Artxiboa Martxoa 2008
Artistak eta hautu politikoa
Hautu politiko baten alde garbi egiten duen ospetsuak hiru erantzun mota eragin ditzake mireslearengan:
1-doala pikutara, nire mirespena eten eta itzaliko dut. Horrela erantzun zuen hainbatek adibidez Antonio Resines Ajuriaeneara bozgorailu batez Ibarretxeren aurka deiadarka agertu zenean. Maitasuna gorroto bilakatu zitzaien.
2-mireslearen ikuspuntua aldatzea, hain zuzen ospetsuaren adierazpenek erakutsiriko norabidean: abertzale nintzen, baina Resines unionista bada orduan ni ere bai.
3-bi mutur horien arteko aukera askotarikoak, esaterako hauek biak:
a) doala pikutara, diot orain. Baina poliki-poliki jarrera-aldaketa dator, eta hurrengo hauteskundeetan gogoeta berria: “ondo pentsatuta, Resinesek arrazoi zuen, adore handiz erakutsi dit argia, nire amorruaren gainetik egon da beti”.
b) edo bestela arrazoizkoena dirudiena: bereizi egin behar da batetik hautu politikoa edo jokabide etikoa eta bestetik kalitate artistikoa. Pedofilia salaketen eraginez Michael Jacksoni Walk of Fame-ko izarra kentzea ez da zuzena izan. Resines unionista da, eta artista gisa penagarria, hortaz doala pikutara.
Politikaria eta kultura gizona
Apika baten batek inoiz sinetsiko zuen "kulturak askatuko zaitu" eta gisakoetan. Politikariak sarritan idazlea, artista, ospetsua, berritsu ganorabakotzat dauka, hauteskunde kanpaina batean apaingarri gisa ondo eman dezakeena, baina erabaki serioak hartzeko orduan hobe ahal bezain urruti. Juan Ajuriagarra politikari petoa zen. Eta begira nola erabili zuen kultur jendea ataka estu batean (Saizarbitoriak kontatu du “Gorde nazazu lurpean” liburuan): Gerra zibilean, faxistak
Sukarrietara hurbiltzen ari zirela-eta, buruzagi jeltzaleek Sabino Aranaren
hezurrak bertako hilobitik atera zituzten ezkutuan. Ajuriagerrak EBBko buru Doroteo
Ziaurritzi kutxa bat eman zion, Sabinoren hezurrak zituela
esanez. Handik pixka batera, Ajuriagerrak kutxa hori Lapurdiko Betharramera
garraiatu zuen, fundatzailearen hezurrei lur emateko, Isaac Lopez de
Mendizabal, aita Donostia eta Alberto Onaindia artistak lagun zituela.
Ajuriagerrak esan zuen Mixel Garikoitzen hezurrak hango elizan daudelako
lurperatu zituztela bertan Sabinorenak. Euzkadi Buru Batzarreko egoitzan ere
behin baino gehiagotan errepikatu zuen jende askoren aurrean oso pozik
zegoela azkenean lortu zuelako Sabinoren hezurrak Lapurdin leku seguruan
ehorztea. |
Rex erectus est
Hedabideek zabaldu dutenez, mutil gazteak gero eta arinago doaz putetxera. Ematen du sexu harremana lehenbailehen gauzatuz sedukzioaren bide luzea aurreztu gura dutela. Nahiago dute ezetzaren arriskua uxatu eta sentimenduen zailtasunei ihes egin. Kantek zioen ezkontza funtsean bikotekidearen sexu organoak esklusibotasunez erabiltzea bermatzen duen kontratua dela. Gaurko gazteek eta Kantek antzeko jarrera antisentimentala erakusten dute.
Genitalitatearen eta ernalkinen garaipen osoa dugu hemen, eta ez da txiripaz Espainia bezalako Monarkia batean gertatu. Izan ere, gorputza ez da anabasa; politikoki dago antolatua. Haurtzaroan sexu indarra gorputz osoan gaindi dabil atzera eta aurrera, erdigune finkorik gabe, harik eta zenbait guduren ostean behin betiko antolakuntza erabakiko den arte, ernalkinen nagusitasuna. Erregea gorputz politikoaren ordezkari den legetxe, zakilak ere larrua jotzean herri osoaren ordezkaritza bereganatzen du, berez gorputz osoan joan-etorrian dabilen sexu indarra zakilan biltzen eta bermatzen baita. Zakila aztiaren makiltxo magikoa da, gorputz osoko erotismoa xurgatu eta bereganatzen duena (Sandor Ferenczi, Thalassa, 12 or.). Organo bakar baten tirania dugu hor gorputz osoaren gainean, atal batek osotasuna ordezkatu eta menperatu baitu.
Hain zuzen, gorputzaren antolaketa tiraniko hori, Norman O. Brown-en ustez, Monarkia Konstituzionalari dagokio (Love’s body, 126-129 orr.). Erregea herriaren tentetze politikoa da. Gorputz politikoan tentetzen den zakila da erregea. “Rex erectus est” esaten zuten erromatarrek: erregea eraiki egiten da, altxatu; orobat zakila. Erregeak koroa janztea eta zakilan kondoia jartzea bat datoz. Xalbadorrena poxi bat aldatuz, “herria da gorputza, monarka zakila”.
Kontuz ordea: orgasmoa frantziar iraultza baita, ahitu egiten du erregetza, aluko gillotinak burua ebaki dio monarkari. Ondorioz, zeharo genitalizaturiko gorputzaren jabeak ezin du eraman orgasmoaren osteko harremana, ez du sexukidearen kalaka jasateko aski kemen. Nekrofilo batek adierazi zuen nahiago zituela hildakoak biziak baino, hildakoek txorta ostean ez dizutelako kaka esplikatzen, “nire gurasoak rollo bat dira” eta hori guztia.
Zer ote zaio espainiar gazteari gogorrago, txorta aurreko sedukzio lana ala txorta osteko elkarrizketa? Beharbada biak berdintsu. Ez da ahaztekoa edozelan ere Norman O. Brown-en itxaropena: baliteke zakilaren erregetzan oinarrituriko giza gorputzaren egituratze politiko hori historikoa izatea, aldakorra. Menturaz etorkizunak antolaketa politiko-sexual guztiz berri bat ekarriko digu.
Errausketa-labea eta gorpuaren imitazionea
Errausketa-labeak bizilagunen osasuna kalte badezake, ulergarria da noski bilbotarren protesta. Baina ematen du hor heriotza gure bizitzatik egozteko joera modernoa ere badabilela bultzaka. Ordea, arazoa filosofia kontenplalariaren talaiatik aztertuz gero, zorte handia da, sakonki bizi nahi izatera bederen, hil behar dugula egunero gogoratzea. Betirako bagina bezala bizitzeko joera baitugu, joera tentela, eta etxe ondoan errausketa-labe bat edukitzeak tentelkeria hori ziplo senda diezaguke. Bizitzeaz hiltzen gara, zioen Axularrek, eta hiltzeaz bizitzen.
Labean errausten ari diren lagun horiek bezalaxe hilko naiz ni ere, ezinbestez. Mugatua dut bizialdia. Hori kontuan hartuta, nola antolatu nire bizitza? Zer egin eta nola bizi, hiltzeko orduan “kaka zaharra” deitoratu behar ez izateko?
Gure gizarteek herio usaineko edozer ezkutatu eta kanporatzen dute. Berriki arte, zaharrak etxean zeuden, eta itzaltzen zihoazen bitartean bizitza biloben bitartez berritzen ikusten zuten. Ontsa hiltzeko bide bat zen. Aldiz, orain, zahar-etxeetan, bertakoak elkartzen dituen bakarra da berehala hil behar dutela. Horregatik dute zahar-etxe askok beilatoki eta are errausketa-labe kutsu nabarmena. Jakina, bizimodu modernoak ez du besterik ahalbidetzen. Baina batak ez du bestea kentzen.
Azken batean, hilak bizitzen uzten dizu. Biziak gara arriskutsuak, bizitzen uzten ez dugun heinean. Lasaiago biziko zara errausketa-labearen gainean modako tabernaren gainean baino. Hilak ez dira inperialistak. Aitzitik, alderdi politikoak eta ehiztariak biolatzaile akustikoak dira, beren propaganda eta tiro kirrinkariak sufritzera behartzen zaituzte. Biziok, etikoki hobetzekotan, hildakoak imitatu beharko genituzke.
Arnasa guduak
Honezkero ez gara atmosferaz fio: besteak beste, horrek bereizten gaitu orain dela gutxi arteko gizakiarengandik. Aberatsek aire garbia erosten dute, tabernetan oxigenoa eros eta arnas dezakezu, Michael Jacksonek maskaren bidez babesten du bere burua kutsaduratik. Von Weiszacker fisikariak bunker bat egin zuen lorategian, balizko erradiazioetatik babesteko.
Dirudienez, eguraldi aldaketan, zergatiko ezezagunez gainera, militar esperimentu batzuek ere izan dute eragina.
Hurrengo datuak ez ditu Hugo Chavezen lehengusu batek jakinarazi, baizik Peter Sloterdijk filosofoak, liberalek ondo hartzen dutena, Finkielkrautekin primeran konpontzen dena… Ez da susmagarria, Garzonek ez luke espetxeratuko.
“Temblores de aire” liburuan Sloterdijkek dio Pentagonoaren inguruko zazpi ofizialek 1996an txosten bat aurkeztu zutela, 2025rako metereologiaz jabetzea helburu. Ekaitzak nahita aldatu eta gogortzeko aukera aipatzen zuten, etsaien lurraldeetatik euria desagerrarazi eta sikateak artifizialki eragitekoa.
Halaber, 1993az geroztik uhin elektromagnetikoen bidez ere eguratsarekin olgetan dabiltza AEBk. Alaskan antena piloa jarri dute, ionosferara izpi elektromagnetikoak etengabe jaurtitzen ari. Egia da klima-hondamendiak eta lurrikarak bideratzen lagun dezaketela, agintarien propagandak azpimarratu duenez. Baina iskilu tele-energetiko gisa ere erabil litezke.
Zenbait berezilarik Alaskako esperimentu horiek eta Arizonan gertatu diren elur eta laino ekaitz estrainio batzuk lotu dituzte, eta argitu gabeko beste hainbat fenomeno metereologiko.
Yankien inperialismo militarista dabil gaur egun gailen, baina sobietarrak ere ibili ziren airearekin lardaxkan. 1982 eta 83an “turalemia” izeneko bakterioarekin esperimentuak egin zituzten.
Aral itsasoko uharte mortu batera ehunka zimino ekarri zituzten Afrikatik. Zutoinetara lotu eta turalemiazko airea arnastera behartu zituzten.
Sobietar zientifikoak poz-pozik gelditu ziren emaitzarekin: ziminoei aurretik txerto babesle bat jarri zieten arren, turalemia arnastu ondoren ia denak hil ziren.
Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo
Euskal Herrian eguraldia iragartzen dutenek etorri handia eta hitzaren grazia izaten dute: Onintze Salazar, Pitika, Pello Zabala, Urko eta Andoni…
Iñaki Segurolak Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo saiakeran dio bizitza erdia euskarazko izkribuei begira eman duela, eta bere ustez aspaldiko esaldirik ederrena Joxe Landak 1998ko San Juan Bezperan Egin egunkarian argitaraturikoa dela: “Kosta laino txepel batzuk agertuko dira, nora mugitu asmatu ezinik”.
Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo horretan bada halaber Segurolak berak idatziriko hainbat eta hainbat esaldi eder. Amaiera aldera, hauxe: “Eguraldiari begira bizi gara, denboraren tximistatik ihesi”.
Alegia, hiltzeko eguraldirik inoiz egiten ez duelako mintzo gara horrenbeste eguraldiaz: gizakion denbora tximista da, zuzenean lurperatuko gaituen lerro zuzena. Aldiz, biribila duzu eguraldiarena, badoa eta badator, eta gu desagertzean ere hortxe geldituko da jira-biraka. Igogailuan eguraldiaz solasean, azpitik adierazten duguna da gu ezinbestean joango garen arren ezagutzen dugun zerbaitek bederen jarraituko duela, den-dena ez dela bukatuko, nolabait guri ere dagokigun urtaroen joan-etorriak iraungo duela.