Bukatu da Literaktumen hirugarren edizioa
Juan Cruz nekaezina astearte arratsaldeko 19:30etan tirripi tarrapa sartu zen Ernest Lluch Kultur Etxean. Periodikora presazko zerbait bidali behar zuela esanaz. Horrela hasi zen hirugarren edizioa.
Hiru kazetari eseri genituen mahaian dokumentazio prozesuetan teknologia berriek izan duten eraginaz berba egiteko. Joseba Iriondo solaskidearekin batera, Alberto Moyano moderatzailearen galderak erantzun zituzten.
Egia esateko, jende gehiago espero genuen (berrogei lagun inguru gutxi da). Ez zigun batere mesederik egin Nacho Escolarren azken orduko espanták. Nola edo hala salbatu genuen eguna.
Asteazken arratsaldean, ordu berean. Casares-Tomasene Kultur Etxean ehun lagun inguru agertu zen Agnes Agboton entzutera. Agnes-en aurretik, Binta y la gran idea filma ikusi genuen bertan bildutakook, UNICEF erakundearen enkarguz Javier Fesser zinemagileak Senegali buruz eginiko hogeita hamar minutuko dokumentua.
Noticias de Gipuzkoa periodikoaren zuzendari albokoa, Arantzazu Zugastik aurkeztu zuen Agnes. Afrikako ahozko tradizioaren barrena murgildu gintuen honek. Horretarako Beningo vudú erlijioaren errepresentazio ezberdinak erakutsi zizkigularik.
Ostegunean Luisa Futoransky idazle argentinarraren tailerra egon zen Liburutegi Nagusiaren Ekitaldi Aretoan. Ez nintzen bertan egon, baina kontatu didatenez, maila onekoa izan zen jarduera eta hurbildutako berrogeita hamar lagunak gustura egon omen ziren.
Ostiralean, berriz, jende gehien bildu duen ekitaldia: Manuel Vicent idazle eta zutabegile ezaguna egon zen Okendon. Juan Velázquez irakasleak galdegin zion memoria eta nobela uztarketari buruz. Literatura ez zen ukitu zuten gai bakarra, kazetaritzari buruzko galderak ere tartekatu zituelako Juanek. Ohar asko hartu nituen, baina bost esaldi jarriko ditut hemen:
"Nostalgia ez da literarioa, malenkonia bai".
"Komunikabideak hain dira hedakorrak, mikrofonoa eskutan duen edozein idiota izaki arriskutsu bihurtzen dutela".
"Gaur egun teknika eta moralaren artean dagoen aldea ikaragarria da".
"XXI. mendeko literatur generoa kazetaritza da".
"Gutxi irakurriko da XXI. mendean. Kontutan izan haurrek behatzekin pentsatzen dutela jada. Kultura digitala".
Larunbat arratsaldean, zikloaren amaiera Loiola Kultur Etxearen eremuan. Martuteteneko kartzelaren atzealdean dagoen Benartegi baserriaren zelaian, Carlos Aurtenetxe, Luisa Futoransky eta James Wilkes poeten saioa. Eli Tolaretxipi aurkezlea eta irakurketen arteko tarteetan Izadi soka laukotearen musika.
Poesia gai da berrogeita hamar lagunetik gora elkartzeko hain toki liluragarri eta gogorrean. Liluragarria zelaiagatik, baserriaren xarmagatik, ibaiaren hurbiltasunagatik. Gogorra kartzelaren presentziagatik, poesia irakurtzen zuten bitartean entzuten ziren din-don-din abisuengatik.
Hurrengo urtean, gehiago. Txis pun.