Neure interesen lainoa
Microsiervoseko sarrera honetan ikusi dut tagroll zer den.
Del.icio.us faboritoen bilduma sozialean neuk bildu ditudanak, nola dauden laino batean.
Sustatuko Jamaika atalerako kargatu ditudanak, sustaturako etiketa edo tagarekin, haiek nagusi. Sustatuk ere badu bere laino propioa, eta Tagzanian ere badaude, erabiltzaileena eta etiketena, azken hauetan 400 alera mugatuta.
Erdaraz hitzaldia Bilboko Euskaldunan
Egin behar ez dena egin nuen atzo: erdaraz eman hitzaldia Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak antolatutako gauza batean.
Lotsatuta nago. Eskatu zidatenean ez nuen pentsatu biltzar handi samar bat izango zela. Pentsatu nuen, jasotako eskaeragatik, kontsultoreen arteko bilera erdipribatua zela. Eta erdaraz prestatua eroan nuen.
Baina, tira, hori ere ez da aitzakia nahikoa. Ez daukat defentsarik.
Biltzarraren kritika bat Patxi Gaztelumendiren blogean: Eta nire aurkezpen erdalduna hemen.
The English Gardener
Asteburuan ikusia, The Constant Gardener, el jardinero fiel. Oso oso film ona. Hala iruditu zitzaidan asteburuan. Le Carre-ren izena irakurrita, uste nuen espioein thriller geopolitiko bat izango zela, eta, hara!, The English Patient eder haren beste bertsio eder bat iruditu zitzaigun. Ez bakarrik Ralph Fiennes delako protagonista, beste paralelismo mordoa ere bai... Baina ez ditut destripatuko.
Sheraton hotelean Bilbon
Mezu honek ez du kontzientzia sozial handirik, abisatzen dut, eta bereziki desegokia gerta daiteke Julen Gabiriak Eibartarrak zerrendan bota dituen egiekin bat bazatoz.
Baina, bai, alfonbra gorrietako Neo-Bilbao berri eta distiranteko zati bat ezagutu dut nik asteburuan, eta komentatu nahi dut. Ez, ez dut Bilbo Zaharra bisitatu (portzierto, ziber-aktibismo pixka bat han aste honetan, katalanez gehiago euskaraz baino itxuraz). Asteburuan bisitatu dudana Sheraton Bilbao hotela izan da.
Marabilla bat da. Eta lortu daitezkeen prezioetan, edozeini gomendatzeko modukoa. Talasoak eta agroturismoak, edo minihoteltxoak modan daude, baina bueno, prezioetan askoz harantzago joan gabe, Sheraton bisitatu daiteke. Harantzago barik, honuntzago, segun eta zerekin konparatzen dugun.
Gaur Joxe Aranzabalek komentatzen du Aisia kateko hotel bat, Urduñakoa: sare horretako gertuena Eibar.org-etik, Deban, talaso-hotel berria, Kresala, eta bertan habitazio bikoitza hartzea, orain web bidez ikusi dudanez, 74 euro. Ez armosurik eta ez talasorik prezio horretan: gaua.
Ba asteburua Sheratonen 70 eurotan hartu genuen. Ez joan bertara mostradoretik halakorik hartzera, ze bertan igual 250 euroko gelak besterik ez dizkizute emango. Baina Internetetik egin eta 70 euroko gelak aurkituko dituzu. Edo pakete apur bat garestiagoak, Guggenheimeko sarrerak eta bufeta barne. Hori bai, bide batez, erreserba egitean esan Starwood Preferred Guest programan sartu nahi duzula: doan da, propaganda bidaliko dizute gero mordoa, baina bueno, beste okerrik ez.
Ba horrekin bazoaz, eta lekua badago, gela oraindik hobea emango dizute (asteburuetan oso posiblea, ze badirudi negozioekin astegunetan beteago dagoela hotel hau), eta Starwood bezeroen beste txorakeriak ere bai: kafea gelara nahi duzunean (doan), eskatu batak, listerine, edozer, dena etxera. Gero, suposatzen dut 10 Sheraton bisitatzen badituzu, 11. doan emango dizutela edo holako zeozer. Baina hori baino lehenago ere, klub horretakoa bazara, ba bentaja ederrak.
Horrez gainera, piszinatxo klimatizatua, aire librean baina estalia (6. pisuan), gimnasioa eta sauna doan, Internet doan (gela batean bi ordenadore bakarrik, baina asteburuetan libre samar). Piszina, lastima, konponketetan azaroan: abendurako zabalik berriro, esan ziguten. Eta gela zoragarri batzuk. Eraikuntza ere, ikusgarria da. 8 pisu altu den hall hutsa barruan... bertigoa dutenentzat ez oso ona. Euskararen aldetik, informazio gutxi, baina gauza batzuk badituzte euskaratuta. Jatetxe bi dituzte. Ba lujo samarrekoa, baina kafetegian menu ederra 15 eurotan.
Sentitzen dut, Julen, baina benetan gomendatu beharra neukan.
Hegan Euskal Herrian Google Earth-ekin
Aukera berria Tagzanian. Lehen tag eta erabiltzaile orrietan zegoen KML harpidetza batera lotzeko modua, baina orain kokapen bakoitzak du bere KML fitxategia, ez harpidetzakoa, baizik eta behin klikatu eta gordetzekoa (nahi baduzu, bestela ez gorde eta kitto).
Aukera hau Google Earth aplikazioarekin batera erabiltzen da. Hondarribiko aireportuko puntu honetatik, adibidez, egin klik KML-an, eta hegazkinean barik, Google Earth-en egingo duzu hegan, azkenean honekin topo egiteko:
Hau ez da Internet, hau Mozilla da
Amatiñoren mezu hau Eibartarrak zerrendan irakurri ostean, burutazio txiki bat.
Atzo gure seme Peru ordenadorian jarri zan apur bat. Handik unetxo batera, Tostarica.com bisitatzen ziharduan, galleta batzuekin zetorren orri bateko klabe batzuekin joko batzuetan sartzeko edo... Esan netsan: ze, Peru, Interneten? "Ez, hau ez da Internet, hau Mozilla da."
Internet (Explorer) Ikastolakua izango da, etxekua beste zeozer... Gixajue gero umie, Microsoft ikasi bihar, eta eskola publikuan gainera, denok pagautako lizentziekin!
Webdosbetaren ondorenak
Madrilen eman nuen aurkezpena PDF gisa argitaratu dute Webdosbeta kongresuaren gunean. Eibarko bi produkturen irudiak aurkeztu nituen, injinerutzako tradizio industrial baten parte izan nahi dugula azaltzeko, eta PDFan agertzen ez badira ere, hemen dituzu haien web helbideak:
Ikusi, Peru ze majo, kortxoa kentzen sagardoari etxean Domusantu egunean.
Badugu lanen bat esku artean Madrildik bueltan. Martin Varsavskyren FON proiektuarentzat mapagintzan dihardugu, Bizkaiko enpresa batekin batera, Alianzo-rekin. Tagzaniari esker lortutako enkargu bat.
Mapamovil blog berrian utzi ditut pista batzuk, Madrilen ezagututako gauza interesgarrien inguruan.
Ego-surferrak
Ego-surferra naiz. Interneteko berboide berri horietako bat: ego-surfing. Non aipatu naute? Googlen edo blog bilatzaileetan saiatzen naiz aurkitzen. Zenbat bisitari dauzkat? estatistikak begiratzen ditut. Urliak baino harpidedun gehiago ote? Konparaketa egiten dut tresnaren batean...
Txorakeria bat. Pertsonalki eginez gero, egoismo eta umekeriaren adibide bat. Egoista kakumeak izango gara eta. Baina ikuspuntu profesional batetik, edo gai baten jarraipenaren ikuspegitik... horri bijilantzia teknologikoa deitzen zaio, eta ezinbesteko tresna da aktualitatearen jarraipenean.
Idazleren batzuk kexu dira edozein txorakeria idazten dela blogetan. Duda izpirik gabe. Baina, nago ni, sekula ez dela hainbeste euskal idazle euskaraz egunero idazten... Idazle txarrak, asko, baina onak ere bai. Blogari batzuk badira bestela ere idazle direnak, hala nola Katixa Agirre zoragarria, edo Anjel Lertxundi (Berrian blogista berri!), eta badira idazle titulurik gabe, anonimotasunetik edo bitakora xumeenetik harribitxi ederrak idazten dituztenak sarri, hala nola Telezaborra edo Goio Arana disenatzailea.
Badira Goierriko ikastetxe batean 17 urterekin, ez bakarrik Messegerra (hori edade horretako ikastetxe guztietako ikasleek dakite!), baizik eta harpidetza-agregatzaileak eta gogokoenen biltegi sozialak zer diren ezagutzen dutenak.
Euskarazko hedabideak uzkur ageri dira telebista digitalaren aroan zer ote datorkigun. Euskararen presentziak eremu katodio berrian nolakoa beharko duen... Nazio Eztabaidaguneak ere enegarren txostena prestatuko omen du hedabideen geroaz. Eta bitartean, Interneten, blog batetik, Zumarragako udaltzain batek, etorkizuneko telebista asmatu du, Patxi Trapero deritzo.
Zelako asmo hutsal, pertsonal eta txoroekin betetzen dugun Internet. Zelako egoistak garen. Baina gure egoismo apur horietatik, josten doa sare bat. Txostenik gabe, emendakiñik gabe, bileritisaren pisu astunik gabe.
Olatu eder batean noa surf egiten, ezker eta eskuin, lagun asko ditudala.
Irutxuluko Hitza egunkarirako idatzi dut hau.
Madrilen harrokeriak puztuta, mapamovil.net sortu dut
Madrilgo ibilerak ederto joan ziren Webdosbeta elkarketan. Milioika argazki eta blog mezu: http://flickr.com/photos/tags/webdosbeta
http://flickr.com/photos/tags/tagzania
http://www.flickr.com/photos/codesyntax/
http://www.technorati.com/search/tagzania
http://www.technorati.com/search/webdosbeta
Horiek begiratzeari ego-surfing esaten zaio. Eta aipu oso beroak daude aurkeztu genuen proiektuaren inguruan, eta azaldutako enpresa planaz, adibidez bart gauez Microsiervos blog espainol ezagunean.
Hainbeste lorerekin, putzak igo burura, eta begira, erabaki dut Espainiara joatea, partzialki behintzat. Ingelesen Hilerri honetako gaztelaniazko atala itxi dut, eta bakarrik utzi ditut ingelesezkoa eta euskarazkoa.
Espainolezkoa, blog berri batera, el Mapamóvil, mapamovil.net
Horra, zelako goiburu polita sortu dion Maitek. Maurizio Cattelan italiarraren lan hiperrealista gogor baten gainean egindako aldaera.
Mapa mugikorrak blogetan
Aukera berria jarri dugu martxan Tagzanian. Bertako edozein mapa beste toki batean pegatzeko, kopiatu behar den instrukzio lerro bat sartuta blogeko HTML kodean edo dena delako tokian. Blogetarako aproposa dirudi, bereziki (ikusi aldameneko zutabean: baita mapa estu bat sartzeko, besterik ez bada). Hona adibide bat:
Julen Gabiriak honela deskribatu du emaitza Eibartarrak zerrendan: Hor agertzen dan mapa ez da irudi estatiko soila: saguagaz raka-raka mobidu ezkero, mapa osoa mobitzen da. Hau da: blogintzan oin arte nik ezagutzen nebazan irudiak kieto egozan, baina oin mapa interaktiboak be sartu ahal dira blogetan. Hori pasada bat iruditzen jat.
Ez bakarrik mugituko da bisitariak raka-raka egindakoan... Goian agertzen den mapa berez eguneratuko da jendeak etiketa jakin horrekin (kasu horretan firstkiss
etiketari dagokion mapa da) elementu gehiago gehitzen baditu Tagzaniara.
First kiss, lehen musua, bai. Hori ere badihardute gehitzen. Euskaldun batzuek ere bai, Cat Axeritogarairen lehen euskal musua Kalifornian izan zen, Alberto batek Nagoreri Iruñean eman zion musu hori, eta Iker Merchan Eroskiren Consumer.es agerkariko arduradunarena (artikulua eskaini digute), Sabin Etxetik gertu Bilbon. Ze txorakeria, ezta? je je, neurea ere Bilbon izan zen, baina oraindik ez dut gehitu. Behintzat ez zen Ikerrekin izan toki horretan... Zazpi kaleetan izan zen. Detailea gustatuko zaio Gabiriari, bere nobelak irakurtzen ez ditudala badakien arren.
Beste aukeratxo bat ere martxan blog honetan. Tagzaniarako loturak orain Googleko mapetako ikono gorritxoarekin apainduta etorriko dira. Beste horterada bat, akaso, baina neure blogaren diseinu okerrarekin bat dator, eta gainera Massachussettsen dugun Tagzania-zale batek eskaini digun trukoa. Trukean, enbaxadore izendatu dugu han.