Leire Sustatun: in, fashion, cool eta guai izateko
Lehenengo mailako kolaboratzaileak Sustaturen atal berrietan: Anjel Lertxundi, Imanol Murua, Mikel Iturria, Leire Narbaiza, Goio Arana, Iñaki Olano, Maite Goñi, Markos Gimeno, Amodio Jauna, Elena Laka eta Josu Lezameta Jozulin.
Bereziki emozionatuta nago Leire modaz jardutearekin. Prakak apur bat jeitsi eta kantzontzilo zati bat erakusgarri uzten dudan bakoitzean akordatzen naiz Leiretaz, eta frakak zein alturatan eraman behar ditugun egin zituen instrukzioetaz.
Instrukzio horien jatorria Eibartarrak zerrendako mezu bat zen, eta mezu horren zati bat da hau: "Badakit zerrenda honetan izan leikela iñor ez sartzia (Mendikute da gehixen hurreratzen dana, baiña ez dakit ba nik!). Halan da guztiz be, nik neure aportaziñua egin nahi detsuet, aholkuak."
Leireren argibidiekin in, fashion, cool eta guaiago juango naiz nire Tuentiko orgietara, ze ondo!
Elenaren borsalinoa... tira, gustatzen zait, baina amorratuta nago: buru pentsalaria (tamainokoa, alegia) daukat nik, eta ez dut nire tamainoko kapelik aurkitu Gasteizko jaietan... baina seguru moda-modazko aportazio interesgarriak emango dizkigula Elenak ere.
Zortzi urte kalez kale putz egiten
Beste batzuk futbolean aritzen diren bezala, nire gaztetako hobbia fanfarre batean jotzea izan da, eta izaten jarraitzen du, oraindik ere. Askori jarduera baldar samarra iruditzen bazaio ere, beti aldarrikatu dut txarangako kide izateak asko aberastu nauela.
Txarangan ezagutu ditut Euskal Herriko jai mordo bat, eta txarangan ikasi dut gaupasa egiten, edaten, poteatzen, afariak noiznahi egiten... eta bertan ikasi dut estatutuak idazten, aktak jasotzen, fakturak egiten, bezeroekin negoziatzen, diru-kontuak egiten, artxiboak kudeatzen, pregoi bat egiten, prentsa oharrak idazten, giza-taldeak kudeatzen, jaiak antolatzen... gazte talde autogestinatu bateko kide aktibo izateak izugarrizko esperientzia ematen duelakoan nago. Esango nuke partaidetza honek lanerako prestatu nauela.
Eta aurretik 7 urtez egindako oinarrizko musika eta saxofoi ikasketek zentzua izan dute txarangari esker. Ustekabe ikasketa horien ondorengo zubi bat da duela 9 urte 16 gazte kementsuk taldea sortu zutenetik, eta datorren urtean X. urteurrena iritsiko zaio. Biba!
Idazkariaren anekdota
Irakasle batek askotan esaten zidan horrelako gauzetan denbora larregi galtzen nuela. Irakasle hark puntu erdi eskeini zuen galdera bat erantzuten zuenarantzat. Bilera historiko bat aipatu zuen, eta bilera horren idazkaria nor zen esan ondoren, horrek zein garrantzia zuen galdetu zuen. Nire harridurarako, inork ez zuen erantzun, eta nik erantzun nion: idazkariak aktak idazten dituelako. Lotsagarria iruditu zitzaidan nire ikaskideek hori ez jakitzea. Irakasleak galdetu zidan ea zergatik nekien nik hori, eta orduan konturatu nintzen: "txarangako Estatutuetan hala jasoa daukagulako". Amorru eman zion, baina isildu behar.
