, bere omenaldian ere egundoko kakagurak erasan eta dena bertan utzita zoro legez bilatuko du komuna, Joxeren lokuziorik erabiliena eta eleberriko azken hitzak “kaka zaharra” izango dira.

Edozein gisaz, aipatu lau erabilera funtsezko horien artean, mokordoa baliatu, iskilu legez baliatuko du Marmittek, ez baita harritzekoa borroka armatua hobetsi zuen baten aldetik, baina zeharka lurraldetasunari uztarturik, jabetza pribatuari, norberaren esparrua markatzeari: hain zuzen, Espainiaren eta Euskal Herriaren arteko mugan kaka egingo du, baina jakina, Espainiaren aldean. Ederki kostata, hori bai: hainbeste urtez ekintza horri buruz hausnarrean espetxe zuloan eta behin jarrita gogorik ez, hiru orduz itxaron behar Espainiaren aurkako tomahawk eder bat jaurtiki arte.

Arazo nazionala, bistan da. Polimiliek arrazoi ote zuten, Marmitte bezalako miliei arazo soziala ahaztea leporatzen zietelarik?

Mendigurenek Aristofanesen, Rabelaisen eta Swiften tradizioan kokatu du bere burua: kakari zintzo egin dio aurre, baina aldi berean umorez.

Swiften “Gulliverren bidaiak”en laugarren atalean ageri da gaia maisuki jorratua.

Iñaki Mendiguren Bereziartuk euskaratu du.

Behin batean, “eibartarrak” eztabaidagunean forokide batek Xabier Mendiguren Elizegi eta Iñaki Mendiguren Bereziartu nahastu zituen.

Xabier Mendiguren Elizegi genuen eta dugu forokide, eta ez Iñaki Mendiguren Bereziartu.

Ordea, Iñaki Mendiguren Bereziarturen anaia Xabier Mendiguren ere itzultzailea da.

Eta, misterioz, antz handiagoa dute Iñaki Mendiguren Bereziartuk eta Xabier Mendiguren Elizegik, Iñaki Mendiguren Bereziartuk eta Xabier Mendiguren Bereziartuk baino, itxurari dagokionez, baina baita nortasunari dagokionez ere (mintza-doinua), are idazkeraz denaz bezainbatean.

Iñaki Mendigurenen “Argia”ko anitz artikuluk hondamendiaren bihotzari bizipoz handi batez diote ihardesten, eta hori Mendiguren Elizegirena ere bada.

Biologiaren gainetik dira anaiak.

Iñaki Mendiguren Euskal Herriko predikari protestante ia bakarra duzu.

Hain zuzen, kaka egiten ari zela jo zuen Luther bere inspirazio gorenak, fedearen bidezko salbazioaren argitasunak.

Lutherrek urrats erabakigarri bat egin baitzuen, Marmittek buruturiko prozesu historikoan.

Norman O. Brownek dioenez, aurrerapauso hauxe egin zuen Lutherrek: mendebaldeko gizakiaren salbabide tradizionalari mozorroa erantzi zion, hots, sublimazioa arbuiatu zuen. Lutherrek jatorrizko bekatua hainbeste azpimarratzeak zera adierazi nahi omen du: berdin dio uzkitasuna zenbat sublimatzen den; azken batean, gizakia beti izango baita kakatsu. Lutherrek tenteltzat jo zuen mundualdi honetan gorputza gainditu nahia.

Hala ere, Marmitte ez da protestantea, ez luke esaterako Lutherren itxaropen hau onartuko: giza gorputza noizbait berpiz dadin, “free from death and filth.”

Esan bezala, bestalde, Lutherren argitzapena komunean jazo zen. Lutherren Deabrua, gainera, uzkitasuna duzu oroz lehen. Arrazoibidea biribiltzeko, Max Weber oso ondo ezagutzen duen Norman O. Brownen ustetan, Lutherren teologian kapitalismoa Deabruaren mamitze bat da.

Beraz, lehen begiratuan Marmittek arazo nazional hutsak bultzatuta kaka egiten badu ere, Elizegiren eta Bereziarturen arteko antzak eta Lutherren teologiaren kutsuak garbi nabariarazten du, zeharka eta poetikoki bada ere, arazo sozialak ez duela garrantzi eskasagoa goierritarraren ekintzan. Gehiegi ohartu gabe protestantismoak abduzituriko Marmittek kapitalismoari ere kaka egin dio Espainiaren eta Euskal Herriaren arteko mugan, iradokiz ezin esan litekeela miliek sozial auzia guztiz baztertu zutenik.

Azkenik, Marmittek ere, Lutherrek bezala, errebelazio bat izango du komunean, ispilu zahar hautsi bati begira. Sublimazioaz batere fio ez diren Martin Lutherrek zein Joxe Garmendiak komunean aurkitu behar noski beren egiarik sakonenak. Marmittek ispilura begiratu “eta aurpegi nekatu bat ikusi duzu. Egunaren luzeak nekatua eta urteen pisuak abaildua. Eta zure senide eta ezagun eta lagun guztiak irudikatu dituzu, nor bere etxeko ispiluaren aurrean, eta bakoitzak bere errainuarekin bakarka aurkitzen ez duen onarpen hori dela iruditu zaizu, besteen bitartez lortu nahi dutena, kasu honetan zure bidez, zu zeu ispilutzat edo kontraispilutzat harturik; baina zure irudiak ez die espero zutena eman, deskolokatu egiten ditu batzuk eta besteak: koska asko dituelako, deformatuta dagoelako... Eta zuk, zer pentsatzen duzu zuk zeure buruaz? Zer dago ageriko aurpegi horren azpian? Historiaren gurpilak bide-bazterrera botatako hondakina, hiltzoriaren eta askatasun-gosearen artean bihurritzen den herri zoritxarreko baten semea, galtzaileen bandoa aukeratu zenuena eta azkenean zu zeu ere galtzailea; hainbeste urte kausa baten alde higatu ondoren geratzen zaizun bizitza-apurra zertarako bizi edo bizitzea ere merezi ote duen ez dakizuna, gizajo bat azken batean, baina gauza bat behinik irabazi duzuna: ispiluari beldurrik gabe begiratzeko ahalmena.” (204-205 orr.)

mzap 2006/03/29

Etakideen ametsak

Ematen du etakideen amets guztien ezaugarri komunak zehazteko orduan, hobe dugula, Freuden definizioa baino (ametsa desiren betetzea dela, nahi inkontzienteen mamitzea), herio baliatzea, herioren erresuman barneratzea. Etakideen ametsen artean, desirak mamitzen dituztenak ikusi ditugu, baina baita desirak mamitzen ez dituztenak ere; alabaina, molde batekoak zein bestekoak heriok bidaliak dira. Goio “Gorria”ren bigarrena izan ezik, etakideen ametsek biziaren alde ilunaren zenbait forma barnebildu eta adieraziko lituzkete, murgiltzeak lirateke herioren putzu likinetan, azpimunduaren irudiak, leizezulo kezkagarriak, ifernuko hainbat zirkulu: itsaso izoztuan gozoro itotzea, anaiarekin ezin elkar aditzea, denbora ahitzea (“Gizona bere bakardadean”); norbera zerraldoan sartu eta hiltzeko amaren agindu idorra (“Hamaika Pauso”); maitearengandik bereizi beharra, maitearen hilketa, jendarte zuri hila, eri horzgabeak (“Zeru horiek”); Ama gari berdean etzana amapola odoldu antzo (“Koaderno Gorria”); psikopata baten atzapar hilgarria lepoan eta psikopataren suntsitzea gero pilulaz lepo eginik, buruaz beste egitearen aldeko erabakia Bizkaia bouean, aurretik mezu politikoa itsasoratuz munduak izan dezan gure herriaren patu dohakabearen berri (“Agirre zaharraren kartzelaldi berriak”); komandokide bizilaguna deabru bilakatua, eskuak erretzea, nortasuna galtzea, errugabea hiltzea (“Pasaia Blues”); giza eta abere haragi zatikatuaren susmoa, norberaren gorputza zatitzea, aita galtzea, bakardadea, Lapur Handiari aurre egitea (“Lagun izoztua”); arrain abisalen ontzitik amak hil egin dela abisatu dizu eta zure adiskiderik handiena ere, jadanik hila, bertatik mintzo zaizu; biraka zabiltza Lurraren inguruan oxigenoa ahitzen ari zaizula eta alboan hiliko astronauta miretsi bat duzula, espaziuntzia kolpez Lurrera erori da, astronauta zerraldoan, agurra hilari; maisuak heriotzaren trena hartu behar du, bultza egiten dizute heriotzaren trenean sar zaitezen (“Soinujolearen semea”); olatu ikaragarri bat labartzan mugitu ezinik dagoen preso ohia itotzera dator; militar espainolak kanpandorreko eskaileratik gora doaz bertan ezkutatu den preso ohia hiltzera (“Labartzari agur”)...

Heriotzaren formak dira, sentimendu zurrunak, kilkerren hotsak, sukarraren hozkia, ezerezarenganako goganbeharra, bizia uzteagatiko ezinegona, izotz eroa, urduritasun goibela.

Bestelako ondorio orokorrik atera behar ote da heriotzaren nagusitasun horretatik? Apika ametsen batasun horri buruz, garbi adieraz ez daitekeenari buruz bezala, hobe da isiltzea. Izan ere, heriotza ezereza baita eta ezerezaz, Kojèvek zioenez, gehienez ere badela esan daiteke, baina ezin daitezke bere ezaugarriak zehaztu. Orobat etakideen ametsen oinarri komunaz. Bizitza korapilatsutik heriotzaren sinpletasun lasaira itzuli nahia adierazten dute oro har. Dena den, egia bada ere herio dela gailen, ezin bertatik etakidearen “egitura psikologiko tipikoa” edo antzekorik ondoriozta, ez baitago halakorik. Aitzitik, etakide amesgile bakoitzaren nortasuna besteenaren arras bestelakoa da, eta maiz gainera aldakorra, erakundean sartzeko, bertan jarraitzeko edo uzteko arrazoiak bezalaxe.

Bestalde, hain dira amets horiek ageri diren eleberriak bikainak eta izugarriak, pentsa bailiteke ETAren ekarpenik handiena Euskal Herriari ETAri buruzko euskal literatura izan dela.

mzap 2006/03/23

Agur?

Gero eta bakartiago eta okerrago dabil Ihartzegarai Labartzan eta erabaki ausarta hartuko du: mendian isolatzea, Zingiregin, Baltza bere txakurkume berriarekin. Erabaki zuzen eta ederra barren. Marko Aurelioren “Pentsamenduak” ere eramango ditu: “aitor bat egingo dut: Marko Aurelio enperadore filosofoa bihurtu dela nire kontseilari ezkutua.” (221)

Zaratustrarena zirudien erabakiak, baina estoikoekin doa. Mendiko bakardadera ez ditu igoko, Zaratustrak bezala, eguzkipeko animaliarik harroena –arranoa-, eta eguzkipeko animaliarik zuhurrena –sugea-, baizik txakurtxo bat, eguzkipeko animaliarik leialena.

Bestalde, Marko Aurelio ez du hautatu gogaide duelako, alderantziz baizik: izan ere, Antton Ihartzegaraik Marko Aureliok aldarrikatutakoaren justu kontrakoa egin baitu zehatz-mehatz espetxetik atera zutenez geroztik.

Batetik, estoikoak iraganagatik eta etorkizunagatik kezkatzeari utzi eta oraina ahal bezain gozoro bizitzea aholkatu zuen.

Bestetik, Marko Aureliok jendarteari dagozkionetan esku hartzeko aholkatzen digu, Ihartzegaraik politikari dion mespretxutik bestaldera.

Azkenik eta bukatzeko, egia da, Xabier Mendigurenek dioen legez, “Labartzari agur” Txillardegiren aurreko sei eleberrien summa gisako bat dela: Leturiaren urmahela eta maitemintzea dugu bertan; orobat ezinezkoa erdiesteko Peruren seta: iragan ezinbestean galdua berpiztu eta denbora geldiaraztekoa, baita Peruren eldarnioak ere eta mozkorraldiak; eta Elsaren erru sentimendu orokorra eta harreman gazi-gozoak “Mimu” katuarekin; eta “Haizeaz bestaldetik”-eko labarrak, itsasoa, Soustons, animalienganako gupida sakona; Exkixuren eta Putzuren amorrua eta borroka... Bai, lehenagokoa barnebiltzen du “Labartzari agur” honek.

Baina aldi berean Txillardegiren libururik gazteena bilakatzen du bere amaiera irekiak. Ihartzegarai duzu antigutarrak bere protagonista guztien artean bizia barkatu dion bakarra.

Eta bukaeran Baltza txakurtxoari eginiko igarpen eta zin beldurgarri batzuk ahaztu (“gure herrixa politikari xaxi-jakintsuez etsirik altxako dok halango batez. Etxuagu hori ikusiko ez hik eta ez nik. Zoritxarrez! Eta ikusteko aukera badogu, gudura yoango gaittuk.” (225)) eta bizimodu zoriontsu bati ekiteko sustrai laukoitza badu Ihartzegaraik Zingiregin: arreba Ixaskunen maitasuna, txakurkumearen konpainia, Marko Aurelioren “Pentsamenduak” eta bederatzi milimetroko parabellum bat, eguzkipeko animaliarik humanoena, baezpada ere, batek daki, hara Igor Angulo.

mzap 2006/03/20

Egunez ez bezala

Bigarren lokamutsa Anttonek eri egingo du, hotzikaraz eta sukarraz. Bezperan betiko tokietan txango zebilela etxeko bidea ahaztu du. Neurologo baten eskuetan jartzea onartu dio arrebari.

1-Ametsean lehenbiziko orrialdeko kartzeleroa ageri da, Valcornejako Enrique gorrotagarria.

Ondotik igaro zaio Anttoni. Baina zer ikusi du honek?

Bere burua!

“Guztiz nire antzeko gizaseme bat, nire anaia bikia (izan banu). Areago: ispiluan neure burua begiratzen dudanean aurrez aurre ikusten dudan berbera. Ikaratu egin nau osotara: “bera ni da”... Edota “ni bera naiz”. (170)

Zer esan nahi du zehazki Antton eta bere kartzelero espainola berdinak izan daitezen?

Zer adierazi nahi dio ametsak Anttoni edota Txillardegik irakurleari?

Nobelan zehar aurreneko orrialdetik beretik pertsonaiarik higuingarriena izan zaigun Enrique kartzeleroarekin goitik behera identifikatzeak zer erakusten dio Anttoni?

Egia ezkutu bat agian? Arrisku bat?

Aurkakoak eta etsaiak azken batean berdinak direla, aurkikuntza dirudienez ekialdekoa jatorriz baina beti eta nonahi berpizten dena?

Edota, zehazkiago, hasieran desberdinak izan zitezkeenak etsaitasunak berak eramaten dituela berdin jokatzera eta ondorioz berdintsuak izatera?

2-Gero, elkarren ondotik igaro ostean, Antton San Pankrazio elizan sartu da eta martiriaren irudia tragiko beharrean barregarri egin zaio.

Hemen ere bada beste enigma bat, Anttonen eta Enriqueren berdintasunari lotua, mundu-ikuskera eta arazo berari dagokiona: izan ere, Anttonek nobelan zehar etakideak eta gudariak aberriaren alde odola ematen duten martiri gisa ikusten ditu, era heroiko tragikoan. Horretxegatik dio ametsean “beharrean”: “martiri gaztearen irudiari, tragiko gertatu beharrean, barregarri iritzi diot.” (171)

Zer esan nahi ote dio oraingoan ametsak Anttoni eta Txillardegik irakurleari?

Esanahiak gorabehera, azkenik, militar espainol batzuk, Enrique buru, elizan sartu eta Antton hiltzen ahaleginduko dira. Antton kanpandorrean ezkutatuko da. Baina militarrak badatoz kanpandorreko eskaileretatik gora. Orduantxe esnatuko da Antton, asaldatu bezain izutua.

3-Amets honek gatazkari eta borroka armatuari buruzko Anttonen eguneko ikuspuntu kontzientea kordokatuko du, are alderantzikatu: alde batetik, gudaria eta kartzeleroa berez berdinak ez izan arren ziur aski, beren ekintzen endekatzeak berdindu egiten ditu (Ortega Lara); bestetik, bere burua sakrifikatzen duen martiri gaztea barregarri gertatzen da.

Etakidea eta kartzeleroa bat izatea, espetxea ETA bezain ETA espetxe, ametsak dioena alegia, ez dator bat Anttonen esnatuzko ikuspuntuarekin, kartzelero gaiztoen eta etakide zintzoenarekin; halaber, martiri barregarria ez dator bat gudari heroikoaren irudiarekin.

Labartzari agur-en polifonia aberasten duelako da garrantzitsua bigarren amesgaizto hau: ohi bezala, pertsonaia desberdinek ikuspuntu desberdinak dituzte, baina bestalde Antton Ihartzegarai berberak, nobelan zehar aldatzeaz gainera, kontrako ikuspuntuak izango ditu esna eta ametsetan.

Militar espainolak bera hil nahian bertan dituela egiaztatzea bezain beldurgarri eta zorabiagarri izango zaio Anttoni bere bizialdi osoko jarreraren gaueko arrakalatzea.

Horrela, lehenagoko sarrera batean aipatu Txillardegiren bikoiztasun posiblea, hots, bata Berrian eta Garan mintzo koherenteen bidez borroka armatuaren aurka nabari dena, eta bestea “Labartzari agur”eko literaturan, barnekoiagoa beti ere, Antton Ihartzegarairen bidez borroka armatua aldeztuko lukeena, aldaturik errepikatuko zaigu Ihartzegarairen beraren baitan: egunez bere buruari borroka armatuaren beharra azpimarratuko liokeen Anttoni berari gauez ametsak etsaien osagarritasuna eta martiritzaren irrigarria ikusaraziko lizkioke.

Gauez eta ametsetan Anttonek traizio egingo dio eguneko Anttoni, eta alderantziz.

Zein Antton ote da egiazkoagoa?

Bistan da Ihartzegarairen eguneko ikuspuntua anakroniko bezain kaltegarritzat jotzen dela oro har eta zabalduagoa eta ospetsuagoa dela Euskal Herrian bigarren amets honek erakusten duena; hedabide ia guztiek laguntzen dute eta gailentzen ari da historiaren eta gertaeren filma kontatzeko orduan.

mzap 2006/03/14

San Pankrazio barregarri

“Biharamunean beste gertakari bitxi hau jazo zitzaidan; eta are kezkatuago utzi.

Ondarrondo pasealekutik Labargane aldera nindoalarik, aurretik hurbildu zait berrogeita hamarretan zegoen gizaseme bat. “Adinkide bat”, esan nezake.

Zer diot “adinkide”, ordea? Sosia bat hurbildu zaidala esan behar nuke: guztiz nire antzeko gizaseme bat, nire anaia bikia (izan banu). Areago: ispiluan neure burua begiratzen dudanean aurrez aurre ikusten dudan berbera.

Ikaratu egin nau osotara: “bera ni da”... Edota “ni bera naiz”.

Eta nire ondotik pasatzerakoan, doinu irmoz agurtu nau:

-Antonio Diarsegay!

Enrique gartzelazainaren ahotsa zen. Eta deituraren ahoskera okerra ere, berea.

-Presente!! –erantzun dut automata batek egingo lukeen bezala. Valcornejako errekontuetan egiten genuen bezalaxe.

Eta berak Atxeta aldera jarraitu du.

Uste dut. Ez bainuen badaezpada atzealdera begiratu ere nahi.

Hura izua!

Eskuin aldera jo dut aldapa leunean behera. Zorua labain zegoen tarteka. Eta ustekabean irristatu egin naiz; baina ez naiz erori.

San Pankrazio elizara sartu naiz. Zertarako? Zergatik ? Ez dakit.

Hutsa eta hotza zegoen. Eta martiri gaztearen irudiari, tragiko gertatu beharrean, barregarri iritzi diot.

Aldareko eskuin aldean, argi xume batek zizekan.

Kanpandorrerako atea zabalik, eskailera hertsi erpinetan gora abiatu naiz arnasestuka.

Militarrez jantzitako soldadu espainol aldra bat sartu da elizara.

Alimaleko piperpotoari eragiten ziotelarik, oihuka hasi dira elizaren barruan. Eta tiro hotsak hasi dira: bost, hamar, ehunka...

“¿Dónde ehtá, Antonio, asesino?”

Harrigarrizko oihartzunak errepikatu dira barrukian:

“Asesino... sesino... sino...”

Geroxeago, Enrique mozkorti krudelaren ahots ozenaz berriz ere, galderak eta mehatxuak ugaldu dira:

“¿Dónde ehtá? ¡Entrégate, Antonio! ¡Si no lo hase, será peor!”

Kanpandorrean goraino jarraitu dut.

Orduan isilaldi trinkoa gauzatu da.

Nik neure taupadak entzuten nituen une hartan.

Erlojuak ordua jo du nire ondoan ezin ozenkiago, belarrietan oinaze bizia emanez.

-Bostak! –neure artean.

Eta mehatxu berak errepikatu dira. “Antonio!... Asesino!... ¡No saldráh vivo!...¡Entrégate!”

Iltzedun bota astunen hotsak kanpandorre barrutik nigana hurbiltzen sumatu ditut.

-Ez!!! –jaurti dut garrasika, eztarria hondatzeko moduan..."

Txillardegi, "Labartzari agur", 170-172 orr.

mzap 2006/03/02

Preso ohiaren aurkako tsunamia

Lau hilabete irailaren 14an Valcornejako espetxetik atera zutenez geroztik, gaixotzen ari da Antton.

Txillardegik kontatzen dizkigun bi ametsak alde batetik gaixotze prozesuaren adierazpen dira, sintoma, eta bestetik lastertzaile, eritasunerantz bultzatu egiten dute. Lokamutsak dituzu biak, garrasika esnatuko da bietarik Ihartzegarai, eta Ixaskunek du kontsolatuko. Txillardegik bietan sartzen gaitu ez soilik abisu barik, baizik irakurleari sinetsarazi nahian Antton errealitatean dagoela, ez ametsetan.

Heriotzak mehatxatuko du amets bietan Antton, lehenbizikoan naturak eta bigarrenean kulturak, alegia, poliziak.

Putzuk ere jasanak zituen amets gaiztoetan eraso naturalak. Lizarran zela, Urbasaren hegia ikaragarri ageri zitzaion. “Urederraren arroaren gainetik bizkarra konkortutako munstro eskerga gisa, edozein mementotan gain hartatik behera amiltzekotan bailegoan, mehatxu itxura nabarmena hartu zuen. Eta nik neuk behintzat, bizpahiru aldiz ikusi nuen neure lokamutsetan, biziak harturik antza, eta nire gainera basaki erortzen.” (205)

Ihartzegarairen lehenbiziko amets honek lehenagoko asteetan Anttonek bizi izanikoa bilduko du, batez ere kolpe latzak: urriaren 22an, 14 urteko eatarraren itotzea, hileta, itsaso gupidagabea: hurbil dabilkio heriotza.

Gero, ametsari dagokionez egun erabakigarria, azaroaren hamaika: aurrena, Antton oroitzen da nerabezaroan Izarteko lata beltz beldurgarriaren gainaldera joaten zela lagunekin kilkerrak, sugandilak, ziraunak eta musker hori-berdeak harrapatzera, bizia zoroki arriskuan jarriz; ondoren, txoriek zeruan uve eskerga bat osatzen dutela ikusiko du eta, larritasunen bat sumatu balu bezala, mutu, zurtuta eta pentsakor geldituko da; azkenik, ekialdera begira geldituko da, kostaldeko itsasargiei, Igeldo, Iger, Miarritze.

Azaroaren hamaika horretakoak jasoko ditu oroz lehen ametsak, baina biharamunean, hamabian, Ixaskunek beraiek Valcornejatik etortzeko harturiko hegazkinak istripua izan duela kontatuko dio, eta Anttonek espetxe barruan baino larriago sentituko du bere burua, “erkin, zaurgarri, hauskor. Nerabezaroan Selakuan harrapatzen genituen ziraun haiek, ikarak hartuta, gure eskuetan hauskor gertatzen zitzaizkigunean bezalaxe.” (137)

Abenduaren hamazazpian berpiztuko du Anttonek katutxoaren tragedia.

Eguberrian, azkenik, amaren heriotza gogoratuko du, hamar hilabete lehenago jazoa, Antton kartzelan zela.

Urtarrilaren hamazortzian bilduko zaio aurreko guztia lehenbiziko ametsean, hauxe:

“Labartzaz bestaldean, Izarteko lata beldurgarriaren erditsuan, mugitu ezinean gertatu nintzen arrastiri batez itsasora begira. Musker hori-berde eder baten atzetik tematuta, konturatu orduko izu betean.

Berrogei bat metro gora, gaineko zelai eta labartza-bururaino; eta beste berrogei behera, zut, itsasertzeko arroketaraino.

Neure hartan muskerraz ahaztu nintzen.

Bizkarraren kontra neukan arbel eiteko horma berdaxka luzea. Eta aurrealdean, berriz, itsaso zabala.

Neure oinak belar izpi bakanen gainean pausatzeko koskak, ozta-ozta ni zutik egoteko aukera ziztrina eskaintzen zidanak, arra pare bat zabal baino ez zuen.

Arnasari ahal bezala eutsiz, eta atsedenaldi laburrak noiztenka baliatuz, jiratu egin nuen soina, eta eskuineko besoa zabaldu. Esku ahurraz har-lata ukitu nuen. Hotz zegoen oso; eta, izoztuko ez bazitzaidan, askatu egin behar izan nuen segituan.

Eta oreka ezegonkorrean berriro, besoak inora heldu gabe gelditu nintzen.

Mehatxu nabarmen gisa, itsas orro gaitza zetorkidan latapetik.

Ez nuen deusik ulertzen.

Erokeria hutsa zitzaidan koska arriskugarri hartaraino jaitsi izana.

Umetandik genekien sugandilen eta muskerren bila Labarganera igotzen ginenean, guztiz kontuz ibili behar zela Labarburun eta Izarte gaineko ertzean.

Goi hartatik amilduz gero, arroketaraino erortzeaz beste aukerarik ez zegoen.

Hortaz, zerk eraginik haraino lerraturik?

Izarteko labar zutaren erditsuko koska hartan ni oinutsik paraturik, bitan banatzen zitzaidan mundua: aurrealdean, itsasoa neukan; eta atzealdean, harri berdaxkazko horma hotz ikaragarria.

Arrastiria mamitzen hasi zen; eta Labarganeko Farola piztuta, bere argi balak hedatzen hasi zen gainaldetik eta Kantauriraino.

Ez gora, ez behera ni. Ezin deusik.

Zer egingo?

Antxeta zuri-urdin mordo bat pasa da nire aurretik, karrakari; eta latapeko harkaitzetara jiraka jaitsi.

-Antxeta bihur ahal banendi! -neure artean.

Aurrealdeko itsasargiak pizten hasiak ziren, banan-banan, eta Capbretoneraino: Igeldo, Iger, Miarritze... Besteren bat ere bai, ñirñirkari, bertago eta eskuin alderago.

Hotzikarek hartu naute bortizki.

Zer egingo? Zer? Zer egin ote nezake neure hartan? Noiz arte eutsi ahal izango?

“Alajainkoa! –neure artean ari-. Lata berdin beldurgarri honetan, zulorik ez, heldulekurik ez, tarterik edo arraildurarik bat ere ez!”.

Orduan orro berri bat sortu da itsaso urrunetik.

Eta olatu eskerga bat lehertzen hasia ikusi dut aurrealdean, tsunami erraldoi bat, ihortziri etengabetan itoa. Itsasikara bat Labarganera zabalera osoan heldu.

Arestian ikusia nuen itsasargien ilara suntsitu egin da olatu erraldoiaren atzean.

Jaisten saiatzea erokeria izango zelakoan, goraka abiatu naiz. Alegia, eskuineko hanka jaso dut eta horman pausatu. Igotzekotan.

Eskuetan hotz mingarria sentitu, eta oinetako behatzetan, aldiz, azkura.

Burua jiratu, eta itsasaldea berrikusi dut.

Sekula antzemango ez nuen “maelström” ipartar hura bertago zen, eta altuago, eta erraldoiago.

-Eneee!... Eneee!!... Eneee!!! –bota dut hiru aldiz, gero eta ozenkiago."(149-151 orr.)

mzap 2006/02/14

Labartzari agur. Damua eta katua

Zehaztu beharra dago aurreko sarrerako “pitzadura orokorra” eta “iraganzalekeria” bezalakoak ez direla balorazioak, ezta interpretazioak ere, baizik Ihartzegarairen kideen eta gehien maite dutenen ikuspuntua: Anderrek: “hi ez hago ondo” (186); eta arreba Ixaskunek: “yota hago nerbixoetatik, Antton. Medikutara yoan bihaz ahalik eta azkarrenik.” (173).

Eta horrelaxe ikusten du Anttonek berak bere burua: “ez nabil ni ondo, eta ez gutxiagorik ere. Edozerk hausten nau, edozerk etsipenera eramaten. Ez naiz lehengoa”. (170) Edota “neure honetan, Iparra galduko dut. Eta burua eta zentzumena ere bai.” (174)

Ihartzegarairen baitako borroka, eritasuna dakarkiona, atsotitz bion artekoa da: “joanak joan” eta “izana izen gaiztoa.” Leartzako Peruk bezala, Anttonek ezin du lortu denbora ezinbestean badoala onartzea, beti ari dela guztia aldatzen: “’Joanak joan’ errepikatzen nion neure buruari. Baina faltsuki mintzo nintzaion” (166).

Bigarrena gailenduko zaio: “Behin eta berriz ‘Izana izen gaiztoa’ esaera pozoitsu hura nagusitzen baitzen nitaz, benetan tema astun eta eritasun iraunkor bihurtu arte.” (166)

Iragan galduagatiko min naturalaz bestelakoa da labartzarraren seta. Etengabe zigortzen du bere burua aspaldiko zaurietan ozpina boteaz.

Katuak lagunduko digu oraingoan Ihartzegarairen ezaugarri nagusian (Txillardegiren obra osoko giltzetako batean) barneratzen: hamabi bat urte zituela (orain berrogeita hamar ditu) sarritan joaten zen Goia baserrira arreba Ixaskunekin, bertako neska-mutilekin olgetan. Behin batean, katu beltz gaxte bat leiho baten bestaldean egotera derrigortu zuten. Kristalak gelara sartzea eragozten zion. Zirika aritu zitzaizkion, jausi zen arte. Gorpu anartean beroa berpizten saiatu arren, hilik zen sekula betikoz. Gaztetxoen aieneak eta negar zotinak! Katua lurperatu eta gurutze bat jarri zioten. Anttonek orduan gizakien hilezkortasuna sinesten zuen hor nonbait; katuena ez ordea, kontsolamendu eskasa beraz alde horretatik. Amona bien heriotzek ere ez zuten horrenbeste oinazetu. Erantzukiak eta demandak egingo dizkio atsedenik gabe bere buruari.

Ixaskun zuhurra ahaleginduko da neba kontsolatzen: intentzio txarrik ez dutela izan, ahaztuko zaiola apurka-apurka. Eta Anttonek ziplo: “Etxonat ahaiztu gura, hain zuzen be! Katutxo gizajoa! Eta negarrari eman diot luzaz, oso luzaz. Afaldu ere ez dut egin.” (143).

Hogeita hemezortzi urte igaro dira. Azkeneko hamazazpiak Espainiako espetxeetan eman ditu Antton Ihartzegaraik. Bertan zela hil zaizkio aita-amak. Ama gainera Anttonek legearen arabera espetxetik kanpo behar zuelarik. Hiletara ere ez zioten utzi. Horrek guztiak ez dio noski orekari eusten lagunduko.

Kontua da presondegietan irten osterako bidaia kontrakronologiko bat prestatuko duela, iraganeko leku erabakigarriei bisitak, atzekoz aurrera denboran, nahiz gero eguneroko gorabeherek egitasmoak nahasiko dizkioten.

Leku sakratuetako bat katutxoa lurperatu zutenekoa izango da. Gurutzea jarri zuten tokian belaunikatu eta otoitzik egin gabe isilik egongo da luzaroan, belaun koskorrak oinazetuz.

Anttonek berariaz larrituko ditu errua, damua eta iraganarekiko edozein uztarri.

mzap 2006/02/06

Txillardegi, borroka armatuaren alde?

Ondorio hori atera du behintzat Peio Ruiz ikasle eta beraz etsaiak “Labartzari agur” Txillardegiren azken eleberria irakurrita.

Antton Ihartzegarai protagonistak bai, espetxetik irten ondoren Labartza ezaguturik borroka armatua aldeztuko du, lan politikoa alferrikakotzat joz, zizpoleta askabide bakartzat.

Alabaina, Txillardegi ez baita Antton Ihartzegarai.

Borroka armatuaren gaineko Txilladegiren iritziak ezagutzeko Txillardegik berak bere izenean idatzirikoa aztertzeak artezagoa dirudi, lehen begiratuan bederen. Gaur egun, Txillardegi Aralarren dabil. Eta borroka armatua ez zaio egokia iruditzen, ez arrazoi etikoengatik, baizik arerioari egiten diolako mesede.

Hala ere, bereizi beharra dago batetik jendaurrean esanikoa eta bestetik barne-muinetan joan eta etorri, goiti eta beheiti dabiltzan sentimendu uherrak, nork bere buruari aitortzeko ere gaitzak. Literatura azken hauen adierazpide izaten da. Halatan, Txillardegi bi genituzke gutxienez: bata “Berria”n eta “Gara”n izkribu koherenteetan borroka armatuaren aurkako argudioak garatzen dizkiguna eta bestea, sakonagoa, Antton Ihartzegarairen aldarteekin bat egiten duena.

Baina hori ez da aski, korapilo gehiago dago oraindik: idazlearen eta bere pertsonaien arteko harremana nahasia duzu, osotoro zehazten ezinezkoa, zaila da idazlea eta protagonista zeharo bat etor daitezen: idazleak falta zaiona erants diezaioke pertsonaiari, edo sobera, edo ez bata ez bestea; eredu gisa aurkez dezake, kontraeredu gisa, ez bata ez bestea; bere pertsonaiaren bidez nortasun zein politika jakin bat kritikatu nahi dezake, edo barregarri utzi, edo goraipatu. Ia edozein aukera mamitu du literaturaren historiak. Idazleak, gainera, beste edonork bezalaxe, sarritan ez du benetan zer nahi duen jakiten.

Zentzu honetan, kalte handia egin du Koldo Mitxelenaren iradokizunak “Peru Leartzako”ri egin zion hitzaurre eder bezain eztabaidagarrian, hots, Txillardegik Peru eredu gisa aurkeztu digula (Koldo Mitxelena, Euskal idazlan guztiak II, Liburuak 1, Euskal Editoreen Elkartea, 1988, 139 or.). Mitxelenaren froga ahula da: Peruk zein Txillardegik, biek darabiltela giltza-hitz gisa “sasi” aurrizkia.

Edozein gisaz, ez da ezinezkoa Txillardegiren sakonuneren batek bere irakurleok erotu eta hil nahi izatea, Leturia, Peru, Elsa, Exkixu, Putzu eta hein batean Ihartzegarairen galbidetik. Munstro hiltzaile bat ezkutatzen du beharbada Txillardegik, irakurlea herio hurbil izaten duten jarreretara bultzatzen duena.

Baina hori ez da Txillardegiren berezitasuna, baizik idazle eta gizaki guztion ezaugarria. Denok dugu alde suntsitzaile gogor bat atezuan, irteteko aukera egokiaren zain.

Baliteke ordea irrika hiltzaile unibertsal hori Txillardegik bere literaturan gauzatu izana. Irratian iaz gogoratu zuenez, frantses batek behiala “hila duzu maite” esan zion, “tu aimes le mort”. Zer pentsatua eman baitzion antigutarrari.

Baliteke, bai, bazitekeen, baina ez da izan. Txillardegik, nire uste apalean, ez Peru Leartzako ezta Antton Ihartzeagarai ere, ez dizkigu eredu gisa aurkeztu. Aitzitik, “Labartzari agur” aurreiritzirik gabe irakurrita, orain eta hemen borroka armatua aldeztea ezin dela patologia legez baino ulertu nabari da bertan, gizartefobia, eldarnioa, lokamutsa, iraganzalekeria, buruerrukia eta pitzadura orokorra nagusi dituen koadro kliniko batean.

mzap 2006/02/04

Heriozko trenera bultzatua

Redin irakaslea, krema koloreko trajez petrilean eserita, Davidek ezagutu zuen bezala ageri da "Soinujolearen semea"ko azken ametsean. Oroitu beharrekoa da halaber bere lankideek “Trenes” ezizena jarri ziotela, garai batean erdi erotu eta edozein tren hartzen baitzuen, eta gero lankideek arduratu behar zuten Redin bilatzeaz.

“Amets egin dut bart gizon xahar bat Iruaingo petrilean eserita zegoela. Krema koloreko trajea zeraman, eta gorbata gorri iluna. Laurogei bat urte jo dizkiot. “Zu zara eta! Zer egiten duzu hemen, Redin?”, esan diot bera zela konturatzean. “Zer nahi duzu egitea, David? Ez al duzu ikusten? Azken trenaren zain nago.” Itxura ona zeukala, uzteko azken trenaren kontuak 100 urte betetzen zituenerako. Betaurrekoak kendu eta zuzen begiratu dit: “Etsi beharra dago, David. Bestela, zer? Labana lepoan sentitu eta sokari tiraka hasten diren animaliak bezala jokatu behar al dugu?”. “Ez, hobe lasai itxarotea”, esan diot. “Horixe baietz! Begira! Hortxe dator nire trena.” Jiratu dut burua eta Obabako geltokia ikusi dut erdi ilunpetan, eta jende multzo isil bat andenean trenaren etorrera zaintzen. Bat-batean, geltokiko arduradunak besotik heldu dit: “Igo zaitez zu ere”. Larrituta, astindu bat eman eta besoa libratu dut: “Ez da nire trena! Redini laguntzera bakarrik etorri naiz”. (382-83 orr.)

Esnatu eta gezurra esango dio Davidek Mary Anni ametsari buruz: hartz baten aurka borrokan zebilela, bere artaldea babestearren. Hain zuzen, ametsaren balbe gaiztoaz babestu nahiko du Davidek, gezurraren bitartez, Mary Ann. Eta bat egingo du bide batez Don Pedro Galarretaren anaia hartzak hilikoarekin.

Amets hau egin eta egun zenbaiten buruan David hiltzear da, Don Pedro bezala. Bukatu dira ametsak, bukatu literatura. Auto barruan doa, gauez. Honez gero lagun batzuk hil dizkiote. Halako batean, badaki, autoa gelditu eta kanpora aterako dute: “zure txanda!”. Oso nabarmen adituko dira orduan ere kilkerren hotsak.

mzap 2006/02/03

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.

Azken erantzunak
begira nauzu asel, 2010/08/08
auzofikzioa markos zapiain, 2010/07/26
Fikzioa ASier Etxaniz, 2010/07/19
Ados eli, 2010/07/14
agian bigarren zatian markos zapiain, 2010/07/14
Etiketa lainoa
bermeo etakideen ametsak globalizazioaz irun kalakakoak liburuak eta idazleak