Chez les Basques: Iosseliani eta Welles
Autoz lau lagun joan ginen Iruñea aldera larunbat goizean Donostiatik. Kanporako baino barrurako eguraldia zegoen bertara iritsi ginenean (autobidean paisaia elurtuekin gozatzeko aukera izan genuen, hori bai).
14:00etan genuen hitzordua Katakrak gunean eta 150 bat lagun elkartu omen ginen bertan batzuk izendutako Maiteminduen bazkarian. Konpainia ederrean bazkaldu genuen eta azpimarratzekoa bertan ez zela soilik bildu zinema munduko jendea.
Chez Les Basques zikloaren barruan bi proiekzio ikusteko (bigarrena bikoitza) aukera izan genuen Ikuspuntu zinema jaialdian: 17:00etan, Otar Iosseliani zinemagile georgiarrak eginiko Euskadi: le Pays Basque et son folklore / Euskadi été 1982 filma. Pagola herrixkako nekazarien eguneroko bizimoduaz gain, bi jai ageri dira nagusiki: Heletako Corpus Christi-a eta Pagolako biztanleek eginiko “Pette Basaburu” pastorala. Bazkarian ikusi genuen bezperan Parisetik etorritako zuzendaria eta ordubete inguruko filmaren amaieran zenbait hitz egin zituen jendearen txalo artean. Filma 1982an grabatu zuen eta pelikulan agertzen den bikote batekin egoteko parada izan zuen bezperan, Miarritzera iritsi ondoren. 30 urte ondoren elkar ikusi zuten hirurek.
Au @F_PuntodeVista et à la #Cuidadela, deux beaux moments d’amour à #Pamplona http://t.co/uqVJhvsxJT pic.twitter.com/qFrzHrtr36
— Ramuntxo Yallah (@Ramuntxo_Yallah) February 16, 2015
20:00ak aldera, Orson Welles-ek 1958. urtean BBC telebistarentzat egindako 26 minutuko bi erreportaje ikusi genituen: Around the World with Orson Welles (Pays Basque I + Pays Basque II). Charles Wertenbaker idazle iparamerikarraren familia bisitatzera joateko aitzakia erabili zuen Wellesek. Idazlea ez da agertzen (garai hartan jada hilda zegoen), baina bai agertzen direla haren alarguna (Lael Tucker Wertenbaker, idazlea hau ere) eta Chris Wertenbaker semea (orduan 7 urteko mutikoa, gaur egun 60 urteko langa pasatako gizonezkoa). Filmean ageri den Beñat Toyosekin batera egon zen Chris asteartean jaialdiaren hasieran (Bernardo Atxaga idazlearekin batera). Larunbat arratsaldeko proiekzioan, aldiz, Welles-ek elkarrizketatutako artzain baten semea (ez dut izena gogoratzen). Aita zen herriko ingeles hiztun bakarra, estatubatuarrak kenduta, eta zergatia oso arrunta: urteak pasa zituelako AEBetan artzain lanetan. Azkenean, Euskal Herrira bueltatzea erabaki zuen. Ezkonberritan agertzen da saioan.
Presentación en @F_PuntodeVista de #Atxaga, Chris Wertenbaker y Beñat Toyos, que recordaron a #OrsonWelles en Ziburu. pic.twitter.com/JgLbEYX4gi
— culturanavarra (@CulturaNavarra) February 10, 2015
Kulturan dirua beti da problema, eta krisia tarteko, are gehiago, baina badirudi urtero egiteko asmoa duela Oskar Alegriak gidatutako lan-taldeak eta espero dezagun horrela izatea (edizio batzuk bi urtez behin egin baitituzte). Baluartera egin dute salto estreinakoz (Iosselianiren hitzetan munduko eraikinik itsusiena) eta ea zein den antolatzaileek egindako jaialdiaren balorazioa.
Urte askotarako, Ikuspuntu jaialdia!
Chez les Basques: Iosseliani y Welles, este apunte en castellano.