Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Emakumeak solasean

Leire Narbaiza 2010/03/08 01:00
Ibaizabal telebistako erreportajea.

Ibaizabal telebistako "8. kalea" saioak prestatutako erreportajea. Hainbat emakumek euren bizipenak kontatzen dituzte, baita antropologo batek nondik norakoak kontatu.

Interesgarriak benetan hainbat pasarte, batez ere, emakumeek euren bizipen pertsonalak kontatzen dituztenean.

 

Gizonezkoendako publizitatea?!

Leire Narbaiza 2010/03/02 12:10
Zelakoa litzateke gizonezkoei zuzendutako publizitatea?

Andrazkoak helburu duten iragarkiei buelta emango bagenie, nolakoak lirateke? Ez lerateke erridikulu samarrak geratuko? Inoiz zeure buruari hori galdetu izan badiozu, behean duzu ikusteko aukera.

Boltxe-tik hartu dut. Asko gustatu zait, eta uste dut balio duela gure lekuan jartzeko, sentitzeko zer den egunero etengabe horrelako mezuak jasotzea.

Irribarrea sortzen zaigu hainbat izen entzutean. Emakumeendako direnean, ordea, ez, hain dira ohikoak! Galdera da, emakumeendako hainbeste holako iragarki badaude, gizonezkoendako zergatik ez?

Ikusi, ikusi, ea zer iruditzen zaizuen!

Elebitasuna

Leire Narbaiza 2010/03/01 18:29
Espainiar askoren iritzian.
elebitasun

 Askorendako hau da koofizialitatea, elebitasuna eta parekotasuna. Berba baten: normaltasuna!

Hemendik hartuta

Autokarabana

Leire Narbaiza 2010/02/26 06:30
Fermin Etxegoienen nobela irakurri berri dut.
Autokarabana

Amaitu berri dut Fermin Etxegoienen lehenengo nobela. Etxegoieni "Euskaldun Egunkarian" irakurtzen nion zeukan zutabea, gustura irakurri ere! Bere hizkera freskoa iruditzen zitzaidan, eta neukan gomuta horregatik hasi nintzen nobela leitzen.

Ez nau defraudatu. Idazkera freskoa eta arina dauka liburu errealista honek. Kapituli laburrak (garraio publikoan irakurtzen dugunok benetan eskertzen duguna), egunerokotasuna dario alde guztietatik. Eta egurra, egurra gure hainbat jarrera eta ohiturei.

Jakina, egur horrek kateatu nau gehien. Himalayista jantzita dabiltzan kooperatibistak, euskara plan amaigabeak, Pirinioari kultua.....hainbeste lagun ezagun eta inguruko ikusi ditut islatuta bertan! Sarri askotan, nire burua ere!

Sustatuko Zer erantzi-n kolaboratzen nabilen honetan gure artean sarri askotan agertu da mendiko arroparena, eta beti gabiltza horren gaineko post bat idaztekotan Tira, Elenak mendiko praken gainean idazti zuen, eta segur aski etorriko da zerbait. Nobelan janzteko modu hori konstate bat da, umorez deskribatuta, gainera.

Beste alde batetik, esan behar dut asko gustatu zaidala gure ibarreko hainbat berba eta molde liburuan idaztita ikustea. Ez gaude ohituta horretara, baina, nire ustez, askoz sinesgarritasun handiagoa ematen dio. Guretzat eraos eta etxekoa.

Badago, ordea, protagonistak daukan inkongruentzia bat. Alde batetik berak dio erdipurdiko euskalduna dela, baina gero dauzkan buru-janak euskara dela eta, euskara egunero erraminta daukagononak baino ez dira.

Gustura irakurri dut liburua. Edozeini gomendatzeko modukoa iruditzen zait, nahiz batzuk, seguru, haserretuko diren, euren burua karikaturituegi ikusiko dutelako.

Zela ez zitzaidan, bada, gustatuko eskertza bat gps eibartarrari egin badio? (Ez zait argi geratu eskertza hori azal-egilearena den, ala Fermin Etxegoienena)

A! ahaztu egin zait. Aurten EGA ateratzekotan bazabiltza, irakur ezazu azterketa idatziak gainditu ostean, Etxegoienek Euskaltzaindiren arauei ez baitie jaramonik egiten. A! Baina atera ostean, irakurri, e?

Soldadu baten adierazpena

Leire Narbaiza 2010/02/24 07:00
Iraketik bueltan eginikoa.

Bideoak dena dio. Mike Prysner soldaduak esandakoa. Biribil-biribila. Ikusi ostean, zer esan liteke, bada? Egia berdaderoa baino ez da! ikusi, merezi du eta!

Arrateballe bizirik!!!

Leire Narbaiza 2010/02/22 00:10
Gaur aurkeztuko moziñua plenuan.

Gaurko plenuan Arrateballe bizirik plataformiak jaso dittuan milla firmak emoten daben babesakin, moziñua aurkeztuko dau, kezkatuta dagualako bertan egitten hasi diran lur mobimientuak. Kezkatuta horregaittik, baitta plan osuakin be.

Gure herrixan holako makropoiektuak ezkutuan eta ixilian egitten diranez, sasoia da herriko jentiari esplikatzeko ze gertatzen dan, zegaittik ez dago ingurugiro inpaktuko ikerketarik, zergaittik egin bihar dan hain toki berezixan beste leku batzuk be badagozenian, zergaittik daguan kontra diputaziñua, zer dala ta egin bihar dira 12-13 pisuko torriak basarri inguru horretan.....

Nik baiño hobeto euren berbak azaltzen dabe arazua. Horregaittik euren dokumentutik kopixau eta pegau dot. Lehengo zatixa (euskeraz) lanen nundik norakua agertzen da. Bigarren zatixan (erderaz) udal batzari eskatzen detsena esplikatzen dabe.

Gure herrixak babes neurrixak bihar dittu urbanismo salbajia hamarkadetan sufridu eta gero. Bada ordua dakagun gitxi hori zaintzeko, eta auzo zaharrak aldatzeko era burutsu baten, negoziuari begiratu aurretik eibartarron bizi kalidadian pentsauta.

Horregaittik, gaur 7,30etan plenora juatera animatzen zaittuet Arrateballek merezi dabelako, Eibarrek merezi dabelako. Eta ze demontre! eibartarrok merezi eta bihar dogulako.

Ni biharrian egongo naiz, eta hori dala-ta ezin naiz juan. Horregaittik eskertuko neuke baten batek, amaittutakuan post honen amaieran erantzun bat lagatzia, kontatzen ze pasau dan. Milla esker!

 TEKNIKERREN PLANAK ETA ALTERNATIBAK

∑ Tekniker Eibarko enpresa inportantenetako bat da, eta Eibarren jarraitu behar du. Horraino gu ere ados gaude.

∑ Baina Arrateballe suntsitu gabe alternatiba duinak bazituela uste dugu: MATSARIA, IBUR-ERREKA….

∑ Hori esanda eta historia pixka bat eginez, ikusiko dugu Teknikerrek, bere etxe berria leku esanguratsu eta berezi baten eraikitzeko asmo horretan, Udalarekin batera lehenengo saiakeran ARRAJOLAra jo zuela.

∑ Ideia zan industriagune txiki bat sortzea finantzabide bezala etxebizitza kopuru inportante bat eraikiz.

∑ ARRAJOLA aurreikusi gabeko inguru urbanizagarri bat dugu, eta betidanik han parke bat egiteko asmoa egon da, inoiz zehaztu ez bada ere. Baina inoiz ez Teknikerren planetarako.

∑ Baina urbanizatze gastuak, gehien bat errepidearenak, oso altuak zirelako ideia hau alde batera geratu zen.

ERISONO – ARRATEBALLE.

∑ Gerora ERISONO izango da aukeratua. ERISONO, Azitaingo poligonoa egin zenean hango hondakinekin sortutako zabalgune bat da, Debegesaren gaineko aldean.

∑ Baina han ere arazoak, Bilboko enpresa batek erosi omen zuen terrenua El Casco berria han eraikitzeko.

∑ Hau ez dakigu egia den, baina El Casco lehengo lekuan dago eta ERISONOn beste bi enpresa daude (…..

∑ Ideia honek ere porrot eginda, Eibarko Plan Orokorraren debatearen barruan, ERISONO Sumendixa baserri aldera pixka bat luzatzea proposatzen zaie, Teknikerrek bere sedea eraiki dezan.

∑ Baina hori ere etzuten nahikoa eta inor gutxik esperoko zuen atzetik etorriko zena.

∑ ARRATEBALLEn egin dutena (133.000m2) lehenengo zatia bakarrik da. Teknikerren planetan 440.000m2. erabiltzea aurreikusten da. Eta hori egiteko Maltzagaraino iritsi beharko dute.

∑ Egunkarietan esaten zuten bezala 1.fasean 47.000m2. eraikigarri nahi zituzten, azkenean 62.000m2.ra iritsi badira ere.

∑ Esan beharra dago 1. fase honetan kokatuko liratekeen enpresak jadanik beste leku baten lanean daudela eta hortik hasieran behintzat lanpostu berririk ez dela sortuko.

∑ Eta guk dioguna da hor dagoela MATSARIA zaharra, 52.563m2. eraikigarrirekin, eta berriztatzeko egundoko premiarekin . Lehenengo fasea ederki kabitzen zan bertan.

∑ Hor dago MATSARIA II, IBUR-ERREKA……Ez dira izango hain paraje erakargarriak baina gure iritziz Eibar bezalako herri baten oso alternatiba duinak ziren eta dira, eta Teknikerrek nahi dituen 120.000m2. eraikigarriak erraz sartzen dira.

∑ Honen guzti honen aurrean ez da erraza gure Udalaren jokaera ulertzea.

∑ Izan ere nola ulertu eremu industrialak eduki berriztatzeko premiarekin eta hutsik (MATSARIA) eta hoiek dauden bezala usteltzen laga eta mendiak apurtzera jotzeko erabakia.

∑ Non daude gure ingurumena zaindu beharrak, gure ekologia, garapen jasangarria……Non dago gure zentzuna.

∑ Honen inguruan gogoratu beharra dago Plan Orokorra onartzeko Diputazioak Eibarko Udalari jarritako kondizioa, hau da, Erisono-Arrateballeri alternatibak bilatzeko ikerketa bat egin zezala.

∑ Gure Udalaren erantzuna izan zen ikerketa hori egina zegoela eta etzegoela alternatibarik.

∑ Dirudienez Diputazioak GEZURRA sinestu egin zuen eta bestiok egindako alegazioei kasurik egin gabe Plan Orokorra bere horretan onartu zuen.

∑ Alternatibak egon bazeuden eta daude, baina Teknikerrentzako ez dira hain emblematikoak eta azkenean badirudi Marketing arazo bategatik eman dela ARRATEBALLEko sarraskia.


OBREN GORABEHERAK

∑ Hasieratik Arrateballeko obrak legez kanpo egon dira. Eta guretzat hau kontra egoteko arrazoirik txikiena izan arren, merezi du errepaso bat ematea Teknikerren eta gure Udalaren jokaera azaleratzko.

∑ Eibarko Plan Orokorrak proiektuak zehazteaz aparte, egutegi bat ere zehazten du eta lehenengo lau urtekoekin hasi aurretik (Egazelai, Bolingua) bigarren lan urtekoan sartzen zen ARRATEBALLEkin hasten dira.

∑ Tontakeria dirudi baina eurak egindako legea (Plan Orokorra lege bat da) ez dute betetzen.

∑ Lur mogimenduak hasteko baimena behin-behinekoa ematen dute. Ezin dutelako besterik eman. Ez bait dago ez Plan Partzialik, ez Urbanizazio Planik, ez Urbanizazio Aktuazio Planik, ez Errepartzelazio Planik eta gutxiago Ingurumenaren Eraginerako Ikerketarik.

∑ Eta horrelako obra bat egiteko guzti hauek behar beharrezkoak dira.

∑ Baina Teknikerrek obrak hasteko presa dauka eta baserri eremuetan behin behineko lur mobimenduak baimentzen dituen lege bat bilatu eta obrak hasteko lizentzia ematen dute.

∑ Azkenean daukaguna da : behin behineko lizentzia bat behin behineko lur mogimenduak egiteko, mundu guztiak dakienean obra hoiek behin betirako direla.

∑ Nola liteke 440.000m3. lurren mogimendua horrela hasi? Guretzat, gure Udalak jokaeraren ikuspuntutik egin duena oso grabea da.

∑ Baina badirudi hori guk bakarrik ikusten dugula, zeren Epaitegiak ere ez du neurri kautelarrik hartzeko arrazoirik ikusi.

∑ Obrak geratzeko eskaerari ezetz esaterakoan obra hoiek behin behinekoak ez zirenik ez omen genuela frogatu argudiatu zuten.

∑ Obra hoietako beste puntu beltz bat Lezeta errekatxua tapatzean ikusten dugu. Hor ere egundokoa egin dute 35m. alturako betelanekin.

∑ 2008ko Azaroan egin zuten betelan hori eta URAk (Agencia Vasca del Agua) delako horrek aurtengo Otsailean bidali zuen baiezko txostena, oraindik lan hoiek egiteko proiekturik ere ez zegoenean.
 
∑ Eta noski, Ingurumen Eraginaren Ikerketarik ez dala beharrezkoa diote, zeren, horra kasualidadea!, errekatxo horren publikotasuna justu betelanak bukatzen diren una horretan hasten omen da.

∑ Eta bitartean hor joan dira Plan Partziala eta beste guztiak onartzen azkenean dena bere lekuan txukun geratu dela irudikatzeko.

∑ Hor ere egon da sorpresarik: 11 eta 13 alturako eraikinak egin behar dituzte ARRATEBALLEN, horrek sortuko duen eraginarekin.

∑ Lurren birkalifikazioarekin ere arazoa sortu da. 8000m2k klasifikazio aldaketa bat daukate Plan Partziala eta Orokorraren artean. Gogoratu horrelako arazo bategaitik joan dela pikutara Txontako proiektua.

∑ Asunto hauek: Obren baimena, Lezeta errekatxoa tapatzea eta Plan Partziala Epaitegietan daude nahiz eta hortik ez dugun ezer asko espero. Bai Aralarrek baita Astinduz kolektiboak ere auzitara eraman dute obra.

∑ Txikizioa egina dago eta gure iritziz horrek ez dauka bueltarik.

∑ Baina ARRATEBALLEn asko dago babesteko oraindik eta gure proposamena hortik doa.

NUESTRA PROPUESTA


∑ El sentido común nos dice, que el suelo, un bien escaso en nuestro pueblo, debe ser utilizado con responsabilidad.

∑ En los Planes Territoriales y Directrices de Ordenación Territorial del Gobierno Vasco, se insta con toda claridad a Eibar a llevar adelante una política de recuperación de espacios obsoletos y degradados, antes de intervenir en nuevos suelos de dudosa viabilidad.

∑ Pero mirando el Plan General veremos que la mitad de las actuaciones son en suelo sin ocupar, siendo estas las que más están avanzando en su ejecución (Jardiñeta, Iparraguirre, Ubitxa, Artegieta, Egazelai, Bolingua, Arrateballe….)

∑ Está claro que a los promotores les interesa esto : se evitan derribos, desalojos, etc…y su gestión es más cómoda y rentable.

∑ Desde el punto de vista del negocio puede estar justificado pero ¿Cómo puede permitir eso nuestro Ayuntamiento?

∑ Por todo ello, ante los planes de Tekniker por un lado y la permisividad del Ayuntamiento por otro, creemos que el resto de ARRATEBALLE corre serio peligro.

∑ ARRATEBALLE como el resto de los valles de Eibar tiene la calificación de Zona Agroganadera, Campiña y Cultivos siendo esta la escala más baja de las categorías proteccionistas.

∑ Porque aparte de las actividades agroganaderas  también permite: recreo intensivo, invernaderos, industrias agrarias, actividades extractivas, vías de transporte, líneas de tendido aéreo, plantas potabilizadoras, grandes depósitos de agua, centrales de energía eléctrica, centrales de captación o producción de gas...como se ve un nivel de protección muy discutible.

∑ Y nosotros queremos que ARRATEBALLE sea ni más ni menos que una Zona Agroganadera, que es lo que ha sido siempre.

∑ En ese sentido va nuestra campaña de recogida de firmas en apoyo de la Moción que vamos a presentas para su discusión en el Ayuntamiento, proponiendo que adopte el siguiente ACUERDO :

PRIMERO.- El Ayuntamiento valora como un patrimonio colectivo el suelo rural, incluido ARRATEBALLE, insustituible espacio emblemático.

SEGUNDO.- El Ayuntamiento se compromete a encontrar la fórmula jurídica que garantice que ARRATEBALLE goce de una calificación urbanística que (siendo compatible con los actuales usos agropecuarios) garantice si protección futura, modificándose en ese sentido el Plan General de Ordenación Urbana.

Zazpi urte

Leire Narbaiza 2010/02/21 13:13
Zazpi urte Euskaldunon Egunkaria barik

Zazpi urte pasatu dira! Zelan doan denbora! Oraindik dena dago kolokan, hala ere. Lehhenengo epaiketa eginda, epai zain. Bigarrena, ekonomikoa, egin gabe.

Egunkaria sortzean, amets bat gauzatu genuen. Asko kostatu zen lortzea, oztopoak toki guztietatik zetozen. Kazeta horrek estabilitate eta onarpen zabala zeukan momentuan, hain zuzen ere, jo zuten bere aurka, estatuaren indar guztiarekin.

Absoluziaren zain gauden honetan, esan nezake hau lortu arren, kalte-galerak diruz ordaindu arren, egindako mina eta hondamendia ez dute inoiz pagatuko, konponezina delako. Hori torturak kontuan hartu barik!

Eragindako gaitza ezinda konpontu, arindu baizik. Absoluzioa litzateke arintze hori. Dena den, kaltea larritu ere egin liteke, kondena bat ezarrita. Begira gaude!

Atzo hainbat herritan elkartu ginen data gogoratzeko eta babesa berriz ere emateko. Behar den guztietan egingo dugun moduan. Berriro ere gerta ez dadin, ahazten ez dugula erakusteko, gurea babesten ahalegintzeko.

Egunotan seguru beste post bat ere idatzi beharko dut. Irribarrez eta pozik eskribitzea espero dut. Audientzia nazionalaren esku gaude!

Ablazioa

Leire Narbaiza 2010/02/07 13:15
Atzo izan zen Ablazioaren kontrako nazioarteko eguna.

Ehunka nazioarteko egun dauzkagu urtean. Normala da komunikabideek denei ez erreparatzea. Gainera, batzuetan batera ere kointziditzen dute egunek. Hala ere, ablazioaren arazoak ez du nahikoa oihartzun komunikabideetan. Beharbada urrunegi ikusten delako; edo agian, garrantzirik ematen ez zaiolako emakumeak eta hirugarren mundukoak direlako.

Atzoko Berrian oso artikulu interesgarria zetorren gai honen gainean: Esanekoa edo puta. Komendatzen dizuet irakurtzea, datuak eta ondorioak ematen ditu Ixiar Zubiaurrek. Gordina, baina argigarria.

Imajinatzen duzue zer izan litekeen horrelako mutilazioa jasatea? Hain gaztetan, gainera? Gizonezkook irudika zenezakete gizon fidel eta garbia izateko helburuarekin, kontzientzia duzuen adin batean, anestesia eta higinerik gabe zakila moztea? Ez, ezta? Nik ere ezin nezake imajina mutilazio genital hori. Pentsatze hutsak min ematen dit.

Populazioaren erdia kontrolatzeko saio ankerra da. Kontrol sexuala. Baina ustezko kontrol sexual horren eraginak askoz ere handiagoak dira. Alde batetik, mutilazio horrekin neskatilei esaten zaie euren gorputza zikina eta txarto egina dela, anputatu behar dela era gordin eta krudelean. Beraz, neska horiek barneratuko dute euren inperfekzioa, bigarren mailako gizaki izatea; izan ere, euren gorputzeko atal batzuk txarrak dira, kendu beharrekoak. Eta gorputz atal horiekin lotuta dagoen guztia txarra eta kendu beharrekoa dela ere sinistuko dute.

Beste aldetik, emakume horiek merkatzia hutsa dira, "zaindun" behar den merkantzia senarrarengana "ukitu" barik hel dadin; nahiz eta arazo fisiko eta psikologikoak izan lezakeen ablazioaren ondorioz. Berdin dio, garrantzitsuena; himena, alegia, salbu dago. Jakina baita himena dela neskatila baten baliorik handiena, familiaren ondra. Afrikan eta hemen (gero eta gutxiago baina atzora arte horrela izan da).

Tristatu eta sutu egiten nau gai honek. Nire ustez, ablazioa emakumeenganako mespretxurik handienetakoa da. Baina, era berean, gure gizartean gertatzen diren hainbat konturen ispilu ere bada. Muturrera eramanda, jakina. Iragarkiak ikustea baino ez dago jabetzeko, andrazkoon gorputza hobetu beharreko zerbait da, inperfetua. Tira, gai hau, ordea, beste post baterako laga beharko dut, baina nahiko nuke horren gainean idatzi.

20 urte beharrean!

Leire Narbaiza 2010/01/30 23:29
Urtarril honetan bete ditut 20 urte euskaltegian hasi nintzenetik. Bizitza erdi klaseak ematen, uf!

Gabon ostean hasi nintzen lanean. Orduan hogeita bat urteko umemokoa nintzen, ikasketak amaitu berri eta lan egiteko prespektiba gutxirekin; izan ere, sasoi hartan ere krisi sakona bizi genuen Euskal Herrian, eta ez zegoen lanik ia inorekndako, are gutxiago esperientza bako gazteentzat. Hori dela eta Irladara joateko erabakia hartuta nuen, au-pair, ingelesa ikastera, hori zen-eta orduan jendeak egiten zuena bide berriak jorratzearren. Hori edo Nikaraguara brigadista joan....

Eskualdeko Udal Euskaltegi batzuetarako eginda neukan proba bat, esperantza gutxirekin. Hegazkin txartela erostera joan behar nuen egunean, janzten ari nintzela, telefonoz deitu zidaten azterketan nahiko aurrean geratu nintzela, eta segur aski lana izango nuela. Jakina, ez nintzen bidaia agentziara joan! Hau guztiau Gabon aurretik izan zen. Ez zidaten datarik jarri, eskualdean transmisio kanpaina martxan jarri behar zuten, baina arazo batzuk zirela medio, ezin ziguten ezer ziurtatu.

Denbora pasa ahala, kezkatzen hasita nengoen, ez zen deirik, Irlandakoa baztertuta neukan. Zer egin behar nuen? Dei hori egin zen, Gabon ostean esan dudan moduan. Hori bai, deitu zidanean gripearekin nengoen ohean! Ai, ama , dena kontra. Zein gaitza zen lehen beharra topatzea!

Hasi nintzen, hasi. Eibarko Udal Euskaltegian lau sartu ginen. Ni nobata bakarra, besteak ibilita baitzeuden, gutxi baina zer edo zer. Junkalek, euskaltegiko irakasleak hartu gintuen bere babespean, bera zen gure koordinatzailea. Berba baten esateko, berak irakatsi zigun (zidan, agian hobeto) klaseak ematen. Ni oso eskertuta nago gurekin izan zuen pazientzia, irakatsi zigun guztia, beti oso umoretsu eta irribarre batekin. Inoiz ez diot esan, eta aprobetxatuko dut momentua: mila esker guztiagatik, Junkal!

Lehenengo urratsa ematen nuen, guraso talde bitan. Denak ni baino askoz zaharragoak, 40 urteren bueltan. Sarri pentsatzen nuen eurek ni ikustean hain gaztea, esperientzia bakoa, hain pipiola ez nindutela aintzakotzat hartuko. Gainera, hankasratzen handia egin nuen, esan nien ez nuela inoiz klaserik eman nagusiekin. Hori ezin da inoiz egin!! Tira, ondo errespetatu ninduten, zintzo-zintzo etortzen ziren. Emaitzak? ez dakit. Zerbait ikasi zuten, eta ez da gutxi.

Eta zelako denbora! Ordenagailua idazkariak baino ez zeukan, ez zen Euskaldunon Egunkaria ere existitzen. Prentsa idatzian Argia, Aizu eta Habe baino ez zeuden. Dena fotokopiatan (eta fotokopiadorak halamoduzkoak), sarri eskuz idatziak. Ez HEOK, ez atazetan oinarritutako irakaskuntzarik. Hiztegi bakarra 2000! Liburu errazak euskaraz irakurtzeko ia ez zegoen......Ia dena artesanala zen. Hori bai, karpetetan gordeta euskaltegietako irakasleok karpetak gurtzen baititugu! Atzera begiratuz gero, zientzia fikzioa iruditzen zait guztia. Nola ematen genituen klaseak? Zelan ikasten zuten gure ikasleek? Egia esan behar badut etb1en futbol gutxiago ematen zuten, eta pelikula gehiago. Hori bai, gaztelaniaz azpititulatuta! Klasean bat ikusiz gero, orri batekin estaltzen genituen.....Zelako sasoia!

Eibarkoaren ostean, Bergara, Ermua, Galdakao, Getxo, Arrasate, Basauri, Zalla eta Durangoko Udal Euskaltegiak etorri dira, baita Ermuko Kaltxango aek euskaltegia ere. Lehengo urratsetik EGAra, erretiratuak eta gaztetxoak, autoikaskuntza eta klase presentzialak, alfabetatze eibarreraz eta alfabetatze teknikoa, inmigranteak eta eibatar peto-petoak, zero-patateroak eta ikasle gruyerrak, instituteroak eta funtzionarioak.......ia denetarik pasatu da nire begen aurretik. Ia guztiekin, oso ondo. Batzuekin, primeran. Gutxi batzuekin, ez hain ondo. Poz asko jaso ditut, baita atsekaberen bat ere. Ia beti gustura eta ondo ibili naiz, jendearekin eta euskaraz aritu naizelako.

Kasualitatez hartu nuen bide hau, eta ez zait damutu. asko gustatzen zait nire lana, gero eta gehiago, esango nuke. Baina Irlandara joan izan banintz, orain non nengoke? Batek daki!

"La pesaca del salmón en Yemén"

Leire Narbaiza 2010/01/11 21:25
Paul Torday-rena, Salamandrak argitaratuta.

Jendeak liburuaren portada ikusten zidanean haluzinatu egiten zuen. Azal hori, izenburu horrekin, zer dabil irakurtzen Leire? Izan ere, gauza arraroak irakurtzearen fama izan dut.

la pesca del salmon en yemen

Arrantza? Noiztik zaude arrantzan interesatuta? Baina zer da liburu hori? Hau esaten zidaten, izenburua benetan bitxia delako. Yemen bezain lehorra dirudi, oso berezia eta ederra izan arren.

Nola definitu liburu hau? Narrazioa da? bai. Nobela? baita, oso sui generis, baina. Kontakizuna ez darama narratzaile orojakile batek, ezta lehenengo pertsona batek kontatu ere. Narrazioa puzzle bat da, hainbat idatzik osatuta: eguneroko baten zatiak, gutunak, e-mailak, ikerketa bateko transkripzioak.....Protagonisten dokumentuak, edo protagonistei hartutakoak. Oso oso bitxia.

Istorioa ere arraroa da. Pertsonaiak ere bai. Xeke yemendar aberats batek izokinak nahi ditu sartu Yemenen, gero arrantzan egin ahal izateko. Eskozian moduan, hain zuzen ere. Baina Eskoziako klima eta Yemengoak ez dute inolako antzik, ezta herri bietako ibaiak ere.

Horretarako aditu ingeles bat kontratatu du, funtzionario britainiar bat. Funtzionarioak ez du lana hartu nahi, baina Erresuma Batuko gobernuko goi kargu batek behartu egiten du, nolabait esatearren. Horrela pasadizo pila bat daude liburuan. Baita maitasun istorioa bat ere.

Pertsonaiak bitxiak dira. Xekea oso maitagarria da, nahiz eta hasieran prepotente samarra dirudien. Bera da pertsonaiarik xaloena, zorakeria bat egin nahi du, baina hain ondo argumentatzen du, ezen azkenean beste protagonista biak ilusionatzen dituen.

Pertsonaia nagusia, zientifiko ingelesa, gizajo hutsa da. Emazteak gutxietsi egiten du, gizon aspergarria da, bere bitxoak dira bere bizitza osoa. Hala ere, benetako maitasuna ezagutuko du eta honek dakarren zoriontasuna eta mina.

Liburu gomendagarria, zinez. Asko gustatu zait, diferentea delako, bai planteamendua, bai pertsonaiak, bai istorioa. Umorea ere badauka, sotila den arren. Ez beldurtu izenarekin eta anima zaitezte liburu honekin!

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua