Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Anti-gona / Bertsolariak

Bertsolariak

Leire Narbaiza 2013/12/13 09:10
Bertsolari aldizkariarendako eta Euskadi irratiko Faktoriakoa uztartuta.

 

02:25:00 minututik aurrera

Umea nintzenean bertsolariek ez zeukaten gorputzik, irratian aitak entzuten zituen ahots kantari batzuk baino ez ziren, ezin jakin nolako itxura zeukaten. Geroxeago ikusi genituen euren lehenengo argazkiak etxean agertutako Auspoa saileko liburuetan: gizon zaharrak ziren, txapela zeramatenak, jaka iluna, alkandora zuria goraino lotua gorbata gabe, baserriko tio Anastasio janzten zen legez domeketan mezatara joateko. Beste argazki batzuetan epaimahaikoak eta gai-jartzaileak ere ageri ziren. Hauetako batzuek sotana zeramaten soinean, eta besteek traje osoa, gorbata eta guzti, kalean ia ikusten ez zena.

 

Baina bat-batean argazkietako gizon horiek gure egongeletan sartu ziren, telebistako leihotik. Ez ziren zuri beltzezkoak, ez ziren hain zaharrak, ez zerabiltzaten arropa horiek. Gure aiten moduan janzten ziren, batzuk gaztetxoagoak baziren ere: pintzadun prakak, alkandora, eta pikodun jertseak, bero zegoenean erantzita eta korapilo batekin lotuta sorbalda gainean. Hori bai, batzuek, ez denek, udaldian, paparra zabalik eta katea erakusten agertzen zitzaizkigun, purua ahoan. Gure adineko gaztetxoak, ordea, gu bezala janzten ziren: bakeroak eta jertseak, neurri handikoak, halakoak baitzen orduko moda.

 

Hurrengo urteetan etorri ziren berrikuntzak janzte eta itxura kontuetan, bertsolari gazteagoek irudi berria zeukaten, kalean gero eta sarriago ikusten zena: belarritakoak, ile luzeagoak edo oso laburrak, patillak, kokospekoak,... Elastikoak uniforme bilakatu ziren eta zapiak ere agertu ziren.

 

Baina berrikuntzarik garrantzitsuena izan zen emakumeak agertzea oholtza gainean Arlo guztietan, normalizazio eta parekidetasun bidean. Baita janzkeran ere! Tranpaldoak kolorez bete zituzten, beste itxura bat eman zieten eszenatokiei, kalera hurreratuz. Ez dugu esango bertsolariak fashion victim-ak direnik, ez gizon ez emakume, baina neskak lehenengoz agertzeak bisualki ere aldaketa ekarri zion ikuskizunari, berez oso bisuala ez denari. Onerako, beti onerako.

 

Emakumeek koloreez eta itxura desberdinez gain, buruko zapi eta bandak ekarri zituzten, eta ez preseski errekatik bueltan sasoi bateko gobadari eusteko! Asko gustatzen zait nola geratzen zaizkien zapi koloretsu horiek buruan (normalean argiak) Eszenatokiari kolorea ematen baitiote, eta bertsolariei berezitasuna, eta agian, emakumeak kantuan badirela ere nabarmentzen duelako. Oso ede ikusten ditut Miren Amuriza eta Maialen Lujanbio zapia buruan dutenean, emakume afrikar horiek bezala, dotoretasun naturala dutenak.

 

Eta orain? Esango nuke mendizale looka nagusitu dela, edozeinek daramala mendirako edo kirolerako den janzkiren bat: izerditzekoa ez bada, forro polarra, edo haizeaz babesteko jaka, goretexa ez denean. Baina Euskal Herrian nork ez du horrelakorik janzten gaur egun?

 

Eskerrak noizean behin ere tixert eslogandunak ikusten diren! Batzuetan oso originalak ere izaten dira, eta asko maite ditut. Txapelketa honetarako erreibindikatzaileez gain, Euskal labeldun kamiseta frikiak erabiltzea polita litzateke, oso marrazki eta lelo bitxiak erabiltzen dituztelako. Originalak ez ezik, gure bitxikeriak ere aireratzen dituztelako.

 

Estilora itzulita, oro har esango nuke, bertsolariak denborekin doazela, janzkerari dagokionez, behintzat. Kalean ikusten dena janzten dute, ia beti modernoegi izan barik, era kontserbadorean (aldaketez ari naiz). Nabarmentzeko gutxi, eta modernokeriak are gutxiago. Ikusiko ote ditugu inoiz kantuan goi mailako diseinatzaileen arropekin? Roberto Etxeberria eibartar diseinatzailearen jakaren bat janzten ausartuko lirateke? Hori bai izango litzatekeela nobedadea, gustura hartuko nukeena!

Joseba E.
Joseba E. dio:
2013/12/23 13:20
Akaso letren mundutik datozenak orohar ikuspegi akademikoagoa dutelako edo euskararen kontuekin herria eta izaera kolektiboa nabarmentzen delako, norbanakotasuna bigarren mailan geratuz, edo akaso baita naturaltasun eta jatortasunaren ideologia oso errotuta dagoelako gure artean. Guzti horregatik beharbada zaila egiten zait bertsolariren bat irudikatzea zapata gorriekin soinean, ondorengo bideoan celloa jotzen agertzen den Stephan Braun-en antzera.

Ondo izan.

http://www.youtube.com/watch?v=nU6UtBr3UDo
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

"Jantzi. Erantzi. Janzkiak, arropak, soin gainekoak. Moda, estiloa, bizitzaren zati bat. Umorez, eztenaz, xarmaz. Leire eta Elenari interesatzen zaigu. Baita zuri  ere, ala ez?"

@ElenaLaka

@txargain

Izan eta esan

Kalamuatik Txargainera