Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria

Durangoko bonbardaketa

Luistxo Fernandez 2007/03/31 08:28
Duela 70 urte, Durangoko bonbardaketa. Gure aita, 15 urteko mutikoa, Ezkurdi plazan harrapatu zuen, eta banku baten azpian onik irten zen hondakinetatik. Aguretxo bat da gaiur, 85 urte izateko, nahiko ondo dago.

Duela 10 urte, Josu Chuecarekin Egunkariarentzat erreportaia sorta idazten, harroxko samar aitaren testigantza jaso nuen Bizkaiko ofentsibaren artikulurako. Gero liburu bihurtu zuen hura Egunkariak: Espainiako Gerra Zibila Euskal Herrian. Haren eskubideak, Egunkariaren ondare idatzi guztia bezala, bahituta dauka orain Entzutegi Nazionalak.

Gernikan baino bonba eta suntsipen gutxiago, baina agian hildako gehiago izan ziren Durangon. 294 idatzi genuen Chuecak eta biok. Gaur, Berriak, 300dik gora jartzen du zifra. Erreportaia hau ere beharrezkoa zen. Baina, dena den, beste kopuru batean oker behar dute egon: 15.000 tona bonba ez, hori garraiatzeko hegazkinik ez zegoen han... Gure liburuan 11 tona pasatxo ageri dira. Ez da gutxi.

Josan Agirre

Luistxo Fernandez 2007/03/29 17:49
Nire kintako lagun bat, Josan Agirre, minbiziak hil zuen joan den astean. Aitor Alberdik agurra idatzi du bere blogean. Nik berandu jakin nuen bere errautsak zabaldu zituztela Arraten. 
Sasoi batean, orain 15 urte inguru, Eibarko Txirio-kaleko Herriko Tabernan izan zan kamarero Josan. Berak kontatu zidan, kontaktu eske joan zitzaiola Txabalito... Ipuina idatzi nuan harekin: Kontaktua.
Tipo haundi bat izan da Josan. Haren aita ere ezagutu nuen, eta hartaz ere idatzi nuen behin blog honetan. Agur Josan. Euskal Herri libreago bat ezagutzea merezi huen.

Tagzaniako eta Geonames-eko izenak euskaratzen

Luistxo Fernandez 2007/03/26 15:20
Tagzania euskaratu genuenetik, ahalegina egin dugu euskarazko izenen bilaketak posible izan daitezen. Aurreratzen goaz, baina emaitzak ez dira guztiz beteak, oraindik. Euskal Herriko toki-izen bat bilatuz gero, agian agertuko da, eta agian ez.

Ahalegin mamitsuena Gipuzkoako Foru Aldundiko b5m bulego geografikokoen laguntzarekin egin dugu, Geonames zerbitzuarekin kolaboratuz aldi berean. Geonames toki-izenen datu-base global eta irekian Gipuzkoako euskarazko izenak, egoki geogokatutak, gehitu dira (iragarpena Sustatun eta baita Geonames-en ere).

Horrekin, Tagzaniako bilaketetan euskarazko izen asko agertzen hasi dira, eta Geonames oinarri duten munduko beste hainbat zerbitzutan ere hala izango dira.

Gipuzkoako izen horiez gain, beste sei probintzietan ere hobetu da euskal izenen presentzia, baina modu irregularragoan. Euskaldunon Egunkariak atera zuen Estilo Liburuan zegoen izendegia birziklatu dugu, bere garaian neuk sortutako Geonative webgunean Interneten jarria zegoena.

Izendegietako erdarazko forma erkatu egin behar izan dugu Geonames-eko datutegiarekin, eta kasu batzuetan bakarrik aurkitu dira bateratzeak, euskarazko forma hor gehitu ahal izateko. Adibidez, bilatu Arizcun edo Arizkun eta euskaraz dago orain lehen emaitza Geonames-en Arizkun forma jarri dugulako nagusi. Pertales de Arizcun bat agertzen da euskaratu barik, horren "match" zehatzik ez dugulako aurkitu datu eguneraketan. Eta kokapenari dagokionez, noski, Gipuzkoatik kanpokoek jarraitzen dute tokiz kanpo gehienek...

Beste erakunde batzuk, eta Euskaltzaindia, prest badaude beren izendegietako datu ofizialak eskaintzeko, gustura integratuko ditugu haiek ere.

Bitartean, zuk zeuk ere lagun dezakezu Gipuzkoatik kanpoko izenetan fintzen eta hobetzen, Geonames-eko datuak txukuntzen. Tagzanian dagoen azalpen orri honetan esplikatzen da nola.

Twitter, agian huskeria, agian interesgarria

Luistxo Fernandez 2007/03/22 10:30
Modako web aplikazioa, Twitter, mikrobloga egiteko, kontaktu sare bat izateko, SMS eta web formatuen artean esperimentatzeko... Bluff gisa ezereztuko den huskeria ote? ala tresna iraultzailea bilakatuko? Niri interesgarria iruditzen zait, baina ez dakit oso ondo nola erabili, gaztelaniaz, ingelesez, euskaraz... Euskaldun gehiago hurbiltzen bada, euskaraz gusturago erabiliko dut, eta akaso testeatuko dugu gehiagoren artean ea balio duen ala ez.

Baserriak mundu birtualetan

Luistxo Fernandez 2007/03/16 21:51
Aste honetan, egun berean egin dut topo MCCk Txinako industrialde batean jarri duen baserriarekin, eta SecondLife-ko euskal etxearekin.



MCCrena jakindakoan, tonto-tonto, satelitez topatzeari ekin nion. Kunshan bai, aurkitzen ahal da Tagzanian, baina han, industrialde zehatz batean baserri bat topatzea... Zer ote nuen buruan? 4 milioi biztanleko hiria da Kunshan, eta poligono bat ez, dozenaka eta dozenaka industrialde daude. Pentsatzen jarrita, guri iruditzen zaigu nazioarteko talde ekonomiko bat 300.000 metroko lursail batean Euskal Herrian propio ezartzea sekulakoa izango zela... baina euskal talde ekonomiko bat, nazioartekoa izanda ere, Txinako bazter batean kokatzea zer da? baserritxo bat potentzia industrial erraldoi batean. Haien eskala da handia, ez geurea, edo geuk han egin dezakeguna. Beste mundu bat da, eta halako itxura birtual, irreal bat du baserri horrek han, Second Life-koaren antza du, bai.

SecondLife-ko nire ibilera labur eta erridikuluak kontatu ditut Sustatun. Pertsonalki, 3D-ko paisaia digitaletan, nahiago ditut oinarri errealekoak, hala nola Google Earth:



Joan den igandean, GPS-a sartu nuen Peru semearen motxilan, abiatu zen mutila, eta itzultzerakoan, nondik ibili zen ikusi ahal izan genuen teknologiari esker. Egiazki, mendira igo zen (kontrolatua daukagu!). Hona ikusmira bidimentsionala eta altueraren perfila, eta baita KML fitxategia ibilbide hauxe bera Google Earth-ekin ikusteko.

Bestalde, erreparatu irudiari, eskumako goiko aldean, laino geruza lurrera nola itsatsita dagoen. Satelite irudia goitik hartuta, altimetria datuekin batzerakoan, honelako efektua ematen du 3d ikusmiran. Beste adibide bat hemen, Istiñako A8ko zubia, zuzen joan beharrean, haranaren sakoneran bihurrituta.

Mugitu zure puntuak Tagzanian

Luistxo Fernandez 2007/03/13 17:51
Azkenean, posible da jada. Puntuak lekuz mugitu daitezke Tagzanian.



Ba zen garaia. Puntuak kopiatu edo editatzean, txintxeta gorria beste kokapen batera eraman dezakezu harengandik tira eginda (mapan botea ere egingo duela ikusiko duzu), edo mapako beste puntu batean klik egiten.

Okertu bazara mugimenduarekin, hasierakoa / restore klikatu eta itzuliko da kokapen originalera.

Gaur8 eta paperaren trakzioa

Luistxo Fernandez 2007/03/08 18:03
Garak gonbidatuta Gaur8-ren aurkezpenera joan nintzen atzo, blogarientzako soilik zen gonbidapen bat jaso ondoren. Tira, nik uste nuen aurkezpena zela, piskolabisik ez, baina gunea martxan ikusiko genuela, proiektore batekin edo... halako akto sozial bat izango zela, eta han azaldu nintzen, seme-alabekin (neure kargu zeuden ordu horretan), jendea agurtzera eta. Baina, hara!, bilera bat zen, bilera gela batean, Gaur8ko arduradunak eta Josu Juaristi Gara-ko zuzendariak zuzendutako elkarketatxo bat. Apur bat erridikulu sentitu nintzen umeekin, baina oso txintxo portatu ziren.

Gaur8 zer izango den azaldu ziguten. Larunbatetan Gara-rekin banatuko den euskara hutsezko paperezko gehigarri bat, Gaur8.info webgunearekin osatuko dena. Paperekoak Interneten ere egongo dira, gehienbat erredakzioak mantenduko duen atal bat, eta horrez gain, sei blogarirekin hasiko den komunitate bat izango du, eta agregatzaile tankerako zerbait, blogosfera euskalduneko beste titular batzuk bertan agertzeko.

Josu Juaristik ondo azaldu ditu helburuak bere blogean, baita Teketen-ek ere bileran izan ginenon sentsazio batzuk.

Aholku batzuk ematen ausartu nintzen.

1. Interneten masa-hedabide bati eustea zaila dela... blogariok erraz konformatzen garela 15 irakurle izanda, baina erredakzio batek gehiago behar duela. Izateko pazientzia, beraz, eta guneak trafikoa eta martxa izango badu, paperetik egin beharko diotela trakzioa. Paperean kantxa asko eman Gaur8.info-ri.

2. Gero, benetan emateko interaktibitate aukerak emateko jendeari, baldin eta webgunea paperaren osagarri egin nahi duten (eta hala nahi dute, esaten dutenez)

3. Eta pentsatzeko, ze abantaila izango duen bisitariak, Gaur8.info-n edukia, informazioa uzteko. Bisitarien motibazio horretan pentsatzeko. Jendeak interes pertsonalagatik parte hartzen du Interneten, horregatik sortzen du edukia. Ez inori mesede egiteko, norberarentzat interesgarri edo baliagarri delako baizik.

Azkenengo aholku honetan pentsatzen... motibazio hori paperak berak eman dezakeela uste dut. Utzi interaktibitaterako aukerak, jendeak aportatzeko bideak eta ateak zabaldu, eta gero aportazio hori, paperera ekarri. Paperaren trakzioa, Gaur8.info indartzeko, eta baita jendea animatzeko ematera, promesa horrekin: jendearen edukiak paperean zabalkunde handiarekin ikusiko direla.

Beste eskala (eta galaxia) batean, EITBk gauza bera egiten du, euskarri tradizionalaren trakzioa aprobetxatu eitb24 etengabe promozionatzeko, eta jendeari edukia eskatzeko aitzakia telebistan azalduko dela agintzea (eguraldi argazkien exitoa horretan datzala uste dut).

Efecte Mirall

Luistxo Fernandez 2007/03/05 21:45
Telebista ekoiztetxe batetik deitu didate, blog honetan alabaren bideoa jarri nuela ikusita, ea reality moduko batean parte hartuko ote genuen familian... Kamera batzuk jarri etxean (edo gure eskuetan), eta gure eguneroko bizimodua grabatu. Familia grabatzaile, nonbait, REC eta STOP noiz sakatu ere familiaren esku, ez dago produkzio ekiporik zure etxean sartuta. Blogistak exibizionista samarrak gara, eta logikoa da holakoetara jotzea. Gainera, debalde idazten ditugu blog hauek, eta hori ere kontuan hartuko zuten, ze familiek doan egitea omen da kontua.

Katalunian arrakasta lortu duela esan didate ekoiztetxekoek. Efecte Mirall izena du programak han.

Ea polita suertatzen den euskal bertsioa. Gu ez gara irtengo, horixe izan da gure erantzuna.

Zeru-mapa ilargi-eklipserako

Luistxo Fernandez 2007/03/02 16:17
Bihar larunbata, martxoak 3, ilargi eklipsea ikusgai gauez (lainorik ez bada). Donostiako KutxaGunearen obserbatorio astronomikoan behaketa eta zenbait ekintza antolatu ditu Aranzadi elkarteak 22.00etatik 00.30etara, eta hara joateko intentzioa dut, semeak lagunduta.

Mapa batekin hornituta azalduko gara Miramonen, mapa honekin:



Zerua puntu zehatz horretatik, 2007ko martxoaren 3ko 22.30etan nola ikusiko den erakusten digu irudiak. Ilargiaz gain, konstelazioak behatzeko eta, ez bada Saturno hurbilegi dagoela ilargitik, planeta bat ere ikusten saiatzeko. 

Jakina, lurra biribila da, eta zeru-mapak desberdinak dira ordu berean Donostian edo Erroman. Baina badaude laguntzak zure zeru-mapa zehatza aurkitzeko. Tagzanian, puntu zehatz bakoitzean, KutxaGuneko horretan adibidez, maparen azpian bada lotura bat eramango zaituena HeavensAbove izeneko gauza batera. Hara iritsitakoan, une horretan zerua nola den erakutsiko dizu, baina biribilaren azpian, ordua eta data aldatzeko aukera duzu, une jakin baterako mapa lortu, hura inprimatu, eta behaketara harekin joateko.

Urte polarra, klima aldaketaz kezkatzeko eta hausnartzeko

Luistxo Fernandez 2007/03/01 16:53
Gaur, martxoak 1, hasten da Nazioarteko Urte Polarra (IPY, ingelesezko sigletan). Klima aldaketak kezkatzen gaituen honetan, izotzik gabeko artikoa oso posiblea bihur daiteke. Ze mundu klase izango dugu mende bukaeran? Izango dute gure ondorengoek geuk umeekin disfrutatzeko izan dugun aukera hau?



Bereziki hezkuntza zentroetan ekimenak sustatzeko proposamena dator IPY.org webgunean. Tagzanian oinarritutako mapa handi bat ari dira osatzen Urte Polarrarekin zerikusia duten ekintzak egin behar dituzten ikastetxe eta gainerako zentroek.

Ez dadila egia bihurtu, Virtual Globe aplikazioarekin ikus daitekeen mundu hau, izotzik gabeko Ozeano Artiko bat:



Klima aldaketaren inguruan, Oscarra irabazi duen film hori, Al Gore politikariak zuzendua, ikusi genuen etxean lehengo egunean, Egia Asaldagarria. Asaldagarriaz gain, gomendagarria iruditzen zait, Egia da Al Goreren komunikazio eta propaganda saio pertsonal ondo antolatu bat dela. Baina bikain antolatua, antzoki batetik egiten duen aurkezpena.

Blog interesgarri batean jakin nuen film honen berri: Nando Quintana da nere lankide bat, Trapagarangoa, Elorriora ezkondua, egunero Eibarrera dator lanera, Gorostaballeko CodeSyntaxera.

Pelikulak kezkatuta uzten zaitu. Gurasoekin batera, Peru gure semea ere oso interesatua ikusten... eta neu, erdi izututa. Koño, hau beldurrezko pelikula bat da, hemen nago 8 urteko mutikoarekin ikusten, ze etorkizun utzi behar diogun berari...

Pelikula zeharka lortu dugu. Nandok bere blogeko sarreran erreparatzen dio film amaieran agertzen diren bi oharri:
  • a) Animatu jende guztia film hau ikusteko
  • b) Filmaren kopiak egiten badituzu, Estatu Batuetako legeak jazarriko zaitu.
Biak kontraesanean daude... baina Nandok a).-ren bidetik jo du. Bere blog sarreran lotura bat eskaintzen du Emule edo horrelakoetatik jaisteko filma. Niri kopia bat pasatu zidan Nandok.
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004