RSS bidez ilustratzen gera
Esan bezala urtebete pasa da Googlek Google Reader zerbitzua itxi behar zuela iragarri zuenetik eta arrazoi horregatik artikulu luze samarra argitaratu dute Diario Turing blogean (eldiario.es).
Zer dira RSS-ak?
Hasi aurretik, zehaztu dezagun kontzeptu hau. Euskarazko Wikipediak dio: “RSS XMLren familiako fitxategi formatu bat da, sarritan eguneratzen diren albisteen webgune eta blogentzako bereziki prestatua dagoena. Honi esker informazioa elkarbanatu eta beste webgune batzuetan erabiltzea posible da. Honi sindikazioa deritzo”.
Bloglines eta Google Reader-Feedly
Irakurlearen ikuspegitik, RSS-ak ematen dizute aukera zuk nahi dituzun informazio iturriak zehazteko eta banan-banan ibili beharrean webgunez webgune nobedadeen atzetik, denak helbide batean biltzeko informazio batzaileen bidez.
Blogari gisa hasi nintzenean (2004an) izan nuen Bloglines zerbitzuaren berri eta hura erabiltzen hasi nintzen. Garai batean, euskal blogariek zituzten jarraitzaileen berri izateko erreferentzia bat ere bazen Bloglines (2006koa da apuntea). Gero etorri zen zerbitzu honen gainbehera eta Google Reader eta Feedly erabiltzen hasi nintzen.
2013ko martxoa: Google-k itxi egin zuen Google Reader zerbitzua
2013ko martxoan erabaki zuten Google Reader ixtea. Alternatiba bila hasi behar izan zuen jendeak, nahiz eta Feedly erabiltzen genuenok, azalean, ez genuen aldaketa handirik nabaritu.
Google-k bota zituen arrazoien artean nabarmenena da 2005etik 2013ra informazioa jasotzeko ohiturak aldatu egin zirela: smartphoneak eta tabletak, app-ak (aplikazioak), eduki batzaileak, sare sozialak (twitter eta facebook, batez ere).
Baina bazegoen beste bat ere: Google Reader zaharkitua gelditu zela. Hau da, beste informazio batzaileak (Flipboard, Google Reader-en oinordeko den Feedly, Pulse, Taptu eta Reeder bezalakoak) ikusgarriagoak zirela.
Baina hainbeste aldatu al da ba panorama? RSS batzaileek ez dute inoiz izan hasiera batean uste zen arrakasta, baina, dirudienez, haien erabilera ez da hainbeste jaitsi azken urte honetan.
Twitter eta facebook vs on demand zerbitzuak
Jario kopuruari dagokionez, berdin-berdin jarraitzen dut Feedly-rekin (200 bat jario jarraitzen ditut), nahiz eta lehen baino kasu gutxiago egin, twitter bidezko informazio uholdeak asetzen eta nekatzen bainau.
Izan ere, gaur egun paper garrantzitsua baitute informazioa hedatzeko orduan sare sozialek (twitter-ek, batez ere, eta facebook-ek), baina horrelako sareetan dagoen informazio uholdea gehiegizkoa ere bada eta erraza da galtzea. Horregatik oraindik pisu handia dute Feedly bezalako batzaileek nahi dituzun jarioak jarraitzeko nahi dituzun unean eta tramankuluan.
Readability, Pocket eta Instapaper: gero irakurtzeko zerbitzuak
Baina gehiago ere behar da. Dozenaka jarioen dantzan, zer egin jario horiek garbitzeko? Edo zer egin une jakin batean ikusi baduzu twitter edo facebook-en artikulu interesgarri bat eta denborarik edo gogorik ez baduzu une horretan irakurtzeko? Horretarako jaio ziren albisteak gero irakurtzeko aplikazioak eta zerbitzuak. Readability, Pocket eta Instapaper bezalakoek aukera ematen dizute artikulu interesgarrien bildumatxoa egiteko eta ordenagailu aurrean, telefonoan, tabletean edo e-book-ean irakurtzeko.
P.S. Alferkeriagatik nengoen Readability-n, baina hau idazteko Pocket instalatu dut eta uste dut badela garaia aukera bat emateko.
Ah! Ez ditut IFTTT zerbitzuak ematen dituen automatizazioak aipatu, baina hori ere oso kontutan hartzekoa da. Hori bai, RSSn erabilera nahitaezkoa da automatizazioak ahalbidetzeko.
Ahora nos ilustramos gracias a los RSS, este apunte en castellano.