Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria / Gaur egungo hedabideetako informazio zeharo bitartekatua

Gaur egungo hedabideetako informazio zeharo bitartekatua

Luistxo Fernandez 2004/11/05 18:03

Nik uste dut Internetek permititzen duela bitartekaritzarik gabeko kazetaritza. Hori defendituko dut Kazetaritza Kongresuan datorren astean, Bilbon.

Premisa batetik abiatzen naiz: gaur egungo hedabideekin, informazioa oso bitartekatua, esku eta filtro askotatik iragazia iristen zaigu.

Orain, informazio zikloa oso bitartekatua dago:

Informazioa, erakunde batzuen baitan dagoenetik, publikora iritsi arte, bitarteko askotatik pasatzen da. Eta bitartekari erabakigarrienak EZ dira kazetariak. Bitartekari pisuzkoak dira:

  • Informazioaren jatorri den Erakunde-sorburuaren komunikazio aparatua
  • Dirua
  • Kazetaria enplegatzen duen hedabidea


Goiko eskema honetan, informazioa toki jakin batean dago. Era bateko edo besteko erakunde batean. Informazio horrek, publikora iristeko, kapa asko igaro behar ditu. Lehenengo eta behin, erakundearen beraren komunikazio politika edo kabinetea edo dena delakoa dago. Publikoki edo zeharka, erakunde bakoitza saiatzen da bere informazioa bere eran ematen.

Ondoren, kazetariak ere ez du inguru erabat aske batean jasotzen informazio hori. Hedabide jakin batean dago, eta hedabide horren politika eta lerroetara moldatzen da, modu batean edo bestean.

Hedabidea bera, edo bere zuzendaritza, erakunde informatzaileen presio zuzenen mendean dago. Edo diruaren presipean. Dirua, kontestu honetan, sarri askotan informazioa duen erakundea bera da, edo erakunde haren lehengusua...

Bestetik, hedabideak esparru informatibo osoaren presioa ere sentitzen du: lehian dago etengabe. Besteek esaten ez dutena esaten saiatu behar da, nobedadea ematen; eta aldi berean kontrakoa, besteek X gaiaz jardun eta jardun badihardute, hartaz ez jardutea gero eta zailagoa izango zaio. Talde mediatikoen garaian ere, informazioa eta mezua kanal ugaritatik transmititzeko premia eta presioa ere hor dago.

Medio bakoitzaren kanal bakoitzak baditu gero bere presioak: zierre ordua, testua, irudia edo soinua prozesatu eta garaiz prest izateko presioa... Askotan, zierrearen betebeharrarekin, beste kreatibitate aukera handirik ez du kazetariak.

Eskema honetan, marraztu ditudan lauki horietarik (1. irudia) gehienak dira presio-gileak, eta apenas bi katebegi dira presioa jasaten dutenak: informazioa bera, eta kazetariak.

Kazetariak honetara dedikatzen dira, Zaldi Eroak maisuki Berrian argitaratu zuen bezala:


Nik ez dut uste informazioaren zikloan, hedabideen munduan, presioen eta bitartekaritzen nahasmen hori arindu egingo denik.

Prentsa-kabineteen tirania salatzen idatzi dira tesinak eta tesiak, eta idatziko dira hemendik aurrera ere, baina haien aurkako borrokak ez du exito handirik edukiko.

Etorkizunean ez da prentsa-kabinete gutxiago egongo. Gehiago egongo da, bitartekari gehiago egongo da. Edozein dantza-taldek ere, azkenean, komunikabideekin harremanetarako pertsona bat izendatzen amaituko du. Dantza taldekoak komunikatu, kontaktu edo prentsaurre bidez helarazten baditu gauzak, publikatuko zaizkio, zeren eta...

  • Publikora iristen dena ez da berez interesgarriena, komunikazio ziklo bitartekatuan ondoen txertatzen den informazioa baizik

Hala ere, eskema egiazkoa izan arren, esajeratua litzateke esatea hedabideen eskema honetan lan egiten duten kazetari guztiak prozesatzaile hutsak direnik. Ez da egia. Benetako kazetaritza ere irakurri edo jaso daiteke. Hedabidearen zuzendaritzak edo lerroak analisia eta eduki sakonak ematea erabaki dezake, eta emango ditu, interesatzen zaion esparruetan (edo iristea posible zaion esparruetan), eta kazetari batzuek kasu horietan benetako kazetaritza egiteko aukera izan dezakete. Baina kazetaritza egiteko libre geratzen diren esparruak, medioak erabakitzen ditu, diruari erreparatuta. Euskarazko medioetan, Nafarroako Gobernuari buruzko artikulu kritikoak irakurriko ditugu, ze apenas dago dirurik galtzeko (UPN-koekin, dena galdutzat jo dezakegu), baina Jaurlaritzaren inguruan, bertsio ofizialetatik harantzago doan ezer entzutea, irakurtzea edo ikustea euskaraz zaila da.

Baina oro har, kazetariak zera dira gaur: prozesatzaile espertoak

Egunkarietan irakurtzen dugu unibertsitatearen udako ikastaroak arrakastatsuak izan direla aurten. Perfekto. Prentsa-bulegoaren informazioa prozesatu dute, eta helarazi zaigu. Egia ala gezurra den, ikastaroen interes maila benetakoa zein izan den, ez da notizia izaten sekula. Ez dago jakiterik.

Eta Internet eskema honetan sartuta zer?

Ba, informazioa manejatzen duten erakundeek, Interneterako bederen, ez dute behar tartekorik: ez hedabiderik, ez kazetaririk. Zuzenean, beren komunikazio aparatuek informatzen dute.

Hala nola erakundeak edo enpresa batek...

 

Informazio instituzionala edo enpresa-informazio komertzialarekin ikusita, eskema honek itxura kaskarra dauka: diruak agindutako kontrol mediatikoa dakargigu gogora. Baina eskema bera aplika dakioke edozeini. Erakunde alternatibo batek salaketak hedabideen bidez zabaltzeko, gainditu behar dituen filtroak ez dira gutxi: Diruaren eta hedabideen interesak daude batetik, eta kazetarien ahalmenak gero, ea ondo esango duten esan nahi duguna. Horren aurrean, Interneten zer? zuzenean bota. Erakunde ekologista batek ez du medioetara informazioa zabaldu beharrik Interneten zer aterako dioten ikusteko, bere webgunean gauzak esan, horixe da egin dezakeena eta egin behar duena.


Indymedia informazio sare alternatiboaren lema gogora dezagun: don't hate the media, be the media.

Erakundearen eta publikoaren arteko komunikazio modu honetan, kazetarientzako tokirik ez dagoela ematen du... Ezabatu ditugu eskematik hedabideak eta kazetariak.

Baina ez dugu ezabatu kazetaritza lana. Komunikazio kabineteetan kazetariak edo komunikatzaileak egoten dira lanean, beren jabeek behar dutena esateko, noski, baina ez da horren desberdina egoera hori hedabide arrunt batekin alderatuta.

Erakunde alternatiboan ere, azken batean, kazetaritza lana tokatzen da egitea Internet bidez informazioa zabaltzeko: grafiestek eta argazkilariek egin dezakete beren partea, idazleek berea...

Eskema hau bitartekaritzarik gabeko kazetaritza da?

Goiko adibide horietan ditugu bitarketari gutxiago, baina informazioa, hasiera-hasieratik bitartekatua eta manipulatua datorkigu... Erakunde bakoitzak nahi dituen gauzak kontatzen ditu nahi bezala Interneten. Ez dago kazetaritza benetakorik hor! ez bada medio alternatiboen ereduan...

Bai, hala da, baina Internetek baditu zirrikitu gehiago, eta bitartekaritza ezabatzeko moduak ere eskaintzen ditu. Beste baterako utziko dut.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004