Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria / Joe Aguirre eta bere aroa

Joe Aguirre eta bere aroa

Luistxo Fernandez 2006/02/27 15:10

Modako filma ikusi dut asteburuan, Brokeback Mountain. Lehen zatian, Joe Aguirre bat agertzen da, artalde-jabea, gaiztoarena egiten. Fortuna egindako euskal artzain bat, pentsa dezakegu.

Nik ezagutu nuen Joe Aguirre bat, Ameriketan artzain izandakoa. Jose Agirre, Mallabikoa, Idahon artzain izandakoa, eta handik bueltan Eibarko Alfan atezain izana.

(Irutxuloko Hitza egunkarirako zutabea da hau) Nire ingelesezko irakaslea izan zen, partikularrak hartzen nituen haren etxean mutikotan. Ingeles apur batekin moldatzen gara gaur egunean, eta hari zor diot nik hori, neurri batean. Jose Agirre idatziko genuen gaur hemen, eta Joe Aguirre izango zen han, Jesus guztiak Jess bihurtu ziren bezala Nevada edo Kaliforniako abeltzaintzan.

Egia esanda, filmaren gaia ez da, inondik ere, artzaintza edo euskal emigrazioa. Bi cowboy homosexualen bizimodu zaila da istorioa, eta horren inguruko kontuak: egia, maitasuna, nor bere buruari edo ingurukoei leial izatea, bizimodua bideratzeko zailtasunak, gizontasuna, ezer gutxi duenaren lanaren nekeak... Film ederra da. Gizarte tradizional batean, zein izan da homosexualen tokia? Badirudi, gaur egunean Donostian filmeko Wyoming eder baina triste horretan baino hobeto gaudela. Notizia ona da Gehitu bezalako mugimendu batek gure kaleetan lortu duen bisibilitatea. Baina, dudarik gabe, aurreritzietatik libre bizitzetik urrun gaude, eta Mikel Martin EHGAM-eko militanteak Espainiako militar batzuengandik jaso zuen jipoia ere duela gutxikoa da.

Joe Aguirre filmakoa, Wyomingekoa, gizon zitala da, eta mesprezuz ikusten ditu homosexualak. Nik ezagututako Jose Agirre gizon ona zen, langilea, gizon zuzena, baina ez dakit homosexualitateaz zer iritzi zuen. Suposatzen dut apenas dakigula, benetan, zer zen homosexualitatea gure aiton-amonen gizarte tradizionalean. Pentsatu nahi dut, hala ere, zuzen jokatzen ikasi izan badugu nagusiengandik, haien arora begiratu barik, orain tokatzen zaigula guri zuzenak izatea. Libreago bizitzeko, hiri honetan, hemen eta orain, Donostian.

Patxi
Patxi dio:
2006/02/27 18:55

Ni seko harritzen naiz oraindik, "Urlia, homosexuala omen da. Entzun dezu?" esaten etortzen zaizkidanean.

  • Eta? - Galdetzen det nik beti- Zein da notizia?

Homosexualitate ez deklaratuaren zifrak jakingo bagenitu, atzeraka eroriko ginateke igual.

Gure joera sexualei, ze garrantzia ematen zaien.

Horrelako filmeak, urrats txiki bat dira. Irudipena daukat ordea, horrelako urrats asko beharko direla, zenbait kontzeptu burugabe zaharkituta ikusi arte.

Goio Arana
Goio Arana dio:
2006/02/28 19:55

Bost bat urte dela, oporretan nengoela Asturiasen erretiratutako gizon bat arrimatu zitzaidan portuan nengoela...

Oso jatorra ematen zuen eta berehala, hitz egiten hasi zen, ezezagunen artean, batzutan, gertatzen den konexio bereziaz aprobetxatuz.

Bere bizitzaz hitz egiten hasi zen, gazte denboraz, gerraosteaz, Alemanian lanean pasatutako urte luzetaz, eta, azkenean, inori esan barik zeukan (horrela esan zidan, behintzat) izandako amodio istoriorik handiena kontatu zidan: Alemaniara lanera joandako mutil gazte espainiar batekin izandako urteetako amodio istorioa... emozionatu egiten zen gizona hitz egiterakoan!...

Urteetan ibili ziren, sekretuan, elkarrekin Alemanian, eta diru faltaren aitxakiaz, etxebizitza berdinean bizi izatera iritzi ziren... haiek izan zirela bere bizitzako urterik zoriontsuenak zion... baina, azkenean, Espainiara bueltatu egin behar zirela, ezkontzeko presioa jasanezina zela eta, bekatu larrian ari zirela sinistuta, utzi egin zuten harremana, ez ordea, elkar ikustearena... Trato moduko bat egin zuten, ezkondu eta gero, noizean behin elkartuko zirela horretarako oporretako egunen batzuk aprobetxatuta...

Benetako bizitza zinea baino harrigarriagoa dela garbi dago, baina, zelako kasualitatea! Hunkigarria iruditu zitzaidan oso antzekoa den istorioa orain gutxi dela zinean ikustea... tximiniak eta kearen ordez mendiak eta errekak baina, bestela...

Zenbat halako (benetakoak, ez zeluloidezkoak) gertatuko diren gure artean! Gure ama, aita, amona, aitona, anai edo arreben artean... Zelako faena!

Askotan etorri izan zait burura Asturiasen entzundako istorio triste hura. Nola leike hainbeste sufrimendu (norberarena eta ingurukoena), zer eta amodioagatik!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004