Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Errausketa-labea eta gorpuaren imitazionea

Errausketa-labea eta gorpuaren imitazionea

Markos Zapiain 2008/03/06 18:43

 

Errausketa-labeak bizilagunen osasuna kalte badezake, ulergarria da noski bilbotarren protesta. Baina ematen du hor heriotza gure bizitzatik egozteko joera modernoa ere badabilela bultzaka. Ordea, arazoa filosofia kontenplalariaren talaiatik aztertuz gero, zorte handia da, sakonki bizi nahi izatera bederen, hil behar dugula egunero gogoratzea. Betirako bagina bezala bizitzeko joera baitugu, joera tentela, eta etxe ondoan errausketa-labe bat edukitzeak tentelkeria hori ziplo senda diezaguke. Bizitzeaz hiltzen gara, zioen Axularrek, eta hiltzeaz bizitzen.

Labean errausten ari diren lagun horiek bezalaxe hilko naiz ni ere, ezinbestez. Mugatua dut bizialdia. Hori kontuan hartuta, nola antolatu nire bizitza? Zer egin eta nola bizi, hiltzeko orduan “kaka zaharra” deitoratu behar ez izateko?

Gure gizarteek herio usaineko edozer ezkutatu eta kanporatzen dute. Berriki arte, zaharrak etxean zeuden, eta itzaltzen zihoazen bitartean bizitza biloben bitartez berritzen ikusten zuten. Ontsa hiltzeko bide bat zen. Aldiz, orain, zahar-etxeetan, bertakoak elkartzen dituen bakarra da berehala hil behar dutela. Horregatik dute zahar-etxe askok beilatoki eta are errausketa-labe kutsu nabarmena. Jakina, bizimodu modernoak ez du besterik ahalbidetzen. Baina batak ez du bestea kentzen. 

Azken batean, hilak bizitzen uzten dizu. Biziak gara arriskutsuak, bizitzen uzten ez dugun heinean. Lasaiago biziko zara errausketa-labearen gainean modako tabernaren gainean baino. Hilak ez dira inperialistak. Aitzitik, alderdi politikoak eta ehiztariak biolatzaile akustikoak dira, beren propaganda eta tiro kirrinkariak sufritzera behartzen zaituzte. Biziok, etikoki hobetzekotan, hildakoak imitatu beharko genituzke.

Gari
Gari dio:
2008/03/25 11:37

Informaziorako bakarrik: izango dira pare bat urte Zumalabe erretegia itxita dagoela eta bere tokian hotel txiki bat jarri dutela: Zumalabe hotela, Mutriku.

oier g
oier g dio:
2008/03/19 01:26

Badakitt iguak hire erreflexiñuakin bat ez dala etorriko, baiña Mutrikun, Zumalabe erretegixan gaiñian Tanatorixo bat jarri juek. Oin, okela erre usaiña sentitzian ez dakizu zer pentsau: "mmm, txuleta bat jango neuke" ala...

Antzera gertatzen dok Cabrales gaztaia eta hanka usaiñakin.

Josu
Josu dio:
2008/03/25 09:52

Azkeneko esaldi hori gordegarria benetan!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.