Izan eta Esan
hauteskunde
Txoriez eta loreez
Asteleheneko Goiena
Debekatuta zion bere buruari krisiaren ondorioei buruz idaztea, hain kikilduta zeukaten ulertzen ez zituen ekonomiazko albisteek. Hauteskundeei buruz idaztz zezazakeen, baina PPren garaipen borobilak izua baino ez zion sortzen. Pentsatu zuen hauteskundeek Euskal Herrian ekarritako aire berriez jardutea, baina konturatu zen adierazten zuenean zazpi ordezkaritik sei gizonak zirela, zehazteke zegoela egin beharreko oposizioa, eta gero, txantxa moduan, taldeko buruaren itxurak Olentzero kaletartuarena ematen zuela, bada, komentario horiek ez zirela inguruan ondoegi hartzen.
Irtenbide bila, ihes egiteko literaturara jo zuen orduan, amodiozko liburuetara. Hor behintzat nahigaberik ez, topatuko zuen plazerra. Irakurri zuen nola, behin ezpainekin nahi gabe erakartzen zaituenaren ezpainak ikututa, haien ukimena eta usaimena betiko geratzen den burmuinean itsatsita, droga indartsu bat bailitzan. Horren gainean idaztea pentsatu zuen, ez da beldurgarria, ez eztabaidagarria, plazerra ematen du. Baina bertantxe jabetu zen Goienako zutabe batean zegoela, ez Barbara Cartlanden errelato batean.
Kobratu eta etzan
Asteleheneko Goiena
Erretiratuak “kobratzeko eta etzanda egoteko gaude”, adierazi zuen Elgetako alkate izateko aukera handiak izanda, bigarren geratu zenak, politikatik erretiratzen zela iragartzean. Ño, neure artean, ederra eskapada elgetarrena. Antzinako eibartarren “pueblo soberanuak” bete-betean asmatu du, Plazabarrenen antza etzaulkia eta kobratzeko kontua ipintzeko asmoa kitzikatzen zebilena ez dute alkate aukeratu. Kontxo, bururatu zitzaidan gero, badaude ba makinatxo bat erretiratu, kobratu bariko lanetan edo plazer hutsezko jardun aktiboetan ondotxo mugitzen direnak. Tira, begitandu zitzaidan, izan zintzo zeure buruarekin, aitortu kobratzea eta etzanda egotea ere atsegin duzula. Bai, baina orduan bezero izan nuen prostituta bat etorri zitzaidan gogora: bere lana etzanda egotean eta kobratzean zetzala azaldu zidan. Bapo, ondorioztatu nuen, prostituta, erretiratu, alfer edo beste edozer izateko, ez da agian elegantzia handirik behar, baina hauteskunde galtzaile izateko bai. Hautagaiari ipin dakioken estilo frogarik gorenena hauteskundeak galtzea da. Kobratzea eta etzanda egotea helburu dituela aitortu duen honek, elegantzian, kale.
Normal moduan
Asteleheneko Goiena
Euskal herritarrok gehiengoa eman ez genion Konstituzioa arau hartzen duen auzitegiak, ebatzi du zilegi dela hauteskundeak normal egitea. Ebazpena baino lehen, aukera guztien aldeko manifestuak izan ziren herrian, inork hizkuntza debekatu barikoak, baina gaztelera huts naturalean idatzitakoak.
Bildu sujetu politikoko hautagaiek ere sinatu behar izan omen dute aitortza bat, adieraziz demokraziazko bideak soilik erabiliko dituztela. Horrelako aitortzen premiak Antzuolako mairuari turbantea zapaldu arazten ziotenekoa gogorarazten dute. Zortedun hala ere Antzuolako arabea, gudan preso hartu zutelako demokrazia antzinako greziarrek baino ezagutzen ez zuten garaian. Mairua gaur demokrazia eta askatasunaren lurraldean, arma barik harrapatuta, garbituta eta gorpua itsasoan legokeelako. Hil zutenek bere arimaren aldeko otoitz bat eginda.
Ze demokrazian, zuzenbidearen estatutak funtzionatzen duela diotenen arabera, norberak bere patua topatzen du. Eta hauteskunde kanpaina demokratikoa da arpegi atseginak eskaintzea, baita aurretik kalea zapaldu ere egin ez duten hautagaiek.
Ez esan pazientzia eduki behar ez denik.
Nireaaaa da
Asteleheneko Goienkaria
“Aldaketak talde eta batzordeetan.- EB eta EAren krisia Donostiako Udalera iritxi zen atzo, Udal barruan taldeen, batzordeen eta elkarteen osaketa berrantolatu beharko dutelako, baina hala ere oinarri-oinarrizkoa ez da aldaktuko: gobernu/oposizioaren arteko erlazioa (...) Alkateak zehaztu zuen lehen EBko, gaur Alternatiba Eraikitzen-eko zinegotzi biak ez direla transfugak, eta beraz toki gobernuko kide izaten jarraituko dutela.” Diario Vasco 2009-7-18.
Xabi eta Ane Gipuzkoan bizi dira. Euskaldun eta aurrerakoitzat dute beraien burua. Azkeneko udal eta foru hauteskundeetan, Xabik, ezker klasikoaren aldekoak, Ezker Batuari eman zion botua. Anek, ezkerreruntz bai baina ez hainbeste, abertzaleagoa edo, Eusko Alkartasunari eman zion botua. Hauteskundeak izan zirenetik bi urte pasata, EBko eta EAko aulkiak betetzen zituzten zinegotzi eta batzarkideek alderdi bana sortu du, eta orain bi alderdietatik ateratakoek beste bi alderdi osatu dituzte. Anek eta Xabik, euren botuen norakoez eta erabilgarritasunaz kezkatuta, Kontsumitzailearen Defentsarako Bulegora jo dute euren botuaren ondorioak jaso duen trukaketa salatzera. Handik Kargundunen Jakakeria Kudeatzeko Bulegora (KJKB) bidali dituzte.
“Egunon, guk botua eman genien alderdietan gertatu den aldaketa salatzera gatoz”, esan dute. “Guk alderdi jakin bati eman genion botua, alderdi horrek aginte sail batzuk lortu zituen, eta orain, kargudunek beste alderdi batzuk sortu dituzte, guk botua eman ez genienak”.
“Tira herritar soiltxook”, erantzun die KJKBko langile saiatuak, “hori legezkoa da. Alderdi berriak sortzeko askatasuna dago, jendeak iritziz eta ideologiaz alda dezake. Zuek aipatutako bi alderdietako kasuetan gainera oso nabarmenak dira filosofia politikoaren arloan alderdi barruan militanteek izan dituzten eztabaida sakonak”.
“Bai, baina botua ematerakoan zerrendan aldaketarik egiterik izan ez bagenuen, orain gustatuko litzaiguke zerrenda itxi horren eta alderdi horren arteko harremana errespeta dadila, eta beraz, hautatuetako batek alderdia uzten badu, utz dezala bere kargua”.
“Ah, hautesle gajook, eta agintearen erotika? Eta karguaren ordainsaria?
“Barkatu, guk uste genuen erotika eta dirua nahasten zituen lanbideak ez zeukala, hain zuzen, politikarekin bat ere zerikusirik”.
“Ez, politok”, herritarren xalotasunak aitakeria eragin dio bulegariari. “Erotika eta dirua elkartuta, politikan. Kargua, lantzen duenarentzako. Ez zenuten irakurri, zerrenden azpipartean, letra txiki-txikiz idatzita zegoen esaldia? Kargua nireaaaa da.”
Kanpaina
Asteleheneko Goienkaria
“Ibarretxek ohartematen du herritarren borondatea kontutan ez daukaten proiektuek porrot egingo dutela. Lopez: “Non egon behar dute egoitzak erasotzen dituztenak, Legebiltzarrean ala atxilotuta?. ”Basagoitik lau urtetan 100.000 lanpostu sortzeko konpromisoa hartzen du. Ziarretak dio EAJri botua emateak Legebiltzarrean bandera espainola ipintzeko balio duela. Madrazo bankuak nazionalitzaren aldeko agertzen da. Ezenarrok herritarrek politikan modu zuzenean parte hartzearen alde egin du”. Diario Vasco 09-2-15.
Hauteskunde-kanpainan belarrietaraino sartuta, jo-ta-sua dihardute alderdi eta politikariak bere onena ematen, geure botua bere egiteko. Ez daukate lan makala, egia bada, CIS-eko inkestak adierazi moduan, herritarren ehuneko 23ak oraindik ez daukala garbi botua zeini eman.
Izan ere hauteskundeetarako bi aste eskas faltata ia herritarren laurdenak botua erabakita ez izateak, zer pentsa eman beharko lieke botu-onuradun izatea helburu dutenei. Frogatzen duelako, besteak beste, jendeak oro har politikarekin daukan atxekimendua gero eta txikiagoa dela, eta ostera, jendearen iritzirako, pisu handiagoa duela unean uneko pragmatismoak eta egunero lur-mailan gertatzen diren arazoekiko loturak.
Esate baterako, bazterretan bolo-bolo dabil krisiaren ondorioz bakoitzak egunerokoan errenuntziak egin behar izan dituela. Txikiak ala handiagoak, lan-egoeraren arabera. Jendeak utzi egin dio ardo hobexea edateari, arraina jateari, oporrei, denboraldiko erropa erosteari, gauetan irteteari Hori plano errealean gertatzen ari den gauza da. Politikarien publizitate-plano fantastiko horretan ostera, inori ez diot entzun krisia dela eta kanpainak gastuak murriztu dituenik edota politikariren batek errenuntziaren bat, txikiena ere, egin duenik. Ez da aipatzen kanpainak ze kostu duen eta nola ordaintzen den. Eta bitartean, gero eta ahalegin handiagoa eskatzen zaion gizarteak jasan behar du politikoek propagandan beren koloretako mundu hori erakuts diezaiotela, diru freskoz ordaindutako gehiegikeria publizitario guzti hori bere muturren aurrean igurtz diezaiotela.
Ez da harritzekoa batek baino gehiagok hurrengo blog modernoa, enegarren telebista-spota edo ehungarren argazki-irrifartsu limurtzailea begi aurretik pasatzen diotenean, kale-izkin bat bilatu, eta zuzenean oka egiten badu. Nazka, askotan, sahiestezina baita.
Blogerako:
- Ezagutzen dut gezur borobilak kontatu dizkionik inkestatzaileei.
- Publizitate politikoarentzako dena da zilegi: kanpaina aurretik propaganda egitea, nahiz eta debekatuta egon; medio ezberdinetan propaganda ordaintzea, nahiz eta debekatua egon; spama, nahiz eta ezin den egin; dirua neurri barik gastatzea. Hesiak gainditzen dira, eta ez da ezer gertatzen.
- Ez bakarrik lanean, lagunarte guztietan dago presente krisia. Jende askok dauka lanpostua kolokan, honez gero galdu ez badu, eta eguneroko berbetan ohiko bihurtu da krisiak eragindako diru eskasia.
Asteburua
Hilketa guztiek ukitzen zaituzte, baina normala dena baino ahulago harrapatzen zaituztenean, oraindik eragin gehiago egiten dute zuregan.
Ostiral arratsalde osoa ospitaleko erreanimazio gelan pasa nuen, goizean egindako ebakuntza txiki garrantzibako anestesiatik esnatzen, ohe bat libratu zain. Laurehun metro inguruko gela bateko izkina batean baztertuta, erdi lo, erdi tontotuta, betaurreko eta lentillarik gabe ezer ikusten ez nuela. Gorputzetik kanporako harreman bakarra, alde batera eta bestera somatzen nituen erizainen berriketa, eta Kiss FM. Laurogei eta 90 hamarkadetako hit guztiak irenstarazi zizkidaten, nahiz eta anestesiagaitik buruko mina neukan, eta musika orratzen pare sartu buruan. Eta top pop abesti guztien artean, informaziozko flash bat: Arrasaten zinegotzi izandako bat hil dutela.
Hasieran ez nekien oso ondo benetan entzun nuen ala ez. Segituan konturatu nintzen ostera zer zen hura. Ez nuen ulertu baina zergaitik eta zertarako. Kanpoarekin harremanik gabe, nahikoa denbora izan nuen horri buruz pentsatzeko.
Herritar bat tiroz hil dute. Sarraski bat da eta ez du lojikarik ez gizalegerik. Herritar huts bat, zinegotzi ohi bat. Edozerk balio du, edozeinek balio du?
Eta nola bilatu dakioke lojika politikoa edo militarra horrelako ekintza bati? Zein mesede egiten dio herri honi, gu herritarroi, hauteskundeen gogoeta-egunean hilotz bat jartzeak mahaiaren gainean? Zeinen alde egiten da hori? Zer lortzeko? Gatazka konpontzeko? Nik ere nahi dut gatazka konpontzea, hitz egitea, herriaren burujabetza, baina ez nago prest auzokoa hil diezadaten bide horretan.
Atzo gauean Paca gelakideari baimena eskatu nion artean erabili ez genuen telebista pizteko. "Sí, pon a ver a quién vamos a tener". Hauteskundeen emaitzak triste ikusi nituen, galtzaile sentsazioarekin. Euskal herritar asko, boturik eman ezinda. Alderdi abertzaleak, botuetan behera. Alderdi txiki guztiak, galtzaile. Espainiako bi alderdi handi eta ia bakarren esku geratu gara. PSOEk atentatuari esker botu gehiago lortu ditu seguruasko. Eta PPko botu-emaileak, erabat mobilizatuta. Madrilen agertzen ziren irudi haiek ez ziren nireak. Laster itzali nuen telebista, ordurako Paca zurrungaka lo seko zegoen.
Eibar bizigune
![]()
(Eibarko ...eta kitto! aldizkarirako)
Nik ezagutzen dudanetik behintzat (eta badira urte mordoskatxo bat) Eibar sekula ez da izan bizileku atsegina, bizileku atsegintzat hartzen badugu herri polit bat, ondo urbanizatua, zuhaitz eta parkez betea, umeak eta zaharrak herri barruan lasai ibiltzeko moduko herri bat. Eibarren kotxeak, tailerrak eta etxeak, guztiak batera, pilatuta daude, eta kanpoko lagun bati iruditzen zaionez, umeak parkeetan hesituta daude. Kotxe pilaketak zarata eta zikinkeria handia sortzen ditu erdialdean,. Lasaitasun piska bat izateko erdialdetik irten egin behar da, eta beraz, aldaparen bat igo. Eraikitzen diharduten erdialdeko etxeak lehengoak baino gorago jasotzen dituzte, eta gero eta gaitzagoa da erdiko kaleetan eguzkia ikustea, nahiz eta Arrate aldea zerua urdin-urdin egon.
Hala ere ez nuke esango Eibar toki txarra denik bizi izateko. Herri bizia da, kanpoko jendea txunditu egiten da kale-giroarekin, badauzka zerbitzuak, ezagun du jendea ekimentsua dela, eta herrigunetik bertatik irtenda, paraje politak daude. Zalantza daukat, hala ere, etorkizunean herri dinamiko industrial bat, zerbitzuen hastapenetan dagoena, nahikoa izango ote den biztanle berriei erakargarri gertatzeko, eta azkeneko urteetako etengabeko biztanle galerari bukaera emateko.
Hauteskundeetara aurkezten direnen meritua edo profesionaltasun modukoa baino zerbait gehiago beharko da ostera herriari garaiak eskatzen duen beste itxura bat emateko. Jai daukagu bestela.
Volvone
Atzo Eibar-Ermua tranbian, eguerdiko hamabietan. Hiru emakume etxera bueltan trenean berriketan. Elkarrizketa gaia: euren lana. Etxe banatan garbiketa-lanak egiten dituzte, Eibarren. Batak San Juan kalean, besteak Toribio Etxeberria kalean, hirugarrenari ez diot ulertu.
“Zenbat gehiago zikintzen den garbitzen dudan etxea neurea baino! Hautsa astean bi aldiz kenduta ere, beti dago zikin. Eta ohe azpiak? Pasa dezakezu aspiradorea astean bi aldiz, eta hala ere, beti hauts pelotak ohepean, hile osoan garbitu ez bazenu bezala!. Eta telebistako pantaila, eta leihoetako kristalak, dena askoz gehiago zikintzen da, oso sarri garbitu beharra dago. Jo, eta persianak? Hori bai zikinkeria! Jakina, Eibarren trafikoak, kontaminazioak, asko zikintzen dute, bat ere zerikusirik ez Ermuarekin, nire etxea ez da horren beste zikintzen, tira, balkoia bai, baina hautsa? Hautsa ez da horren beste aldiz pasa beharrik. Askoz zikinagoa da Eibar Ermua baino. Eskerrak Volvoneri. Nik gauza guztietarako erabiltzen dut: persianak, leihoak, lurra… Kristalak ez, kristalak Glassekin garbitzen ditut. Baina beste guztia? Volvonekin. Urarekin nahastu, piska bat igurtzi eta oso, oso garbi lagatzen du, segituan gainera. Telebistako pantaila ere, Volvonekin. Ez dago Volvone modukorik. Eta oraindik ez dut probatu, baina aldizkari batean irakurri nuen Volvone erretzeko alkoholarekin nahastuz gero, oraindik hobea zela. Hori ere probatu behar dut ba, ea zelan garbitzen duen”.
Hori dena entzuten nindoala akordatu nintzen Leirek bidalitako mezuarekin eta Eibarko PSEk hauteskundeak direla eta etxeetara bidali duen aldizkariarekin, Eibar herri marabillosoaren argazki mordoa zeukana. Erretratoetan Eibar eguzkitsu, moderno, trankil eta garbi bat ageri da, itsaso gabeko Marina D’oreko maketa bat izango balitz moduan. Gogoan daukat aldizkaria ikusi nuenean bururatu zitzaidala zenbat montaje eta photoshop erabili zutela argazki horrek ateratzeko. Baina Ermuko hiru garbitzaileen berbeta entzun ondoren badakit ez dela photoshop, ez dela George Lucas: hauteskundeetarako herria Volvonekin garbitu digute.