Azitaingo poligonoko loreak
La Salle ikastetxetik poligonora erreka gainetik pasatzen den zubiaren ondoan, erreka justu zubi azpitik pasatzen den inguruan, lore batzuk ikusi izan ditut CodeSyntaxen lanean hasi nintzenetik. Lanera oinez joan ohi naiz eta egunero lau aldiz pasatzen naiz bertatik, eta nahiz eta lehenengoan atentzioa deitu zidan, orain ia ohartu ere ez naiz egiten. Egia esan, ahaztua dut noiz aldatu zituzten loreok azken aldiz. Batzuk, gainera, plastikozkoak dirudite eta besteak lehortuta daude.
Bulegoan komentatu izan dugu horko lore horien kontua behin baino gehiagotan. Zer ote diren, nork jartzen ote dituen...
Batek baino gehiagok, behin baino gehiagotan, sektaren baten kontua direla esan du. Sineskeriaren batengatik hor utzitako loreak.
Beste norbaitek, orain dela urte batzuk hor gertatu zen auto istripu bategatik familiakoren batek utzitako loreak zirela esan zuen beste behin.
Garrantzia gehiegirik ez nion ematen, orain dela aste batzuk kontua etxean komentatu nuen arte. Egun haietan euri asko egiten ari zen eta amamak, betiko moduan, segituan esan zeban "Ené, errekia be bete-bete einda etorriko da poligonitik be(he)rá, eztá Mikél?". "Bai" nere erantzuna. Holakotxe egualdixa ein zeban baten eruan zittuan ufalak bihargin batzuk oin dala urte batzuk. Ondiok be hantxe egoten dira lorak ipinitta.
Badirudi, Poligonoa egin aurretik, eta Orbe baserrikoak autoen desguazea hor jarri aurretik, errekaren kanalizazioan tunel bat egiten zeudela han langile batzuk. Bat-batean euria hasi eta tunelpean babestu ziren, han seguru egongo zirelakoan. Baina euria gelditu ez, eta erreka handitzen hasi zen eta halako baten ufalak jo eta eraman egin zituen. Batzuk Maltzagan agertu omen ziran.
Inork gehiago ez dit istorio hau konfirmatu, baina etxean guztiek zuten horren berri. Ez dauka sekta baten xarmarik, baina Azpeitikoak ikusita, agian hobe sektarik ez bada, ala?
Norbaitek istorioa konfirmatzerik badu askoz hobeto, igual Serafin edo Amatiño edo "los viejos del lugar" akordatuko dira, edo Asier eta Aintzanek entzungo zeben euren grabazioetakoren baten.
Biziki interesanta Kalamuko Parlamenturako. Eskerrik haunitx.