Euskadiko Liburutegien legea
Liburutegi Legea aurkeztuko da aurki Eusko Legebiltzarrak onartu dezan, Euskal Erkidegoan liburutegiek 1990tik izan duten araudia garatzeko. Lege horrek Euskadiko Liburutegi Sistema nekez planifikatu, antolatu eta sortuko du, alde positibo asko eduki arren. Alde horiek legea indarrean jarri orduko goraipatzeko denbora edukiko dugunez, oraingoz, Liburutegi Sistemaren gabezia batzuek nabarmentzeari ekingo diogu, beti liburutegien legea hobetzeko asmoz.
Duela 17 urte sortu zen Euskadiko Liburutegi Sistema, eta sistema honetatik at zeuden foru aldundietako liburutegi publikoak eta erkidegoko administrazioaren mende ez zeuden liburutegi espezializatuak -Gasteizko Antso Jakituna, La Floridako Foru Liburutegia, Bizkaiko Foru Liburutegia, Euskaltzaindiaren Azkue Biblioteka, Koldo Mitxelena, Eusko Ikaskuntzarena...- beren borondatez eta hitzarmenez sartzeko aukera zuten, orain aurkeztuko den legeak egiten duen bezala. Eta denok dakigu zer-nolako sistema liburutegi izan dugun urte hauetan.
Liburutegi publiko guztiek osatu beharko lukete Liburutegi Sistema, horiek kanpoan uztea fundamentu gabeko sistema eratzea dela iruditzen baitzaigu.
Horren harira, Euskadiko Irakurketa Publikoko sarea udal liburutegiek baino ez dute osatuko, gainontzeko liburutegi publikoak hitzarmenen bitartez Euskadiko Irakurketaren sarean parte ahal izateko aukera ematen bada ere. Irakurketa Publikoko Sarea eratuko da, liburutegi publiko guztiek osatzen ez dutena, alegia.
Liburutegien eremuan ez da nahikoa hemen ditugun berezitasunak eta beharrak kontuan hartuko dituen arautegi egokia edukitzea -eta kasu honetan hori ere ez dago bermatuta- legean agertzen diren aurrerapausoak praktikan jar daitezen. Eremu honetan interes asko eta oso desberdinak daude, liburutegi batzuek eredu propioen alde egiten dute eta beste batzuek, aldiz, Espainiako eredu bibliografikoei jarraitzen baitiete.
Ezbairik gabe, lege honek nekez lortuko du eredu propioa ezartzea Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian, alde batetik, hemengo liburutegi garrantzitsuenak Euskadiko Liburutegi Sistematik kanpo jarraitzen dutelako, eta bestetik, orain arte egon ez den aldaketarik ez badago behintzat, Espainian indarrean dagoen ereduari jarraituko diotelako.
Eskarmentua badaukagu, Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legean Euskadiko Liburutegi Sistema sortu zen arren, ezinezkoa egin baitzaigu legean agertzen ziren aurrerapausoak praktikara eramatea. Eta 17 urte joan dira.
Nabarmendu nahi dugu egindako proposamen eta iradokizun guztiak EAEko lurralde-eremuari begira eta planteamendu teknikoetan oinarrituta izan direla.
Baina, euskal kulturari buruz dihardugunez, gainontzeko euskal lurraldeekiko lotura ekonomiko, sozial eta kulturalak kontuan hartuta, eta batez ere hizkuntza bera edukita, ezinbestekoa da arlo honetako proiektuak elkarrekin egiteko aukerak kontuan edukitzea. Eta harrigarria da, zinez, aipatutako 7/1990 legearen 8. artikuluan jarritakoa orain egiten ari den legean ez jasotzea: «Jaurlaritzak, euskal kultur ondarea aldezteko, babesteko eta sustatzeko lagungarrietarako, Nafarroako Foru-Elkartearekin lankidetza-itunak egin eta harremanak izateari bultz egingo dio» (sic).
Oraintxe Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako Lege honek kultura, ekonomia, gizarte eta hizkuntza arloan alde komunak dauzkaten lurraldeen artean lankidetzan oinarritutako tresnak eta proiektuak egiteko aukerak bermatu beharko ditu, irizpide teknikoak kontuan izanik profesionalek elkarrekin behar lituzketen baliabideak sor ditzaten.
Baionako Artxiboa
PAUen dauden Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako artxiboak Baionara ekarriko dituzte. Ipar Euskal Herrriko artxiboko lehen harria Baionan hilabetearen hasieran paratu dute. Zorionak... Halaber hiru berri blog honetan gehitu nahi dut: Jose Antonio Arana Martixak, euskaltzainak, bere bibliotekaren dohaintza egin diola Euskaltzaindiari; bigarrena, Bizkaiko Liburutegi Foraleko berrikuntza, liburutegi berri honek 12.000 m2 erabiliko ditu bere zerbitzuak eskaintzeko; eta hirugarrena, Deustoko Unibertsitateak Liburutegi berria Abandoibarran sortu du, eraikuntza berri honek 10.000 m2 dauka hamar solairutan.
Euskadiko Liburutegia ez, Euskal Liburutegi Nazionala baizik
EHAK-k izen aldaketa eskatu eta Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza eta Kultura Batzordeak ontzat jo du. Parlamentuko batzarraren balekoa falta da orain.
Euskadi Liburutegiak Euskal Liburutegi Nazionala izena hartzea proposatu du gaur EHAK taldeak Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza eta Kultura Batzordearen bileran, eta gehienek ontzat jo dute eskaera. EHAK-k ez ezik, EAJk, EAk, EBk eta EAk egin dute alde. PPk kontra egin du eta PSE-EEk abstenitu egin da. Legebiltzarreko batzarrak jo beharko du orain ontzat.
Liburutegiaren lege egitasmoaren barruan sartzen da izena aldatzeko aukera. Horretaz gain, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako liburutegien plangintza, sormena, antolaketa, funtzionamendua eta koordinaziorako oinarriak eta baliabideak jarri nahi dituzte.
Espainako Liburutegi Nazionaleko zuzendariak kargua utzi du
Rosa Regas Espainiako Liburutegi Nazionaleko zuzendariak kargua utzi du. Molina Ministroak urte hauetan ez zuela ezer egin esan ostean, Espainiako Liburutegi Nazionaleko zuzendariaren dimisioa etorri da.
Liburuzaina naizen aldetik, ez nator bat Espainiako Biblioteka Nazionaleko zuzendari hautatzeko erarekin, ezbairik gabe erakunde horren arduraduna liburuzainen artean hautatu beharko litzateke. Dena den, orain arte hautatutako zuzendarien artean Carlos Ortega, Luis Alberto de Cuenca, Jon Juaristi, Luis Racionero-, liburuzain lanbideren aldetik, Rosa Regas hoberena izan da helburu bibliotekologikoak betetzerakoan.
Nire ustez, zuzendariaren jarrera eta lana txalogarria izan da: batetik, Biblioteka Nazionalaren funts bibliografikoak ezagutarazi dituelako, eta bestetik, erakundea gaurkotu duelako. Proiektu berriek digitalizazioa, programa kulturalak, organigrama berriak- Europako antzerako erakundeekin parekatzea lortu dute. Emakume ausarta eta aurrerakoia iruditu zait.
EUSKAL HERRIKO LIBURUTEGI DIGITALAK
Jakin 160. zenbakian lehendabiziko artikuluan liburutegi digitalak ikertu ditut. Sarean jarri arte, artikuluaren ildo nagusiak aurreratuko dizkizuet: Liburutegi digatalari buruzkoen gogoetak sarreran aurki ditzakezue. Europako liburutegi digitalak egindako urratsak hurrengo orrialdeetan aztertu ditut, Euskal Herriko egoeraz ere mintzatu naiz, bereziki proiektu bateratua egiteko premia eta abentaiak azpimarratuz, Euskal Herriko liburutegi digitalen helbide elektronikoak, ezaugarriak eta bibliografia funtsen zerrenda artikuluaren zati potoloena bihurtu da.
Zure gustukoa izango delakoan
Liburuen azalak eta ataria
Xan Airen liburuaren atarian izeneko artikulu interesgarria gustatu zait. Mamiarekin bat nator, ñabardura batearekin izan ezik. Beste hizkuntza batzuetan gertatzen den bezala, (gurean ere) azala, ataria eta portada hitzak artikulu honetan ere nahasten dira. Artikuluaren paragrafo bat kopiatuko dut: «Liburuan sartzeko atea dela esanez aurkeztu du Gantzarainek liburuaren azala. Horregatik portada hitza erabiltzea gehiago gustatzen zait azala baino. Irakurleak liburua eskuetan duenean, mundu baten atarian egoteko sentipena izan behar du. Baina mundu horretan sartzeko urratsa ere egin behar du irakurleak".
Hona hemen labur-labur, liburuaren azalaren eta liburuaren atariaren definizioa: Liburuaren azalak liburuen gaineko eta atzeko orriak dira, gehienetan barrukoak baino gogorragoak dira; berriz, liburuaren ataria horrela deskribatuko nuke: izenburu nagusia, erantzukizunaren aipua eta argitalpenari buruzko datuak dituen dokumentuaren hasierako orrialdea.
Gaztelaniaz ere askotan nahasten da cubierta eta portadaren artean.
Susmoa daukat nahasketa hau liburuen aurretikoen bilakaeran datzanik. Jakina da, lehendabiziko liburuetan, inprenta sortu arte ataria ez zela existitzen, egileen, inprenten eta liburuen datuak azken orrialdean jartzen zirela, liburuek ez zeukaten aurretikorik. Inprenta sortzearekin batera lehendabiziko atariak azaltzen ari ziren.
Liburuen azalak, berriz, aspalditik existitzen ziren, hasieratik helburu liburuak babestea eduki dute, horregatik gehienak larruzkoak ziren. Mendeak aurrera joan ahala azalek gero eta garrantzia handiago hartu dute, atarian agertzen diren datuak errepikatzen dira, eta azken finean liburua babesteaz gain geheinetan adituak ez direnentzat azala atari bihurtzen da.
Liburutegi Legea
EAEko Liburutegien Legea udazkenean bozkatzeko prest dago
Kristina MARTÍN | DONOSTIA
Euskadiko Liburutegien Legeak beste aurrerapauso bat eman du. Lege egitasmo hori eztabaidatzen ari den Gasteizko Legebiltzarrak ponentziaren «testua adostu eta talde parlamentario guztien iritziak entzun ostean, zuzenketa gehienak onartu ditu», Lakuako Kultura Sailak atzo jakinarazi zuenez.
Lakuako hirukoaren babesaz gain (EAJ, EA eta EB), PSEren, PPren, Ezker Abertzalea taldearen eta Aralarren zuzenketak ere jaso ditu ponentziak. Lan hori eginda, Legebiltzarrak udazkeneko osoko bilkuran eztabaidatu egingo du, eta onartu ala ez erabaki beharko du.
Bilkura horretan ponentziak aztertu barik utzitako zuzenketak ere bozkatu beharko ditu, gainera.
Lege egitasmo horrekin liburutegien alorreko ordenamendu juridikoa eguneratu eta osatu nahi dutela argitzen du Saileko prentsa oharrak. Egitasmoak Lakuak eskuartean duen Kulturaren Euskal Planak aurreikusten dituen beharrak betetzeko asmoa du.
Egun arlo horri buruz indarrean dagoen araudia 1990eko uztailean onartutako Euskal Kulturaren Ondarearen Legea da. Horrek liburutegiak eta euskal bibliografiaren ondarea arautzeko eta Euskadiko Liburutegien Sistema Nazionala osatzeko oinarriak ipini zituen.
Udazkenean Gasteizko Legebiltzarrean bozkatzekoa den legeak 1990koa garatzeko asmoa duela dio Kultura Saileko prentsa oharrak. «Gaur egun, pilatutako esperientzia eta sektore honetako beharren azterketa kontuan hartuta, komenigarri ikusi dugu berariazko araua sortzea Euskadiko egungo liburutegien sistema osotasunean berraztertzeko eta sistema horretan Europako esparruan berriki egin diren ekarpen teknikoak sartzeko», azaldu zuten.
Horretaz gain, Liburutegi Nazional horren helburuak ezarri ditu egitasmoak: Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako bibliografia eta euskararen eremuarekin lotutako produkzioa biltzea, kontserbatzea eta zabaltzea.
Irakurketa Sare Publikoa
Halaber, euskal bibliografi ondarea eskuratzeko, kontserbatzeko eta zabaltzeko beste erakunde batzuekin batera egiten den lana koordinatuko du. Formatu berrietan sortutako ekoizpenaren gordailua ere izateko asmoa du sortu nahi duten Liburutegi Nazional horrek.
Horrekin batera, Irakurketa Sare Publikoa ere eratu nahi dute. Horren bidez, tokiko administrazioen menpeko liburutegi sareak batuko lirateke. Irakurleei eskaintza ahalik eta zabalena emateko, foru aldundien eta Estatu espainoleko liburutegi publikoei zein pribatuei ere sare horretan sartzeko aukera emango liekete.
Legea onartuko balitz, Euskadiko Liburutegien Aholku Batzordea eratuko litzateke. Erakunde horren betekizunen artean, EAEko Irakurketa Publikoko Mapa egitea legoke.
Europako Liburutegi Digitala
The European Library Office, la Biblioteca Nacional de España, la Bibliothéque Nationale de France, la Biblioteca Nacional de Praga eta Michael erakundearen arduradunek Europako Liburutegi Digitalaren proiektua bateratua aurkeztu dute.
Aditu hauek azaldu dutenez, proiektu honek liburutegi nazionalek orain arte egindakoa abiapuntua harturik proiektu komun batera ailegatzea du helburu.
Jardunaldi hauetan Liburutegi Nazionalen proiektu digital batzuk ikusteko aukera eduki ditugu: Espainiako Liburutegi Nazionalaren Biblioteka Digital Hispanika Frantziako Liburutegi Nazionalaren Gallika (Bibliothéque Numérique de la BnF) eta Europeana eta Michael proiektua (Frantzia, Portugal eta Hungriako liburutegi nazionalen arteko proiektua )
Teknologiaren bidez kantitateaz gain kalitatea era kontua hartuko duten ezaugarririk nagusienetariko bat da: irudiak OAIren bitartez eskuragarri, eta bilaketak testu osoan egin ahal izango baita, digitalizatzeko azken teknikak erabiliko dutela, alegia. 2007 urte honetan Europako Liburutegi Digitalaren aurkezpena egindo da, eta 2008ko azarorako abian jarriko da.
Europako Liburutegi Digitala ( Bibliothèque numérique Européenne, the European Library, Europeana)Egun 23 liburutegi nazionalen funts bibliografikoak kontsulta daitezke (150 milioi liburu, kartel, soinu, bideo )
Dokumentazioari buruzko 10. jardunaldiak
Joan den astean, Santiagon dokumentazioari buruzko 10. jardunaldiak izan dira. Dakizuenez, jardunaldi hauetan ordu berean hitzaldi ugari daudenez, ezinezkoa da ekintza guztietan parte hartzea, leku guztietan izatea.
Hona hemen iruditako esanguratsuenak, ezbairik gabe azpimarratuenetariko bat Los blogs en la biblioteca 2.0. La blogosfera bibliotecaria, documentalista y archivera: quién, para qué, para quién izan da; baina ekintza honen gaineko gorabeherak patxadaz eta luzez Asnabiko blogean irakur ditzakezuenez, beste izenburu batzuei erreparatuko dizkiot.
Ekintza honez gain Software askeari buruzko hitzaldiak azpimarratu nahi ditut.
Santiagon jardunaldi hauek izana ez da izan kasualitatea, Galiziako Xuntak software librearen aldeko erronka egin baitu.
Universitat Politécnica de Katalunyak software askean egindako PPCommons proiektuaren ezaugarriak ezagutzeko ezinparegabeko aukerak eduki ditugu. Repositorioak (e-prints, Tesiak, aldizkariak, lan akademikoak...), software (linux, apache, MySQL, Php, Dspace, HTML...) Standareak (Dublin Core, OAI...) ezagutu dugu.
Halaber hiru egun hauetan UNEDeko proiektua eta Extremadurako Juntako softwaren askearen (LibrEX) aplikazioaren eskarmentuak bertatik bertara ezagutzeko aukera eduki dugu.
Liburutegien legea
Hona hemen liburutegien legearen gaineko beste artikulu bat
Aurreko bi artikulutan azpimarratu nituen Eusko Jaurlaritza osatzen duten hiru alderdi politikoek aurkeztutako Euskadiko liburutegien legearen gabeziak. Oraingoan Euskal Sozialista taldeak legeari egindako zuzenketak az- tertuko ditut. Esan beharrean nago sistema bibliotekarioari dagokionez haratago joan den alderdi politikoa izan dela, bi arrazoirengatik, alde batetik, disimulurik gabe legean begiztatzen diren deszentralizazioaren bideak argitu eta zehaztu dituelako, eta bestetik espresuki proposatzen duelako irakurketa sare publikoaren kudeaketa eta finantzaketa aurrera eraman behar dela Eusko Jaurlaritzaren, foru aldundien eta hiriburuetako udalen artean.
Legebiltzarrak onartuko duen legean, liburutegien eskumenak, ekintzak eta laguntzak Eusko Jaurlaritzaren, foru aldundien eta hiriburuetako udalen artean banatzen dira, aipatutako erakundeen arteko lehia sortuz eta handituz. Horrela bada, PSEk proposatutako zuzenketek herri osoan aginpidea edukiko duen sistema sortu beharrean, orain arte bezala agindu duten erakunde guztien arteko lankidetzan jarraitzea bultzatzen dute.
Lege honek, hortaz, nekez arautuko du liburutegien sektorea; nekez jarriko du indarrean politika bibliotekario komuna; aitzitik, Euskal Autonomia Erkidegoko herrialde bakoitzean dauden liburutegiek (foru aldundietakoak, hiriburuetako udaletakoak, unibertsitatekoak, Jaurlaritzakoak, espezializatuak...) Eusko Jaurlaritzarekin bat egiten ez duten bitartean, Euskadiko sistema bibliotekarioak ez du irizpide bateraturik edukiko.
Egindako zuzenketen akatsa lankidetzaren printzipioan oinarritzean datza. Liburutegien ezaugarririk esanguratsuenetariko bat lankidetzan lan egitea den arren, eta proiektu bibliotekario guztietan kooperazioa ezinbestekoa bada ere; lankidetzan lan egiteko era, ohitura eta moda honek ezin gaitu itsutu. Gogoan izan behar da Europar Batasunak eta batik bat nazioarteko liburutegietako erakunde ofizialek (UNESCO, IFLA, ISO...) erakunde nazional indartsuak sortzera bultzatzen dutela, esaterako Unescok informazio sistema nazionala gomendatzen du. Herri guzti- etan horrela bada, zer esanik ez gurean non hainbat erakunderen interesak nahasten diren, non irizpide katalografiko eta linguistiko bateraturik ez dagoen.
Irtenbidea liburutegi sistemaren lege esparrua ezartzeaz gain, sistema ezartzeko ezinbestekoak diren azpiegiturak ematea litzateke: egoitzak, baliabide teknikoak, giza eta material-baliabideak... Halaber, nazioan liburutegi sistemen buru egiten dutenek, hots, liburutegi nazionalek, ondoko funtzio eta eskumenak dituzte: lurraldeko ekoizpen bibliografikoa bildu, bibliografia nazionala egin, lurraldeko gainerako liburutegiei arauak eman, lurraldeko agentzia bibliografikoa izan... Eta gurean ere, ezinbestekoa zaigu pareko funtzioak legean jasotzea: horretan datza legearen muina.
Azken buruan, gure herrian ere, lege honek, izenaz gain izanez ere, benetako sistema nazionala sortu beharko zuen, gainontzeko nazioetan sortzen den bezala. Izan ere, lege honek ez du bermatzen sistema bibliotekario orokorrik, hainbat erakunderen interes eta helburu diferenteak elkartzen baitira, taifen erreinua dirudien legea baita.
