Juancar Landa Gainsbourg gainbegiratuz
Eguneratzea, 21:20etan:
Gaurko Noticias de Gipuzkoan eman dute honen berri. Bertan Juancarrek kontatzen du diskoa 2008ko martxoan argitaratuko duela.
Erakusleihoa programaren barruan, Ernest Lluch Kultur Etxean , Gainsbourg gainbegiratuz aurkeztuko du estreinakoz Juancar Landa (Jocanok) urriaren 18an. Lan horretan Dinbi Danba taldearen laguntza izango du. Ekitaldia arratsaldeko 19:30etan hasiko da areto nagusian (Anoeta Estadioko 7. eta 8. ateen artean) eta sarrera doakoa izango da. Gonbidatu bereziak ere espero ditugu.
Egun hauetan Euskal Herrian kantaren bat boladan baldin bada hori Lau Teilatu da, EITBren bozgorailu guztietatik jaurtitzen diguten bertsioan. Ondo da artista horiek euskararen eremura ekartzea, ikusiko dugu beren publikoa ba ote datorren, baina pagatu beharreko prezioa garestiegia dela deritzot.
Askoz ere interesgarriagoa iruditzen zait Jocanok azken urtean egindako esfortzua: euskaratu egin ditu Serge Gainsbourg artista frantsesaren kanta batzuk eta musikari lagun koadrila politarekin grabatu egin ditu. Diskoa bukatu gabe dago oraindik eta ezin esan noiz eta norekin aterako den.
Hau da Jocanok euskaraz egin duen lehen diskoa. Erentxun eta Amaia Monteroren kasuan bezala, lan honetan abestu duten kantari gehienak gazteleraz abesten ohituak daude. Ez ditut kanta guztiak entzun, baina emaitza ederra izan dela esatera ausartuko naiz.
Gainsbourg gainbegiratuz
Juancarrek dio "2006an Serge Gainsbourg-en heriotzaren hamabosgarren urteurrena bete zenean, nire lagun gainsbourzaleak bildu nahi izan nituen kontzertu-omenaldia prestatzeko. Ez genuen nahikoa denborarik izan, baina nik aurrera egin nuen, proiektua handituz. Gainsbourg-en bertsioak entzunak nituen ingelesez, italieraz, gazteleraz (gutxi)… beraz, bagenuen euskaraz egiterik".
Urtebete eman dute itzulpen (Jose Anjel Landa), egokitzapen eta grabaketa prozesuetan. Juan Zulaika, Xulai, ingeniari eta ekoizlearen aginduetara, hamabost abesti grabatu dituzte: Gari, Mikel Aguirre (La Buena Vida), Diego Vasallo, Estanis (Natural Project), Saioa, Amaia, Rafa Berrio, Virginia, Txuma Murugarren, Luisa Etxenike, Jorge Carrero, Mikel Markez, Enrique Mingo, Sanchís, Giorgio Bassmatti, Ione Gabarain, Rosita eta Harriet. Beste musikari hauek ere hartu dute parte: Aitor Unanue, David Soriazu, Iñaki Huarte, Txeli, Agus, Joserra Senperena eta Javier Sun.
Hurrengo Erakusleihoak
Azaroaren 29an, musika garaikidea, elektronika eta bertsoak nahasten dituen Ornitorrinkus lana eskainiko dute Maialen Lujanbiok eta Judith Monterok gidatzen duten taldeak. Gainera, abenduaren 20an, Pablo Casares poeta donostiarrak irakurtaldi poetikoa eskainiko du.
Kaixo: Tamalez ez dut ezagutzen Jocanoren bere azken lana. Soil soilik nire oroitzapenak, San Bizente kaleko, izen bereko tabernan, gelditzen baitira. Zorte on opa nahi diot Jocanori bere proiektuan. Baina... Lau teilatura noa. Pako Aristirekin bat nator. Ziur nago Urrestillako organuan bertsio bat egin ezkero, askoz hobeago izanen da EITBk grabatu duena baino. Hitzik eta adjetiboak ez ditut esateko ze nolako krimena egin dute abesti horri. Marketinga markatuko ditut merkatuak baina nik Juan Carlos Perez izango banintz, ez nieke utziko horrelako bertsio bat egitea, eta gainera abeslari horiekin...Okerrena da Durangoko azoka ailegatu arte, egunero entzungo dugu bertsio txar hori diska saltzeko nahian eta nire ustez lortuko duten gauza bakarra nirekiko ez abestia berez gorrotatzea, egin dituzten bertsioari eta abeslariei nire gorrotoa aregotzea. Izan untsa.