Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / 20 urte beharrean!

20 urte beharrean!

Leire Narbaiza 2010/01/30 23:29
Urtarril honetan bete ditut 20 urte euskaltegian hasi nintzenetik. Bizitza erdi klaseak ematen, uf!

Gabon ostean hasi nintzen lanean. Orduan hogeita bat urteko umemokoa nintzen, ikasketak amaitu berri eta lan egiteko prespektiba gutxirekin; izan ere, sasoi hartan ere krisi sakona bizi genuen Euskal Herrian, eta ez zegoen lanik ia inorekndako, are gutxiago esperientza bako gazteentzat. Hori dela eta Irladara joateko erabakia hartuta nuen, au-pair, ingelesa ikastera, hori zen-eta orduan jendeak egiten zuena bide berriak jorratzearren. Hori edo Nikaraguara brigadista joan....

Eskualdeko Udal Euskaltegi batzuetarako eginda neukan proba bat, esperantza gutxirekin. Hegazkin txartela erostera joan behar nuen egunean, janzten ari nintzela, telefonoz deitu zidaten azterketan nahiko aurrean geratu nintzela, eta segur aski lana izango nuela. Jakina, ez nintzen bidaia agentziara joan! Hau guztiau Gabon aurretik izan zen. Ez zidaten datarik jarri, eskualdean transmisio kanpaina martxan jarri behar zuten, baina arazo batzuk zirela medio, ezin ziguten ezer ziurtatu.

Denbora pasa ahala, kezkatzen hasita nengoen, ez zen deirik, Irlandakoa baztertuta neukan. Zer egin behar nuen? Dei hori egin zen, Gabon ostean esan dudan moduan. Hori bai, deitu zidanean gripearekin nengoen ohean! Ai, ama , dena kontra. Zein gaitza zen lehen beharra topatzea!

Hasi nintzen, hasi. Eibarko Udal Euskaltegian lau sartu ginen. Ni nobata bakarra, besteak ibilita baitzeuden, gutxi baina zer edo zer. Junkalek, euskaltegiko irakasleak hartu gintuen bere babespean, bera zen gure koordinatzailea. Berba baten esateko, berak irakatsi zigun (zidan, agian hobeto) klaseak ematen. Ni oso eskertuta nago gurekin izan zuen pazientzia, irakatsi zigun guztia, beti oso umoretsu eta irribarre batekin. Inoiz ez diot esan, eta aprobetxatuko dut momentua: mila esker guztiagatik, Junkal!

Lehenengo urratsa ematen nuen, guraso talde bitan. Denak ni baino askoz zaharragoak, 40 urteren bueltan. Sarri pentsatzen nuen eurek ni ikustean hain gaztea, esperientzia bakoa, hain pipiola ez nindutela aintzakotzat hartuko. Gainera, hankasratzen handia egin nuen, esan nien ez nuela inoiz klaserik eman nagusiekin. Hori ezin da inoiz egin!! Tira, ondo errespetatu ninduten, zintzo-zintzo etortzen ziren. Emaitzak? ez dakit. Zerbait ikasi zuten, eta ez da gutxi.

Eta zelako denbora! Ordenagailua idazkariak baino ez zeukan, ez zen Euskaldunon Egunkaria ere existitzen. Prentsa idatzian Argia, Aizu eta Habe baino ez zeuden. Dena fotokopiatan (eta fotokopiadorak halamoduzkoak), sarri eskuz idatziak. Ez HEOK, ez atazetan oinarritutako irakaskuntzarik. Hiztegi bakarra 2000! Liburu errazak euskaraz irakurtzeko ia ez zegoen......Ia dena artesanala zen. Hori bai, karpetetan gordeta euskaltegietako irakasleok karpetak gurtzen baititugu! Atzera begiratuz gero, zientzia fikzioa iruditzen zait guztia. Nola ematen genituen klaseak? Zelan ikasten zuten gure ikasleek? Egia esan behar badut etb1en futbol gutxiago ematen zuten, eta pelikula gehiago. Hori bai, gaztelaniaz azpititulatuta! Klasean bat ikusiz gero, orri batekin estaltzen genituen.....Zelako sasoia!

Eibarkoaren ostean, Bergara, Ermua, Galdakao, Getxo, Arrasate, Basauri, Zalla eta Durangoko Udal Euskaltegiak etorri dira, baita Ermuko Kaltxango aek euskaltegia ere. Lehengo urratsetik EGAra, erretiratuak eta gaztetxoak, autoikaskuntza eta klase presentzialak, alfabetatze eibarreraz eta alfabetatze teknikoa, inmigranteak eta eibatar peto-petoak, zero-patateroak eta ikasle gruyerrak, instituteroak eta funtzionarioak.......ia denetarik pasatu da nire begen aurretik. Ia guztiekin, oso ondo. Batzuekin, primeran. Gutxi batzuekin, ez hain ondo. Poz asko jaso ditut, baita atsekaberen bat ere. Ia beti gustura eta ondo ibili naiz, jendearekin eta euskaraz aritu naizelako.

Kasualitatez hartu nuen bide hau, eta ez zait damutu. asko gustatzen zait nire lana, gero eta gehiago, esango nuke. Baina Irlandara joan izan banintz, orain non nengoke? Batek daki!

leire
leire dio:
2010/02/23 12:14

Polita izan zen, Junkal. Zuk diozun moduan ez dakit zenbat ikasi zuten, baina nik, behintzat! Dena! Beti gogoratzen dut zelako pazientziarekin hartzen gintuzun! Itzela! Ni neu oso eskertuta nago, benetan gustuara eta ondo sentitu nintzelako hasieretan. Oso inportatzea izan zen, bide bat erakutsi zenigulako. Hori barik, zelan bestela? Horregatik, mila esker! Nire ustez, eskertuta sentitu arren, gutxitan ematen ditugu eskerrak, eta horretarko aprobetxatu nuen post-a. Oso oraitzapen onak dira! Ondo segi!

Jozulin
Jozulin dio:
2010/01/31 21:57

Batallita: Garai batean arinago joan behar izaten nuen euskaltegira berogailua piztera. Piztu = sotora bajatu, egurra txikitu, egunkariekin paper bolak egin, sua piztu... eta klasetik tarteka irten kalderari ikatza botatzera. Ai! Ze gazteak ginen!

leire
leire dio:
2010/02/07 15:25

Mila esker, Benito, Nerea, Jozulin eta Iturri! Gutako asko "aterrizau" dugu euskaltegietan. Denbora pasatu eta hemen jarraitzen dugu gustura. Orain on-line, Benito! Askok horrela ezagutu dugu elkar ;-) Jozulin, beraogailuarekin beti arazoak. Post bat merezi du horrek! Nerea!! Poz-pozik nago eranztun duzulako. eskerrik asko Ruperrenagati, ahalgintxoak egiten gabiltza! Aldaketa handiak izan dira azken urteotan, eta ez dira txikiagoak etorriko jubilazioa etorri arte. Eta etor bitez, aldaketak eta erretiroa, jakina. Dena den, gure belaunaldikook ez dugu jubilaziorik izango, eta katxabarekin jardungo dugu: "euskaltzaindiak ergatiboa kendu zuenean....." hortz barik! Iturri, ea astirik hartzen dudan eman didazun ideia garatzeko. Ia ba! Muxu bana lauroi!

Junkal
Junkal dio:
2010/02/17 17:15

Kaixo-kaixo, Leire. ni ere oso ondo akordatzen naiz zutaz eta baita beste hirurez ere (Izaskun, Idoia eta Laura). Zuek berriak eta ni ez askoz arituagoa, baina aukerak pena merezi zuela eta aurrera. makaleko ilusioarekin jardun gendun danok, baita orduan gure ikasle izan ziren guraso haiek ere. Esperientzia polita. Ez dakit zenbat ikasi zuten, denetaik egongo da, baina gurekin akordatu, danak akordatzen dira. Makina bat antzerki eta grabazio egin gendun eta baita eurei eragin ere. Hemendik aurrera ere horrela jardun beharra ilusioz, geure barruko posaz, kanpokoak ez baitu asko laguntzen, baina hortxe eutsi!!! Makaleko suertea izan gendun zuek moduko irakasle saiatuak topatzearekin.

Benito
Benito dio:
2010/01/31 03:37

Kasualitatez Irlandara joan barik geratu zinen, eta kasualitateak zu gure artean izateko zortea ekarri zigun. Horrelako kasualitate asko eduki ditzagula hemendik aurrera ere!

iturri
iturri dio:
2010/02/01 00:37

Aupa, Leire.

Eta nola ikusten duzu zure barrua hogeitapiko urte barru?

Muxuak.

nerea azkarate
nerea azkarate dio:
2010/01/31 20:12

Leire, uste dut zahartzen ari garela, eta atzera begiratzeko halako gogo bat hasi zaigula denoi ere. Kasualitatez, ikasleentzako idazlan bat egin behar, eta neu ere nire ibilbidearen laburpentxo bat egin dut duela gutxi; zure blogean sartu eta ez dut ba topatu oso antzeko gogoeta? Nik ere gogoan ditut garai haiek, Junkal, transmisio kanpaina eta aipatzen duzun "estilo artesanala". Harrezkero, makina bat aldaketa izan dira gure mundutxo honetan, baina bitarteko berriak eta prestakuntza "ustez" profesionala gorabehera, uste dut gure lanak beti izango duela amateurrismo puntu bat. Eta bai, ni ere kasualitatez-edo, hasi nintzen eta oraindik hemen jarraitzen dugu, etorkizunak zer ekarriko digun oso ondo ez dakigula.

Musu bat. Por zierto, Ruperren gaineko post-a mundiala!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua