Eskola uniformeak
Ikasturte hasiera da, eta gurasoak umeei zer jantzi pentsatzen ibiliko dira: iazko arropa txiki, udakoa freskoegi,… goizeroko (edo gaueroko) kezkak. Askok uniformea ikusiko dute irtenbide.
Baina irtenbiderik onena ez dela esan nahi diet. Ez dut gustuko, 10 urtean sufritu dudalako, 4 urtetik 14ra. Gainera, gurea oso-oso zatarra zen: oihala grisa (Galesko printzea esaten zaiona) marra urdinduna, alkandora zuria, jertse eta galtzerdi urdin ilunak, zapata beltzak. Amantala marroia eta zuria koadroekin (hau bai itsusia). Normala den moduan, mania hartu genion, urteko egun guztietan, euri zen eguzki, hotz zein bero, berdin jantzita, beti gonaz, beti itsusi, beti ilun, beti triste!
Askok esango didazue erosoa dela. Bai, baina aspergarria ere bai. Eta niri gertatu zitzaidan bezala, gorrotagarri bihurtu. Izan ere, aukeratzeko gutxi geneukan: galtzerdiak, esporteak, edo leotardoak. Eta horiek beti eguraldiaren araberakoak. Beraz, kaka zaharra!
Beste batzuek esango didazue ekonomikoagoa dela. Bai egia da, bakarra egiten ziguten eta ikasle bizitzan zenbat izango genituen, hiru? lau? Batez ere gure sasoian neurrira egiten zigutelako. Gonak agian 5 urte irauten zigun (barrenak kilometrikoak; gerria zabaltzeko). Hazi ahala, barrena luzatu eta aurrera!
Lehen esan dudan legez, aspergarria da beti berdin jantzita joatea. Nik oihal hori, Gales printzea, principe de Gales gorroto dut. Orain urte batzuk oihala ikusi nuen salgai erakusleiho batean eta barrena irauli egin zitzaidan…Lagun pare batek alkandora eta prakak dauzkate, eta ikusten diedan bakoitzean, hotzikara sentitzen dut! Dotorea dela diote, izango da, baina ezin dut jasan! Traumatizatuta laga ninduen!
Beste batzuek esango didazue ikasleak berdindu egiten dituela. Baina nire esperientziak diost ez dituela ezberdintasun sozialak estaltzen: aberatsenek uniforme berriagoak dituzte, pobreenek bigarren eskukoak. Oihalak ere kalitate desberdina dute. Azkenean, dirua ezin da ezkutatu! Gainera, eskola batzuek elitismoa bultzatu nahi dute honekin, kalean nabarmentzeko euren ikasleak pordoska direla, eta denak “txukun” jantzita dabiltzala. Ejem!
Kuban ere ume guztiek janzten dute uniformea. Kasu honetan ez dakit zergatik den, eta imajinatzen dut gobernuak emango diela arropa. Janzkera-beka bezalako zerbait? Ez dakit
Esan beharra dago, ukitu sexista bat ere izan duela. Izan ere, hemen, (herrietan, behintzat) uniformea sufritu dugunak, normalean, emakumeak izan gara. Gutxi dira mutilen eskolak izan dutenak. Eta mistoa izanda kolegioa, neskek beti gona erabili dute. Prakak debekatuta dauzkate.
Horregatik guztiagatik, Ez zaizkit uniformeak gustatzen. Nahiago dut askatasuna, bakoitzak nahi edota ahal duen moduan janztea, koloretsu, desberdin, imajinazioa erabiliz!