Badiola: Hotel Corona de Aragon-en geratu zen futbolaria
Fútbol y literatura zuen izenburu pasa den ostiralean Anoeta Estadioko barrunbetan dagoen Ernest Lluch Kultur Etxean Santiago biren arteko solasaldiak: Segurola kazetaria eta Roncagliolo idazlea. 2016ko Literaktum jaialdiaren azkenetako jarduerak Aixa de la Cruz izan zuen joko banatzaile, baina zaila da Segurola tartean dagoenean banaketa hori orekatua izatea, asko hitz egiten baitu gizonak. Hori gutxi balitz, denok badugu futbolaren erakarmen boterearen berri (literatura kasu honetan oso bigarren mailan geratu baitzen).
Pintxoaren Parke Tematikoan (lehen Parte Zaharra izena zuen auzunean: egunen batean, agian, hitz egin beharko lauzpabost taberna kenduta jada gurea ez den eremu horretaz) murgildu ginen gauez Anoetan egondako hainbat lagun. Eta hor atera zen Badiola abizena. Gehienek pentsatuko zenuten abizen hori irakurrita Realaz ariko nintzela, baina ez da horrela.
Valdano hariari tiraka iritsi ginen estazio horretara. 1970. hamarkadaren erdialdean, Franco azkenetan zegoela, iritsi zen Gasteizera Jorge Valdano izeneko 19 urteko argentinarra, 2. mailan ari zen Alaves-en jokatzera. Lau bat denboraldi egin zituen bertan eta 23 urterekin Zaragozara mugitu zen Jose Ramon Badiolarekin batera. Valdanok aurrera egin zuen, baina bidean gelditu zen ondarrutarra.
Argazkia: Los Blanquillos webgunetik ateratakoa da. Ezker-eskuin: Valdano, Badiola eta Trobbiani.
Dena 1979ko uztailaren 12an aldatu zen. Hotel Corona de Aragón delakoan hartu zuen ostatu Alaveseko delegazioak. Baina Jorge Valdanok tirabirak zituen agintari arabarrekin eta atzeratu egin zuen bidaia. Eskerrak, zeren sutea gertatu baitzen goiz hartan eta ia 80 lagun hil baitziren bertan.
Alaveseko agintariek lortu zuten hoteletik ateratzea, baina ezin izan zuten Badiola beraiekin eraman. Jose Ramonek salto egin zuen lehen edo bigarren pisutik (kroniken arabera aldatzen baita plantaren zenbakia). Kolpe latza hartu zuen buruan, baina fisikoki "onik" atera zen.
Halere, egoera traumatiko hark ondorio psikiko latzak utzi dizkio. Zaragozan jokatu bazuen ere, ez zuen hasiera batean espero zen maila eman eta Alavesen amaitu zuen karrera Jose Ramon Badiolak. Geroztik, bizitza desastre bat izan da berarentzat: besteak beste, andregaiarekin (Alaveseko gerentearen alaba zela irakurri dut nonbaiten) zuen harremana ere pikutara joan zen eta herrira bueltatu zen.
Ondarrura egiten ditudan bisitetan behin baino gehiagotan atera da 60 urte dituen jokalari ohiaren izena. Berari buruz hitz egin genuen azken aldian, koinatuak esan zidan Jorge Valdano ikusi zutela herrian taldekide ohiarekin paseoan. Sarean aritu naiz informazio hori baieztatu nahian, baina ez dut horrelakorik topatu. Valdanok berak dio galdu egin zuela harremana Badiolarekin (Bilbon ikusi zuela behin). Ez dakit topatzeko aukera izango duten berriro, baina Valdanok etxea du Donostian eta Ondarroa 50 kilometrora dago.
Bide batez, oso ona omen da duela gutxi kaleratu duen futbolari buruzko liburua. Fútbol: el juego infinito Conecta argitaletxeak argitaratu du.
Hona hemen Badiola eta Valdanoren kontu hauei buruzko hainbat esteka:
1.- Miguel Mena Zaragozako kazetariaren Deporte y literatura (pdf lotura). 2010eko testuaren berri Galder Regueraren bidez izan dut (mila esker!).
2.- Las diferentes vidas de Valdano y Badiola (Líbero aldizkarian agertutako erreportajea).
3.- Badiola: azar y tragedia. 2012ko testua.
4.- Jorge Valdano: "El Zaragoza fue el equipo donde más jugué y que más marcó mi carrera profesional". 2014ko elkarrizketa.
5.- La Alfaques y Zaragoza le dejaron dos veces viudo. El País egunkaria, 1979ko uztailaren 13ko kronika.
6.- El futbolista Badiola se tiró por la venta y sufrió un paro cardíaco. ABC egunkariaren 1979ko uztaileko informazioa.
7.- Adiós a un histórico albiazul. Garai hartako Alaveseko gerente izandako Txema Zarragaren nekrologika El Correon.
8.- El ruidoso sonido de la ausencia. 2010eko zutabea El Heraldon, Carlos Moncín-ena.
9.- Jorge Valdano y el chico de al lado. 2014ko zutabea, Luis Alegrerena.
Badiola: el fútbol no es literatura (este apunte en castellano).