Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Rex erectus est

Rex erectus est

Markos Zapiain 2008/03/11 12:36

 

Hedabideek zabaldu dutenez, mutil gazteak gero eta arinago doaz putetxera. Ematen du sexu harremana lehenbailehen gauzatuz sedukzioaren bide luzea aurreztu gura dutela. Nahiago dute ezetzaren arriskua uxatu eta sentimenduen zailtasunei ihes egin. Kantek zioen ezkontza funtsean bikotekidearen sexu organoak esklusibotasunez erabiltzea bermatzen duen kontratua dela. Gaurko gazteek eta Kantek antzeko jarrera antisentimentala erakusten dute.

Genitalitatearen eta ernalkinen garaipen osoa dugu hemen, eta ez da txiripaz Espainia bezalako Monarkia batean gertatu. Izan ere, gorputza ez da anabasa; politikoki dago antolatua. Haurtzaroan sexu indarra gorputz osoan gaindi dabil atzera eta aurrera, erdigune finkorik gabe, harik eta zenbait guduren ostean behin betiko antolakuntza erabakiko den arte, ernalkinen nagusitasuna. Erregea gorputz politikoaren ordezkari den legetxe, zakilak ere larrua jotzean herri osoaren ordezkaritza bereganatzen du, berez gorputz osoan joan-etorrian dabilen sexu indarra zakilan biltzen eta bermatzen baita. Zakila aztiaren makiltxo magikoa da, gorputz osoko erotismoa xurgatu eta bereganatzen duena (Sandor Ferenczi, Thalassa, 12 or.). Organo bakar baten tirania dugu hor gorputz osoaren gainean, atal batek osotasuna ordezkatu eta menperatu baitu.

Hain zuzen, gorputzaren antolaketa tiraniko hori, Norman O. Brown-en ustez, Monarkia Konstituzionalari dagokio (Love’s body, 126-129 orr.). Erregea herriaren tentetze politikoa da. Gorputz politikoan tentetzen den zakila da erregea. “Rex erectus est” esaten zuten erromatarrek: erregea eraiki egiten da, altxatu; orobat zakila. Erregeak koroa janztea eta zakilan kondoia jartzea bat datoz. Xalbadorrena poxi bat aldatuz, “herria da gorputza, monarka zakila”. 

Kontuz ordea: orgasmoa frantziar iraultza baita, ahitu egiten du erregetza, aluko gillotinak burua ebaki dio monarkari. Ondorioz, zeharo genitalizaturiko gorputzaren jabeak ezin du eraman orgasmoaren osteko harremana, ez du sexukidearen kalaka jasateko aski kemen. Nekrofilo batek adierazi zuen nahiago zituela hildakoak biziak baino, hildakoek txorta ostean ez dizutelako kaka esplikatzen, “nire gurasoak rollo bat dira” eta hori guztia.

Zer ote zaio espainiar gazteari gogorrago, txorta aurreko sedukzio lana ala txorta osteko elkarrizketa? Beharbada biak berdintsu. Ez da ahaztekoa edozelan ere Norman O. Brown-en itxaropena: baliteke zakilaren erregetzan oinarrituriko giza gorputzaren egituratze politiko hori historikoa izatea, aldakorra. Menturaz etorkizunak antolaketa politiko-sexual guztiz berri bat ekarriko digu. 

Asel Luzarraga
Asel Luzarraga dio:
2008/04/03 13:28

Beti uzten naute aho bete hortz zure hausnarketek. Kasu honetan, gainera, zalantza hori utzi dit: anarkistoi gorputz osoan barreiatuta dabilen sexualitatea edonon eta edozelan agertzea dagokigu? Agian horrexegatik erakarri ninduen anarkiak, jakin barik ere!

markos zapiain
markos zapiain dio:
2008/03/12 18:56

lanean beranduago hasi beharra, derrigorrezko hezkuntza lehen 14 urte arte bazen orain berriz 16 arte luzatu izana, oso kaltegarria izan da irakaskuntzan/ 14-15 urteko ikasle mordoa dago lehenbailehen lanean hasteko irrikaz, baina legeak eragozten die/ sarritan edozer egitera iristen dira ikastetxetik kanpora ditzaten/ adin hori berez da korapilatsua eta horrelako batzuk ikasgelan tokatuz gero, akabo

Amatiño
Amatiño dio:
2008/03/12 02:26

"...mutil gazteak gero eta arinago doaz putetxera". Eta eskolara... kalera... tabernara... gau-pasatara... bidaitara... kontsumora... inoren diruak gastatzera. Beranduago, ordea, lanera eta euren buruaz jabetzera. Eta ez nuke balorazio moralik egin nahi, ohiturak azaldu baino.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.