Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Prospektiba

Medici Efektua

Eneko Astigarraga 2004/09/21 21:23

Berrikuntza eta sorkuntza ez omen datoz eremu konkretu batean egindako sakontze lanetik: arlo, ideia, kontzeptu, disziplina eta kultura ezberdinen gurutzagunearen emaitza da. Berrikuntza sortzen duen enfoke nahasketa horri, Frans Johansson-ek Medici efektua deitzen dio.

Irudian ageri den The Medici Effect liburua ez dut irakurri (aipamenak eta egilearen bloga ikusi, bai), baina autorearen arabera berrikuntza ez dator hainbeste industria sektore kontretu baten barnetik edo ezagueraren disziplina konkretu batetik, baizik eta, gero eta gehiago, askoren elkargunetik. Hau da, Medici efektuaren fruitua da.

Ez da ideia guztiz berria. Enpresetan edo erakundeetan diziplina eta kultura ezberdinetatik datorren jendea elkartzeak dakarren onurak aspaldidanik goraipatu izan dira. Disziplina aniztasunaren eta kultur aniztasunaren aberastasunaren defendatzaileen zerrenda luzea da. Enfoke honek enpresa kudeaketa eta estrategian, esate baterako pertsonal eremuan, eragin zuzena du.

Baina, izen berria asmatu du Frans Johanssonek eta berrikuntzaren sorrerarekin eta kreatibitatearekin lotzea asmatu du. Psikologia, ekonomia eta enpresen kudeaketa arloetan larregi jorratu ez den ikuspuntua. Beraz, meritoa du.

Gainera, Harvard Business School-ak, HBS Working Knowledge aldizkari elektronikoan, arreta eskaintzen dio Johansson ikasle ohiaren liburuari.

Eta azken boladan normala bihurtzen ari den bezala liburuaren osagarri garrantzitsuak Interneten:

  1. Liburu berriak webgunea du: http://www.themedicieffect.com
  2. Johanssonek liburuari buruzko weblog-a dauka: Stories From the Intersection Stories about breakthrough insights at the intersection of fields, disciplines and cultures based on my new book The Medici Effect
  3. Promozioaren osagarri gisa, egileak mezuak bidaltzen ditu beste blog batzuetara bere libuaren berri emanez.
  4. Liburua Interneten saltzen da. Eta ez toki bakarrean, The Medici Effect Amazon Interneteko liburudenda generalistan aurkitu dezakegu edo Interneteko ekonomia eta enpresa liburudenda espezializatuetan: esate baterako, The Economist edo Harvard Business Online famatuetan.

Hau da, Internetek protagonismo handia hartzen ari du liburuen promozioan.

Filmekin gertatu zen bezala, liburuak argitaratzearekin batera promoziorako weba edo bloga sortzea normala bilakatu da.

Prospektiba eta Marketing, ikuspegi berriak

Eneko Astigarraga 2004/09/20 23:31

Normalean Prospektiba erakundeen estrategia eta etorkizunari buruzko hausnarketan erabili izan da. Normalean, epe luzeari begira hartu behar diren erabakietan lagungarri gisa: plangintza estratejikoan, alegia.

Egon badira Prospektiba Marketingarekin lotu izan duten autoreak. Esate baterako, Marketingeko guru den Jean-Jacques Lambin-ek bere Marketing Estrategico (Mc Graw Hill) liburuan (Le Marketing Estrategique originalean) kapituloa eskaintzen dio behintzat nik dudan espainolezko hirugarren edizioan: Necesidad de un enfoque integrado: el metodo de los escenarios (281 orrialdean et.)

Gaur aurkitu dut beste aipamen bat erdi-ertain epera zuzendutako marketinga prospektibarekin lotzen duena: Perspective (s) d une prospective client artikuluan.

Duela ez asko Bilbon egon zen Lambin-ek erreferentziako merkatuaren erakargarritasunaren azterketarako proposatzen du prospektiba eta eszenategien metodoaren erabilera.

Aldiz, egia esateko gehiegi sakondu ez arren eta era apur bat nahasi erabiliz, Denis -en webgunean aurkitutako erreferentziak bezeroarengan jartzen du arreta. Denis-en eritziz prospektibak orain arte kontutan izan ez duena:

"De fait dans les analyses, le client est quasi - inexistant ou considéré comme un simple acteur de la demande et résumé sour le terme consommateur au sens économique du terme et non marketing".

"La perspective d’un client dynamique, complexe, proteïforme n’est donc pas intégré dans les analyses qui sont de ce point de vue quelque peu réductrices."

Azken honetan, konplexutasunean, eta epe luzeari eta merkatura begira egindako hausnarketak bat egitearen beharrean jartzen du arreta.

A suivre....

Intranet joerak

Eneko Astigarraga 2004/09/20 20:24

Enpresa eta erakundeen kultura, lehentasunak eta ohiturak oso ezberdinak dira. Erakunde batetik bestera aldaketa asko dago, baina Line56 taldearen albistegi elektronikoan argitaratutako Intranet Trends to Watch For artikuluaren arabera, hurrengo urteetarako Intranet joera amankomun batzuk azpimarra daitezke.

Argi dago ondorioak Ipar Amerikako erakunde eta enpresen esperientzietatik daudela hartuak, eta ez hemengoak, baina hala ere, hona hemen laburtuta aipatzen diren joerak:

  • Intranetak berriz sailen edo azpisailen eskura bueltatuko dira (garai batean enpresa edo erakunde osorako zentralizatzeko joera eman zen)
  • Espedienteen kudeaketa eta sail legalak inplikatu egingo dira intranetetan, orain arte ez bezala.
  • Enpresako lankide guztiak editatzen inplikatuko dira, edo inplikatu beharko lukete.
  • Intraneta ez da gehiago izango telefonoen gida korporatibo hutsa (enpresa askotan hori izanda Intranet izarra, erabilera bakarra). Baina hori aldatu egingo da eta aplikazioek indarra hartuko dute
  • Erraza ez izan arren, ezagueraren kudeaketarako tresna bihurtuko da Intraneta.
  • Informazioa momentuan, azkar (real-time information) ezartzeak, gero eta garrantzi gehiago izango du. Enpresako beste makinek informazio sistemek ematen digutena.
  • Intranetetik informazioa berreskuratzea oraindik ere arazoak emango ditu, baina egoera hoberuntz egingo du. (Gaur egun erabiltzaileen %40ak arazoak ditu Intranetetan informazioa bilatzerakoan
  • Kontutan izanik zenbat denbora ematen den Intraneten aurrean, estetikak eta erabilgarritasunak garrantzi gehiago hartuko du.

Informazioaren Gizarteari buruzko azken inkestatik - IGI enpresak delakoa - ataratako datuen arabera, EAE-n 10 langile baino gehiago duten enpresen ia %90ak konektatuak daude Internetera, eta gainera asko dira intranetak ezarrita dituztenak, baina potentzialki oso eraginkorrak izan arren (informazioa, ezaguera kudeaketa, proiektuen jarraipena, errekurtsoen kudeaketa, ...) askoren iritziz Intraneten erabilera oraindik oso urria da.

Azken hilebeteetan CodeSyntax -en Intranetak garatzeko Software libreko tresna interesgarria lantzen eta euskaratzen gabiltza. Baina, tresna teknikoki ezin hobea izan arren, erabilera bultzatzea eta onura guztia ateratzean dago gakoa!

Prospektiba agentzia berria

Eneko Astigarraga 2004/09/17 23:55

Teknologia transferentzia sustatzeko eta berrikuntza eta teknologia berrietan errekurtsoak eta proiektuak koordinatzeko erakunde berria sortu du Conselleria de Empresa, Universidad y Ciencia delakoak.

"Agencia de Acreditación, Evaluación y Prospectiva" izendatu duten erakunde honekin, Generalitateak gizarte eremu guztietako I+G+B (Ikerketa + Garapena + berrikuntza) programak bultzatzea nahi ditu.

Yahoo Noticias albistegian diotenez, Valentzian sortu nahi duten erakunde berria etorkizuneko proiektuen bideragarritasuna eta aukera berrien azterketa eta ikerketara zuzenduko da.

Erakunde propioen beharra

Ezagueraren gizartean eta edozein lurralderen garapen sozioekonomikoan ikerkuntza, garapena eta berrikuntza programak berebiziko garrantzia dute.

Baina, zoritzarrez orain arte arlo hauek nahiko zentralizatuak izan dira, esate baterako, CSIC-eko ikerkuntza zentru gehienak Madrilen daude edo, beste askok bezala, Euskal Autonomia Erkidegoak ez ditu ikerketa eta garapenerako konpetentziak transferituak.

Argi dago Valentzian sortutako ekimen hau ezinbesteko deszentralizazioaren bidean doala. Era berean, transferentizak ez izan arren, Jaurlaritzaren azken urteetako lehentasunen artean ikerketa eta garapenera zuzendutako inbertsio portzentaia Europako mailara iristea da.

Ikerkuntza lerro nagusiak Europako Programekin - Research Framework Program delakoekin - adostuak izanik, argi dago edozein lurraldek behar duela bertako enpresetan ikerkuntza bultzatu eta teknologia transferentzia errazteko erakunde propioak.

Albistea gazteleraz:Nueva Agencia de Acreditacion, Evaluacion y Prospectiva en Valencia

Berrikuntza zuzendaritza eta erakundeetan

Eneko Astigarraga 2004/09/16 01:25

Ikastetxeen Zuzendaritzari buruzko Nazioarteko IV. Biltzarra egingo da egun hauetan Bilbon, Deustuko Unibertsitatean.

Egia esan, trebetasun handia dute jesuitek hezkuntza eta enpresa zuzendaritzan. Munduko Unibertsitate ospetsuenetarikoen artean daude jesuitek kudeatzen dituztenak. Aznar irakasle asoziatu bezala kontratatu duen Georgetown Unibertsitatea barne.

Parentesi artean esan beharra dago Aznarrek irailaren 20an hasten omen dituela Georgetownen Europear Politikari buruzko klaseak, baina ez dakit nola moldatuko dituen Espainako Kongresuko M-11 Ikerketa Komisioan egin beharreko aitorpenak eta klaseak.

Klaseak, fundazioak eta konferentziak ematea ditu orain ogibidetzat. Google addwords en ikusi dut Aznar konferentziantearen iragarkiak, http://www.thinkingheads.com enpresaren eskutik. Hobeto.

Beno, Deustuko Kongresuari bueltatuz, aurten, Berrikuntzarako Zuzendaritza izango da gai nagusia, eta Europatik eta Latinoamerikatik heldutako 160 adituak ikastetxeak ezagutzaren gizartean sartzeko moduaz arituko dira.

Gaia interesantea eta partaidetza ere. Norbait azpimarratzekotan Massachusetts Institute of Technology-ko Peter Senge (Unibertsitatean ezezik, erakundeen aldaketan aditua), Torontoko Unibertsitateko Kenneth Leithwood eta Cardiff-ko Ray Bolam.

Unibertsitateko webgunean - nahiko aldrebesa eta traketsa, eta nere ustez asko hobetu daitekeena - iragarritako albistea

Guardian Unlimited: mundua 2020 urtean

Eneko Astigarraga 2004/09/15 17:53

Sareko Guardian Unlimited-ek txosten berezia kaleratu du: The World in 2020 izenekoa.

Txosteneko testuak http://www.guardian.co.uk/2020/ helbidean aurkitu daitezke. Futures blogean diotenez paperezko edizioan grafiko eta irudi pila datoz. Baina, testuak behintzat Interneten daude.

Gai ezberdinak The World in 2020 txostenean: Hirien garapena, energia eta petroleoa, aldaketa klimatikoa, ura munduan, ur gabezia eta banaketa, munduaren kontrola eta Txinaren papera, IHESaren garapena Txinan, krisiak, gerrak eta David McKie-n ikuspuntua ...

Hala ere, zenbait gai garrantzitsu faltan daudela iruditzen zait: lan berriak eta lan banaketa, populazioa, ondasun banaketa, enpresa antolakutza, sareak eta sareko lanak, azpiegiturak, garraioak, ingurugiroa, ...

Biharko aurpegiak

Eneko Astigarraga 2004/09/13 13:18


Biharko aurpegiak, The Face of Tomorrow, artea eta antropologia nahasten dituen proiektua da.

Sudafrikan jaiotako Mike Mike artistak gizon eta emakume ezberdinen argazkiak atera ditu munduko hiri ezberdinetan eta morphing softwarearekin toki bakoitzerako aurpegi berriak sortzen ditu: Nahastu eta bataz besteko aurpegiak lortzen ditu gizonezko eta emakumezkoentzat. Ankara, Instanbul eta Damaskon bakarrik gizonezkoen argazkiak hartu zituen.

Normalean sortzen diren aurpegiak erakargarriagoak, xarmangarriagoak dira. Argazkietan agertzen direnen bataz besteko adina 25 urtekoa denez, etorkizunean ezagutuko ditugun aurpegi motak aurreikusteko aukera ematen digute.

Gaur egun mundu osoko 25 hirietako argazkiak daude: Sao Paulo, Sidney, Bogota, Buenos Aires, Hong Kong, Tokyo, Tel Aviv, London, Budapest, .... eta Iruña!

Hemen dituzue proiektuko hiri guztiak

Iruñako etorkizuneko argazkiak dira hemen ageri direnak. Nafarroako Unibertsitatean 20 argazki atera zituzten eta guztiak nahastearen emaitza dira.

Proiektua open source bezala definitzen du artistak. Irekia da, argazkiak nola atera behar diren eta nola gehitu daitezken zehazten du The Face of Tomorrow webgunean .

Gehitua (2004-09-16)

World Changing. Another World is here blogean irakurri dudanez, sareko IDFuel-ek elkarrizketa egin zion atzo albistean aipatzen zen Mike Mike argazkilariari, The (Not So Evil) Face of Globalization izenpean.

Afrika 2025: African futures

Eneko Astigarraga 2004/09/11 03:29

Afrikari buruzko Ikerketa prospektiboa - batez ere frankofon eta anglofono lurraldeei zuzendutakoa - argitaratu dute.

African Futures-en argitaratua: http://www.africanfutures.net

Lau eszenategi izenburu metaforikoekin.

  • the lions are trapped ; leoiak arrapatuta
  • the lions are hungry ; leoiak goze dira
  • the lions come out of their den ; leoiak bere gordelekutik ateratzen dira
  • the lions mark their territory. leoiak bere lurraldea markatzen dute

Edo "bestela":http://www.africanfutures.net/af/af2025.htm .

Marketing-a astinduko dituzten teknologia eta joerak

Eneko Astigarraga 2004/09/10 19:26

Marketing munduari zuzendutako CMO aldizkariaren lehen zenbakiak Future Shock izeneko artikuloa dakar. Guztiongan eragina duen arlo honetan datorrenaren aurrerapena eta Marketing munduaren prospektibarekin lotuta.

Marketing mundua astinduko dituzten 5 teknologia aipatzen dira artikuluan. Marketing-era dedikatzen direnak kontutan izan beharko dituztenak:

Internet Data Mining-ak sekulako bultzakada jaso du Interneten zabalkuntzari esker eta merkatu eta bezeroen ezaguera sakona bideratzen du. Etorkizunean, Internet unibertsalagoa egiten den neurrian, indar eta eragin gehiago izango du.

Virtual Worlds edo Mundu birtualak sortzeko teknologia eta aplikazioen aurrerapenei esker asko merketuko dira marketing azterketak, askoz errazago da egoera zehatzen erreproduzioa.

Decision Markets kontzeptua, etorkizuneko merkatuekin, erabaki onenak eta aurreikuspenekin zerikusia handia du. Noren (zein produktu, enpresa edo zerbitzu) alde egingo dugu? zeinek dauka posibilitate gehiago? ...

Neuromarketing-a gogor datorren kontzeptu berria da. Saltzea bezeroa seduzitzea da. Beraz, merkataritzan bezeroaren erosketa gogoa astindu eta bultzatzea da garrantzitsuena. Nola sakatzen dugu Erosi! botoia? Teknika berriak erosketa prozesuan gure burmuinen funtzionamendua nolakoa den ezagutzeko: zer gertatzen da gure burmuinek erostera (edo beste edozein erabaki hartzera) bultzatzen gaituztenean. Hori jakiteko elkarrizketak ez dira nahikoak, marketingera zuzendutako ikerkuntza neurologikoa sortzen ari da.

Teknologia berriei esker Jokabide eta portaeren ezaguera automatizatua (Automated Behavior Recognition) lortzen ari da, marketing ikuspuntutik kontsumitzailearen ezaguera hobea izateko. Ikusi eta ikasi nolako portaera duen kontsumitzailek, baina RFID Radio Frequency Identification teknologiak erabiliz. Hau da, gure jokaeren jarraipen zehatza posiblea da (pelikuletan ikusten dugun bezala) eta erosle mapak egiteko gai izango dira, eroslearen portaera hobeto ezagutuz.

Azken finean, teknologia hauei esker gure kontsumitzaile jokaera ondo ezagutuko dute Marketing gizon-emakumeek eta askoz ere produktu eta zerbitzu egokiagoak eskeiniko dizkigute edo... gure erosketa-erabakiak gero eta gehiago baldintzatzeko tresnak izango dituzte esku artean? Hor dago kezka.

Bozketa elektronikoak AEB-etan

Eneko Astigarraga 2004/09/09 01:26

Gaur irakurri dut bozketa elektronikoa, baina paperean erregistroa utziz, egin dutela lehen aldiz Amerikako Estatu Batuetako estatu batean: Nevadan.

Primary hauteskundeetan izan da eta esperientzia Techdirt blog teknologikoak jaso duenez ez omen da txarra izan

Seguruenez, paperezko erregistroa jasotzerakoan hiritarrak botoa ematerakoan zerbait "erreala" egin duenaren "seinalea" du. Boto ematerakoan ez du ezer birtuala egin, baizik guztiz erreala.

EAE-n lantzen ari da bozketa elektronikoa. Legea badago: Hauteskundeei Buruzko Euskal Araudiak jasotzen du boto elektronikoa. Egin dira esperientzia batzuk: Unibertsitatean, esate baterako. Ikerketa landu da Demotek-en bitartez. Beraz, ez goaz oraingoan amerikanoak baino askoz atzerago.

Europako hainbat lurraldeen helburua (Frantzia, Alemania,...) epe laburrean boto elektronikoaren erabateko ezarpena da. 2006rako Alemanian

Aurrerapen teknikoak, segurtasuna eta diru aurrerapenak nabariak dira. Hala ere, badaude kontrako iritziak. Ikus bestela informatikari frantzes honen kexuak: Le scandale du vote electronique arrive en France

Arazo teknikoak izan daitezke, baina apur bat zailagoa, nere ustez, e-demokrazia deitzen den kontzeptuan sakontzea, egunerokotasunean.

Urte batzuk barru hauteskunde eta era guztiko bozketa prozesu orokorrak erreztu, merketu eta arindu egingo dira nabari.

Erregistroaz edo erregistrorik gabe, e-demokraziaren itxaropenak betez, ohituko gara hiritarrari maizeago galdetzera?. eta iritziak kontutan izatera?

Ez da izango bihar bertan, baina baikorra naiz.

Aurkezpena

"Etorkizuna interesatzen zait datozen urteetan bertan biziko naizelako".

Prospektiba, estrategia eta plangintzari buruzko bloga.