Leturiaren egunkari ezkutua eta Egunero hasten delako
Biak dira giro berdintsuaren kume, biak oso frantsesak. Txillardegiren eta Saizarbitoriaren nortasunak dira desberdinak, eta horrek badu eragina noski giro frantses hori bereganatu eta ondoren isurtzeko moldean, beren eleberrietako pertsonaietan eta ideietan. Biok bat datozen arren gizakia ezertarako balio ez duen pasioa dela baieztatzeko orduan, alferrikako grina, pasio inutila, Sartrek zioen bezala, nabarmenagoa da kutsu soziologikoa Egunero hasten delako-n; Txillardegik introspekziora jotzen du gehiago.
Txillardegik natura maite du, Leturiak zoriona naturan eta bakardadean aurkitzen du maizenik. Gogoko du bere sentipenak, sentimenduak eta arrazoiak, bere burua, naturako bakarlekuetan aurkitzea eta aztertzea. Hori bai, ez da natura basatia izaten, baizik mendixka, lorategia edo parkea, Leturiaren egunkari ezkutua-ko parke urmaelduna bezala, Zerubide, bere bankutxoekin.
Aitzitik, Saizarbitoriari bakardadea ez zaio laket: batetik, bere buruarekin bakarrik egotea pairagaitz zaio, eta, bestetik, errukigarri zaio jende bakartia, gure gizarteek jendea bakardadera derrigortzen duten egoerak gorroto ditu, aurka egingo die. Adibidez, neska gaztea tren geltokian bakarrik trenaren zain, maleta alboan duela, eta ondoko erromesaldia medikuz mediku, ea nork egingo dion abortua, mediku gehienen aldetik errieta, mespretxua edo hoztasuna jasotzen duela.
Gisèleren bakardadeak “berritsu” deitu izan denaren gupida ere pizten du. (Bide batez, gutxietsi egin izan da pertsonaia hori, berritsukeria leporatu eta horixe hartu baita haren ezaugarri nagusitzat, baina pentsalari interesgarri bat da, erlatibista antidogmatiko sentibera, biziki komunikatiboa, eta tren geltokiko tabernako edota lokutorioko gogoetak freskoak bezain ausartak dira, eta aberatsak beren aniztasunean: estiloaz eta heziketaz, gustu estetikoaz, gaizkiaren eta ongiaren kopuruak aldagaitzak direla ziur jakiteak ekarri beharko lizkigukeen aldaketez gure jarrera moraletan, naturaren krudelkeriaz, antisorgailuez eta etorkinez, Aldous Huxleyren “Bai mundu berria” eleberriaz, larru jotzeaz eta maitasuna egiteaz, gaztediaz...)
Historia-irakasle kalakari hau eta Gisèle arbuio batean datoz bat (eta horrek Txillardegirengandik urrutiratzen ditu): beraientzat natura gaiztoa da, indartsuak beti menperatzen baitu ahula, naturak malderrari ez dio inongo babesik eskaintzen.
Kontrakotasun horren adierazpen da, halaber, Txillardegik eta Saizarbitoriak hain animalia desberdinak aukeratu izana beren nobeletarako. Txillardegiren eleberrietan oso indartsua da ugaztunaren presentzia: zakurra (Leturiaren egunkari ezkutua-n, zehazki, Miren maitearen Pintto), ziminoa, katua eta zaldia. Txillardegik ez zuen alferrik abiarazi euskal eleberriaren historiako Ugaztunaren Aroa.
Saizarbitoriak ugaztunak ikusi ere ez ditu egiten, bere nobeletako animaliak heriotzari lotuak dira, heriotza tragikomikoa ia beti: sardina latan da txapeldun, baina Luxio muslaria hiltzen duen zezen-buru disekatua ere hor dago, hormatik desitsatsi eta Luxioren gainean erorita, edota, bestelako aldarte batez, etakidearen odola miazkatzen duten usoak.
Bi idazleon ikuspuntu politikoen arteko aldea naturaren aurrean duten jarrera desberdinetatik ere ondoriozta liteke hein batean: Saizarbitoria gizarte-gaiek mugiarazten dute batez ere, natura ankerrak edo gizarte ergelak baztertutakoak babesteko gogoak, hala nola zaharrak, gudari ohi mainguak, nahi gabe haurdun gelditutako neska gazteak...
Txillardegik, aldiz, giza harrokeriak desagerrarazi nahi lituzkeen diferentzia naturalen alde borrokatzen du. Giza harrokeriak gainerako animaliengandik bereizi nahi izaten du, giza berezitasuna kosta ahala kosta gailendu, edo bestela jende eta herri desberdinak uniformatu. Halatan, kaiolaturiko ziminoak eta hartzak piztuko dute Txillardegiren gupida, labarretik amilduriko astoak; edo giza aurrerapen inperialaren izenean suntsitu nahi diren herri txikiak, hala nola gurea. Aberriaren aldeko borroka armatuari dagokionez, Txillardegik bikotekidearengandik bereizi behar mingotsa azpimarratzen du eskuarki, historiari ekitekotan biologiatik, maitearen epeletik, aldendu behar zaila; Saizarbitoriak, berriz, ekimen militarrak bikote-bizitzari eta ugaltzeari dakarkion hondamendia nabarmentzeko joera izaten du.
Edonola ere, Saizarbitoria alaiagoa da. Bizitza egunero hasten da, eta Gisèle, abortatu ondoren, berpiztu egiten da, bizipoza berreskuratzen du. Txillardegiren ezkortasunak, ostera, ez du zirrikiturik. Bizitza liluratzea da, eta liluratze oro abortu eginik itzaltzen da ezinbestez. Herioren nagusitasuna errotikoa da antiguatarrarenean. Saizarbitoriaren gurarietako bat, kontrara, hauxe litzateke: hiltzen ari garen artean, bila edo asma ditzagun jendartean ahalik eta oinazerik apalena nozituz moldatzeko jokabideak; guztiok hiltzera goazenez, hilerrira bidean, gorputzak usteltzen zaizkigun bitartean, konta diezazkiogun elkarri desira eroari eta gorputzen usteltzeari buruzko istorio hunkigarri eta barregarriak.
Bi testu hartu behar dira kontuan: azken edizioa eta aurreko guztiak. Azken edizioan Saizarbitoriak asko aldatu du idazketa liburuaren erditik aurrera, baina bere mamia benetan aldatu gabe. Eszenak berridatzita daude baina lehengo espiritu berbera dute. Liburuan ez dago ezein daturik neskaren istorioa berritsuak idazten duela pentsatzeko, baina zilegi da pentsatzea, eta gaurko harrera-teorien arabera irakurleekin ikerketak egiten baditugu, ikusiko dugu irakurle batzuek hori pentsatzen dutela eta oso ondo dago. Azken edizioan gainera Saizarbitoriak eszena berri bat sartu zuen, non neskak berritsuaren antzekoa den pertsona bat ezagutzen duen estazioan. Zoritxarrez aurreko edizioetan zirudiena baino askoz zaharragoa dirudi pertsona horrek azken edizio horretan. Hori gabe ere, irakurle batzuk, nobela bukatutakoan, uste dute neskak benetan ezagutu duela berritsua. Hala ere horrek ez du garrantzi handirik, benetako garrantzia berritsuak nobelan betetzen duen funtzioa da, eta nire tesian defendatzen dudan bezala, esan dezakegu berritsua Gisèleren "defendatzaile ideologikoa" dela eta nobelagintza zaharrean narratzaile orojakile batek normalean esango zituzkeen gauza asko hartzen dituela bere berbaldian. Baina Saizarbitoriak nobela moderno bat egin nahi zuen, eta ez zuen hain aspergarria izan nahi (eta gainera, pasarazi nahi duen tesi mozorrotua errazago pasatzen du). Horregatik berritsuaren pertsonaia sortzen du. Guztiz aurrerakoia da, abortatze eskubidearen aldeko nobela batek eskatzen zuen bezala. Berritsuaren jarduna hitzez hitz aztertu ondoren erlazio (ideologiko) zuzenak adierazi nituen bi istorioen artean. Azkenean, ongi mozorrotutako tesi-nobela da, argi eta garbi abortatze eskubidearen aldekoa. Ezin dut hemen gehiago zehaztu, baina oso interesgarria da, eta azterketa egin baino lehen ongi ezagutzen nuen arren, oso harrituta gelditu nintzen idazleak erabili zuen inteligentzia handia ikusita, pieza bakoitza bere lekuan jartzeko eta aspergarria izan gabe gainera! Ahoz askoz gauza gehiago esango nizkizueke. Markos, ziur nago egunen batean kafetxo bat hartuko dugula gauza hauetaz hitz egiteko. Nirekin kontaktatzeko, egin zaitezte facebook kide eta haren bidez hitz egiten jarraituko dugu. [Bide batez, eskuminak eman zure anaiari nire partetik, ikasle izan bainuen Bergarako UNEDen lehenik eta laguna gero; behin zure gurasoen etxean ere egon nintzen eta zure anaia nirekin musika egin zezan konbentzitzen saiatu nintzen alferrik; ba al zenekien hori?]