Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Zerrendak goitik behera

Zerrendak goitik behera

Markos Zapiain 2010/10/19 13:24

 

Bernard Sèvek “De haut en bas. Philosophie des listes” (“Goitik behera. Zerrenden filosofia”) izenburua jarri dio bere azken liburuari. Deigarria gertatzen da izenburu hori, zerrendatze asko horizontalean egiten baita, ezkerretik eskuinera: Homerorenean, literaturan oro har… Sèvek ihardesten du arkeologoen ustez lekua aurrezteko egiten zela horizontalki. Eta goitik beherakoak izaten zirela dauzkagun zerrendarik aspaldikoenak, soldaduak zerrendatzen zituztenak. Ia berezkoa omen du zerrendak goitik beherako norabidea. Zutabeak bere forma hutsari esker erakusten du ez dela esaldi, bertan idatzirikoa sintaxitik libre dabilela. Eta sintaxi gabeziak adierazten du ez dagoela esaldiari dagokion hierarkizatzerik, menpekotasunik.

 

Hala ere, zerrendak anabasa ordenatu nahia adierazten du aldi berean, kaosean zentzuren bat marraztu nahia, munduaz nolabait jabetu nahia.

 

Zerrenda batzuek giza ahalmen kognitibo eta moralak jokoan jartzen dituzte; oroz lehen, oroimena. Zerrenda oroimenari laguntzeko tresna gisa erabiltzen dugu maizenik, oroimenaren lan neketsuaren aringarri.

 

Zerrenda pragmatiko askotan, erosketen zerrendetan adibidez, ez dugu ezer ahaztu nahi, eta ezer ez ahaztu nahi hori nagusitze nahi bat da, zentzu-ezartze bat. Eguneroko jardun xume baten gaineko gailentze apala, ados, baina azken batean nagusitzea.

 

Zerrenda batzuk desordena ikusgarrian aurkezten dira, pilatze sakabanatu traketsak dira. Dena den, zerrendaren paradoxa da munduko desordenatuena izan arren berez dakarrela ordenatze ñimiñoren bat. Berriro erosketen zerrendak: erosi beharrekoa burura datorkigun heinean apuntatzen dugu, era nahaspilatuan, baina deus ere ahaztu nahi ez izateak ordenatze-gurari bat ere erakusten du, umila izanagatik ere.

 

Sekretu sakonak ezkuta ditzake erosketa-zerrendak: gure lagunenak goitik behera ezagutuko bagenitu ezusteko galantak genituzke, asko genekike beren izaera gordeaz.

 

Beste zerrenda-mota bat bildumazalearena da, eremu jakin bat goitik behera menperatu nahi duenarena, zerrenda obsesiboa, literarioena behar bada; hemen kokatzen du Bernard Sévek Bouvard eta Pecuchet-en entziklopedia, jakintzak oro osotoro jaso nahi lituzkeena. Antzeko joranak bultzatzen du Sartreren Goragalea-ko autodidakta ere, liburutegiko liburu guztiak nahi baititu irakurri, alfabetoaren ordenari jarraiki. Deus ere ez ahaztea da beti ere puntua, deus ere ez galtzea.

 

Erosketen zerrendak idaztera bultzatzen gaituen grina ez bezalakoa da, haatik, bildumazalearen zerrendatzean abian dabilen esparru edo geruza psikikoa. Helburua ez baita soilik egunerokoa antolatzea; mundua eta zure burua menperatzeko bulkada kezkagarri eta bortitza ere nabari baita. Irrika-gune bilakatzen da zerrenda, desira gogorren erakarle.

 

Behin zerrendan ageri dena erdietsita, ezabatu egiten da ia beti papera, desagerrarazi. Baina batzuetan, egitekoen zerrenda idazten duzu, burutu egiten dituzu, baita apuntatzea ahaztu zenuen beste egitekoren bat ere, eta gero etxean, egiteko hori jadanik burutua izan arren, apuntatu egiten duzu hala ere, zerrenda zeharo biribildurik gera dadin, zaborrontzira bota baino lehen. Oso ohitura zabaldua da hori, gure etxean bertan, eta zerrendaren alde obsesiboetako bat erakusten du, praktikotasuna aise gainditzen duena.

 

Jadanik eginikoa ere zerrendatzeko ohitura horrek erakusten baitu etorkizunari begiratzen dioten egitekoen zerrendak ez ezik badirela orobat iraganari begiratzen diotenak. Hauen betebeharra litzateke erakustea munduarekin hitzartutako eginbeharrak zintzoki bete ditugula. Iraganari begiratzen dion zerrendak ziurtatuko luke, eta batik bat liguke, onezkoak egin ditugula gure buruarekin eta unibertsoarekin, bakean gaudela azkenik.

 

Ezagutzen dudan zerrendarik politenak ez dio ez etorkizunari ez iraganari begiratzen, betierekoa baita. Jorge Luis Borgesek dakar “John Wilkinsen hizkuntza analitikoa”-n. Argentinarrak dioenez, txinatar entziklopedia batek honelaxe sailkatzen ditu animaliak: a) enperadorearenak, b) baltsamatuak, c) etxe abereak, d) txerrikumeak, e) sirenak, f) alegiazkoak, g) zakur libreak, h) sailkapen honen baitakoak, i) gorputza ero moduan astintzen dutenak, j) kontaezinak, k) gamelu-ilezko pintzel oso fin batez marraztuak, l) eta abar, m) goseak hil berriak, n) urrutitik euliak diruditenak.

 

 

 

Zerrendak aukera berriak eskaini dizkio pedagogiari. Dakitenek diotenez, irakasgaiak hobeto txertatzen dira ikasleen oroimenean jolasaren bidez. Gure institutuan jolas hauxe erabiltzen dugu arrakastaz: ikasgaiari loturiko zerrenda jakin batean ikasleak sarkina harrapatu behar du.

 

Demagun filosofo grekoen zerrenda hau: 1) Parmenides; 2) Heraklito; 3) Sokrates; 4) Platon; 5) Ilaski Serrano; 6) Aristoteles; 7) Epikuro

 

Edo Historian, EAEko lehendakariak: 1) Jose Antonio Agirre; 2) Jesus Mari Leizaola; 3) Karlos Garaikoetxea; 4) Jose Antonio Ardanza; 5) Lady Gaga; 6) Juan Jose Ibarretxe; 7) Patxi Lopez

 

Zerrenda horietan bada elementu bat arrotza. Ikasleak antzeman egin behar dio. Gure ikastetxean ia beti asmatzen dute (lehenbiziko zerrendan Ilaski Serrano da; bigarrenean berriz Lady Gaga).

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.