Frankistia eta desertoria
Psikologikoki ulergarrixa da; gehixago, zenbat eta zaurixa sakonagua izan. Lehelengo urtietan, kristonak eta bi pasautako jentiandako, epikia halako kontsolamendu bat da, alderdi bakotxan zauri moralak osatzeko balixo dabena. I Mundu Gerran, adibidez, Europako gazterixiak jasandako triskantzia itzala izan zan; halan, hórrek heriotza guztiak heroismoz eta arrakalarik bako printzipio moralez estali ziran; kritikarako lekurik ez zeguan. Hain da eze, lehendik diskurtso antimilitaristia txarto ikusitta bazeguan (begiratu Jean Jaureix, euskal sozialisten eredua), 1918tik aurrera gerria bera baiño mingarrixagua zan heriotza guzti hórren zentzua zalantzan jartzia (10 urte pasauko ziran Schlump edo Sin Novedad en el Frente moduko idazlan kritikuak agertzen hasteko).
Espainiako Gerra Zibillera bueltauta, azken urtietan danok izan gara “los hijos de los que perdieron la guerra civil”. Hárek urtiak gogoratzian, “eurak eta gu” aittatuko genduzen, beste ñabardurarik barik. Urtiak pasatzen juan ahala baiña, batez be memoria historikoko taldiei esker, ikusten gabiz gauzak hain sinpliak ez zirala izan: gorri guztiak ez ziran hain gorrixak... heroiak egon ziran, baiña uste genduana baiño gitxiago... frankista guztiak ez ziran hain frankistak (Franco, Franco, Franco / nos prometiste pan blanco / y ahora que eres caudillo / nos das poco y amarillo...), eta etxe askotako historixia apur bat miatzia nahikua da, gauzia uste baiño nahastosuagua izan zala ikusteko.
Gure aittitta Demetrio, iñoiz kontau dot hamen, frankistatzat zekan bere burua. Ez zan jarrera arrazoitua, halan be: bere mailla intelektuala ez zan oso haundixa, eta haren frankismua bere komandante izandakuan miresmena zan batez be; soldautzako kontuak.
Gure beste aittitta, Manuel, barriz, 36 urte zittuan gerria hasi zanerako; frenterako nagusiegixa, industria mobilizauetan ibilli zala uste dot (tallarreko makiñak, behintzat, Errepublikako Gobernuak konfiskau zetsezen). Gorabeherak gorabehera, Bilbo inguruan jentia ebakuatzeko sasoia etorri zanian (37ko udabarrixa), andria eta umiak Habana ontzixan Toulousera bidian zoiazenez, berak be eurekin juateko ahalegiña egin zeban. Itsasontzixan zeguala, komisario politikoren bat pasau zan handik, eibartarra, eta aittitta Manuelen ezaguna. “Zer, Gulo (aittitta Manuelen gatxizena), nora hoia ba?”, eta aittittak: “Toulousera”. Bestiak kargu hartu zetsan nunbaitt, eta han hasi ziran sesiñuan, batek alde egin nahi eta bestiak laga nahi ez. Halako baten aittittak: “Baiña hau (gerria) galduta daok barren!” eta ofizialak “Galduta?? Etorri hadi nerekin”, eta bertan atxilotu zeban. Ez dakitt kartzelan zenbat denpora emon zeban, ezta zelan urten zan handik: imajinatzen dot prisionero-trukeren baten urtengo zebala, edo erretiradan kartzelako atia zabalduta, edo... zeozelan behintzat bizirik geratu zan (gerran, oiñarri-oiñarrizko araua da desertoriak afusillatzia).
Ez naiz gogoratzen aittitta Manuel Toulousera juan ete zan familixiakin biltzera, edo hárekin Eibarrera itzultzian bildu ete zan. Izan be, “gorritzat” markauta egon arren (tio Tomas eta amama Ines Akilino Amuategin seme-alabak ziran), tio Tomasek lagun miñen bat ei zekan, falangisten buruzagixa bera, eta harek egindako gestiñuei esker –eta ixiltasunan eta “perfil bajuan” truke, imajinatzen dot- , familixako guztiak Eibarrera bueltatzia lortu zeben. Etxia sakeauta topau zeben, hori bai: amama Inesek kontatzen zeban lantzian behiñ euren alfonbrak, lanparak etabar auzokuen etxietan ikusten zittuezela, baiña... ixilik egon bihar.
Horraiñok gure etxeko “iragan heroikuan” kontakizuna: baiña, Eibarren bertan, ez da kaso isolatua. Gehixago esango neuke: gure historixa hau nahikua “epela” da beste batzuenen aldian: falangista karnetdunen loibak ezagutzen dittudaz, adibidez, ezker abertzalian ondo txertatuta. Ez diñot iñor seiñalatu edo salatzeko asmoz. Azpimarratu nahi doten gauza bakarra, euskal kakatzan darabigun haize barrixak aprobetxauta, zera da: gauzak ez dirala sekula izan (eta ez dira izango) gustauko litxakigun bezain zurixak edo baltzak.