Borsalinoa, edozein herri(ta)ko jai(x)etan
Ez cowboy kapelua, ez bikingo kaskoa, ez eta martziano antena argitsuak. Aurtengo Euskal Herriko jaietako modako buru gainekoa borsalino sonbreroa izan da. Borsalino sonbreroa, denok ulertu dezagun, gangsterren pelikuletan eramaten dituztenen antzerakoa da (James Cagney aktorea gogoratu), baina hegoa piska bat motzagoa duena. Modan dagoen modeloa oihalez estalita dago.
Creative Commons Aitortu © cc-by: Edoardo Costa
Zehatz definitzeko beraz, koadrozko oihalez estalitako gangster sonbrero hego motza da aurten eramaten den borsalinoa.
Aurtengo jaien aurrekoa da moda. 2008 urtean edo behar bada urte bete lehenago hasi zen ikusten moda desfileetan. Gero ezaguna egin zen Brad Pitt askotan agertzen zelako borsalino batekin estalita (gaur Donostian izango da Pitt; borsalinoz?). Ondoren Zaran ere saltzen hasi ziren, eta kalean baten batzuk ikusi genituen. Baina aurtengo jaietan izan da benetan mutikoen artean zabaldu denean, saltzaile senegaldarrak herriz herri borsalinoak eskaintzen hasi direnean.
Beti galdetu diot nire buruari nork erabakitzen ote duen jaietako salgaia zein izango den. Urte batean senegaldar guztiek cowboy kapelak eskaintzen dituzte, hurrengoan mexikar kapelak, antena disdiratsuak, aurten koadrozko borsalinoak. Eta esango nuke inoiz baino arrakasta handiagoa izan dutela beltzen kapelok. Izan ere, aurreko urteetako buru-estalkiek broma kutsua zeukaten eta xelebre itxura ematen zioten kapelazpikoari (gehienetan mutil gaztea), esango didazue zein jite barregarria geratzen zaion ligatzeko asmotan gerturatzen zaizun bikingo adardun bati. Bosalinoek ostera toke dotore-interesantea eskaintzen diote edozein herriko jaietan ligatzeko asmotan atera den mutil gazteari, segurasko Brad Pitt dauka erreferentzia borsalinoa erosterakoan, horratx lortutako arrakastaren gakoa 14 urtetik gorako mutiletan.
Borsalinoaren ondoko galderak, bi: bata, zenbat borsalinodunek lortu dute aurten jaietan ligatzea? Bigarrena, zer ote datorkigu datorren urteko jaietako gau luzeetan burua apaintzeko?