Porlanaren jonkiak gara
Azken boladan nahiko zeregin gogaikarrian nabil sartuta; medikutan, alegia. Laguntzaile gisa joaten naiz proba eta kontsultetara, eta aukera izan dut Eibarko ospitale berrian probatzeko. Estetikaz ez dut ezer esango, baina barruko kolore eta uniformetasunaz asko idatz liteke. Aurreko baten, erradiologian sartu ginen. Ez zegoen inor karraju luze hartan, eta beldurrezko film baterako lokalizazio egokia izan litekeela begitandu zitzaidan. Hormak eta ateak kolore berdekoak, baina ilar-pureak duen berde hori, 70eko hamarkadatik ateratakoa iruditu zitzaidan. Dena berdina ospitale osoan, ez dago mediku edota espezialitateen izenik ateetan, zenbakiak besterik ez. Eta zenbakiak Osakidetzako urdin horretan… Ez dira ondo ezkontzen kolore biak!
Tira, baina iritziak baino ez dira horiek, eta dekoraziorako gustu gutxi izateak ez du ezer esan nahi. Arazoa ospitalea bera da, nola sortu zen, eta zein izan zen osasun etxe horren helburua. Patxi Lopezek, lehendakari izan aurretik, Eibarren (justu oraingo ospitale parean dagoen auzoan) eman zuen mitin baten dago sorburua. Orduan egin zuen promesa. Baina erietxea egiteko orubea errepide biren artean ez ezik, kutsatuta ere bazegoen. Proiektuak tikili-takala iraun zuen buruetan, nahiz eta Lopezen lehendakari-denbora amaitu. Ez zitzaien ahaztu, eta kromo trukaketan lortu zuten gauzatzea.
Eibarkoa anbulatorio handi bat da. Torrekua osasun etxea hustu, eta bertara eroan dute, baita Mendaroko espezialista batzuk ere. Oheak ere badauzka subakutuendako, baina besterik ez. Gainera, erdi hutsik dago, aparkalekurik ez dauka, eta elbarriendako espazio bat du gordea errepidean, baina hiru taxirendako…
Egin behar zen, nahiz eta Mendaroko ospitalearen handitzea geldirik egon diru faltagatik. Eta denok pozarren. Nork egin liezaioke kontra ospitale bat egitearen ideiari? Ezin da! Nahiz eta gero medikuak lanez gainezka egon, ordezkorik kontratatu ez, eta pazienteari emandako atentzio denbora murriztu, oso txarto dago ikusita ospitale baten aurka egotea.
Izan ere, desarrollista hutsak gara. Azpiegiturak egiteak du erakarmena gure herrian. Bost aireportu izan arren, Hondarribikoa handitu behar, txikiegia delako. Navarra Arena erraldoia, Balentziaga museo gaindimentsionatua. Superportu bat ez, bi behar genituen. Supersur errepidea inork erabiltzen ez badu ere, bigarren fase bati ekin behar zaio. Erraustegi demasa egin behar zen, hainbeste erretzeko zabor nahikorik ez ekoitziagatik. Inora ez garamatzan abiadura handiko tren batekin tematuta 25 urtean. Ez dakit nola ez ditugun proiektatutako lau zentral nuklearrak! Gero barre egingo diogu Castelloko aireportuari. Berdinak gara, barren!
“Horrek ez du ogirik jaten” esaten zuen gure amamak; hau da, ez zekarrela gasturik zerbait soberan edukitzeak (seguruenera, “jakiteak ez du ogirik jaten” esaera zaharraren bere moldaketa izango da). Horrela funtzionatzen dugu, azpiegituren Diogenes sindromea dugu —barka diezadala Edu Lartzangurenek—, eta auzo bakoitzean nahi genuke ospitalea, edota abiadura handiko trenaren geltokia, nahiz eta gero ospitale horretan ez egon medikurik, eta geltokian trenik inoiz ezin hartu. Ospitale eta geltoki horien promesek ilusioz betetzen gaituzte, edukitzearen lilurak itsutu. Porlanaren jonkiak gara.