Izan eta Esan
euskara
Epaitegian euskaraz
Bizi garen Erkidego honetan euskara hizkuntza ofiziala da administrazio orotan, baita epaitegietan ere.
Bi hizkuntza dira ofizialak, baina Justizia Administrazioak EAEn gazteleraz funtzionatzen du. Lan guztia gazteleraz egiten da. Langileren batzuk badakite euskaraz, hizkuntz perfila ere badute; idazkariren bat edo beste ere euskalduna da, eta epaileak, baten bat. Baina idazkari eta epaileek ez daukate euskaraz jakiteko obligaziorik, euskara meritua baino ez da.
Euskaraz dakigun abokatuok oso gutxi erabiltzen dugu euskara aurkezten ditugun idatzietan. Arrazoiak: gazteleraz ere badakigulako, guztia itzuli beharra dagoelako, eta praktikoagoa delako bestela ere asko moteltzen diren prozeduretan gaztelera erabiltzea.
Eguneroko jardun praktikoak ordea, hizkuntz eskubideak eta erreibindikazioak ahaztera garamatzate sarritan. Ondorioz, euskaraz erraz egin daitezken gauza asko ere gazteleraz egiten ditu sarritan abokatu euskaldunak: bezero bati edo aurkari bati eskutitz bat bidali, bilera-aktak, kontratuak etab.
Gure bulegoan lana bi hizkuntzetan eskaintzen dugu, eta bezeroarekiko arreta eta tramite guztiak euskaraz egiteaz gain, takian potian epaitegiari ere euskaraz zuzentzan gatzaizkio. Bele zuria iruditzen zaie epaitegian euskarazko demanda bat ikusten dutenean, adibidez, gaur goizean sartu duguna bezalakoa (izenak aldatuta daude).
Militantzia, eskubideak, erreibindikazioa, praktikotasuna eta eguneroko ogia nahasten dituen eztabaida, norbere esku.
Esperantzara kondenatuak
Asteleheneko Goienkaria
Bihar asteartea hasiko da Egunkaria auziko epaiketa. Nik ez dakit, irakurle, zeuk aurretik zein informazio eta iritzi duzun auzi honi buruz, baina lagaidazu asmazio-ariketa bat egiten, ia iritzi-talderen batean koka zaitzakedan: a) pentsatzen duzu auzia epaiketara iritxi bada, zerbait egongo dela, alegia, Egunkariaren sortzaile eta kudeatzaileak ETArekin zerikusiren bat izango zutela. b) pentsatzen duzu Egunkaria ixtea bidegabekeria bat izan zela, oraindik gogoan duzu 2003ko otsail hartan nolako haserrea eta inpotentzia sentitu zenuean zure egunkaria itxi zutela jakin zenuenean. c) Egunkaria auziak bost axola zuri, izan ere zuk herrietako informazioa eta eskelak hain ondo azaltzen dituen egunkaria irakurtzen duzu, edo zurea militantziak bultzatutako gaztelerazko egunkaria da. Izan daiteke inongo hiru talde hauetatik batean ere ez lerratzea, baizik eta hiruretako ezaugarriren bat jasotzea: adibidez, Egunkaria ez zen zure egunkaria, zeurea beste bat da, ixtea bidegabekeria iruditzen zaizu, eta behar bada, barren-barrenean pentsa dezakezu justiziak funtzionatu egingo duela eta dena argituko duela. Bejondeizula, irakurle, zutabearen puntu honetaraino iristeko pazientzia izan baduzu, eta ondorioren batera ailegatu bazara.
Egunkaria komunikabide txikia, apala zen itxi zutenean. Hain txikia, bazirudiela Estatuaren begi-puntuan ipintzeko gauza ere ez zela. Baina itxi zuten, moztu zuten, eta kausa handietako jende uholdea atera zen kalera protesta egitera. Egunkariaren ondorengoa atera zen, Berria, eta atzera ere gauza txikia eta apala. Uholdea protestatzeko bai, irakurtzeko, tira.
Euskara historiako egoerarik onenean omen dago, hala zioen Sailburuak euskararen egunean. Errepideak ere historiako egoerarik onenean daude, baina nahikoa ez eta AHT egiten dihardute. Egunkaria libre nahi dugu, egunero prentsa euskaraz irakurri nahi dugunok egunkari duina eta kalitatezkoa merezi dugulako. Epaiketa hasteko bezpera honetan, esperantzari atxekitzea baino ez dugu. Zentzuak eta justiziak huts egin dutenean, esperantzara kondenatuak gaudelako, nahiz eta etor liteken garaipenak dagoeneko galtzeko gehiegi eman digun.
