Errezetak, parkeak eta natura
Pasa den astean BERRIAn Maialen Unanueren erreportaje bat irakurri nuen Natura, sendagai izenekoa. Bertan azaltzen zuen kazetariak Eskozian medikuak natura errezetatzen hasita zeudela. Konturatuz gero gaixoa ez dagoela oso animatuta, edo depresio arina duela, egunero denbora bat naturan pasatzeko aholkatzen duen liburuxka bat ematen diotela. Liburuxka horretan azaltzen da zer egin lezakeen gaixoak kanpoko paraje horretan hobetzeko.
Harrigarria eta naturala iruditu zitzaidan era berean. Harrigarria, gure osasun sisteman dena konpontzen delako edo pastillak emanda, edo jana zaindu behar dela esanda. Lasai ibiltzeko ere iradokitzen digute, baina, muntatu dugun gurpil zoro honetan, hutsaren hurrengo eragina du halakorik aholkatzeak. Halere, naturala zait natura aholkatzea, natura ere bagarelako.
Artikuluak, dena den, buruari eragiteko ere balio du. Batez ere, hausnartzeko guk euskaldunok —orokortuta eta gizarte moduan— zelako hartu-emana daukagun izadiarekin, eta ea martxan jarri ahal izango litzatekeen halakorik hemen.
Baserritarra ala kaletarra. Dikotomia horrekin definitzen zuten euren burua, ez orain dela asko, Euskal Herriko biztanle gehienek. Bata, herrian bizi zena; bestea, mendian. Herrikoa kalekume ezjakina natura kontuetan, mendikoa cashero eta aldeanoa. Mundu bi elkarren osagarri behar luketenak bizitzeko ezinbestekoak direlako, elkarren kontra jarrita, etsaituta. Kalekumeak naturari ez ikusiarena egin, eta menditarra naturari etekina atera beharrak izadiaz ganoraz gozatu ezinean. Biak ala biak, modu batera edo bestera ingurumenari uko eginda.
Asko haserretu egingo zaizkit aurrekoarekin. Erantzungo didate kaletarrek gurean lotura estua dutela naturarekin, batez ere mendiarekin. Ez da gezurra. Euskal Herrian mendizaletasunak itzal handia du, eta praktikante asko. Baina esango nuke kirol arloan sailka genezakeela mendiarekiko harreman hori. Gehiago dela izerditzea eta sufritzea, tontorrak eta markak egitea, naturaz gozatzea baino. Eta artikuluak argi azaltzen du naturan egonean egotea dela haizeaz gozatzea, txoriei jaten ematea, bertako soinuak entzutea… Kontenplazioan egotea, alegia. Zeharo erlaxatu gorputza eta burua hutsik lagatzea.
Hala ere, zorionez, euskal herritar guztiok ez gara berdinak. Nire ezagun batek harro aldarrikatzen zuen “mendira, asfaltatzen dutenean”, kalezuloan gustura zebilelako. Jende espezie horrek ez du kontaktu handirik izadiarekin, eta ez dakit zelan hartuko luketen halako errezeta bat. Horiendako, besteak beste, berdegune kontzeptua garatu dute Eskoziakoek, natura errezetatzeak ez duelako esan nahi egunero mendira joatea, baizik eta lursail ireki eta landaredi naturala duenera joatea edo berdegune urbanoetan egotea ere izan litekeela. Beraz, herrietako jardin eta parkeek ere balio lezakete.
Horrekin batera, parke kontzeptua zabaldu beharko genuke; izan ere, ia guztion buruan parkeaz hitz egitean txintxaunak datozkigu burura. Baina berdeguneak berdea behar du, zuhaitzak eta landareak, ezin da asfalto hutsa izan. Horrela, gure herriak bizigarriagoak egingo genituzke, arnasguneak lirateke-eta.
Eskoziarrei natura errezetatzen dieten bitartean, gurean txikitu egiten da natura. Porlangintzak ez du deskantsurik, berdin zaielako gure osasuna. Eta Gipuzkoan badakigu zerbait horretaz, ezta? Bestela, galdetu Zubietan.
Gora begiratu deigun!
Gasteizen turismuak haunditzen hasi zanian, bertan bizi dan lagun eibartar batek esan zestan turistak zeintzuk ziran jakitzen zebela eskuan liburua/papelak eruan, eta gora begira juaten ziralako. Gora beittu etxe eta eraikiñak ikusteko, arkitekturia kontenplatzeko.
Eibarren turista gitxi dabil. Herrixaren zatar famiak halako bisitaririk ez dau erakartzen, itxuria. Sasoi bateko ingles hárek, eta oin Imsersoko batzuk kenduta, despistauren bat baino ez dau aterrizatzen hamen. Horregaittik, gurian iñor gitxi dabil gora begira. Ze eibartarrok ez dogu gorutza begiratzen, ez bada jakitzeko ia ze egualdi egingo deskun.
Ba, herrixan eraikin polittak dagoz, eta estimatan ez dakaguzelakuan nago. Batez be, udalian oin arte agintian egondakuak, bestela ez da aitzen zelan laga zeben botatzen Alfako ofiziñen eraikiña, esate baterako. Ondare industrial eta kulturalari egindako zaurixa izan zan ha, memorixia birrindu, eta herrixaren nortasuna pikutara bialtzeko eria. Sensibilidade kultural bako agintzaillien obria.
Horregaittik, gora begiratu bihar dogu eibartarrok. Egizue pruebia. Estaziño kalian hasi estaziñotik bertatik Ibarkurutzeraiño. Beittu ondo barriztutako fatxaderi, bestieri be bai. Dotoriak dira, ezta? Ba, begirada hori berori erabili herrixan zihar sakabanatuta dagozen danendako, eta batez be, eraikin industrialendako. Imajiñaizuez barriztuta, dakezen bentanal itzel hórretatik sartzen dan argixa, horma senduetan barruan babestuta… Etxe eta lokal demasak izango litzakez. Baiña galtzeko arriskuan dagoz, batzuk beheia joteko peligruan, beste batzuk bota eta barrixa egitteko. Ez dau merezi dakagun ondaria salbatzia? Gure historixia gorde ez eze, beste erabillera bat be emon funtzionalak izan daittezen?
Herrixaren nortasuna mantendu, eta jaso doguna hurrengueri lagatzeko. Ezin izan dittugu taillarrak salbau, baiña gorde deiguzen eraikiñak, sikiera!
Argazkiak, errekorrak eta esperantza
Irudi batek mila berbak baino gehiago balio duela errepikatzen zaigu etengabe. Ia beti egia izaten da. Argi dago argazki batzuek sakon-sakonean eragiten digutela, eta memorian iltzatuta geratzen zaizkigula. Horrela, elkarrizketetako berbagai ez ezik, erreferente bihurtzen dira, eta imajinario kolektiboa ilustratzen dute.
Inarrosten gaituzten erretratu horietako bat oraintsu ikusi dugu nonahi. Everesteko tontorrean atera zuten, eta hamarnaka lagun ikusten ziren gailurra lortu nahian, erromesaldia balitz lez. Hainbeste jende zegoen (zebilen jartzekotan nengoen, baina geldi zegoen jende-aldra!), non ezin zuten ez atzera ez aurrera egin, Herri Urrats egunean Lapurdi-Gipuzkoako mugan Guardia Zibilen kontrola jarri izan balute moduan! Ilara ikaragarri horiek ikusita bazirudien munduko sabaian Berri Txarrak taldearen kontzertu sorpresa bateko sarrerak erosteko gunea zabaldu zutela!
Everest topera dago, ez ederrena delako, altuenetan altuena delako baizik. Gailurra egitea errekor bat betetzea da, eta horregatik, hain zuzen, lortu beharrekoa ezinbestean. Errekorgintzaren gizartean ez du balio beste edozein mendik, garaiena izan behar da, kosta ahala kosta egindakoa. Gainera, forma fisikoak ere ez du gehiegi ardura, antza. Dirua izanez gero, arreburritxiko ere eramango dute ustezko mendizalea. Dana emon biar yako matte dan markari.
Eta ahaztu barik, tontorrean bertan argazkia egin, momentua betikotu dadin sare sozialetan jarri, balentria denek jakin dezaten. Inor baino ausartagoa izan, inor baino bipilagoa.
Ez dakit, baina, zelan jaio zen moda hau. Seguruenera, pertsonok izango dugu joera inork baino gehiago, hobeak, azkarragoak, lehenak… izateko, bestela ez da ulertzen. Baina ez da hor geratzen kontua. Badirudi gaur egunean ez dela nahikoa mendian ibiltzea, egindako tontorren zerrenda luzea erakustea, orain mendian antxintxika egin behar da. Korrika aldats gora. Eta mendi maratoiak, kilometro bertikalak eta abarrak ditugu. Zorakeria, nire uste harroan. Lasaitu beharrean, estresatu mendian ere.
Eta mendi lasterketa hauen artean Zegama-Aizkorri mendi maratoia izan dugu protagonista. Zer da hori! Lokatzetan, euripean, eguzki galdatan… doaz aldapan gora, ez pausorik pauso, hinka luzean baizik. Ez dakit zeren bila, sufritzen eta gozatzen, denak Kilian Jornet izan nahian.
Baina inoiz ez da nahikoa. Zer izango ote da hurrengo erronka, mendian lasterka ibiltzea mainstream bihurtzen denean? Zer izango da hurrengoa? Zer egin desafio gose hori asetzeko? Zergatik disfrutatu nekadura infinitua lortuta? Zeri egiten diete ihes? Zein furiadak eragingo digu hurrengo? Ze nezesidade?
Afanean ibiltze horrek ezin du ekarri ezer onik, anbizio neurribakoak positibotik gutxi duelako normalean, lortzeko antsiak beste guztia apaldu eta estaltzen duelako. Hala eta guztiz ere, Zegama-Aizkorri lasterketa honetan izan da kontu berezi bat, benetako erronka eta ausardia. Mikel Lizarralderena, hain zuzen. Mikel da esklerosi anizkoitza izanda parte hartu eta mendi maratoi hau amaitu duen lehenengoa. Dortsal bat eskatzen ibili ostean, eskuratu eta ametsa bete du. Esperantzari ate bat zabaldu.
Mendian gora eta irribarrez agertzen den argazkiak barruan eragiten du zeharo. Bejondeizula, Mikel!
Ontzi abandonatuak gara
Gaurko paseoan ez dut topatu arrautza bat pinu gainean, batez ere pinu gutxi zegoelako. Itsaso ondoan ibiltzeak hori dakar. Aurkitu dudanak ez zeraman okupazio ejerzitoaren seilu eta guzti —zorionez—. Ontziak ziren, ontzi marka gabeak, eroateko janaria garraiatzeko erabiltzen diren horietakoak. Ontzi abandonatuak nonahi, ia guztiak plastikozkoak, erabilera bakarrekoak.
Gure sasoiaren metafora perfektua begitandu zait. Ia guztia delako erabili eta botatzekoa, ez irautekoa. Nerabezarora arte-edo, ezagutu nuen janari dendetan, baita supermerkatuetan ere, botilak (lehen denak ziren beirazkoak) itzultzeko sistema: botila erosten zenean likidoa eta botila erosten ziren. Hurrengo erosketan botila hutsa eroanez gero, ez zen kobratzen. Erosi ezean baina botila eramanda, kaskoaren dirua berreskuratzen zen. Gero plastikozko botilak etorri ziren, eta sistema hori pikutara joan zen, nahiz eta txosnetan sagardo botilekin egiten den oraindik. Era berean, plastikozko poltsak kobratzen zirenez (eta karutxo, gainera), erositako poltsa hori behin eta berriro erabiltzen zen. Zikinduz gero, uretatik pasatu, eskegi, eta atzera ere erabili. Ene! Zenbat urte jarri dizkiodan neure buruari! Hitz egin du amama Kipuletak.
Nerabezarora arte —plastikoaren boom-era arte— gauzek askoz luzeago irauten zuten, eta gehiago aprobetxatzen ziren. Denetatik izan dut nik, ez zait ezer falta izan, baina garai batean geneukana askoz hobeto zaintzen genuen irauteko zelako. Objektuek kalitate hobea zutela ere esango nuke, garesti ordaintzen genituen, eta luzarorako ziren, agian horregatik. Gauzek balioa zuten.
Baina ezerk ez dauka baliorik orain. Arropa kontuetan, esate baterako jertseetan, geneuzkanak apurtu edo txiki geratu arte erabiltzen genituen (ondoren beste batek erabiltzeko!). Orain bolatxoak egiten zaizkie bitan erabilita. Hirugarrenean jantzi, eta edukiontzira zarpail itxura ematen digulako. Gogoratu ere ez gara egiten gure armairutik pasatu den guztiaz!
Zoritxarrez, pertsonak ere erabili eta lagatzekoak dira, ezin iraun, ezin konprometitu. Esate baterako, sexu aplikazioetan hori bilatzen da: beroaldia izan, norbait topatu, txortan egin eta listo. Ez dut esaten txarra denik, heldu biren artean libreki adostutako guztia zilegi delako botere harremanik ez badago, behintzat. Ona ala txarra ezin esan, desberdina da, baina txortakideak erabili eta ahaztekoak dira kasu horietan.
Gorputzak ere erabili eta baztertzekoak dira, sexurako ez ezik, ugalketarako ere bai. Umetokiak alokagai daude, sabelak salgai: usatu eta baztertu. Inkubagailu hutsak bihurtzen dira ama horiek, gailuak, ontziak. Langileekin ere berdin antzean. Fitxa aldagarriak gara, balioa galdu duten piezak, gauza bihurtu gaituztelako, despertsonatu. Gainera, beti egongo da baten bat postua betetzeko, hobeto eta merkeago.
Oparotasunaren gizartean bizi garela ezin ukatu. Denak galdu du balioa, denetik daukagulako. Eta soberan izate horrekin ontzi horiek abandonatu egiten dira, ez dutelako ezer balio, beste bat ere erraz lor litekeelako. Ahaztu eta lurrera bota, ontzi abandonatu horiek haitz artean sakabanatuta, norbaitek jasoko dituelakoan, norbanakoaren ardura galduta. Ezerk ez duelako baliorik, denok ontzi abandonatuak garelako neurriren baten.
Porlanaren jonkiak gara
Azken boladan nahiko zeregin gogaikarrian nabil sartuta; medikutan, alegia. Laguntzaile gisa joaten naiz proba eta kontsultetara, eta aukera izan dut Eibarko ospitale berrian probatzeko. Estetikaz ez dut ezer esango, baina barruko kolore eta uniformetasunaz asko idatz liteke. Aurreko baten, erradiologian sartu ginen. Ez zegoen inor karraju luze hartan, eta beldurrezko film baterako lokalizazio egokia izan litekeela begitandu zitzaidan. Hormak eta ateak kolore berdekoak, baina ilar-pureak duen berde hori, 70eko hamarkadatik ateratakoa iruditu zitzaidan. Dena berdina ospitale osoan, ez dago mediku edota espezialitateen izenik ateetan, zenbakiak besterik ez. Eta zenbakiak Osakidetzako urdin horretan… Ez dira ondo ezkontzen kolore biak!
Tira, baina iritziak baino ez dira horiek, eta dekoraziorako gustu gutxi izateak ez du ezer esan nahi. Arazoa ospitalea bera da, nola sortu zen, eta zein izan zen osasun etxe horren helburua. Patxi Lopezek, lehendakari izan aurretik, Eibarren (justu oraingo ospitale parean dagoen auzoan) eman zuen mitin baten dago sorburua. Orduan egin zuen promesa. Baina erietxea egiteko orubea errepide biren artean ez ezik, kutsatuta ere bazegoen. Proiektuak tikili-takala iraun zuen buruetan, nahiz eta Lopezen lehendakari-denbora amaitu. Ez zitzaien ahaztu, eta kromo trukaketan lortu zuten gauzatzea.
Eibarkoa anbulatorio handi bat da. Torrekua osasun etxea hustu, eta bertara eroan dute, baita Mendaroko espezialista batzuk ere. Oheak ere badauzka subakutuendako, baina besterik ez. Gainera, erdi hutsik dago, aparkalekurik ez dauka, eta elbarriendako espazio bat du gordea errepidean, baina hiru taxirendako…
Egin behar zen, nahiz eta Mendaroko ospitalearen handitzea geldirik egon diru faltagatik. Eta denok pozarren. Nork egin liezaioke kontra ospitale bat egitearen ideiari? Ezin da! Nahiz eta gero medikuak lanez gainezka egon, ordezkorik kontratatu ez, eta pazienteari emandako atentzio denbora murriztu, oso txarto dago ikusita ospitale baten aurka egotea.
Izan ere, desarrollista hutsak gara. Azpiegiturak egiteak du erakarmena gure herrian. Bost aireportu izan arren, Hondarribikoa handitu behar, txikiegia delako. Navarra Arena erraldoia, Balentziaga museo gaindimentsionatua. Superportu bat ez, bi behar genituen. Supersur errepidea inork erabiltzen ez badu ere, bigarren fase bati ekin behar zaio. Erraustegi demasa egin behar zen, hainbeste erretzeko zabor nahikorik ez ekoitziagatik. Inora ez garamatzan abiadura handiko tren batekin tematuta 25 urtean. Ez dakit nola ez ditugun proiektatutako lau zentral nuklearrak! Gero barre egingo diogu Castelloko aireportuari. Berdinak gara, barren!
“Horrek ez du ogirik jaten” esaten zuen gure amamak; hau da, ez zekarrela gasturik zerbait soberan edukitzeak (seguruenera, “jakiteak ez du ogirik jaten” esaera zaharraren bere moldaketa izango da). Horrela funtzionatzen dugu, azpiegituren Diogenes sindromea dugu —barka diezadala Edu Lartzangurenek—, eta auzo bakoitzean nahi genuke ospitalea, edota abiadura handiko trenaren geltokia, nahiz eta gero ospitale horretan ez egon medikurik, eta geltokian trenik inoiz ezin hartu. Ospitale eta geltoki horien promesek ilusioz betetzen gaituzte, edukitzearen lilurak itsutu. Porlanaren jonkiak gara.
Adina
Urteak bete eta konturatzen zara bizitza erdi baino gehiago egin duzula. Etapa batzuk pasatu direla, atzean laga duzula fase bat baino gehiago, gorputza ez dela atzera ere bera izango. Emakume bazara, gainera, umeak egiteko gaitasuna desagertu dela ziurtatuko duzu.
Zelan gertatu den galdetuko diozu zeure buruari, noiz bihurtu zinen nagusi, oraindik ere heldutasuna ez zaizula osorik iritsi begitantzen zaizu-eta.
Ingurukoek lasaitu gura zaituzte eta adina nortasun agirian jartzen duen datu bat baino ez dela ziurtatzen dizute. Bai zera! Behin edade bat beteta beharrerako ere ez zaituzte nahi; antza denez, urteekin gauzaeztana bihurtzen zara. Eta andrazkoen kasuan ikusezin, zenbaki horrek kanonetik urrundu egiten zaituelako: ez zara desiragarri, beraz, ez duzu balio. Gazte denboran zuretzako lekurik ez eremu publikoan; eta orain ere ez, gazteen mesedetan.
Adinak ez duela inporta esaten dizute etengabe. Orduan, zergatik merkatuak bonbardatzen zaitu gaztetzeko produktuekin? Zimurrak ederrak direla aldarrikatu zuen Adolfo Dominguezek, baina argi dago oihal zatiez baino ez ziharduela.
Lurraren gainean
Lurra da gure alaba,
Lurra da gure ama,
Lur ahizpa, lur arreba
Lurra gu, lurra gara.
Ez ehortzi gure lurra,
Gu baikara lurra bera.
Lurra da gure alaba,
Lurra da gure ama
Zaldibobok kantatzen duen Amurizaren letra honek diosku Lurra ama dugula, Amalurra. Berarengana doa Eguzkia lotarakoan; izan ere, Lurrak alaba bi ditu: Ilargia eta Eguzkia. Baina beste bat ere ba omen du: antza denez, zerua eta lurra aspertuta zeuden baten, itsasoa egin zuten-eta.
Ama, beraz, denona, lurrezkoak ere bagarelako, lurrez eginak. Beharbada lehendakariek horregatik egiten dute zin “Euzko lur ganean zutunik”. Baina kasu honetan, amatzat hartu beharrean, ez ote dute behegaintzat, zorutzat hartzen? Zoru etiko ala pelbiko?
Lur gainean zutik jarkitzen gara, Scarlett O’Hara bagina lez, ukabilean lur apurra dugula, Amalurra defenda dezagun —dezaten— eskatzeko. Oi, lur; oi, lur; oi, ene lur nerea...
Halere, imajinario euskaldun klasikoan lurra ustela eta faltsua da, jaten ematen badigu ere, lurrekoak garela diogun arren: lurrak hazi, eta lurrak jan behar gaitu.
Agian hankak lurrean ditugun bitartean, errealistak garelako. Eta askotan egoerak ez zerurako ez lurrerako jartzen gaituelako, besterik egin ezinda.
Beldurrak airean garabiltzanean, oinetako lurra ikaran dabilela sentitzen dugu. Zur eta lur ere gelditzen gara, ikusten dugunean gure planetakideak, lurtar asko, goian zerua eta behean lurra bizi direla. Horregatik exijitzen dugu: lurra lantzen duenarentzat! Lur-jabe handiek jakin beharko lukete, azkenean, lurrak berdinduko gaituela, eta lurrak gureak beharrean, gu garela lurrarenak.
Lurra da gure planeta, gure etxea. Horregatik nik, Ruperrek kantatzen duen bezala, ez dut zerutik gertu egon nahi, hemen egon nahi dut, lurrean etzanda, bere taupadak, amodioak eta miseriak entzunez, sagarrondoen loreen zain, labexomorroen muxu goxoa, goruntz begira lainoak nola pasatzen diren.
Lur gainean etzanda.
Hitzez eta ahotsez-en
Taladrina zainetan
Taladrina usaina gustatzen zait. Edo agian esan beharko nuke taladrina usainak nire ume-denboratara eroaten nauela, eta aromek duten oroitarazte indarraren bidez txikitako sasoira itzultzen nauela. Lerrook irakurri dituzuen asko zeuen buruari galdetzen ibiliko zarete ea zer demontre den taladrina hori, zein perfume gozo izango den hain atzera naroana. Bada, lagunok, ez lurrin, ez gozo, makinak olioztatzeko likido zuria da taladrina, esne itxurakoa eta usain sarkorrekoa, hatsa edo kiratsa ez esateagatik. Memoriaren bideak adigaitzak dira, gero!
Zeuen kautan pentsatuko duzue haurtzaro bitxia izan nuela, baina korriente baino korrienteagoa izan zen nirea. Hori bai, hiper-industrializatutako herri batekoa izanda, normala zen taladrinaren berri izatea, eta usaina hain ezagun bihurtzea. Ez ahaztu, gainera, herriaren orografiarengatik, tailerrak herrigunean zeudela askotan, eta gure familiaren kasuan bezala, etxebizitza lantegiaren gainean zegoela. Dena zen bat: etxea, fabrika, familia… zarata eta usainak ere bai, jakina.
Baina denbora horiek joan ziren. Krisi ekonomiko sakon bi jasan ditugu (eta beste krisi txiki batzuk ere bai; ados jarri ezinda baikabiltza data zehatzetan), eta krisi horiek zeharo aldatu dituzte herriaren konfigurazioa, zaratak, usainak, eta azken finean, bizimodua.
Aurreko desindustrializazioak gogor eragin zigun, Euskal Herri osoari, jakina. Nonahi zeuden lantegi hutsak eta orube kutsatuak, denak abandonatuak. Bilboaldean urteak pasatuta, eta diru-goseak bultzatuta, terreno horietan zentro komertzial, museo edota makro-proiektu urbanistikoak eraiki zituzten. Fabrika abandonatuak chic eta cool bihurtu ziren. Ehun industriala komertzio eta turismoaren truke. Orduan garbitu zituzten errio-ertzak, eraikin zatarrak kendu, estetika hutsagatik deuseztatu. Edo, beharbada, ondare industrialaren hondar horiek desastrea onartu edota bideratu zituztenendako galdutako guztiaren oroigarri iraunkorra zirelako desegin zituzten.
Ezin dugu ahaztu bigarren krisi erraldoi bat ere sufritu dugula, eta aurrekoan bezala, hondakinak edonon daudela. Beste leku batzuetan, baina gure inguruan. Nahikoa da pasioan ibiltzea auzoetan, edo errepide ertzei arretaz begiratzea, ikusteko nahi beste eraikin industrial abandonatu, asko bidoi eta kupelak barruan dituztela oraindik. Bertan behera lagata, behin atea itxita, ahaztuta geratu ziren produktuak daude, eta sarri askotan kimikoak dira gai horiek. Horrek ingurugiro eta osasunerako dakartzan kalte guztiekin. Gainera, eraikin horiek oso arriskutsuak dira inguruan ibil litezkeen pertsonendako jausteko arriskua dagoelako hainbatetan.
Baina nork arduratu beharko luke pabiloi zaharrak zaindu edota botatzeaz? Jabeek ez lukete kontu izan beharko? Ala diru etekina atera dakiekeen bitartean bakarrik kontu izan behar dute jabeek? Gero, betiko moduan, denon lepotik egin behar garbitzeko eta deskontaminatzeko lanak? Jabego pribatuaren paradoxa ankerra!
Usina itxiek arriskuak dauzkate, bai, baina tristezia ere eragiten dute, herri bat zelakoa zen, eta orain nola dagoen adierazten dutelako. Eurekin batera, iragan bat ere galtzen da, bizimodu bat, ogia nondik ateratzeko lekua, beharra. Agian taladrina daroagulako zainetan, taladrina usainak bizi gintuelako, beharbada.
"Basque is my name"
Bihar amaituko da Basque Country itzulia, Lower Deba Valley-ko Eibarren. San Sebastian region-en dago eskualde hori, as you know. San Sebastian eta Basque Country, oro har, oso ezagunak dira food ona dutelako: pintxos, txorizo eta txakoli. Gainera, Basque Culinary Center ere badago, eta bertan ahalegintzen dira everybody jakintza horren jabe izaten. Very cool!
Baina Basque Country honetan San Sebastian Region ez da bakarra. Badaukagu Biscay ere, justu Deba Valley-ren ondo-ondoan. Eurek Bilbao Exhibition Center daukate, horretan aitzindariak izan dira. Orain, gainera, Bay of Biscay Festival dute Mundakan, Urdaibai Bird Centerretik gertu, Bermeo Tuna World Capital-erako bidean! Wonderful!
Basque Country honetan ere badugu Green Capital bat: Vitoria-Gasteiz. Bertan orain Wine Berria jaia egingo dute, bertako wine eta txakolina dastatzeko. God save the wine!
Badirudi beste Euskal Herrietan (edo Big Basque Country-n) ez daudela in. Tira, Navarre-n (Navarre shall be the wonder of the world, Shakespeare) hasi dira, eta Navarra wine lovers badute bertan. Good job!
Baina marvelous-ena Twitterren ikusi nuen kartel bat izan zen: Biscay Bay Startup Campus (BBSC) 2019: Where youngs entrepreneurs learn, get inspired and connect. Edición liderazgo femenino (enpresari gazteek ikasi, inspiratu eta konektatzen duten lekua. Emakumezkoen lidergoaren edizioa), eta ilustratzeko adarbakar baten marrazkia! Oh, yeah! Harrapazank, Txiribiton!
Full experience bat ere agintzen dute abonua erosiz gero; izan ere, formakuntza tailerrak, ponentzia inspiratzaileak, speed eta mentoring sesioak, eta muturreko networking-a izango da bertan. Hori bai, euskarazko berba bat ere ez da ageri kartel osoan! Larriena da antolatzaile nagusia Euskal Herriko Unibertsitatea dela (Bilbao Valley izeneko zerbait ere badago tartean). Gainera, laguntzaileak Zitek, Bizkaiko Foru Aldundia eta Getxoko Udala ere badira, beste batzuekin batera. Nolatan onar dezakete erakunde publiko horiek horrelako kartel bat, erdara hutsean dagoena, gainera? Zelan izan litezke erakunde horiek hain kosmopaletoak horrelakoak diseinatzean? Langile batzuek horrelako izenak asmatzen denbora ematen dutela pentsatze hutsak gogotxartu egiten nau, eta hori gutxi balitz, denon diruarekin dihardutela jakinda, sumindu. Baina ez ote dago arrazoi ezkutuagoren bat horren atzean?
Kontua da halakoak ikusten ditugun ia guztietan ingelesaren presentzia absurdo horrek, testua iluntzeaz gain, euskara ostentzen duela. Gaztelania nabarmentzen da ingeleskada horien guztien artean. Euskarendako ez dago espaziorik. Beraz, euskara desagertu egiten zaigu paisaia linguistikotik.
Izendatze mordoilo horien bidez moderno itxura eman nahi dute, baina baldarkeria eta ezjakintasuna baino ez dute nabarmentzen. Munduko hiritar (citizen of the World) direla azpimarratu, eta txokokeria txikiek, euskara bezalakoak, izpiritu kultura gabekoa adierazten dutela aditzera eman nahi digute. Eta betiko moduan, horrelakoetan ere gaztelania irabazle, euskara baztertuta mundurako pasabide naturaltzat aurkezten zaigulako. Dena all right, my friend!
Mapatxeak eta mandarinak
Nafarroako oraingo gobernuko Hezkuntza Departamentuari izena aldatu beharko liokete, eta Hezkuntza Zaila jarri. Ez dut ortografia-hutsegitea egin, ez. Sail da sinonimoa, baina hizki aldaketak definituko luke departamentuak jasaten duen guztia zeozer proposatzen duen bakoitzean.
Departamentuak inkesta batean ikasleei sexua markatzeko eskatzen die: neska, mutil, bertze aukera batzuk. Oraingoan ere Ana Beltran PPkoak bota du perla, ornitorrinko ere izan litezkeela Nafarroako ume eta gaztetxoak. Ez dut andrazkoa definituko, bere burua ederto (des)kalifikatzen du-eta.
PPko beste andre “ilustre” batek, Ana Botellak, sexu bereko ezkontzak legeztatzear zeudela, bota zuen sagar bat eta madari bat gehitzean ezin dutela inoiz sagar bi eman. Komentariorik ez.
Harrigarria zait andrakume bien konparazio naturalistikoa, sofistikatu plantak eginda, naturatik urrun, jendea mespretxatzen dutelakoan daude. Ez, bada!
Ornitorrinko edo mapatxe, madari edo mandarina, denak ederrak, barruko sena hori da-eta. Naturala delako gu garena; gu natura ere bagarelako. Horregatik, sentitzen duguna izan gintezke.