Sukaldaria ez naizen arren sukaldean aritzea dut gustuko. Edozein otordu, edozer janari prestatzen gozatzen dut sukaldean. Denetik egiten dut, nahiz eta ez naizen oso abila postreetan. Gauza berriak ikastea eta esperimentatzea gustatzen zait, baita errezeta tradizionalak gertatzea ere. Sukaldean sortzea dut gustukoen, porru patatak zein legatz beltza piper irristagarrien gainean dilista pure eta mihilu konpotaz lagunduta gertatzen. Ona naizela uste dut, nik gustuko dut egiten dudana. Nire lagunek eta familiak ere gustuko dute, gustura gelditzen dira gehienetan eta kritikak oso onak izaten dira ia beti. Egiten ditudanak idatzi eta azalduko ditut hemen, nire trukuak ere azalduko ditut. Eta norbaitentzat balekoak badira primeran, baina sukaldean aritzea eta ikastea ditudanez gogokoen, iritziak, gomendioak eta proposamen berriak jaso nahi ditut. Praktikara eramango ditut ekarpenak, eta nire ukitua emango diet. Azalpen erraz eta garbiak emango ditut, irudiekin eta oharrekin lagunduta.
Errigorako orburuak txirlekin
LAU LAGUNENTZAKO OSAGAIAK
- Orburu poto bi
- 500 gr txirla
- Berakatza
- Basokada bat ardo txuri
- Oliba olioa
- Gatza
NOLA EGIN
Urgazitan sartu txirlak, ahal bada ordu batzuk ordo garbitu daitezen.
Xerratan moztu berakatzak (erdiko ernamuina kentzen dut nik beti) eta oliba olioarekin frijitu lapiko zapal batean.
Txirlak bota lapikora eta berakatzarekin ondo nahasteko eragin ostean minutu bete inguru mantendu su nahiko altuan.
Ardo txuria bota eta ondo eragin. Su altua mantendu txirlak zabaltzen hasi arte, orduan apur bat jaitsi sua. Ia txirla guztiak zabaltzean gehitu orburuak eta hauen uraren erdia (poto batena kasu honetan). Ondo nahastu eta orburuak berotzean jateko prest egongo da otordu gozo hau.