Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Dantzing

Iritsi da Ekain!

oier_a 2007/09/12 22:59


Kostata, eta aurreikusitako data baino hamabi egun beranduago, irailaren 7an, Arrate bezperan jaio da Ekain. Erditzea gertaera gogorra bezain ederra da. Badira gizonezko batzuk beraiei ere haurdun geratzea eta erditzea gustatuko litzaikeela esaten dutenak, eta nik benetan Ainhoak oraingoan ere nolakoak pasa dituen ikusita zalantza handiak ditut. Gogorra iruditu zitzaidan erditzea, oso gogorra. Eta Ainhoa ausarta eta indartsua!

2007-09-10_Ekain 001

Errazagoa da dantza egitea

oier_a 2007/07/27 10:01

Argia, 2007-07-29

San Fermin eguna da, eta ez gaude ez Iruñean ez Lesakan, baina dantzan ari gara. Miranda do Douron gaude, Portugalen, makila-dantzen nazioarteko jaialdi batean. Miranda inguruko pauliteiroak eta Zamorako paloteoak dira nagusi jaialdian, eta gu urrutitik iritsitako euskaldun exotikoen papera egitera etorri gara. Gure emanaldia bukatu eta zenbait ikusle hurbildu zaizkigu egin ditugun dantzei buruz galdezka. "Zer esan nahi du egin duzuen ezpata-dantzak? Guda-dantza bereziren bat al da?" galdetu dit batek. "Emankortasunarekin zerikusirik al du?" besteak.

Portugalera joan gabe ere, ezkontza batean dantza eginez gero ohikoa da gonbidatuetako bat hurbiltzea eta "aizu, azalduko al diozu gure Albaceteko lehengusuari zer esan nahi duen aurreskuak?" Gure dantzek esanahai magiko eta mistikoen gordailu direla sinestarazten lan handia egin dugu dantza taldeetatik. Are gehiago, tradizionalari exotikoa gehitzen badiogu musika zelta egiten dutela dioten zenbait talderen iruditeria osoa martxan daukagu: errito paganoak, sinbolo ezkutuak eta arte primitiboaren superbibentziak.

Ez dut ukatuko superbibentziarik dagoenik gure dantzetan. Ensaioak gogorrak dira, izerdia majo isurtzen dugu, makilakadek minberak uzten dituzte hatzak, eta koreografiaren joan-etorriak sasi artean galtzen direnean, oxigenoa urritzen hasten da burmuinetan eta esku eta oinen koordinazioak kale egiten du. Heroiek bakarrik segitzen dute aurrera, superbibienteek.

Zahar itxura badute ere, erne, XXI. mendeko gizartearen eta kulturaren emaitza dira gure dantzak. Bai, tradizio zaharren ondorengoak dira; ustez behintzat, zenbait kasutan, aspalditik datozen tradizioak dira. Egia esan gehienak egozten dieguna bainodezente berriagoak dira, baina hori beste baterako utziko dugu. Geniona, aspaldiko tradizio batzuen ondorengo ditugu zenbait dantza, etengabe egokitzen eta eraldatzen joan arren, zahar itxurako osagai batzukin funtzionatzen jarraitzen dutenak. Baina egungo gizartean ekoiztu eta kontsumitzen dira, beraz, egungo kulturak eragiten die, beste edozeini bezala. Eta esanahiak ere egungo jardueran eman nahi dizkiogunak ditu. Zer esan nahi duen ezkonberriei egindako aurreskuak? Ba norbaitek ordaindu duela hori egiteko. Ados, horrelako gordin esatea ez da batere erromantikoa. Izan daiteke dantzariak lagun dituela eta horrela zoriondu nahi izan dituela ezkonberriak. Besterik ez? Bai, noski, bakoitzak erantsi nahi dion guztia. Eta erantsi nahi ez diona ere bai.

Ideia eta kontzeptu abstraktuak eraiki eta komunikatzeko erabiltzen dugun funtsezko tresna  azaleratu ziguten Lakoff eta Johnson-ek: metafora. Hizkuntza bidezk komunikazioa metaforaz josita eta metaforen gainean eraikita badago, dantza komunikazioa sinbolikoa da goitik behera, eta metaforan hezurmamitzen da bere adierazteko gaitasuna.

Beste garai batzuetan sortu eta eraldatu zituzten arrazoi eta esanahiak fosilduta aurki litezke tradiziozko dantzetan. Koreoarkeologia jarduera erakargarria da eta emaitza irudimentsuak eskaintzean ditu, gure historiara hurbiltzeko aukera ematen digu\neta aurrera egiteko bideak irekitzen dizkigu. Asko gara horrelakoekin gozatzen dugunak. Ruperrek kantatzen duen bezala "Nik ere, gauza orotarik, gauza erabiliak ditut gehien maite" Baina orain eta hemen dantzatzen denak, orain eta hemen du zentzua eta esanahia, eta horixe da biziarazten duena. Ez da erronka makala hori hitzetan jartzea, alegia, 2007an ezpata-dantzan ari garenean, zer adierazi nahi dugun eta, ikusleak zer ulertzen duen hautematea eta hitzen lengoaiara ekartzea. Errazagoa da dantzan aritzea.

Ihesean korrika doan elefante taldea

oier_a 2007/07/23 12:07

Aritz Ibañez-ek egin didan elkarrizketa argitaratu da asteburuan Berriako kontraportadan. Udako elkarrizketa fresko horietako bat izan nahi zuela esan zidan, eta saiatu nintzen erantzunetan serioegi ez aritzen. Orain elkarrizketa irakurrita konturatu naiz galdera batzuetan nahiko serio erantzun dudala. Baina nire erantzunetan nire burua neure esanekin kontraesanetan harrapatu dut, eta poztu naiz, horrelakoa naizelako finean, kontraesanez betea.

«Ihesean korrika doan elefante talde baten modukoa da euskal dantza tradizionala» agertu da nire ahotik ateratako titularra (Ez dakit Aritzek ala Berriako erredakzioan aukeratua). Zalantzak ditut metaforarekin ondo asmatu dudan. Indartsu, eroantzean korrika, baina norabide argirik gabe ari den sektorea irudikatu nahi nuen adibide horrekin. Bisonte estanpida nuen buruan eta elefanteena atera zitzaidan.

Neurri batean behintzat adibideak nahiko ondo erantzuten dio nire asmoari, baina gero konturatu naiz badagoela ezaugarri bat ez dela nik nahi beste nabarmenduta geratu. Nire irudimenean sortutako elefante ihes horretan bakoitza norabide batean doa, batzuk aurrerantz, beste batzuk atzerantz, beste batzuk eskumaruntz... Eta harrotzen duten hautsaren eraginez ez dute ikusten taldean jarraitzen duten korrika ala bakarrik doazen.

Izarren anaiarentzat izen bila

oier_a 2007/07/02 17:52

Abuztu bukaerarako iragarri du Izarren anaiak bere etorrera. Zein izen jarri pentsatzen ari gara baina ezin erabaki gabiltza. San Bartolome jaietarako jarrita du data, eta lehen aukera Bartolo izan da, baina proposamenak ez du babes handirik jaso eta baztertu egin dugu.

Orain Ainhoak hiru proposamen egin ditu, eta Izar eta biok hiruen artean aukeratu ezinda gaude. Hauek dira hiru hautagaiak: Iker, Ekain eta Unai.

Ah, bai, mutila izango omen da. Omen diot, gaurko ekografian ginekologoak ez diolako zerako zera hori ikusterik lortu. Edo lotsatia da (aita bezala, ni ere aukeran saiatzen naiz jendaurrean ez erakusten) edo txikia dauka (hemen aitarekin ez dut konparaketarik egingo).

Bueno, baina izenari buruz zer? Iritzirik, bozketarik?

Aurreskuaren bertsio ingelesa

oier_a 2007/06/27 10:42

Ingalaterran bizi den lagun batek, Nereak, erakutsi dio bertako lagun ingeles bati gure dantzen bideo bat. Agurra dantzatzen ageri da dantzaria, gure ustez elegante asko. Michael bideoa ikusten hasi da eta berehala barrezka hasi da. "Aizu, hau gauza serioa da, hau aurreskua da!" esan dio Nereak, baina Michaelek ezin barreari eutsi. "Guk ere badaukagu aurreskuaren bertsio ingelesa" erantzun dio: "The English version of your sacred dance!" Hara hemen:


Etzaio arrazoirik falta Nerean lagunari. Gure seriotasunean, gure hieratikotasunean eta ariketa gimnastiko lehor horiek egiterakoan jartzen dugun traszendentzia keinuan, Monty Python bera imitatzen ari garela dirudi. Edo bera ari al da gu imitatzen?

Jaietako biharginak eta Wifia

oier_a 2007/05/24 10:11

Astelehenen goiza, Beasain, Loinaz jaiak. Goizeko prozesioa eta ezpata-dantza ikustera joan naiz. Prozesioa pasatzen ari zen kalean, eta espaloian, bi ijito globo saltzaile lanetan. Berriketa batean ari ziren eta burua jiratu dut. Sorpresa! Portatila zakarrontzi gainean jarrita serio demonio ari ziren ordenagailuan batak besteari azalpenak emanez. Wifi-rik izango al zuten?

2007-05-21_Beasain-Loinaz-OA_21

Handituta daukat atzamarra

oier_a 2007/05/18 09:24

Ederra eman dit Enrikek. Gainera, aurreko astean Malen-ek eman zidan toki berean. Handi-handituta daukat atzamarra. Ez dakizue zeinen minbera den horrelako makilakada bat aurrekoak jo zuen hatz berean jasotzea. Eta ez dago ihes egiterik. Dantzariak emozionatuta dabiltza eta itsu-itsuan botatzen dute kolpea.

Aspaldiko lagun batek deitu dit. Ezkontzera doa eta dantzariak nahi ditu. Salamancako lehengusuak kontura daitezela zein desberdinak diren gure dantzak, gure ohiturak, gure kultura... Besteengandik bereizteko erabiltzen dugu maiz folklorea. Folklore jaialdietara exotismo eta arroztasunaren bila jotzen dugu. Eta atzerrian gaudenean gure nortasunaren bereizgarri direla uste dugun topiko folkloriko guztiak erabiltzen ditugu. Japoniara bazoaz lanera, hasi prestatzen txapela, gerrikoa eta ezpata-dantzari kit osoa, hilabete baino lehen arituko baitzara herrikideren baten ospakizunean dantzan. Bost axola ordura arte sekula santan dantza kontuetan inolako interesik izan ez badu ere.

Munduko herri guztiek uste dute beren dantzak bakarrak direla munduan, erabat desberdinak eta bereziak. Eta euskal dantzak zer esanik ez. Jatorri ezezaguneko hizkuntza prehistoriko eta misteriotsua dugunez, dantzak ere horren parekoak, desberdinak, ez-ohikoak, arraroak...

XX. mende hasieran zenbait ikertzaile ingeles konturatu ziren uharteko dantzen antzekoak zeudela kontinentean. Hemen ere ohartu ziren batzuk horretaz. Ingalaterrako Morris talde bat aurrez aurre ikustea nahikoa izan zen horretarako. Sei-zortzi dantzari, alkandora eta praka zuriak, txintxarriak belaun azpian, kolore bizitako apaingarriak gerri eta bularrean. Ezpatekin Markinan eta Legazpiko ezpata-dantzetan egiten diren mugimendu koreografikoen antzekoak egiten dituzte. Makila txikiak dantzatzen dituzten zortzi lagunez osatutako taldeak Europako mendebaldeko eremu zabal batean aurki ditzakegu. Horietako batzuk bilduko dira datozen egunetan Iruñean eta Eibarren. Bata bestearengadik bereizten dituzten ezaugarriei begiratuko diegu, baina ziur asko harrigarriena, hain txoko desberdinetatik etorri, eta denak dantza-familia berekoak direla ikustea izango da.

Mende bete daramate ikertzaileek Ingalaterrako morris dantzek, Errumaniako Calusarien dantzek, Alemania, Austria eta Flandesko ezpata-dantzek, Kataluniako Ball de Bastons-ek, euskal dantzek eta bestek elkarren artean dituzten antzekotasunen arrazoiak aurkitu nahian. Frazer-ek lurraren emankortasunari begira jarri zituen ikertzaileak, eta harrezkero bide oparoa egin du interpretazio bide horrek dantzarien artean -ikertzaileen artean baino gehiago-. Horren arabera, Otsagabiako dantzariek modorro dantzan makilekin lurra jotzen dutenean Ama Lurra iratzarri nahi dute, loratu eta uzta ederra eman dezan.

Azken urteetan baztertzen joan dira horrelako interpretazioak, eta are gehiago John Forrest-ek morris dantzen historia idatzi duenetik. Ikuspuntu historizista zorrotza aplikatuz, morris dantzen agerpenaren eta bilakaeraren kontakizun borobila osatu du Forrest-ek, eta narrazio mitikoentzat zirrikitu gutxi utzi du. Baina dantza horien sorrerak berak ilun dirau. Norabide horretara bideratu ditu indarrak azken urteetan Juan Antonio Urbeltz-ek, eta haren azalpen proposamena harrigarria gertatu da. Nekazarien arerioengan, zomorro eta intsektuengan, jarri du begirada, eta Europako mendebaldeko hainbat dantza intsektuen erasotik babesteko konjuruak izan daitezkeela proposatu du.

Denborak eta ikerketa berriek argitu beharko digute zergatik aurkitzen ditugun horrenbeste antzekotasun Bacup, Terrassa, Miranda de Douro eta Abaltzisketako dantza tradizionalen artean. Bitartean, horiek ikusten eta dantzatzen gozatzen jarraituko dugu; bakarrak eta konparaezinak nahiz ohikoak eta arruntak, dantza plazer delako beti. Atzamarreko kolpeentzat ura eta gatza omen da ona.

Zergatik idazten dugun ‘makila-dantza’

oier_a 2007/05/10 13:04

Dantza jaialdi bat antolatzen ari gara datorren maiatzaren 19 eta 20ko astebururako. Iaz ezpata-dantzen inguruan aritu ginen bezala makila-dantzen inguruan ibiliko gara aurten. Jaialdiaren inguruko xehetasunak horretarako propio sortutako blogean aurkituko dituzue, baina jaialdiaren izenburuak eta gaiak eragindako hizkuntza eta termino gogoetak, eta horiei emandako erantzunaren arrazoiak bildu ditut hona.

Makila-dantzak  eta makil dantzak; dantza eta hizkuntza kontuak nahasian edo zergatik idazten dugun ‘makila-dantza’

Euskaraz azken urteotan ‘makil dantza’ da gehien zabaldu den izena, halaxe jasotzen baitu Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak. Baina ‘makil dantzak’ berdin balio du makila handiekin (Durangaldeko dantzari-dantzan edo Gipuzkoako brokel-dantzan adibidez) egindako dantzak izendatzeko, zume luzeekin (Zuberoako makil-dantza adibidez) egindako dantzak aipatzeko, edo makila txikiekin (brokel-dantzetakoak, Lapurdiko inauterietakoak, e.a.) egindakoak izendatzeko.

Gazteleraz ‘paloteados’ edo ‘paloteos’ eta katalanez ‘ball de bastons’ aipatzen denean makilekin egiten diren dantzak direla esateaz gain genero berezi bateko dantzak direla adierazten da, talde osaketa, janzkera eta makilen tamaina (txikiak) zehatz bat izendatzen ari dela ematen da aditzera.

Bestalde, makila hitzak azken ‘a’ hori ez du galgarria eta ‘makilakada’, ‘makiladun’, ‘makilaka’, jasotzen ditu Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak, azken ‘a’ galdu gabe. Beraz, hizkuntzaren aldetik ‘makil dantza’ salbuespen litzateke.

Horrez gain, hitz elkartuen idazkerarako irizpideak ezarrita baditu ere Euskaltzaindiak, dantzen izendapenetan ez dago batasunik eta Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan bertan idazkera desberdinak agertzen dira dantza batetik bestera:

  • Elkartuta eta marratxo gabe: sokadantza
  • Marratxoarekin: brokel-dantza, dantza-soka.
  • Banatuta: makil dantza
  • Marratxoarekin zein banatuta idazteko aukera emanez: ezpata(-)dantza, sorgin(-)dantza, mutil(-)dantza,...

2001. urtetik ari gara Dantzan.com-en egunero-egunero dantzari buruz euskaraz idazten, eta beharraren-beharraz eta Euskaltzaindiak eskainitako irizpideak eta aukerak kontuan hartu ondoren, dantza izenak idazteko eredu bat adostu genuen. “dantza” izenarekin sortutako hitz elkartuak marratxoarekin idaztea erabaki genuen, eta irizpide hori aplikatzen ari gara: soka-dantza, ezpata-dantza eta brokel-dantza.

Hori guztia kontuan hartuta ‘makila-dantza’ hautatu dugu nazioarteko dantza jaialdi honetarako. ‘Makila-dantza’ izendapenarekin gainontzeko ‘makil dantzetatik’ bereiztu, eta ‘paloteado’ edo ‘ball de bastons’-en familiako dantza bat adierazten ari garela azpimarratu nahi dugu, eta beraz, mota horretako dantzak bilduko ditugula jaialdi honetara.

Garizumaren ziabogan

oier_a 2007/03/30 15:41

Argia, 2007-04-01

Zumarragara ezpata-dantza egitera azkenekoz gonbidatu zutenean, 61 urte zituen. Azkenekoz diot, baina ez dakit aurretik gonbidatu ote zuten, dakidana da gehiago ez zutela gonbidatzerik izan. Jose Antonio Olanok Antioko baselizan egin zuen bere azken dantza saioa. Iztuetaren ikasle izana, gaztetan airean bi buelta egiteko gai omen zen. Ezpata-dantza egin eta Olanok berak izan zuen soka-dantzan bakarlari aritzeko ohorea. Parean Francisco Olaran zuen, dantzari bikaina eta… bera baino dezente gazteagoa. Aurreskuaren eta atzeskuaren arteko desafioan bere onenak eman zituen Olanok. Barruak hausteraino itxura denez. Dantza bukatu eta gaizki sentitu zen, etxera joan, ohean sartu eta bederatzi egunen buruan, 1882ko uztailaren 11n hil zen Jose Antonio Olano.

Marc Hanssens Antwerpenen bizi da. Ondare historiko-artistiko aberatsa, portu erraldoiaren inguruko merkataritza eta modako azken joerak biltzen dituen hiri ederrean hiritar arrunta da Marc Hanssens, baina badu ohitura berezi bat. 2006-05-27-Ezpdantz-FelipeLoyola_491 Urtero, garizuma erdian izaten da. 1971n egin zuen estraineko saioa, eta ordutik 36 urtetan ez du kalerik egin Der Antwerpener Schwerttanz delakoan. Orain egun batzuk egin du berriz. Inauteri eta Aste Santu bitartean, garizumaren ziabogan izaten da data.

Marc Hanssens eta beste 24 lagun alkondara eta praka zuriz jantzi dira, belaun azpian kaskabiloak zintzilikatu dituzte, ezpata bana hartu eta goizeko lehen orduan elizaren aurrean elkartu dira. Ezpatak elkarri eman eta danborraren erritmora dantzan hasi dira; goiz osoa eman dute Antwerpen hiri zaharraren kaleetan gora eta behera, ezpata-dantzan. Markina izan zitekeen. Edo Deba, edo Zumarraga, edo Lesaka... Baina Anberes da, eta eliza baino katedrala da aurrean dutena. Gutxienez XV. mendetik dantzatu dira ezpata-dantzak Flandesen. Euskal Herrian ere hor ingurukoak ditugu datu zaharrenak. Estrofa zahar batean jaso zuen norbaitek: “Carlos quintoren baratzan Aquerrac espata dantzan”.
 
Antzekotasun izugarriak dituzte Flandeseko eta Euskal Herriko ezpata-dantzek. Jantzi zuriak, gerriko eta apaingarri koloretsuak, txintxarriak belaunazpian, eta ezpatak eskuan. Ezpatak elkarri emanez taldea osatzeko modua ere antzekoa da. Flandesen eta Euskal Herrian egiten dira mota horretako ezpata-dantzak, baita Kantabrian, Galizian, Alsazian, Tirolen, Txekian, Silesian, Transilvanian, Gaztelan, Katalunian, Valentzian, Portugalen, Eskozian eta Ingalaterran ere.
 
Marc Hanssens-ek harrotasunez kontatzen ditu 2006-05-27-Ezpdantz-FelipeLoyola_715 garizuma erdiko ospakizunean ezpata-dantza eginez daramatzan urteak. Bera da egungo taldeko beteranoena, eta hori ohoretzat du. Gazteek begirunez ikusten dituzte adineko ezpata-dantzariak. Ez dute gazteen sasoirik, baina gazteek badakite beteranoekin asko dutela ikasteko.
 
XX. mende hasieran izan ziren aguretzen hasitako aurreskularien norgehiagoka batzuk. 1912an, Zarauzko Euskal Jaietan, Manuel Txapartegi Amuña atera zen plaza erdira bere dantzari trebetasunak erakustera. 70 urte zituen. Iurretan, bost urtetik behin egiten den Urrijena jaian, plazerra izaten da 50 eta 60 urtetik gorako gizonak dantzari-dantza eta erregelak egiten ikustea. Ez dut ahazteko orain urte batzuk Garaiko adineko gizon talde bat dantzan ikusi nuenekoa. Eta aldian behin, hunkigarria izaten da 70 urteak urruti ez dituen Kepa Artetxe galdakaorra dantza soltean ikustea. Gatza eta piperra zer den erakusten du aititek. Nik 35 urte bete ditut oraintsu. Nire garizumaren ziabogan ote nago? Badauzkat urte batzuk aurretik dantzan hobetzen eta gozatzen jarraitzeko.

Dantzen bilakera desberdinak

oier_a 2007/03/16 11:57

Argentinako euskal etxeetan hainbat euskal dantza egiteko molde desberdinak darabiltzate. Gerra Zibilaren ondoren iritsi ziren dantza eredu batzuk bertara, eta eredu haiekin jarraitu dute lanean gaurdaino. Euskal Herrian ordea dezente aldatu ziren kontuak 60-70ko hamarkadetan, dantzen sustraietara jo eta tradizioak zorrotz jasotzeko ahaleginak zabaldu ziren, eta beraz, XX. mende hasieran dantzei eragindako "eraldaketa" batzuk baztertu egin ziren.

Aritz Ibañez-ek Argentinako Cordobako semana nacional vascan egindako dantza agerraldi baten bideoak lokalizatu ditu YouTuben eta merezi dute ikustea. Euskal Herrian garai batean dantzatu izan den modura hurbiltzeko aukera ematen digu Euskal Herritik begiratzen dugunoi, euskal dantzaren historiaren garai bat piskat gehiago ezagutzeko, eta testuinguruaren arabera dantzek bilakaera desberdinak izaten dituztela frogatzeko

 Adibidez, ezaguna da Markina Xemeingo ezpata-dantzaren aldaera berri bat sortu zuela Segundo Olaetak, bi aurrendarien arteko dantza, bien arteko borroka bezala irudikatu zuen, eta parrilla gainera igotzen zen maisu-zaharra, San Migel izan zitekeela pentsatuz, dantzaren bukaeran aurrendarien arteko borrokan parte hartu eta bietako bat hiltzera jaisten zen. Hori guzti hori (eta gehiago) antzezten zen Xemeingo ezpata-dantzaren bertsio horretan. Gero Xemeinen bertan molde zaharrera itzultzea erabaki zuten, eta poliki-poliki galtzen joan zen Segundo Olaetak sortutako bertsioa (izango da talderen bat oraindik horrela egiten duean, baina gutxi). Argentinan ordea bizi-bizirik mantentzen da Xemeingo ezpata-dantzaren aldaera bitxi hori.


Beste hainbat dantzarekin ere berdin gertatzen da. Jakina da XX. mende hasieran EAJk Durangaldeko dantzari-dantza hautatu zuela dantza nazional izateko. Dantza horren bertsio bat prestatu zuen, gauzatxo batzuk aldatu, eta Euskal Herri osoko batzokietan erakutsi zuten. Durangaldeko zenbait herritan bertako ereduari eutsi zioten, adibidez Berrizen. 60ko hamarkadan Argia dantza taldeak Berrizko dantzari-dantza ikasi zuen eta poliki-poliki eredu zaharra berreskuratzen joan ziren taldeak. Gaur egun Iurreta, Berriz edo Garai dira dantzari-dantza egiteko ereduak, eta albo batera geratu dira gerra aurrean nagusitu ziren dantzakerak. Baina Argentinan batzokietarako prestatu zen eredu harrek jarraitzen du indarrean. Adibidez, banangoaren urratsa egiterakoan "salto eta buelta" egiten dute. Batzuk gainera muriskak egiteko dohain bikainak dituztela erakusten dute, bai saltoan, eta baita bueltan ere egiten dituztelako muriskak (muriska jirakoak beraz).


Ez dut asmatzen youtubeko bideoak hemen agertarazten beraz...



Argentinako 2006ko Semana Nacional Vasca-ko dantza bideo gehiago hemen:
Aurkezpena

Dantzing

Hitzen eta gorputzen dantza

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Dantzaria naiz. Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin nuen lan, eta azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri dantzan.com elkartean. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat. Gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa

twitter