Hartzailea, informazioaren kontsumitzailea, zentzu eraikitzaile eta igorle
Printzipioz, Interneteko informazioa beste edozein kanaletakoa bezain manipulatua dator. Gehiago akaso, informazioa duten erakundeek nahi bezala zuzen-zuzenean banatzen dutelako: bitartekaririk ere ez dute behar sarean, gugana iristeko.
Koxka zera da, informazioa bitartekatua eta desitxuratua etor daiteke... baina nor bere "zentzua" eraikitzeko gauza ere bada
Erabiltzaileak, esperientzia lortu ahala, zentzu gehiagoko informazioa bereganatu zezakeela ere adierazi dut beste mezu batean (XML Feed-ak tarteko). Edonolora ere, bakoitzak zer zentzu lortu ala ez lortu, nork berea transmititu ere egin dezake.
Bakoitzak zer sortzen duen, beste kontu bat: zentzugabekeriak, astekeriak, manipulazioaren transmisio fidela... Baina batzuetan, miraria!
Hartzaile batzuek, miraria egiten dute: informazioa hobetzen dute, bitarteko guztien filtroen gainetik, eta transmititu egiten dute.
Egunkari bateko irakurleak ere berdin egin dezake, baina puntu batera arte. Diputazioek propaganda transmititzen digute autopisten kontuan, eta hedabideek loritoak bezala errepikatzen digute propaganda hori. Jakina, gu gauza gara propagandaz gaindi gure zentzua eta ondorioak ateratzeko... Baina Bizkaia eta Gipuzkoa osoan banatuko den egunkari propioa sortzeko ez. Interneten ordea, bai.
Gorago irudian daukagu Javier Armentia, blog-lari ezaguna: planetario bateko zuzendari. Zertarako behar dut kazetaririk nik astronomiazko berriak egoki jakiteko, Armentia ( Por la boca muere el pez ) irakur badezaket? Berak, bere aldetik, sareko astronomia iturri interesgarri mordoa jarraitzen ditu, eta batzuetan gauza interesgarriak eta beste batzuetan propaganda edo esajerazioak aurkituko ditu: berak desberdintzen jakingo du, nik baino hobeto, eta horregatik hari bitartekatuta etortzen zaion informazioa, bere galbahetik igarotakoan, garbiagoa eta puruagoa da.
Gaur egungo hedabideetako informazio zeharo bitartekatua
Nik uste dut Internetek permititzen duela bitartekaritzarik gabeko kazetaritza. Hori defendituko dut Kazetaritza Kongresuan datorren astean, Bilbon.
Premisa batetik abiatzen naiz: gaur egungo hedabideekin, informazioa oso bitartekatua, esku eta filtro askotatik iragazia iristen zaigu.
Orain, informazio zikloa oso bitartekatua dago:
Informazioa, erakunde batzuen baitan dagoenetik, publikora iritsi arte, bitarteko askotatik pasatzen da. Eta bitartekari erabakigarrienak EZ dira kazetariak. Bitartekari pisuzkoak dira:
- Informazioaren jatorri den Erakunde-sorburuaren komunikazio aparatua
- Dirua
- Kazetaria enplegatzen duen hedabidea
Goiko eskema honetan, informazioa toki jakin batean dago. Era bateko edo besteko erakunde batean. Informazio horrek, publikora iristeko, kapa asko igaro behar ditu. Lehenengo eta behin, erakundearen beraren komunikazio politika edo kabinetea edo dena delakoa dago. Publikoki edo zeharka, erakunde bakoitza saiatzen da bere informazioa bere eran ematen.
Ondoren, kazetariak ere ez du inguru erabat aske batean jasotzen informazio hori. Hedabide jakin batean dago, eta hedabide horren politika eta lerroetara moldatzen da, modu batean edo bestean.
Hedabidea bera, edo bere zuzendaritza, erakunde informatzaileen presio zuzenen mendean dago. Edo diruaren presipean. Dirua, kontestu honetan, sarri askotan informazioa duen erakundea bera da, edo erakunde haren lehengusua...
Bestetik, hedabideak esparru informatibo osoaren presioa ere sentitzen du: lehian dago etengabe. Besteek esaten ez dutena esaten saiatu behar da, nobedadea ematen; eta aldi berean kontrakoa, besteek X gaiaz jardun eta jardun badihardute, hartaz ez jardutea gero eta zailagoa izango zaio. Talde mediatikoen garaian ere, informazioa eta mezua kanal ugaritatik transmititzeko premia eta presioa ere hor dago.
Medio bakoitzaren kanal bakoitzak baditu gero bere presioak: zierre ordua, testua, irudia edo soinua prozesatu eta garaiz prest izateko presioa... Askotan, zierrearen betebeharrarekin, beste kreatibitate aukera handirik ez du kazetariak.
Eskema honetan, marraztu ditudan lauki horietarik (1. irudia) gehienak dira presio-gileak, eta apenas bi katebegi dira presioa jasaten dutenak: informazioa bera, eta kazetariak.
Kazetariak honetara dedikatzen dira, Zaldi Eroak maisuki Berrian argitaratu zuen bezala:
Nik ez dut uste informazioaren zikloan, hedabideen munduan, presioen eta bitartekaritzen nahasmen hori arindu egingo denik.
Prentsa-kabineteen tirania salatzen idatzi dira tesinak eta tesiak, eta idatziko dira hemendik aurrera ere, baina haien aurkako borrokak ez du exito handirik edukiko.
Etorkizunean ez da prentsa-kabinete gutxiago egongo. Gehiago egongo da, bitartekari gehiago egongo da. Edozein dantza-taldek ere, azkenean, komunikabideekin harremanetarako pertsona bat izendatzen amaituko du. Dantza taldekoak komunikatu, kontaktu edo prentsaurre bidez helarazten baditu gauzak, publikatuko zaizkio, zeren eta...
- Publikora iristen dena ez da berez interesgarriena, komunikazio ziklo bitartekatuan ondoen txertatzen den informazioa baizik
Hala ere, eskema egiazkoa izan arren, esajeratua litzateke esatea hedabideen eskema honetan lan egiten duten kazetari guztiak prozesatzaile hutsak direnik. Ez da egia. Benetako kazetaritza ere irakurri edo jaso daiteke. Hedabidearen zuzendaritzak edo lerroak analisia eta eduki sakonak ematea erabaki dezake, eta emango ditu, interesatzen zaion esparruetan (edo iristea posible zaion esparruetan), eta kazetari batzuek kasu horietan benetako kazetaritza egiteko aukera izan dezakete. Baina kazetaritza egiteko libre geratzen diren esparruak, medioak erabakitzen ditu, diruari erreparatuta. Euskarazko medioetan, Nafarroako Gobernuari buruzko artikulu kritikoak irakurriko ditugu, ze apenas dago dirurik galtzeko (UPN-koekin, dena galdutzat jo dezakegu), baina Jaurlaritzaren inguruan, bertsio ofizialetatik harantzago doan ezer entzutea, irakurtzea edo ikustea euskaraz zaila da.
Baina oro har, kazetariak zera dira gaur: prozesatzaile espertoak
Egunkarietan irakurtzen dugu unibertsitatearen udako ikastaroak arrakastatsuak izan direla aurten. Perfekto. Prentsa-bulegoaren informazioa prozesatu dute, eta helarazi zaigu. Egia ala gezurra den, ikastaroen interes maila benetakoa zein izan den, ez da notizia izaten sekula. Ez dago jakiterik.
Eta Internet eskema honetan sartuta zer?
Ba, informazioa manejatzen duten erakundeek, Interneterako bederen, ez dute behar tartekorik: ez hedabiderik, ez kazetaririk. Zuzenean, beren komunikazio aparatuek informatzen dute.
Hala nola erakundeak edo enpresa batek...
Informazio instituzionala edo enpresa-informazio komertzialarekin ikusita, eskema honek itxura kaskarra dauka: diruak agindutako kontrol mediatikoa dakargigu gogora. Baina eskema bera aplika dakioke edozeini. Erakunde alternatibo batek salaketak hedabideen bidez zabaltzeko, gainditu behar dituen filtroak ez dira gutxi: Diruaren eta hedabideen interesak daude batetik, eta kazetarien ahalmenak gero, ea ondo esango duten esan nahi duguna. Horren aurrean, Interneten zer? zuzenean bota. Erakunde ekologista batek ez du medioetara informazioa zabaldu beharrik Interneten zer aterako dioten ikusteko, bere webgunean gauzak esan, horixe da egin dezakeena eta egin behar duena.
Indymedia informazio sare alternatiboaren lema gogora dezagun: don't hate the media, be the media.
Erakundearen eta publikoaren arteko komunikazio modu honetan, kazetarientzako tokirik ez dagoela ematen du... Ezabatu ditugu eskematik hedabideak eta kazetariak.
Baina ez dugu ezabatu kazetaritza lana. Komunikazio kabineteetan kazetariak edo komunikatzaileak egoten dira lanean, beren jabeek behar dutena esateko, noski, baina ez da horren desberdina egoera hori hedabide arrunt batekin alderatuta.
Erakunde alternatiboan ere, azken batean, kazetaritza lana tokatzen da egitea Internet bidez informazioa zabaltzeko: grafiestek eta argazkilariek egin dezakete beren partea, idazleek berea...
Eskema hau bitartekaritzarik gabeko kazetaritza da?
Goiko adibide horietan ditugu bitarketari gutxiago, baina informazioa, hasiera-hasieratik bitartekatua eta manipulatua datorkigu... Erakunde bakoitzak nahi dituen gauzak kontatzen ditu nahi bezala Interneten. Ez dago kazetaritza benetakorik hor! ez bada medio alternatiboen ereduan...
Bai, hala da, baina Internetek baditu zirrikitu gehiago, eta bitartekaritza ezabatzeko moduak ere eskaintzen ditu. Beste baterako utziko dut.
Hartzaileak Interneten informazioa jarraitzeko dituen moduak: zori hutsetik, gogokoetara, eta XML feed-etara
Azaroaren 12an hitzaldi bat eman behar dut Euskal Kazetaritzaren I. Kongresuan: Bitartekaritzarik gabeko kazetaritza. Era berean, azaro honetan Gipuzkoako Foru Aldundiko langile talde batentzat ikastaroa prestatu dut, Nola bilatu informazioa Interneten.
Bietan (Kongresurako txostenean eta prestaturiko ikastaroan), hartzaileok, Interneten informazioa bilatzeko, informatuta egoteko, ditugun estrategiak aztertzen ditut. Eta, zehazki, estrategia horien eboluzioa: denboran Internet aurreratzen doan heinean, eta baita gu erabiltzaileok gero eta arituago bihurtzen garen heinean.
Nik kontu hau zentzu eraikuntzarekin lotzen dut. Hau da, Internet informazio itsaso ikaragarria da. Multzo hori zarata da gehienbat. Nola atera zentzua zaratatik? Kongresuan ikuspegi batetik jorratuko dut: informatzaileen ikuspuntutik:
- nola egin dezake igorle batek berak banatutako informazioa ez dadin zarata hutsa izan, norabait irits dadin eta kontuan har dadin?
Eta ikastaroan beste ikuspuntutik, hartzaileen ikuspuntutik:
- nola egin hartzaile batek informazio-zarata itsasoan ez itotzeko eta informazio interesgarria aurkitzeko, informazioarekin zentzua eraikitzeko?
Hori azalduko dut mezu honetan. Azken batean, bi ikuspuntuak lotuta daude, eta are lotuago egongo dira aurrerantzean, hartzaileak igorle ere izan daitezkeen heinean. Izaten ari dira, jada, blogekin-eta.
Gaurko honekin, eta hurrengo egunetako beste batzuekin, Kazetaritza kongresu horretan esango dudan jasota geratuko da blog honetan.
Hartzaileak informazioa jarraitzeko dituen moduak: zori hutsetik, gogokoetara, eta XML feed-etara
Hartzaileak informazioaz jabetzeko prozesuan, era berean, beste gauza bat ere interesatzen zait: zentzua sortzeko ze aukera duen. Informazioari mamia ateratzeko gauza den ala ez...
Lehen fasea:
- Hartzaile hasberria
- Informatzeko taktika: al buen tun-tun
- Zentzua sortzeko aukera mugatua
Zera da koxka: zerbait irakurtzen dugu, iragarki bat, entzun dugu zerbait, eta orduan bisitatzen dugu webgune jakin bat edo saiatzen gara bilaketa baten bidez zeozer topatzen.
Informazioa horrela jasotzea eta banatzea zaila da. Bilatzaileen kapritxoen mende daude informazio ekoizleak eta hartzaileak, eta erreferentzien dantza ere aldakorra da. Webgune batek prentsa-aipamena lortu eta bisitak lortuko ditu, erreferentzia horiek idatziz zirkulatzen duelako, baina 24 orduren buruan, erreferentzia zakarrontzira doa.
Zorte hutsaren "bitartekaritza" sufritzen du informazioak hartzailearengana iristerako, eta horren gainean "zentzua" eraikitzea zaila da.
Erabiltzaile aurreratuagoak, zorte hutsaren bitartekaritza kenduko du, apurka-apurka, Interneteko bere informazio kanalak zehaztean. Lehen urratsa, gogokoenen edo faboritoen zerrenda egitea da.
Bigarren fasea:
- Hartzailea ikasten hasi da
- Informatzeko taktika: Iturri eguneratuak, gogokoetara
- Zentzua sortzeko aukera gehiago (bai berak, eta bai igorle hautatuek)
Hartzaileak zentzua eraikitzeko aukera gehiago dauka horrela. Jakina, informazio esparru jakin batean, ez interesik, ez eguneratzeko modurik, ez erabiltzeko erraztasunik ez duten webguneek ez dute faborito edo gogokoenen zerrenda jakin batean agertzeko aukerarik. Kriteriodun hartzaileen informazio multzoetatik kanpo geratuko dira informatzaile horiek.
Informazio bideek hierarkia argi bat dute, gogokoenetatik datoz kontsulta eta informazio esanguratsuak, eta besteak bilaketa+erreferentziak, lehen bezala, zortearen bidez informaziorik inoiz filtratzen bada, ba ondo, baina normalean...
Internauta gehienak iritsi dira, esango nuke, informazioaren gainean kontrol apur bat izatera metodo horren bidez. Baina laster etorriko da informazioaren gaineko kontrol are estuagoa egiteko garaia. Une jakin batean, gogokoenen zerrenda handi bat kontrolaezina bihurtzen da: gogokoetan loturak egon badaude, uzten ditugu, baina haiek egunero bisitatzea... gogokoetan klikatzea, asko pilatzen direnean (informazio gehiagotara iristeko premia sentitu ahala), zortearen faktorearen pareko bihurtzen da: gogoratzen garenean klikatzen dugu. Azkenean, gogokoenen zerrendan, igual 40 lotura ditugu, baina egunero bisitatuak pare bat besterik ez dira izaten.
Baina erabiltzaile espertoa, beste fase batera iristen da:
Hirugarren fasea
- Hartzaile aurreratua
- Informatzeko taktika: iturri eguneratuak, feed bidez
- Zentzua sortzeko aukera gehiago (bai berak, eta feed-a duten igorleak)
Zentzua eraikitzeko modu zuzena hau da. Blog-erako informazio iturrietatik datozen feed-etara harpidetza eginez, benetako diskriminazio bat egiteko aukera dugu internautok. Kostatu da hona iristea, baina behin aurkitzen duzuenean informatzeko modu hau, kateatuta geratzen da bat, e-postaren ezinbestekotasuna bezainbestekoa bihurtzen da feed-harpidetzen gaineko zainketa eta irakurketa.
Feed-harpidetzaren "bitartekaritza" hartzaileen zentzunean eta informazio beharretan du oinarria. Informazio ekoizleek kontuan hartu beharko lukete hori. Gogokoen bidezko bisitak, eta bilaketa+erreferentzia metodoaren bidez informazioa hedatzeko moduak, informazio hedapena zoriaren mende uztea ekarriko dute. Informazioa egoki enpaketatu behar da medio berri honetan, ez edozein modutan, eta Interneteko web nabigazioa 10 urte zahar bada dagoeneko: estandarrak badoaz finkatzen, zerk funtzionatzen duen eta kea zer den argiago ikusten da honezkero, 2004. urtean.
Gero eta webgune eta informazio gehiago dago sarean, baina erabiltzailearen arreta esparrua orain bezalakoa izango da: minutu batzuk goizero lanean, ordenagailuaren aurrean lanari kentzen ahal dizkiogunak. Minutu gutxi horiek, hartzaileak, harpidetza zehatz batzuetan igaroko ditu gehienbat, eta aldiz, informazio-ekoizleek, minutu gutxi horietan irakurle bakoitzak emango dizkien segundu apurretan lortu behar dute arreta piztea. Sarearen inflakzio informatiboa ekoizleentzako ere bitarteko filtro handi bat da, baina horretan, bitarteko tekniko berri honek (XML feed-ak) laguntzen du zikloaren bi aldeetan: aukera ematen die ekoizleei informazioa zuzen enpaketatzeko, eta hartzaileei informazio-itsasoan aukeraketa zehatz bat egoki egiteko.
Hortaz:
- XML Feed bidez informazioa hedatzen dutenek lortuko dute arreta, epe ertain edo luzera.
- Zentzuzko informazioa eskuratzeko modua, feed-etara harpidetutako irakurleek izango dute.
Hortik, kanpora: informazio desegituratua.
Nik, adibidez, honela jarraitzen ditut, nire ofizioagatik, interesekoak zaizkidan Interneteko hiru enpresaren jardunak:
- Google zertan dabilen, Dirsonek kontatzen dit, eta haren feed-aren bidez jakiten dut nik.
- Microsoft zertan dabilen, hainbat tokitan agertzen da disekzionatua: Barrapunto jarraituta, eta tarteka beste hainbat blogetan agertzen diren erreferentziekin, nik nahikoa daukat.
- Sun zertan dabilen, insider oso interesgarri baten blogaren bidez jarraitzen dut nik, Tim Fosterren blogera harpideturik.
Eta, nik bezala, beste askok ere berdin egiten dute, eta horietako batzuek, gainera...
- Egoki informatuta daude.
- Jasotako informazioa liseritu, prozesatu eta zentzunez hornitzeko gauza dira, ez dira prentsa-ohar ofizialen sinesdun hutsak.
- Batez ere, eurak ere igorle bihurtzen dira
eta holako blogak jarraitzen ditugularik, hain zuzen, informazioaren zikloa zentzunez osatzen doa... Hedabide tradizionaletako propaganda eta informazio erabat mediatizatua gaindituz.
Jokin eta Hondarribiko Alardea
Hondarribian, ikaskideen tortura agoantatu ezinik, suizidatu zen Jokin irailean. Jokinen gurasoen lagun talde batek manifa bat antolatu du gertatu dena salatzeko. Nik J. da lema euskeraz, eta, itxura batean, horrek zera esan gura du erderaz: Yo, J., (edo Yo, Jokin).
Manifa horren aurkezpena lehengoan egin zuen Jose Manuel Susperregik, EHUko irakasleak. Hain zuzen ere, Alarde tradizionalaren aldeko fundazioko bultzatzaile tinkoetako bat... Prentsaurreko horretako bere berbetan, manifa horren helburuak, prentsatik aterata:
- «solidaridad con los adolescentes y jóvenes que están siendo acosados»
- «alertar a la sociedad de este problema que se ha mantenido silenciado».
Nere irakasle ere izan zen EHUn Susperregi: irakasle ganorabako bat.
Alardearen intolerantziarekin, akosoarekin eta isilarazteko ahaleginekin ez dauka zerikusirik honek, horixe ezetz. Bueno, behintzat baten bat ausartu da ondorioak lotzen: Koldo Izagirre, Argian, Xoxoaren kantua harresiaren orpoan.
Neuk ere iritzi hori bera dut, eta idatzia dut toki batzuetan ( bat bi hiru )
Akosoa insitutua utzi eta Jokinen lagun batengana Internet bidez zabaldu zela ere bota zuen Susperregik irratian: Interneten arriskuez abisatu zituen gurasoak Radio Euskadin. Gazte horren senideek gezurtatu egin behar izan dute informazio hori biharamunean.
Gezurtero ez diogu esango irakasleari, baina egiaren balio erlatiboaz badaki zeozer. Herenegungo prentsaurrekoan esan ziren batzuk, Vocentok jaso bezala:
- "en todos los pueblos hay entidades, autoridades, lÃderes, personas que están capacitadas para dar una respuesta en situaciones difÃciles"
- demanda de la comunidad docente una mayor implicación y piden que "ejerza su autoridad profesional y ética".
Erantzukizun publikoaren eta autoritate etikoaren estandarrak non dauden... Hondarribiko alkateak bat egin du manifestazioarekin. Nola ez.
Coreblog euskaratuaren bertsio egonkorra, 1.0
Iragarri dugu Sustatun, Eibar.org-en, CodeSyntax-en webean...
Coreblog euskaratuaren beste bertsio bat. Azken aldi honetan, blog makinaria hau 1.0 egonkorrera iritsi da, eta hori da Coreblog euskaratuaren azken bertsio kaleratua. Produktua eskuratzeko, eta instalazio instrukzioetarako, hemen dago informazioa
Produktua nahiko ondo testeatu da Eibar.org elkartean azken aldi honetan. Horra adibide operatibo batzuk, denak dagoeneko publiko egin genuen CSS estilo moldagarriarekin... Berezko Coreblog diseinu zurrunaren gainetik, nabarmen:
Eibar.org-eko blogak apur bat egokituta daude. Baina, berez, produktua instalatuz gero, itxura hau hartzen dute prestatu ditugun demoek:
Bueno, zehazki hori ere ez, ze hori 0.7 bertsioa da, baina itxura aldetik oso interfaz aldaketa gutxi daude 1.0 bertsioan. Blog sarrera bakoitzean, juxtu aurrekoa eta ondorengoa klik batera edukitzeko aukera da aukera grafiko bakarra interfazean aldaketa dakarrena.
Bug kontuak eta zuzendu dituzte, nagusiki. Eta, aukera majo bat ere badu: esportazioa, blog sarrera guztiena, jaisteko moduko .txt fitxategi batean.
Bestalde, nazioartean bazegoen Coreblog garapenerako talde bat, coreblog-en, ohiko informazio elebakar japoniarra gainditzeko sortua, baina 1.0 irtetearekin batera, haren makinak pott egin zuen. Bueno, ba orain CodeSyntax-ek erabaki du zerrenda hori berpiztea, Postaria.com-eko Mailman zerrenda batekin.
Ingelesezko informazioa ere banatzen dugu kontu honetaz, hemen
Eta Postariaren zerrenda hori hemen
Blog erako interfazea Gmanen
Gmane da zerbitzu hori Postariako zerrenda batzuk web bidez artxibatuta eta bilagarri jartzeko erabiltzen duguna. Iradokizunak eskatzen ditu hango jefeak, Larsek. Egiten dizkiozu eta praktikan jartzen ditu.
Azkenengo, esan nion Blog erako interfaze bat asmatzeko. Adibide bat ere egin nion, HTML txapuzeroarekin eta Zope truko batekin CSS diseinu aldagarriarekin.
Ba, bueno, hartu eta egin. Proba fasean, eta gauza asko kili-kolo, baina ikusi hau:
- http://blog.gmane.org/gmane.culture.language.basque.eibartarrak
- http://blog.gmane.org/gmane.culture.language.basque.itzul - http://blog.gmane.org/gmane.culture.language.basque.dantzan
Gauza hauek diskutitzen dira Gmane-n talde honetan edo blog interfazean, nahi bada
Casablanca, Ugarte, Metxa, eta martxoaren 11ko euskal konexioa
La Razon erasoan lehengo eguneko portadan (2004.10.19): *Un marroquà de origen VASCO dirige el grupo que reivindicó el 11-M*
Ona gero! Casablancan bisatuekin eta azpikeriekin trafikatzen zuen Ugarte haren ondorengo bat izango da... Gogoratuko duzue, Casablancako Rick's Cafe Americain hartan ibiltzen zen txikitxo bat, Peter Lorre aktoreak gorpuztua...
Koldo Izagirrek bere eleberrian pasarte barregarria dauka. (Metxa esaten dioten Agirretar baten ibili herrenak (1997)):
Agirre beste norbait komentzitu nahian Ugarte hura benetako euskaldun bat izan zela, Michael Curtiz edo Bogartek benetan ezagutu zutela eta gidoian sartu zutela... edo holako zeozer. Eta, hara!, Casablancako euskaldunaren arrastoa azaldu da berriro gaur La Razon-en.
Erreparatu eszenari. Rick-Bogart progrea eta Ugarte-Lorre euskalduna, aginte eskuindarraren kontra konspiratzen. Mairu gaixoak atrezzokoak dira, dekoratu hutsa, interes ilunek mugitutako txotxongiloak.
Mezu elektronikoen .mbox bildumak, Google Desktop-ek irakurtzeko moduan
Mbox da Unix-eko formatu bat, mezu elektronikoen bildumak egiteko estandar informatiko hedatuena. Hala ere, Google Desktop aplikazio berriak, .xls Excel fitxategiak, edo .txt ascii dokumentuak irakurri arren, ez ditu .mbx estentsiokoak irakurtzen edo arakatzen.
Baina e-posta irakurri daitekeenez Google Desktop-en bidez... Nire saiakerak deskribatu ditut.hemen Orain, .mbox fitxategietako e-posta arakatu eta aurkitzeko, beste urrats bat.
Outlook-etik ezin da .mbox formatuko fitxategirik, bere horretan, inportatu.
Baina Eudoran bai. Hau da, .mbx estentsioko mbox bat sartzen badugu Qualcomm>Eudora folderrean, Eudorak postontzi gisa errekonozitzen du fitxategi hori.
Hortaz, .mbox bat sartu Eudoran. Outlook-etik mezu haiek inportatu nire blogeko instrukzioekin, eta mezuak aurkigarri Google Desktop bidez. Honek balio du, Postariaren bezeroen artean, ze mezuak .mbox gisa gordetzen dira, eta deskargatzeko moduan daude zerrenda administratzaile bakoitzarentzat.
Era berean, Dantzan eta ItzuL zerrendentzat egin genuen lan hura, Yahoo-ko mezu zaharrak .mbox bihurtu artxibatzeko Gmane zerbitzuan... ba .mbox haiek bilagarri jar daitezke norbearen ordenagailuan, honela:
Dantzan-eko 3 Mb-ko fitxategiarekin egin dut aproba, eta listo, kargatu Eudorara, handik Oultook-era, gero bilatu gauzak Googlen, eta agertzen zaizkit emaitzak.
ItzuL-ekoarekin ez naiz saiatu, ze 30 Mb pasa dira, baina bueno, akaso animatuko da EIZIEko baten bat, gainera gogoratu naiz fitxategi potolo hori CD batean grabatu behar diedala...
Letra xehea hobe, dokumentu elektronikoen izenburuan
Markos Zapiainek bere blog artikuluetako izenburuak denak letra larriz egiten zituen. Kexatu nintzaion, eta estetika kontuekin ez joateko erantzun zidan.
Ez da estetika kontua bakarrik.
1. Irakurgarritasuna. Pantailan letra larria gatxago irakurtzen da.
2. Materiala etorkizunerako gordetzea.
3. Rebersibilitatea. Informatikak erraz bihurtzen de xehe dena larri, baina alderantziz....
(nola jakin behar du, 40 urte barru, Zapiainen testuak 21. mendeko euskal testuen gordailurako irakurriko eta aztertuko dituen nanobot biomimetikuak TXILLARDEGI ETA ATXAGA izenburuan zer den izen propio, sigla terrorista edo adizlagun arrunt?)
4. Metodo bat dago, zure blogaren estilo-orriaren diseinuaren bidez, zuk xehez sartu, eta agertu larriz agertzeko. Honela zure estetika kutreari eusten diozu, baina 2-3 funtzio inportanteak salbatuta geratzen dira.
Azkenean, argudio hauek komentzituta-edo, letra xehera igaro da Zapiain, ikusten denez.
Google eta hizkuntza gutxituetako itzultzaileak
Google-n galizieraz emaitzarik emango ez duen bilaketa bat egin, eta mezu hau azaltzen da interfazean: Google, empresa millonaria, EXPLOTA TRADUTORES VOLUNTARIOS
Hemendik jakin dugu. 24 orduren buruan, pantailetatik desagarrarazi zuten Google Españakoek, nola ez...
Euskarazkoak ere horrela egin ziren, sasoi batean zerrendatxo bat ere sortu zen... ez dakit nola jarraitu duen horrek gero. Gaur egunean, Googleren indarra ikusita, euskarazko bilaketa berezituak egiteko enpeinu berezirik ez dutela jartzen ikusita... itzulpen kolaborazio hori errepikatuko ote genuen... neuk akaso ez, behintzat.
Googlerentzako euskaraz egindako itzulpen haiengandik, baten batzuek kamiseta behintzat lortu zuten, hori badakit...
Eta, tira, orduko gauza batzuek indarrean diraute: I'm feeling lucky ezagunaren itzulpena, nire lankide Garikoitz Araolazak orduan asmatu eta proposatu zuen bezalaxe dago: Baietz lehenengoan! http://www.google.es/eu orrian ikusten dugu