Kateak
Kateek askatasun eza sinbolizatzen dute gure gizartean, esklabotza, menpekotasun eta sumisioaren metafora bihurtu ditugu. Aska gaitezen apurtu behar ditugula esaten dugu etengabe.
Era beran, eta ia kontraesana balitz legez, katea jarraidura da, lotzeko erabiltzen dena; aurrekoekin kateatzeko, arbasoekiko fideltasuna adierazteko irudia. "Katea ez da eten", "Katebegi galdua" esamoldeak erabiltzen ditugu euskaraz.
Beste kate batzuek, ostera, aurrekoenganako atxikimendua ez ezik, transmisioa eta elkarri ematea ere badira. Guk jaso eta pasatu egiten dugula, gurea izan arren, era batean edo bestean, hartu eta oparitu egiten dugula. Hartu-eman kateak, Eibarko Gantxila: "Tantanez tantan, Eibarren euskaraz blai". Kate berdinzaleak, inklusiboak, sinbolikoak.
Eta giza kateak, igandekoaren modukoak. Berdinzaleak izateaz gain, transbertsalak ere badirenak, aurrekoekin lotzeaz aparte ilusioa, esperantza eta irribarrea sortzen dituztenak. Joan direnak gogoan iltzatzen dizkigutenak.
Halakoa izan zelako domekakoa, kontu asko lotu eta uztartzen zituena: borondatea, gogoa, ilusioa, itxaropena, indarra, herri-sentimendua, bagarela nor, munduaren aurrean badugula zer esana, gure herrian bagarela, urrunetik gatozela eta urrunera goazela, guk gura dugun eran,...
Zirrara eragiten dit oraindik irudiak ikusteak. Emozioak gainezka egin arte, une batzuetan, a posteriori. Hantxe, eskutik oratuta ezezagun bati eta familiako beste bati, zahar eta umeak inguruan, zerbaiten parte garela sentitu dugu, katearen katebegiak, kate askatzailearena, esku forma duena, azalak ukitu eta laztandu lezakeena, estutu eta nasaitu. Eskuaren ikurra eskubidearena bihurtuta: esku, kate, bide.
Hala Durangotik Iruñera, kable luze baten moduan energia transmititzen geniharduela iruditu zitzaidan. Egun horretako eguzki ederretik izpiak jaso eta motorrak martxan jartzeko eta segitzeko pilak kargatu genituela, elkarren artean ilusioz, irribarrez, batak besteari begira, errekonozimenduz, katearen begiak uztartu eta lokarri sendoa lortuta kateatu etorkizunera.
Indar hau alferrik gal ez bedi!