Leturiaren egunkari ezkutua eta Egunero hasten delako
Biak dira giro berdintsuaren kume, biak oso frantsesak. Txillardegiren eta Saizarbitoriaren nortasunak dira desberdinak, eta horrek badu eragina noski giro frantses hori bereganatu eta ondoren isurtzeko moldean, beren eleberrietako pertsonaietan eta ideietan. Biok bat datozen arren gizakia ezertarako balio ez duen pasioa dela baieztatzeko orduan, alferrikako grina, pasio inutila, Sartrek zioen bezala, nabarmenagoa da kutsu soziologikoa Egunero hasten delako-n; Txillardegik introspekziora jotzen du gehiago.
Txillardegik natura maite du, Leturiak zoriona naturan eta bakardadean aurkitzen du maizenik. Gogoko du bere sentipenak, sentimenduak eta arrazoiak, bere burua, naturako bakarlekuetan aurkitzea eta aztertzea. Hori bai, ez da natura basatia izaten, baizik mendixka, lorategia edo parkea, Leturiaren egunkari ezkutua-ko parke urmaelduna bezala, Zerubide, bere bankutxoekin.
Aitzitik, Saizarbitoriari bakardadea ez zaio laket: batetik, bere buruarekin bakarrik egotea pairagaitz zaio, eta, bestetik, errukigarri zaio jende bakartia, gure gizarteek jendea bakardadera derrigortzen duten egoerak gorroto ditu, aurka egingo die. Adibidez, neska gaztea tren geltokian bakarrik trenaren zain, maleta alboan duela, eta ondoko erromesaldia medikuz mediku, ea nork egingo dion abortua, mediku gehienen aldetik errieta, mespretxua edo hoztasuna jasotzen duela.
Gisèleren bakardadeak “berritsu” deitu izan denaren gupida ere pizten du. (Bide batez, gutxietsi egin izan da pertsonaia hori, berritsukeria leporatu eta horixe hartu baita haren ezaugarri nagusitzat, baina pentsalari interesgarri bat da, erlatibista antidogmatiko sentibera, biziki komunikatiboa, eta tren geltokiko tabernako edota lokutorioko gogoetak freskoak bezain ausartak dira, eta aberatsak beren aniztasunean: estiloaz eta heziketaz, gustu estetikoaz, gaizkiaren eta ongiaren kopuruak aldagaitzak direla ziur jakiteak ekarri beharko lizkigukeen aldaketez gure jarrera moraletan, naturaren krudelkeriaz, antisorgailuez eta etorkinez, Aldous Huxleyren “Bai mundu berria” eleberriaz, larru jotzeaz eta maitasuna egiteaz, gaztediaz...)
Historia-irakasle kalakari hau eta Gisèle arbuio batean datoz bat (eta horrek Txillardegirengandik urrutiratzen ditu): beraientzat natura gaiztoa da, indartsuak beti menperatzen baitu ahula, naturak malderrari ez dio inongo babesik eskaintzen.
Kontrakotasun horren adierazpen da, halaber, Txillardegik eta Saizarbitoriak hain animalia desberdinak aukeratu izana beren nobeletarako. Txillardegiren eleberrietan oso indartsua da ugaztunaren presentzia: zakurra (Leturiaren egunkari ezkutua-n, zehazki, Miren maitearen Pintto), ziminoa, katua eta zaldia. Txillardegik ez zuen alferrik abiarazi euskal eleberriaren historiako Ugaztunaren Aroa.
Saizarbitoriak ugaztunak ikusi ere ez ditu egiten, bere nobeletako animaliak heriotzari lotuak dira, heriotza tragikomikoa ia beti: sardina latan da txapeldun, baina Luxio muslaria hiltzen duen zezen-buru disekatua ere hor dago, hormatik desitsatsi eta Luxioren gainean erorita, edota, bestelako aldarte batez, etakidearen odola miazkatzen duten usoak.
Bi idazleon ikuspuntu politikoen arteko aldea naturaren aurrean duten jarrera desberdinetatik ere ondoriozta liteke hein batean: Saizarbitoria gizarte-gaiek mugiarazten dute batez ere, natura ankerrak edo gizarte ergelak baztertutakoak babesteko gogoak, hala nola zaharrak, gudari ohi mainguak, nahi gabe haurdun gelditutako neska gazteak...
Txillardegik, aldiz, giza harrokeriak desagerrarazi nahi lituzkeen diferentzia naturalen alde borrokatzen du. Giza harrokeriak gainerako animaliengandik bereizi nahi izaten du, giza berezitasuna kosta ahala kosta gailendu, edo bestela jende eta herri desberdinak uniformatu. Halatan, kaiolaturiko ziminoak eta hartzak piztuko dute Txillardegiren gupida, labarretik amilduriko astoak; edo giza aurrerapen inperialaren izenean suntsitu nahi diren herri txikiak, hala nola gurea. Aberriaren aldeko borroka armatuari dagokionez, Txillardegik bikotekidearengandik bereizi behar mingotsa azpimarratzen du eskuarki, historiari ekitekotan biologiatik, maitearen epeletik, aldendu behar zaila; Saizarbitoriak, berriz, ekimen militarrak bikote-bizitzari eta ugaltzeari dakarkion hondamendia nabarmentzeko joera izaten du.
Edonola ere, Saizarbitoria alaiagoa da. Bizitza egunero hasten da, eta Gisèle, abortatu ondoren, berpiztu egiten da, bizipoza berreskuratzen du. Txillardegiren ezkortasunak, ostera, ez du zirrikiturik. Bizitza liluratzea da, eta liluratze oro abortu eginik itzaltzen da ezinbestez. Herioren nagusitasuna errotikoa da antiguatarrarenean. Saizarbitoriaren gurarietako bat, kontrara, hauxe litzateke: hiltzen ari garen artean, bila edo asma ditzagun jendartean ahalik eta oinazerik apalena nozituz moldatzeko jokabideak; guztiok hiltzera goazenez, hilerrira bidean, gorputzak usteltzen zaizkigun bitartean, konta diezazkiogun elkarri desira eroari eta gorputzen usteltzeari buruzko istorio hunkigarri eta barregarriak.
Esperma perilos
Gaur egungo gazteak gu ez bezala mintzo dira, batetik azalari dagokionez, haien berbetak gero eta antz handiagoa baitu mugikorretako esamesekin eta tuentiko mezuekin, eta bestetik mamiari: esan liteke oro har lotsa gutxiago dutela, deshinibituagoak direla, onerako zein txarrerako. Gu inolaz ere ausartuko ez ginatekeen kontu intimoen berri ematen dute ikaskideen eta irakaslearen aurrean. Orain ipiniko dudan adibideak bide batez erakutsiko du, hizkeraren naturaltasunaz gain, zenbait aurreiritziren indarra suntsiezina dela. Milaka ordu sartzen diren arren gaur egun sexu heziketan, hala ere lehengoan hamasei urteko mutiko batek ziurtatu zigun semena barrabiletan utziz gero usteldu egiten dela, eta horren ondorioz barrabilen jabea hil daitekeela, eta bera gozamenagatik apur bat bai, baina batez ere beldur horrek bultzatuta pasatzen dituela gauak eta egunak fusila garbitzen, bere burua hazi ustel hiltzailearen mehatxutik babestearren. Irakasleak noski ez zion egia zientifikoa jakinarazi, jarduera horrek ikaslea baretzen baitu, edo ahitu, eta horrenbestez erosoagoa zaio Institutuari.
Kako eskean
Zenbait arazo desatsegin konpontzeko ez da behar borondate on apur bat baino. Tabernetan, komuneko zola ez da munduko tokirik garbiena izaten. Eta, beroketa globala gorabehera, urteak baditu oraindik egun asko hotz-hotzak. Bazoaz tabernako komunera tanpoia aldatzera. Nonbait utzi behar berokia, poltsa eta bufanda. Behegainean, zolan? Han izkinan bada pixazko putzutxo bat, ile xerlo nahasia igeri. Komuneko taparen gainean? Irekirik behar duzu ordea. Deialdi nazionala tabernariei: mesedez, komunetan ipini kako sendo batzuk, ez da batere garestia eta handia da egingo lukeen mesedea.
Zerrendak goitik behera
Bernard Sèvek “De haut en bas. Philosophie des listes” (“Goitik behera. Zerrenden filosofia”) izenburua jarri dio bere azken liburuari. Deigarria gertatzen da izenburu hori, zerrendatze asko horizontalean egiten baita, ezkerretik eskuinera: Homerorenean, literaturan oro har… Sèvek ihardesten du arkeologoen ustez lekua aurrezteko egiten zela horizontalki. Eta goitik beherakoak izaten zirela dauzkagun zerrendarik aspaldikoenak, soldaduak zerrendatzen zituztenak. Ia berezkoa omen du zerrendak goitik beherako norabidea. Zutabeak bere forma hutsari esker erakusten du ez dela esaldi, bertan idatzirikoa sintaxitik libre dabilela. Eta sintaxi gabeziak adierazten du ez dagoela esaldiari dagokion hierarkizatzerik, menpekotasunik.
Hala ere, zerrendak anabasa ordenatu nahia adierazten du aldi berean, kaosean zentzuren bat marraztu nahia, munduaz nolabait jabetu nahia.
Zerrenda batzuek giza ahalmen kognitibo eta moralak jokoan jartzen dituzte; oroz lehen, oroimena. Zerrenda oroimenari laguntzeko tresna gisa erabiltzen dugu maizenik, oroimenaren lan neketsuaren aringarri.
Zerrenda pragmatiko askotan, erosketen zerrendetan adibidez, ez dugu ezer ahaztu nahi, eta ezer ez ahaztu nahi hori nagusitze nahi bat da, zentzu-ezartze bat. Eguneroko jardun xume baten gaineko gailentze apala, ados, baina azken batean nagusitzea.
Zerrenda batzuk desordena ikusgarrian aurkezten dira, pilatze sakabanatu traketsak dira. Dena den, zerrendaren paradoxa da munduko desordenatuena izan arren berez dakarrela ordenatze ñimiñoren bat. Berriro erosketen zerrendak: erosi beharrekoa burura datorkigun heinean apuntatzen dugu, era nahaspilatuan, baina deus ere ahaztu nahi ez izateak ordenatze-gurari bat ere erakusten du, umila izanagatik ere.
Sekretu sakonak ezkuta ditzake erosketa-zerrendak: gure lagunenak goitik behera ezagutuko bagenitu ezusteko galantak genituzke, asko genekike beren izaera gordeaz.
Beste zerrenda-mota bat bildumazalearena da, eremu jakin bat goitik behera menperatu nahi duenarena, zerrenda obsesiboa, literarioena behar bada; hemen kokatzen du Bernard Sévek Bouvard eta Pecuchet-en entziklopedia, jakintzak oro osotoro jaso nahi lituzkeena. Antzeko joranak bultzatzen du Sartreren Goragalea-ko autodidakta ere, liburutegiko liburu guztiak nahi baititu irakurri, alfabetoaren ordenari jarraiki. Deus ere ez ahaztea da beti ere puntua, deus ere ez galtzea.
Erosketen zerrendak idaztera bultzatzen gaituen grina ez bezalakoa da, haatik, bildumazalearen zerrendatzean abian dabilen esparru edo geruza psikikoa. Helburua ez baita soilik egunerokoa antolatzea; mundua eta zure burua menperatzeko bulkada kezkagarri eta bortitza ere nabari baita. Irrika-gune bilakatzen da zerrenda, desira gogorren erakarle.
Behin zerrendan ageri dena erdietsita, ezabatu egiten da ia beti papera, desagerrarazi. Baina batzuetan, egitekoen zerrenda idazten duzu, burutu egiten dituzu, baita apuntatzea ahaztu zenuen beste egitekoren bat ere, eta gero etxean, egiteko hori jadanik burutua izan arren, apuntatu egiten duzu hala ere, zerrenda zeharo biribildurik gera dadin, zaborrontzira bota baino lehen. Oso ohitura zabaldua da hori, gure etxean bertan, eta zerrendaren alde obsesiboetako bat erakusten du, praktikotasuna aise gainditzen duena.
Jadanik eginikoa ere zerrendatzeko ohitura horrek erakusten baitu etorkizunari begiratzen dioten egitekoen zerrendak ez ezik badirela orobat iraganari begiratzen diotenak. Hauen betebeharra litzateke erakustea munduarekin hitzartutako eginbeharrak zintzoki bete ditugula. Iraganari begiratzen dion zerrendak ziurtatuko luke, eta batik bat liguke, onezkoak egin ditugula gure buruarekin eta unibertsoarekin, bakean gaudela azkenik.
Ezagutzen dudan zerrendarik politenak ez dio ez etorkizunari ez iraganari begiratzen, betierekoa baita. Jorge Luis Borgesek dakar “John Wilkinsen hizkuntza analitikoa”-n. Argentinarrak dioenez, txinatar entziklopedia batek honelaxe sailkatzen ditu animaliak: a) enperadorearenak, b) baltsamatuak, c) etxe abereak, d) txerrikumeak, e) sirenak, f) alegiazkoak, g) zakur libreak, h) sailkapen honen baitakoak, i) gorputza ero moduan astintzen dutenak, j) kontaezinak, k) gamelu-ilezko pintzel oso fin batez marraztuak, l) eta abar, m) goseak hil berriak, n) urrutitik euliak diruditenak.
Zerrendak aukera berriak eskaini dizkio pedagogiari. Dakitenek diotenez, irakasgaiak hobeto txertatzen dira ikasleen oroimenean jolasaren bidez. Gure institutuan jolas hauxe erabiltzen dugu arrakastaz: ikasgaiari loturiko zerrenda jakin batean ikasleak sarkina harrapatu behar du.
Demagun filosofo grekoen zerrenda hau: 1) Parmenides; 2) Heraklito; 3) Sokrates; 4) Platon; 5) Ilaski Serrano; 6) Aristoteles; 7) Epikuro
Edo Historian, EAEko lehendakariak: 1) Jose Antonio Agirre; 2) Jesus Mari Leizaola; 3) Karlos Garaikoetxea; 4) Jose Antonio Ardanza; 5) Lady Gaga; 6) Juan Jose Ibarretxe; 7) Patxi Lopez
Zerrenda horietan bada elementu bat arrotza. Ikasleak antzeman egin behar dio. Gure ikastetxean ia beti asmatzen dute (lehenbiziko zerrendan Ilaski Serrano da; bigarrenean berriz Lady Gaga).
Porrotxen bibotea
Takolo, Pirritx eta Porrotxek oso txikitandik pizten dute euskal umeengan fan eta miresle aldartea. Behin batean Elorrion, gure alaba bat, Porrotx agertokitik jaitsi eta argazki baterako posatzera hurbildu zitzaionean, negarrez hasi zen hunkituta. Hunkidura hura Jonas Brothersengana bideratuko zuen gerora.
Batzuetan ordea ez da transferentziarik gertatzen eta Takolo, Pirritx eta Porrotxengan finkatzen da behin betiko miresle grina hori. Horixe da Xabi Paya gazi-gozokide ohiaren kasua. Azkenaurreko Argian kontatu digu Birminghamera joango dela urte beterako, Etxepare institutuaren eskutik. Baina ez digu kontatu nolako despedida izan duen. Lagunek merezi bezalakoa egin diote, hunkigarria bezain ederra. Baita berebiziko ezustekoa eman ere, Xabiren talde gogokoena ekarri baitute agur- festara: Pirritx, Porrotx eta Marimotots.
Bestalde, ohiko galdera da zer ote dugun euskaldunok desberdin, zerk egiten gaituen bakan eta berezi munduan. Hizkuntza aipatzen da, baina herri orok du hizkuntzaren bat, edo asko.
Inongo herrik ez duena da pailazo bibotedun bat, gure berezitasunik nabarmena ziurrenik. Bitxia baita zinez: Berri Txarrak-ekoek pailazo korbataduna aipatzen dute “Zirkua” abestian, baina nanoa da zirku horretako biboteduna. Google-n ikertu, bilatu “moustached clown” edo “payaso bigotudo”, eta biboterik gabeko pailazoak agertuko zaizkizu, edo pailazoak ez diren bibotedunak, edo bestela Maradona, Benedikto XVI.a, Michael Jackson, Batmaneko Jokerra, Obama, edonor, baina pailazo bibotedunik, alerik ere ez. Pailazo bibotedunarena da zirkuko ikonografiari euskaldunok egin diogun ekarpenik garrantzitsuena. Biba gu eta biba Joxe Mari Agirretxe, Porrotx, poz handiagoa eman baitio Euskal Herriari Elkano, Loiolako Inazio eta beste euskal unibertsal guztiak batera baino, eta gainera unibertsoari erakutsi dio pailazoak badakiela bibotea prestuki eramaten.
Negoziazio itxaropentsuak
Kevin Heredia idazten ari da, eta lehengoan bere hurrengo nobelaren zirriborroa irakurtzen utzi zidan. "Zein larretan, Garbiñe?" du izena eta mila eta bostehun urte barru dago kokatua, Gasteiz inguruan. Irudimen harrigarria erakusten du aparailu eta robot berriak deskribatzeko orduan, etorkinak Neptunotik datoz, mutazio genetiko sakonen ondorioz inguruko gizakiak patataren dohain eta ahalmenez jabetu dira, goierritar aberats batzuek hilezkortasuna lortu dute.
Dena den, zirraragarriena maitasun-istorioa da. Garbiñe euskal ordezkariaren eta Borja PP-koaren artean ohe-eszena anbiguoak gertatzen dira, bakoitza bere aldetik ezkondua izaki, ez Vatikanoko nuntzioak ez meskita nagusiko imanak ez baitituzte ondo ikusten harreman horiek. Horrek eragiten dien erruak oztopatu egiten ditu ohe barruko mugimenduak, eta baldarkeriak berezi bilakatzen ditu, robot txotxongiloak balira bezala txortan dabiltzanak. Negoziazio politiko batzuei esker ezagutu dute elkar Garbiñek eta Borjak: Gernikako Estatutuari gutxi falta omen zaio osorik transferitua izateko.
