Xingola
Euskaldunon Egunkaria irakurtzea ohiko keinu arrunt bat baino ez zen egun haietan, sekula ez zitzaigun burutik pasa ere zelako umezurtz geratuko ginen egunen batean hura faltaz gero. Zeren Egunkariaren itxiera Euskaldunoi egiten zaigun Eraso Bidegabea da, Adierazpen eta Informazio Eskubideei ukazio galanta, Gizarte Normalkuntzari ipintzen zaion oztopo izugarria. Baina aldi berean lapurreta hutsa da euskaldun bizi nahi dugunoi egunerokotasunean egin digutena. Zerbait kuttuna, maitea, etxekoa ostu digute. Etxetik mundura irteteko leihoa kendu digute, bizitza gure hizkuntzan ulertzeko gaitasuna ukatu digute. Eta gertuko pertsona baten derrepenteko heriotzak harekin egindakoak berezi bihurtzen dituen moduan, aparteko bilakatu zaizkit niri aurretik normaltzat (eta sarritan plazertzat) nituen irakurketak: Zakilixuten hitz jokoak, kulturako orriak, zine kritikak, literatur gehigarria, domeketako sukaldaritza-orria, Emun kooperatibaren aholkularitza orri larrosetan, eta hain beste idatzi eta artikulu: Pako Aristi, Mikel Elortza, Juan Gartzia, Maialen Lujanbio, Mikel Aramendi, Andolin Eguzkitza... Kafea eta egunkaria, horretxek nituen bizio. Orain hankamotz geratu naiz. Eta diharduen errepresioarekin fribolitate ematen badu ere, erasotzaileei ez diet barkatuko aste osoko momentu samurrenetariko bat ebatsi izana: zapatu goizetan semearekin egunkaria erosi, umeentzako gehigarria, Xingola, atera, kontatu eta, arkatza eskuan, jokoak egiten genuenekoa. Egunkaria aurrera!