Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo
Euskal Herrian eguraldia iragartzen dutenek etorri handia eta hitzaren grazia izaten dute: Onintze Salazar, Pitika, Pello Zabala, Urko eta Andoni…
Iñaki Segurolak Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo saiakeran dio bizitza erdia euskarazko izkribuei begira eman duela, eta bere ustez aspaldiko esaldirik ederrena Joxe Landak 1998ko San Juan Bezperan Egin egunkarian argitaraturikoa dela: “Kosta laino txepel batzuk agertuko dira, nora mugitu asmatu ezinik”.
Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo horretan bada halaber Segurolak berak idatziriko hainbat eta hainbat esaldi eder. Amaiera aldera, hauxe: “Eguraldiari begira bizi gara, denboraren tximistatik ihesi”.
Alegia, hiltzeko eguraldirik inoiz egiten ez duelako mintzo gara horrenbeste eguraldiaz: gizakion denbora tximista da, zuzenean lurperatuko gaituen lerro zuzena. Aldiz, biribila duzu eguraldiarena, badoa eta badator, eta gu desagertzean ere hortxe geldituko da jira-biraka. Igogailuan eguraldiaz solasean, azpitik adierazten duguna da gu ezinbestean joango garen arren ezagutzen dugun zerbaitek bederen jarraituko duela, den-dena ez dela bukatuko, nolabait guri ere dagokigun urtaroen joan-etorriak iraungo duela.